Summerhill Donostian. Sutan gordetako oroimena

1996-02-01
1975-1976. urteetan izan zen. "Abeja Maya" eta "Heidy" ren garaia zen. Diktaduraren kontrako ahalegin garai gogor hura ere bazen. Gu garai hartan mugimendu hippie kontzientziatu bateko partaideak ginen
 
 
Eta egun batean gure haur txikiena eskolan entzun zuena errepikatuz etorri zitzaigun, alegia, Euskadi odolez betea zegoela. Izututa etorri zitzaigun. Gu, garai hartan, burruka hartan, geure modura geure alea jartzen ari ginen. Geroz eta konstzienteagoak ginen. Baina ez genuen uste egoera hura gure haurrak, 6-7 urteko haurrak, hain gordinki jasan behar zuenik. Ez zeukan egoera zergatik izuturik bizi beharrik. Bai, esaten zena egia zen, zentzu batean... Baina bestalde ez zitzaigun ikastetxe batean horrelako gauzak esatea egokia iruditzen. Hausnartu ezin zuten informazioaren antzekoa zen hura.

Elkartu ginen, bada, hiru familia, gure artean ezagunak. Beste zerbait bilatzea erabaki genuen. Summerhileko esperientziaren berri bagenuen. Hezkuntza modu ona iruditzen zitzaigun. Eta oraindik ere horrelako hezkuntza modua gogokoa dugu. Haurrei heziketa gizatiar bat eman behar zitzaiela uste genuen , funtsean gizatiarra. Teknologia, berriz, aurreragoko utzi behar zen. Zenbakiak eta horien garapenak etabar... heldutasun batera iritsi ondoren irakatsi behar ziren. Gizakiak bezala tratatu behar ziren, eta beraien garapenaren arabera txertatu ikasgaiak. Hasieran, bada, uler zezatela ongi beren hizkuntza, beren lurra, beren herria... Eta heldutasunaren arabera, teknologiaren oinarrizko kontzeptuak ikasten joan. Baina oinarrian, giza-balioak, artea, jokoa... Eta bestalde, eta funtsezko gauza bezala ikusten genuen, saria-zigorraren eta ona-txarraren inguruan mugitzen den hezkuntza motatik ihes egin nahi genuen.

Elkartu ginen, bada, gurasoak eta lehenik bilatu behar izan genuena irakasle profesional bat izan zen. Hiru familia ginen (beste batzuk zain zeuden) eta denera 7 haur. Egitasmo honekin ados zegoen eta esperientzia hau aurrera eramateko prest zegoen irakasle bat aurkitu genuen. Bestalde, gurasook heziketaren parte izan nahi genuen, genekiena gure eskolan irakatsiz. Batek geografia ongi zekien, beste batek kitarra jotzen, edo josten, edo abesten, edo eskulanak egiten... Etahorrela heziketa integrala osatu nahi genuen.

Gero, leku bat ere behar genuen. Garai hartangenuen yoga irakasteko leku bat eta sukaldea eta gela bat eskola bezala moldatu genituen. Mahai txiki batzuk jarri, nire emazteak dena pintatu zuen (paretetan Abeja Maya eta Heidi.), oso hormirudi politak egin zituen. Entusiasmo handiarekin hasi genuen esperientzia. Guraso batek eramaten zituen kotxez. Goiz eta arratsaldeko ordutegia zuten gure haurrek.

Hasieran, hilabete pare batean, oso ongi zihoan gauza. Dena zoragarri zihoan. Baina poliki-poliki gurasoen artean zalantzak sortzen hasi ziren. Estatusaren kontrako burruka gogorra zen. Egun batean ama bat etortzen zen esanez halako hark esan ziola hankasartze bat egiten ari ginela, beste egun batean aita batek kontatzen zuen halako ikastetxetako zuzendari lagunak ez dakit zer esan ziola, gure haurrek kurtsoak galduko zituztela eta gero zaila izango zela gizarte honetan integratzea...

Gure plangintza hauxe zen: haurrei heziketa gizatiarra eman eta horrela prestatu, gero, heldutasun gehiagorekin, irakaskuntza ofizialean azkar eta ongi integratzeko. Horrela, bada, zalantzak agerian jarri ziren eta zalantzarekin batera aitzakiak. Batek ezin zituela berari zegokion egunean haurrak eskolara eraman, bestea ez zegoela irakaskuntza-mota honekin ados... Hitz batean, hura desegiten joan zen poliki-poliki. Garai hartako agintea ez zen zuzen hurbildu gurasoen bidez, nahi bada gizarte-presioaren bidez baizik. Zailtasun honen aurrean egitasmoa pikutara joan zen. Gero, abisu bat iritsi zitzaigun. Ahoz esana, baina inspektorearen belarrietara gure esperientziaren albistea heldu omen zela esan ziguten. Haur nagusiengan ere, bere adineko beste haurrekin harremanetan zeudelarik, egiten ari zirenari buruzko zalantzak sortzen hasi ziren. Auzoko haur batzuk beraien denbora librea gure eskolan pasatzera etortzen ziren. Lagunkidetasun polita sortu zen. Baina zalantzaren harra piztu zen, baita ikasleengan ere.

Gero, istripu bat izan zen. Eta gero, auzoko gazte batzuk (hala uste dugu) egun batean sartu eta su eman zioten.

Esperientziak urte erdi bat, 6 hilabete iraun zuen. Esperientzia, porrotean bukatu zen, baina zoragarria izan zen. Gure seme-alabek esperientzia polit bat izan dute. Bihotzak gidaturiko, eta ez saria-zigorraren menpeko hezkuntza mota ezagutu dute. Esperientzia hartako ondoriorik nagusiena niretzat hauxe da: Gizon-emakume libreak hezi nahi baditugu, irakaskuntza saria-zigorraren legetik askatu beharra dago.