ARANTZAKO ATERPEA, Arantza: Elkar-hitz elkar biziz

1996-04-01
Bidasoa ibaia muga izendatu zuten Euskal Herriaren iparra eta Hegoa betirako aldendu nahian. Banaketa guztien gainetik, Bidasoaren bi urbazterretan eta bere iturburu eta itsasoratzean herri eta hizkuntza berak darrai bizirik.

Ideia hau zabaldu nahi izan diete ELKAR-HITZekoek haur euskaldun guztiei eta zein leku aproposagoa Bidasoa ibaiak zeharkatzen duen Bortziriak baino.

Arantza, Bortzirietako bat dugu. Nafarroa, Gipuzkoa eta Iparraldeko mendiak harresi moduan babesten duten herri txiki hau euskal haurren bilgune bilakatu da, euskara bere euskalki desberdinekin lau haizetara zabalduz.
 
 
Haur talde bat jolasean ari da. Guztiak euskaldunak izan arren nafarrera jatorrean ari den haur bati zuberera goxoan erantzuten dio beste batek. Araba eta Nafarroa Beheretik etorritako haurrak ere adi daude. Euskal Herriko beste bazterretatik etorritako haur batzuk inguruan dabiltza, eta denen ahotan doinuera eta hitz desberdinak dituen hizkuntza, euskara.

Joan den urtarriletik ekaina bitartera herrialde desberdinetatik etorritako taldeak bilduko dira Arantzako Aterpean; Iparraldeko Uda Leku, Bizkaiko Kurkuluxa eta Nafarroako Geroa elkarteei esker.

Esperientzia hau Bakaikun (N) egin zen lehen aldiz entseiu modura, Iparraldeko Ikas eta Kurkuluxa elkarteek antolatuta eta izandako esperientzia ona eta emaitza positiboak ikusirik, bi urte behar izan dira guztia biribildu eta ELKAR HITZ martxan jartzeko.

Haur euskaldunen bilgune

Euskararen inguruan sorturiko proiektu honen xedea Euskal Herriko ahal bezain bat tokietako haurrak leku batean bildu eta euskararen topaketa bat egitea da. Antolatzaileen ahotan "Helburu nagusiena Euskal Herriko haur guztien artean euskararen trukaketa bat egitea da, euskalki desberdinak erabiltzen dituzten haurrak nahastuz horien ezagutzarako. Haurrei ohartarazi nahi diegu Euskal Herria eta euskarak bizirik dihardutela eta euskara ez dela eskola esparrura mugatzen den hizkuntza bat. Euskaraz bizi eta komunika litezkeela goizetik arratsera eta gainera euskalki desberdinak daudela."

Hiztegia aberastu eta hitz berriak ikasteko baliagarri zaien esperientzia honen beste helburuetako bat mugaren beste aldea, bai iparraldera eta bai hegoaldera, Euskal Herria dela erakustea da. Zatiketa guztien gainetik, beste aldeko euskaldunekin komunikatzeko baliagarri zaigun hizkuntza bakarra euskara dela, ez gaztelania ezta frantsesa ere. Beste aldekoek erabiltzen duten doinuera hasieran bitxia iruditzen bazaie ere, berehala jabetzen dira horretaz guztiaz.

Astebete elkarrekin

Egonaldiak astebeteko iraupena du, astelehenetik ostiralera. Proiektua zaintzen duten begirale guztien artean egitarau finko bat dute astea antolatzeko. Egitaraua alda daiteke haurren adina eta taldeen izaeren arabera, baina beti ardatz berdinaren inguruan egiten da aurrera.

Irakasleen ardura, otorduak eta lotarako orduak zaintzea izaten da soilik.

ASTELEHENA: aurkezpen orokor bat egiten da haur eta begiraleen artean eta mapa baten aurrean bakoitzaren jatorriaren eta Arantzaren kokapena aztertzen da. Denen arteko kontaktu eta harremanei hasiera ematen zaio horrela. Ondoren, Aterpeko arduradunen eskutik Arantza eta bere inguruak ezagutzen dituzte.

ASTEARTEA: tailerrak egiten dituzte.

ASTEAZKENA: egun osoko irteera egiten da. Adibidez, nafarrak badira Iparralde edo Gipuzkoa aldera joaten dira autobusez.

OSTEGUNA: gauean festa bat egiten dutenez, eguna festa horren antolaketa lanetan pasatzen dute.

OSTIRALA: ebaluazio eguna izaten da eta alde batetik, haurrekin eta bestetik, irakasleekin egiten da.

Honez gainera egunero ekintza desberdin asko egiten dituzte eta baita desinibizio eta hizkuntz jolasak ere, hizkuntza eta harremanak lantzeko.

7-12 Urte bitarteko haurrentzat

Antolaketa hau guztia aurrera eraman ahal izateko sei begirale daude haurren arduradun. Begirale hauek hiruko bi talde osatzen dituzte eta bakoitzak astebete egiten du. Hauez gain, beste hiru koordinatzaile daude eta hauen eginbeharra bakoitzak bere esparruko ikastetxeekin kontaktatu eta egitasmoen berri ematea da eta ondoren interesa dutenekin harremanetan egotea.

Beraiek prestatzen dituzte egonaldien egutegiak, haurren adina eta jatorria kontuan izanik. Egonaldia baino hamabost egun lehenago irakasleekin harremanetan jartzen dira, zein ekintza eta zer material erabiliko dituzten eta beste hamaika zehaztapen erabakitzeko.

Egonaldi bakoitzean bi edo hiru ikastetxek hartzen dute parte, guztira 40 edo 50 haur. Urtarrilean hasi eta ekainean amaituko den ELKAR HITZen lehen faseko aste guztiak osaturik daude jada, eta antolatzaileek baikortasunez ikusten dute datorren urtean jarraituko duten plangintzak izango duen erantzuna.

Bestalde, plangintza honetan Iparraldeko zein hegoaldeko edozein ikastetxe euskaldun edo elebidunak parte har lezake, nahiz eskola pribatu, publiko edo ikastolak.

Jarraipena behar duen egitasmoa

Begiraleek orain arte izan duten esperientzia oso positibotzat baloratzen dute eta orain arte ostiraletan talde ezberdinekin egin dituzten ebaluazioetan ikasle eta irakasleengandik jaso dituzten iritziak ere ildo horretatik doaz.

Halere, begiraleek aitortu digutenez lana ez da beti erraza izan. Alde handia dago, haurrak B edo D eredukoak diren. Erdararen presentzia altua den inguruetatik etortzen diren ikasleen euskara maila baxua denean eta taldeek erdararako joera handia dutenean, lana nekeza izaten da. Kasu hauetan, irakasleen iritziz, haurrek egiten duten euskararen erabilpen-mailak goraka egiten du eta sarritan irakasleek lehen aldiz entzuten dituzte ikasle batzuk euskara hainbeste erabiltzen, eta hau oso garrantzitsua da.

Inoiz gertatu izan da, ezaugarri hauek dituzten Iparraldeko eta Hegoaldeko bi talde elkarrekin suertatzea. Elkarren arteko harremana oso zaila gertatzen den arren, haurrek eta begiraleek esfortzu handia egiten dute. Lehen egunetan konturatzen dira Iparraldekoek ez dakitela gaztelaniaz eta Hegoaldekoek ez dakitela frantsesez eta elkar komunikatzeko euskara erabili behar dutela.

Arrazoi horiek guztiak direla medio, egitasmo honen arduradunek beldurrik gabe esaten dute emaitzak eta jendearengan sortu duen erantzuna ikusirik, ELKAR HITZEk jarraipena behar duela.

ELKAR HITZ eta ATERPEren elkarlana

Elkar Hitz egitasmoa osatzen duten elkarteak esperientzia zabalekoak dira. Udan hamaika udaleku antolatzeaz gain, iazko udan Baigorrin (BN) Elkar Hitzen antzeko egonaldi bat antolatu zuten hegoaldekoentzat. Bestalde, ezaguna da baita ere UDA LEKU elkartea Iparraldean euskal zerbitzu publiko bat izateko egiten ari den ahalegina.

Aterpeko arduradunek ere esperientzia zabala dute lan honetan eta honelako egitasmo batean parte hartu duten lehen aldia bada ere, buru-belarri ari dira lanean eta oso hitz onak izan dituzte ELKAR HITZ esperientziari buruz.

Guk gure aldetik Atarrabiako (N) Paz Zigandako ikastolako 6B eta Gasteizko Toki-Eder ikastolako 5Bko ikasleak topatu genituen. Guztiak zebiltzan lanpeturik batetik bestera, aste zoragarri hura biribiltzeko, gauean ospatu behar zuten festa hari azken ikutuak ematen. Heuren aurpegietan nekea nabaria bazen ere, oso pozik eta gustura ageri ziren bizitako esperientziarekin. Bakoitzak bere euskalkiaren ukitua zuen euskara txukunean adierazi zigun bezala: Egonaldia oso atsegina izan zen eta oso ondo pasa zuten.

Hurrengo egunean bakoitzak bere txokorako bidea hartuko zuen. Ahaztezina gertatuko zaien esperientzia honetan lagun berriak egiteaz gain, euskararekiko ezagutza zabaldu eta gure herriarekiko ikuspegi berria lortu ahal izango zuten, ezbairik gabe. Bejondeiela!