11: Dena prest HIK HASik bigarren ikasturteari hasiera emateko

1996-08-01

Euskal curriculuma helburu guztion aburu

 
 

Badoa. Gurpila bere bigarren bira osatzera abiatu da. Pentsatu baino lehen, ekainean hain urrun zirudien ikasturte berrira heldu gara.

Euskal Herriko edozein herritako eskola baten atarian haur bat. Zorro berria eskutan duela erne dago, lagunak agertzen noiz ikusiko zain.
Lehen egunaren poza, urduritasuna, asaldura... Loaren arrastorik agertzen ez duten begiek dena ikusi eta bereganatzeko irrikaz. Ezezagunaren xarma.
Azal koloretsu eta dizdiradun liburu berriak arakatu, ariketa eta eduki arrotzak begiztatu presaka azken orrialdera iristeko. Azkenaren lilura.
Gure zorroa asmo eta ideia berriz beterik dugu. Zenbaki honen ondoren ikasturte honetan etorriko diren beste bederatziak orriz orri taxutuko dituzten egitasmo, gai eta esperientzien karpeta lodia, hilabetez hilabete zuen laguntzaz lodituz joango dena... Topaketen koadernoa, ikasturte honetan gauzatuko diren proiektu berriekin.
Alboan agenda, izenez eta helbidez betetzen ari zaiguna. Beste karpeta bat Strasbourg-tik iritsi zen sariaren eskutitzarekin batera Akitania-Euskadi-Nafarroa Lankidetza Trilateralerako batzordetik iritsi zaigun laguntzaren berri ematen duen agiriarekin.
Bigarren koadernoa, iazko ikasturtetik zorroan daramaguna, zintzilik geratu zaizkigun hainbat gairekin, horien artean Hezkuntza Sailaren erantzuna. Hurrengo orrialdean, 3. zenbakiko editorialean zirriborraturik utzi genuen asmoa. Gaur egun Euskal Hezkuntzak lan-talde iraunkor sendo baten beharra du, zeinak etengabe ematen diren aldaketa politikoak gaindituko dituen. Nafarroa lekuko, egoera politikoaren ezegonkortasunak aidean duelarik hezkuntza antolakuntza eta jolastokian lagunekin aritzeko daramagun zibak baino buelta gehiago ematen dituena.
Lehen birak emaniko bultzadak eta ate ondoan zain dagoen haurraren antzera dugun ilusioak hauei guztiei itxaropenez ekiteko adorea ematen digute.
Eta azkenik gure zorroaren txokorik gogokoenean zuentzat dugun mezua. hik hasi besazpian duzuela ikasturteari hasiera on bat emateko gonbita.
Bejondeizuela!