ANDRA MARI ikastola, Etxarr-Aranaz: Etxarrin dena prest

1996-08-01

Etxarri-Aranazko Andra Mari ikastolan lanez gainezka dabiltza ikasturte hasiera honetan. Izan ere, Nafarroa Oinez 96 bertan ospatuko da urriaren 13an. 1989an ere Etxarri-Aranezen ospatu zen eta aurten berriro ere erronka horri aurre egin beharko diote. Orain dela urtebete hasi ziren lanean eta gogotsu eta ilusioz beterik daude bezperako egun hauetan. Hiart Leiza koordinatzailea eta Miren Elzaburu ikastolako zuzendariarekin egoteko parada izan dugu, eta gora behera anitzen berri eman digute.

 
 

Etxarri-Aranazko Andra Mari ikastola da Nafarroa Oinez 96 antolatzen duena, eta lortzen duten dirua DBHrako eraikuntza egiteko izanen da. “Printzipioz, Etxarri-Aranazen ez luke DBHrik egon behar, baina azkenean eskainiko dugu” dio Miren Elzaburu ikastolako zuzendariak. Izan ere, Etxarri-Aranazko ikastola eta Altsasuko Iñigo Aritza ikastolak kooperatiba bat osatzen dute; Aralarko Mikel Donea. “Administrazioarentzat zentru bakarra gara, baina bi lerro ditugu: Altsasukoa eta Etxarri-Aranazkoa. Irakaslegoaren plantila, dirulaguntzak eta gainerako kontzertuak orokorrean egiten ditugu, baina gero, ikastola bakoitzak bere antolaketa dauka”.

Andra Mari ikastolan herriko haurren %75 inguruk ikasten du egun, eta horiez gain, inguruko herritatik etortzen direnak gehitu behar dira Herri txikiak direnez, haur hezkuntza badaukate, baina ondoren, Etxarri-Aranazera edo Altsasura joan behar izaten dute. Guztira 400 haur inguru daude egun Andra Mari ikastolan.
Nafarroa Oinez egunari loturik, Hiart Leizak esandakoaren arabera, iazko urrian hasi ziren lanean, “eta geroztik, ez gara gelditu ere egin. Herri guztia dabil lanean eta kanpokoei ere laguntza eskatu diegu. Izan ere, Sakana nahiko handia den arren, biztanle gutxi ditu, eta kanpokoen beharra dago”.
Sakana 13 herrik osatzen dute, eta jaialdi nagusia Etxarri-Aranazen izango den arren, herri guztiak bertan isladaturik izango dira HERRIKOLORE-arekin. Hauxe da, hain zuzen ere, aurtengo edizioko logotipoa; eguzki-lorea. Pegatina, paper eta arropa guztietan agertzen den eguzki-lore horrek 13 hosto ditu, Sakanako 13 herriak sinbolizatzen dituelarik.
Leloa HERRIKOLORE da, eta honek ere bi esanahi dituela argitu digu Hiartek: “Alde batetik, esanahi mitologiko bat du, betidanik etxeko atarietan jarri izan baita. Eta bestetik, hitz jokua eginez, beste bi esanahi hartzen ditu: bata, HERRIKO LORE, herriaren mugimenduaren ondorioz sortutako jaialdia delako, eta bigarrena, HERRI KOLORE, euskarak ematen diolako kolorea herriari.
Orain arte buruturiko lana batez ere arropen arlokoa izan da. “Gabonetarako salgai jarri genuen materiala eta salmentak oso ondo joan dira” dio Hiartek. “Abuztuan soilik 90 irteera egin dira herri eta festa desberdinetara joanez”.
Berrikuntzei dagokienez, bideo-klip bat egin dute Nafarroa Oinezen 15 urtetako historia bilduz. “Bideoaren helburuak bi izan dira bereziki: promozioa eta oroimen sentimental bat gordetzea”. Horrez gain, Internet-ean ere sartu ziren ekaina bukaera aldean, eta dagoeneko 1000 bisita inguru izan dituzte.
Dena prest dago urriaren 13rako, eta eguraldia ere lagun izango duten esperantza daukagu denok. “Aurtengo logotipoa ikusita, eguzki-lore bat denez, ea eguzkia bera ere begibistan izaten dugun Etxarri gainean, bederen”.