14: Urte berriari begira Hik Hasik proiektu ugari dauka esku artean

1997-01-01
Urte berriqak euskal kulturarentzat ate berriak irekiko dituelakoan
 
 
Informatika, psikomotrizitatea, Haur Eskolak, Lanbide Heziketa, euskararen kalitatea, irakurketa-idazketa konstruktibismoaren ikuspegitik, ikasturte berriari so, irakasleriaren osasuna eta eskuetan duzun Celestin Freinet gai nagusiek "izena" eman diete 1.996ko HIK HASIren hamar aldizkariei.

Hilabetero hilabetero, hartutako konpromezua betez, 14. zenbakia kalean da dagoeneko. Eta hori lortzeko lan talde sendoa, lana, proiektu berriek ematen duten ilusioa, zuek harpidedunak eginez guregan ipini duzuen konfidantza, zuen esperientzia eta ahaleginak, antolatutako topaketetan parte hartzea, e.a. beharrezkoak izan dira.

Euskal Hezkuntza integrala lortzeko bidea luzea da, asko falta zaigu honetarako, baina denona izan nahi duen proiektu honek oinarri sendoak jarri dituela pentsatzen dugu. Gure hutsune, akats eta guzti Euskal Irakaskuntzaren partaide garenon informazio, eztabaida eta elkargunerako bitartekoa izaten lortzen ari gara. Gaur egun, irakaskuntza ez unibertsitarioan HIK HASI erreferentzia puntua badela esan dezakegu. Donostia eta Loiun antolatutako topaketek jaso zuten erantzun arrakastatsuak horrela adierazten digute behintzat.

Hala eta guztiz ere, batzutan Freinet, Piaget eta Vigostkyren mendeurrena betetzen den honetan bezala, atzerako begiradak merezi badu ere, ezin dugu atzera begira egon.

Urte berriaren atarian gaudenean, ideia, ilusio, asmo eta proiektu ugari datozkigu arrapaladan. 1.997a irrikaz begiratzera garamatzate, ateak noiz irekiko zain, gure ekarpenekin Euskal Hezkuntzako eraikuntzan beste ahalegintxo bat egin nahian.

Urte t´erdiko lana, eztabaida eta proposamenei esker HIK HASIren berrantolaketa beharrezkoa dela ikusten dugu: proiektu berriei aurre egiteko, Herrialdeen arteko oreka bilatzeko, aldizkariari proiekzio berria emateko...

Bien bitartean, urrats berriak emateko behar den indarra eta adorea hartu nahian, une goxo eta gozoak igaro ditzagun, maite ditugunekin bat eginez.

Horrela bada, zorionak eta etorkizun zoriontsua denontzat,

URTE BERRI ON !