LABIAGA ikastola, Bera: Berako ikastolaren borroka

1997-01-01
96-97 ikasturtea irailean hasi bazen ere, gauzak baretu gabe daude Berako Labiaga ikastolan. 73 ikasle DBHko ikasketak egiten ari dira bertan, baina oraindik ez dute administrazioaren baimenik jaso DBHko ikasketak eman ahal izateko. Trabak eta argumenturik gabeko arrazoiak soilik.
 
 
DBH antolatu eta martxan jartzeko baimena lortzeko eskaera 1994an egin zutela azaldu digu Erramun Martiarena ikastolako zuzendariak. 97. urtearen atarian, oraindik ez dute erantzunik jaso. "Momentu honetan, teorikoki "tramitetan" gaude. Alde batetik, errekurtso bat sartua dugu Kontentzioso Administratiboan. Eta bestetik, ikasturte honetarako egindako eskaera berriaren erantzunaren zain gaude. Bitartean, inolako baimenik gabe gaude".

Bortzirietako bost herrietako (Bera, Lesaka, Arantza, Etxalar eta Igantzi) ikasleentzat DBHrako zentro bakarra baimendu du oraingoz Nafar Gobernuak: Berako Toki-Ona Bigarren Hezkuntzako institutua. Labiaga ikastola, berriz, baimenaren zain dago.

Baimen hori lortzeko azpiegitura baldintza batzuk bete behar dira eta "Labiaga ikastolaren kasuan, aski argi frogatu dugu baldintza horiek betetzen ditugula eta DBH antolatzeko eskubide osoa dugula". Baina Erramunek azaldutakoaren arabera, administrazioan ez dute horrelakorik onartu. "Txosten desegokiak egin dituzte irizpide subjetiboetan oinarrituz. Denetatik egin dute: zegozkion datuak txostenean sartu gabe utzi, erredakzio desegokiak egin... eta horrek guztiak tramiteak atzeratu ditu. Irregulartasunak alde guztietatik agertu dira eta puntu guztiak banan-banan urratuak izan dira". Horrez gain, ikastolako taldeak zapuzteko ere estrategia anitz erabili dituztela gaineratu digu Erramunek.

Ikastetxe pribatuen kasuan, Nafar Gobernuak kontzertu ekonomiko bat sinatu ohi du hauekin. Ikuspegi honetatik, Labiagari DBH ematen baldin badiote, Gobernuak kontzertu hori ordaindu egin beharko diola suposatzen da. "Nire ustez, hori gauza luzatzeko aitzakia da. Arazo ekonomikoa bigarren borroka bat izango da, baina oraingoz guk hezkuntza eskubidea errespetatzea eskatzen dugu".

DBHren ezarpena ikastolak ahultzeko eta desagertarazteko aukera historikotzat hartu dutela uste du Erramunek. Nola? Bete beharreko baldintzak errespetatu gabe. Alde batetik, Nafarroako leku desberdinen egoera desberdina ez dute kontutan hartu. Denei turroia eman nahi izan die eta hori ez da posible. Bortzirietako eta Iruñeko egoera desberdina denez, desberdin tratatuak izan behar dute. Baina denentzat eskubide berdinak errespetatuz. Eskola maparen dibertsitatea ez da kontutan hartua izan, beraz. Eta bestetik, haurrei balore batzuk bultzatzea gomendatzen duten heinean, beraiek inolako balorerik gabe egin dutela egin dutena azpimarratzen du Labiagako zuzendariak.

Teknikoek aspaldian eman zioten arrazoia ikastolari, txostenak subjetiboak zirela baieztatuz. Eta politikariek ere, kostata baina, onartzen omen dute hori.

Gurasoek esfortzu, indar, gogo eta ilusio handiak jarri dituzte borroka honetan. Ez dira momentu errazak izan, negarrak entzun dira ikastolako hormen artean, baina oinarrizko eskubidearen errebindikazioak tinko dirau. Erantzun proportzional bat eskatzen dute, beste ikastetxeen eskubidea errespetatuz.

Borrokak hor jarraitzen du eta bitartean haurrak non daude? Erantzun ofizialik ez daukala dio Erramunek, baina extra-ofizialki ikastolako geletara joan eta ikusi besterik ez dagoela.