ANTXETA ATSEDENALDI ELKARTEA, Donostia (Egia): Haurren bilgunea baino gehiago

1997-01-01
Donostiako edozein lekutatik begiratuta, Atotxako "dorrea" hortxe ikusten dugu beti. Oraingoan, ordea, gertutik begiratzea egokitu zaigu. Eta ez hori bakarrik, baita barrutik ere. "Dorrearen" behekaldeko lokal bateko atea jo dugu eta Antxeta Atsedenaldi Elkarteko geletara sartu gara.
 
 
Egia auzoko haurrek oso ondo ezagutzen dute txoko hau. Urteak daramatzate egunero bertara hurbiltzen, eta dagoeneko ia 400 bazkide ditu. Auzoko haurren aisialdian leku berezia lortu du Antxeta Elkarteak.

1983. urtean sortu zen bertako gazte talde baten ekimenez. Beraien helburua Egiako haurren aisialdiari elizatik kanpoko alternatiba bat eskaintzea zen. Poliki-poliki hasi ziren ekintzak antolatzen, eta gaur egun aukera bat baino gehiago eskaintzen ditu. Sorrerako ekintza nagusiena 1984. urtean antolatu zuten udako kanpaldia izan zela azaldu digute Iker Jauregi eta Ainhoa Permachek. Handik aurrera, taldea sendotzen hasi zen.

1986an Donostiako Udalak lokalaren zesioa eman zigun. "Gure eskakizun eta auzoko Gurasoen Elkarteak egindako indarrarekin posible izan zen lokala lortzea". Ordutik aurrera gogor ekin zioten lanari, eta 1989an Egiako Haur Txokoaren egitasmoa sortu zen. "Aisialdiaren barruan eguneroko eskaintza alternatibo bati ekin genion honekin. Urte hauetan eskaintza hori sendotzen aritu gara, lokala egokituz eta gauza gehiago prestatuz". Horrekin batera, asteburu eta oporraldietarako ekintzak ere mantentzen dituzte.

Elkartearen xede nagusia Egiako aisialdiaren heziketa dela azaldu digute Iker eta Ainhoak. "Aisialdiaren heziketaren bitartez, gizarteari, eta batez ere Egiako haurrei, zerbitzu bat eskaini nahi diegu. Sormena, elkarkidetza, kritikotasuna eta konpromezua bilatzen duen jarrerarekin, aldaketa soziala bilatzeko lan egin arazten dugu. Gizarte berri demokratikoago bat lortzeko, giza eskubideak eta ingurunea errespetatuko dituena, bakezalea eta euskalduna". Aukera politiko, erlijioso edo bestelako desberdintasun guztiak errespetatzen ditu Elkarteak. Edonorentzat zabalik dituen zerbitzu herrikoi bat da Antxetak eskaintzen duena.

Euskadiko gazteriaren kontseiluan, Gipuzkoako ludoteken elkartean eta auzoko entitateen koordinakundean partaide da. Dinamika bizia duen taldea, eta urte osoan gainera.

Egun hauetan jostailuei so

Antxeta Elkarteak honezkero urte batzuk bete ditu jostailuaren inguruko gaia gabonetan gurasoekin jorratzen. Aurten beraz, ez da lehen aldia izan, bai berriz, kanpaina berezi eta zabal bat antolatzen den lehen urtea.

Elkarteko abiapuntutik hasita, Iker Jauregi eta Ainhoa Permachek ez dute uste jostailuak gabonetan bakarrik oparitu behar direnik. Baina gizarteak eta jostailu merkatuak, urteko azken bi hilabeteetan ematen dioten garrantzia ikusirik, heziketa baliabide honi eta honen aurrean orientazio bat egiteko asmoz ateratzen dira kalera. Oraindik jorratu beharreko gaia dela uste dute, eta gurasoek eman beharko lioketen garrantzia ez dela behar adinakoa, ez baitute informazio gehiegirik esparru honetan. Kanpainaren bidez, ordea, hau guztia lantzeko bideak zabaldu nahi dira. "Gainera, publizitatearen alorrean, lan berezia egin nahi izan dugu, honek daraman zama eta baloreei dagokionean, gehienetan sexistak, biolentzia inplizitu batekin eta etengabeko kontsumora bideratuta izaten direlarik" azpimarratu digute. Hori edukiei dagokienez, eta kopuruari begiratuz gero, gabonetako kanpainaren lehen astean 4.500 jostailu iragarki eskaini zituzten Estatu espainiarreko telebistetan. Central Mediako azterketen arabera, gabon garaian haurrek 95 iragarki ikusi ohi dituzte egunero. Horrez gain, badago publizitate subliminala ere; marrazki bizidunak. 80. hamarkadatik aurrera, jostailu bat saltzeko asmoarekin marrazki serieak egiten dira.

Jostailu merkatuan gabonetako fakturazioa 60.000 milioi pezetakoa izaten da, eta 200 ekoizleen artean banatzen da. Kopuru honen %66a sei enpresek eskuratzen dute: Famosa, Feber, Mattel, Nitendo, Exin eta Bandai. Hauetako lau iparramerikarrak dira eta bat japoniarra. Honek zera esan nahi du: hemengo jostailuak eta hauen baloreak hemendik oso urrun erabakitzen direla.

Horrez gain, iragarkietan produktuak sexu bati zuzentzen zaizkio askotan. Neskei zuzendutako iragarkietan kolore gozoak, musika lasaia, haur ahotsak eta etxean egokitutako mundu fantastikoa agertu ohi dira. Mutilen kasuan, kolore biziak, musika alaia, erritmo militarra eta etxeko girotik kanpo. Iragarki hauen bidez jostailuekin jolasteko jarrerak ere azpimarratzen dira: nesken jarrera, kontrolatua, ordenatua, arduratsua, laguntzailea, pasiboa, zintzoa...; eta mutilena, protagonista aktiboa, maltzurra, kontrolatzailea, indartsua, garailea... "Jostailuek ez dutela sexurik azpimarratu beharra dago. Gure eskuetan dago gizartean dauden desberdintasunak ekiditea. Horretarako haurrengandik hasi behar dugu".

Jostailu kanpainan murgildurik, lehenik, Egiako bai haurren eta bai gurasoen artean inkesta batzuk burutu dituzte; jostailuak zein garaietan erosten diren aztertuz, zenbat diru gastatzen den, gurasoek haurrekin jolasten zenbat denbora igarotzen duten eta honelako beste hainbat alderdi landuz. Datu hauek guztiak, gurasoekin izandako bileran aztertu ziren, eta eztabaida interesgarriak sortu ziren hezitzaile eta hauen artean.

"Aholkularitzari dagokionez, erakusketa bat antolatu dugu, panelen bidez, publizitatearen eta hainbat jostailuen balore negatiboak azpimarratuz alde batetik, eta bestetik, gomendagarriak iruditzen zaizkigun hainbat jostailuen aurkezpena eginez". Panel horietako batean azken urteotako jostailurik salduenak zeintzuk izan diren ikus zitekeen. 1991tik aurrera "Gameboy" (Nitendo) bideojolasa izan da salduena. "Hauek guztiz biolentoak dira, multinazionalak sortuak eta telebista serie bat izan dutenak. Beraien mezuetako batean zera ikus daiteke: "... kaleko makarraz nazkaturik bazaude zorionean zabiltza. Orain hiria jendez garbituko duzu zeure armekin. Eta badakizu... etsaiari kaña". Onartezina da, benetan". Nesken kasuan Barbie panpina (Mattel) izan da preziatuena. "Konturatzen ez bagara ere, panpin honek, bere itxura eta osagarriekin balore batzuk transmititzen ditu: gorputz anorexikoa, bizitza maila altua...". Paneletako informazio hau biltzea ez dela erraza izan aitortu dute, baina pena merezi izan duela. Horrez gain, hezitzaileen arteko hainbat eztabaiden ondorioz sortutako jostailu bilduma ere eskaini dute azkenean.

Kanpaina borobiltzeko, iaz hasitako esperientzia berria errepikatu nahi dute. Bosniako haurrentzat egindako jostailu bilketa, hain zuzen ere. "Garai honetan, haurrek opari ugari jasotzen dituztenez, beste hainbat jostailu bazterturik izaten dituzte etxean erabili gabe" baieztu dute. "Honelako ekintzen bidez, haurrentzat interesgarriak izan daitezken hainbat gai lantzen zirela ikusi genuen, eta beraz, aurten ere errepikatzeko asmoarekin bilketa antolatzen ari gara, nahiz eta oraindik aurten nora bidaliko diren zehazteke dagoen".

Antxeta Elkartearen ustez, "Jostailuak ez dira umekeriak" eta honen ardura denek hartu beharko lukete. Hezitzaileek, gurasoek, eta noski, jostailu ekoizleek ere bai. Jolasaren bidez, haurrak bere burua, gainontzekoena eta inguratzen duen mundua ezagutzen ikasten du; irudimena eta ekimena lantzen laguntzen die; tentsioak askatzeko eta arazoak konpontzeko ahalbideratu daiteke; eta komunikazoaren eta gizarteratzearen mesedegilea da. Beraz, esparru honek haurraren heziketa prozesuan ere eragin nabarmena izan dezake.