ARRAIZA, Eugenio:

1997-01-01

Eugenio Arraiza, Eusko Ikaskuntzako kidea, eusko kulturaren inguruan lanean aritu izan da. Bi urtetan UEUko Eusko Kultur Gaiak saileko koordinatzailea izan da. Gauza asko irakurri, aztertu eta ezagutu ditu, eta kontatzeko ere gauza anitz ditu. Iturri aberatsa da eta agortzen ez dena. Darion ura, berriz, inongo erreparorik gabe edateko modukoa.

 
 

Kultur arloan urte askotan ibili zara eta Eusko Kultur Gaiak izeneko ikastaroak eman ere bai. Zertan oinarritzen ziren ikastaro horiek?

Kultura zer den aztertzea zen helburu. Eta horrekin batera, Euskal Herriko kultura gorpuzteko urrats batzuk proposatzen ziren.

Euskal Herriko kultura hori izendatzeko zergatik erabiltzen duzu Eusko kultura eta ez Euskal kultura?

"Euskal" euskararekin lotura zuzena duen gauzentzat gordetzea hobe dugula uste dut. Horrela, Euskal kultura euskaldunok euskaraz egiten dugun kultura izango litzateke. Hor Euskal Herrikoa, Europakoa eta mundu osokoa daude, denak euskaraz jorratzen baditugu.

"Eusko"k, berriz, Euskal Herrikoa esan nahi du. Euskal Herrian gauza batzuk euskal hitzarekin zerikusi zuzena dutenak daude. Eta beste batzuk edozein hizkuntzetan tratatu daitezkenak, nahiz eta euskaraz aritu behar dela errebindikatu. Horregatik, nahiago izan nuen Eusko kultur gaiak erabili.

Eusko kulturaz hitz egin behar badugu, euskal curriculumaren ordez eusko curriculuma erabiltzea proposatzen al duzu?

Bai. Euskal curriculuma jartzen baldin badugu, argi dago euskaraz egiten dena dela. Baina horrez gain, euskarazko gaiak landu behar dira, eta orduan, eusko curriculuma esan behar dugu. Hemengo gaiak direla azpimarratzen da horrela. Eta, Euskal Herriko curriculuma erabiltzen badugu, orduan ez dago nahasketarik.

Baina izena edo kontzeptua aldatzeaz gain, ekarpen berriak ere gaineratu dituzu.

Bai, noski. Euskal kultura zabaldu behar dela errebindikatzen dut. Bere barruan munduko ezagupen guztiak sartu behar ditugu.

Baina Euskal Herrian badugu beste kultura bat ere, beharbada frantsesek edo alemanek tratatuko dutena, eta Euskal Herrikoa da. Hori ere gure unibertsitatean edo hezkuntzan bereziki tratatu behar dugu. Ez da nahikoa Euskal Herriko eskoletan euskal kultura euskaraz egitea. Euskal kultura horren barnean geurea bereziki zaindu behar dugu.

Kulturaz ari garenez, nola definituko zenuke zuk kultura?

Izadia edo natura ez den guztia kultura dela esango nuke. Definizio honek duen alde txarra zera da: zaila dela naturatik at zerbait aurkitzea, zerbait dagoela ziurtatzea. Baina, bestalde, alde ona ere badu: kulturak naturari gehitzen dion hura aurkitzen saia gaitezke. Kulturak gizakiaren naturari zer ematen dion.

Kultura horri nolako tratamendua ematen zaio?

Kulturaren korpusa era desberdinetan tratatu behar da. Korpus hori hiru mailatan banatzen da: goi mailako kultura, tradiziozko herri kultura eta masa kultura. Bakoitzari bere tratamendua eman behar zaio. Goi mailakoa unibertsitatean lantzen da. Herri kultura, berriz, bi esanahirekin erabiltzen dugu: cultura popular bezala, eta herri kultura bezala. Cultura popular botereak erabiltzen duen kulturaren aurkakoa da. Eta herri kultura herri batek tradizioz jasotakoa.

Hirugarrena, masa kultura, behe mailako kultura da, komunikabieetan erabiltzen dena. Askotan zentzu negatiboz hartzen dugu. Baina masa kultura herri kultura da, baina estandarizatua.

Irakaskuntzan zein kultura mota landu behar dugu?

Irakaskuntzan masa kultura da landu behar dena. Azken batean, zer da eskola? Kulturaren supermerkatu bat. Gauzak dosi txikietan eta haurrak irensteko moduan ematen dira. Komunikabideak erabiltzen dira bitarteko bezala, ezinbestekoak dira. Haur batek idi-proba ez du Bizkaiara joanez ikusiko, filminetan baizik.

Honek ez al du tradiziozko herri kultura baztertzeko arriskurik?

Bere arriskua badu, baina hori egiten ez badugu, beste herrialdetako kultura sartuko zaigu. Ez dago alternatibarik.

Dena dela, euskalkiak eta herriko gauzak zaindu egin behar dira herri kulturaren mailan. Baina gero, denok herri bat izan nahi badugu, gure masa kultura, gure curriculuma egin eta denek ikasten dute, edo bestela, Euskal Herriko kultura norbaitek jakingo du, baina ez herriak.

Kultura hori nola landu behar da?

Prozesu bat ematen da kultura lantzeko garaian. Gizaki batek kultura zuzenean naturatik hartzeko ahalmena badu, baina gaur egungo gizartean ez da horrelakorik gertatzen. Sagarra ez dugu sagarrondotik hartzen, izozkailutik baizik.

Kultura arloan gauza bera gertatzen da. Lau errealitate daude kultur egitate batean: gizakia edo subjetua, izakia edo objetua, prozesua edo kulturizazioa eta eragilea. Gizakia jakinmina duen zerbait da. Izakia ezagut daitezkeen osagaiez osaturik dago. Prozesua berez sor daiteke, kultur ekintzaren sena eta mamia da. Eta eragilea ez da ezinbestekoa, objetuaren mezua laguntzarik gabe jaso dezake gizakiak.

Lau errealitate hauen artean, non kokatzen da hezkuntza?

Hezkuntza bitartekoen antolaketa da, gaiak eta haurren bitartekoa. Tarte horretan kulturizazioaren prozesu bat egiten da. Ez dago ia eraginik gabeko kulturarik.

Guk osatzen dugu Euskal Herriko kulturaren gorputza. Zaindu gabe utz dezakegu haurrek naturalki herrian, familian e.a. har dezaten. Baina horrela hezkuntzan kanpoko kultura sartuko da. Horregatik, beharrezkoa dugu eusko curriculuma osatzea benetako antolaketa batekin.

Zuzeneko kultura transmisiorik ez dago, beraz.

Euskal Herriko kulturaren transmisio zuzena, herriko kultura, nekazal gizartea gainditu ondoren eten egin da. Herriko kulturak gainditu du. Orain hezkuntza eta komunikabideen bitartez egiten da transmisioa.

Gainera, bi estatutan eta hiru komunitatetan banaturik, guretzat maneiaturitako elikadura hori ez dugu batere kontrolatzen. Estatu baten edo bestearen ikuspegiaz maneiaturik datorkigu. Gehien-gehienetan erdaraz emanda iristen zaigu. Erdarazko elikadura hori geureganatzeko prestatuagoak izaten ditugu gure burmuinak. Eta kultur merkatuan ez dago "eusko kultura" labela duen salgairik.

Gaur egungo gizarteari begiratuta, aipatutako menpekotasun horrez gain, gizarte desberdinak daude eta eusko kultura bakar bat sortzea ez al da zaila?

Javier Elzok egindako inkestetan oinarrituz, Euskal Herrian oso gizarteko desberdinak daudela esan daiteke, elkarren aurkakoak askotan. Alde horretatik, eusko kulturarik ez dago. Baina kultur gaiak, hala ere, Euskal Herrian bizi garenok, amankomunak ditugu. Hortik abiatuz eraiki behar genuke Euskal Herriko batasunaren proiektua, oinarri horretatik abiatuta.

Eta kanpoko eraginen aurrean zer egin daiteke?

Kultura ezin dugu zaindu hormen artean sartuz. Kultura edozein gauzekiko jakintza da, eta kanpoko ezagutzak jakitea ere bai. Eusko kultur gaiek ardatz bat dute. Orain arte ardatz ahula izan da: dantzan, bertsolaritzan... sendoa, baina arkitekturan, pinturan... oso ahula. Gure kultura eraiki nahi badugu, ezinbestekoa dugu ardatz hori eraikitzea.

Gure kultura monolitikoa izango litzateke kanpokoa ukatuz, itxiz. Baina oso irekiak eta ardatzik gabeak baldin bagara, sakabanatu egingo lirateke gure kutultura eta gure gaiak. Ardatza estatu espainiarra, frantziarra edo EEBB bihurtuko litzateke.

Nola eraikiko dugu ardatz hori?

Kultura bat lurralde batean kokatu behar da, gizarte kontestu batean, lehenik eta behin. Ondoren, gauzak ulertzeko ahalmena mugagabea baldin bada teoria mailan, zehaztu egin behar da zerbait eraikitzerakoan. Hasieran hurbileko gaiak ezagutuz hasi behar da. Eraikitze-prozesua ulertze-prozesuarekin batera doa, erritmoa emanez. Bata bestearen gainean eraikitzen da, uztartuz.

Prozesu horretan zeintzuk dira kontutan hartu behar diren urrats nagusienak?

Hiru faktore azpimarratuko nituzke nik.

- Euskaraz egitearen garrantzia: edozein hizkuntzetan egin dezakegu, baina orduan ez da Euskal Herrikoa izango eta ezaugarri garrantzitsuena galduko du.

- Ikuspegi diakronikoa: Gasteizko hitzaldi batzuetan ingurugiroaz arduratzen zenak bere proiektua azaldu zuen. Baina historia ez zuten batere landu, ez zekiten aurretik zer gertatu zen. Horregatik, irakaskuntzan edo gure kulturaren eraikitze honetan zer eta zergatik gertatu zen aztertu behar dugu.

- Kultura eta kulturgileak ezagutzea garrantzitsua da: orain dela 1000, 100 edo 10 urteko ikuspegia eta oraingo ez dira berdinak. Nola, zergatik eta zerk bultzata jokatzen zuten ezagutu behar dugu. Oso interesgarria da eta garrantzia eman behar zaie kulturgile guztiei.

Hori kulturaren arlo guztietan landu beharko da. Eta, ondoren, zer?

Gero arloz-arlo dauden disziplinak hartu eta proposamen bat egin behar da disziplina guztiak sistematizatzeko. Adibidez, ekologia non kokatu behar dugu? Geografian? Natur zientzietan? Erabakitzea komeni zaigu, zer den hoberena, praktikoena. Hori batzar batean erabaki behar da gero martxan jartzeko.

Horrelako bateratzerik egin al da orain artean?

Iaz Deustun Eusko kultur gaiak lantzen hasi ziren zenbait irakasle. Arloz-arloko gaiak hartu eta goi mailako kultura lantzen da. Handik ateratzen diren ikerlanak bete beharko dira ondoren.

Nik uste dut, denok batera jokatu behar dugula eta komunikabideek ere bai. Ni ez nago oso sartuta hezkuntza arloan. Baina denok batera egin beharko genuke lan hau, bildu eta ados jarri: zertaz ari garen eta zein kontestutan. Eusko kultur gaiak goi mailako kulturan, herri kulturan, irakaskuntzan, komunikabidetan... landu behar dira.

Momentu honetan, zer da premiazkoena?

Egiteko asko dago oraindik, baina egina ere bai. Gertatzen dena da, sakabanatuta dagoela. Orain premiazkoena sistematizatzea dugu, nahiz eta ikerketetan asko ez aurreratu. Ahalegin handiena Euskal Herriko kulturaren korpusa egitera zuzendu behar dugu. Eta gero egokituko dugu unibertsitatera, komunikabideetara e.a.