IZARRAKO herri eskola, Izarra: Euskararen fruituak erdal baratzean

1997-01-01
Gasteiztik iparralderantz, Gorbeia mendiaren itzaletara iritsi baino lehenago, bailara bat zeharkatu beharra dago: Urkabustaizeko bailara. Egia esan, ez da ikusi gabe uzteko lekua: leku lasaia, basoak hurbil, herrixa isilak, nekazaritza aztarnak... natura usaina nabaria da. Baina... lasaitasun hori eteten duten oihu, algara eta hizketaldiak ere entzuten dira bertako ikastetxetako jolas-lekuetatik. Eta horrela, belarrien entzumenari kasu eginez, Izarrako ikastetxe publikoraino gerturatu gara.
 
 
Ikastetxe honetan orain dela lau urte ezarri zuten D eredua, eta bertan dabiltzan122 haur inguruk euskara soilik entzuten dute eskolan. Pozik baieztatu digu hori Ana Carro zuzendariak. "Lehen B eredua geneukan, baino orain D bakarrik. Erdaraz ikasi nahi dutenak Murgiara joaten dira, eta hemen, Izarran, euskaraz egin nahi dutenak biltzen dira".

Izan ere, Izarrako ikastetxean haur garraiatuak biltzen dira. Hau da, inguruko herrietatik ere etortzen dira ikasleak. Bailara honetan udaletxe bakarra dago, baina bederatzi herriz osatua dago (Izarra, Abezia, Abornikano, Oiardo, Goiuri, Untzaga, Uzkiano, Inoso eta Larrazketa). Herriak txikiak dira, eta eskola bana izateko adina haurrik ez dago. Horregatik, denak ikastetxe berera hurbiltzen dira.

"Eskualdeko euskaldunen portzentaia oso urria da, oso euskaldun gutxi daude. Nire gelan, esaterako, 11 haurretatik bi bakarrik dira euskaldunak" azpimarratu digu Anak. Baina hala ere, orain arteko esperientziarekin oso gustora ageri da. "Irakasleok oso pozik gaude. Gelan euskaraz mintzatzen dira, baina hortik at ere euskaraz hitz egin dezaten ahalegindu behar dugu orain". Izan ere, jolas-lekuan, kanpoan, gazteleraz mintzatzeko ohitura dute, eta leku horietan kontrolatuz egon behar izaten dute. "Oporretatik bueltatzen direnean ere, asko nabaritzen da erdaraz aritu direla. Baina hala ere, berehala jartzen dira".

Izarrako ikastetxean Haur Hezkuntzatik hasi eta 6. mailara arteko irakaskuntza dago egun. Ondoren, Gasteizera joan beharra daukate DBHko 2. zikloa egitera. "Guk Murgiako ikastetxearekin elkartzeko asmoa genuen, horrela haurrek Gasteizera joan beharrik izan ez zezaten. Baina Murgian B eredua dagoenez, eredu hori erreforzatzea proposatu genien" azaldu digu Anak. "Errefortzu horren oinarrian euskara gehiago erabiltzea legoke, gure haurrek D ereduan ikasten baitute. Horrela, hemendik urte batzuetara elkartzeko moduan izango ginen. Baina ez dute errefortzu hori egin nahi".

Eskolaz kanpoko ekintzak

Nekazal herri txikietan ohi bezala, ordutegia giro horretara moldatua daukate. Goizeko 9.30etan hasten dituzte klaseak eta 13.00etan bukatu.15.00ak arte, bazkaltzeko denbora izaten dute, eta ondoren, arratsaldeko klaseak 16.30etan bukatzen dituzte. "Herri barraiatua eta zabala denez, haur gehienak jantokian gelditzen dira bazkaltzen. Bertako hiru begiraleak euskaldunak izatea eskatu genuen, gainera, eta hori inolako arazorik gabe eskaini ziguten" dio Anak. Horrela, ikastetxean euskara soilik entzuten dute.

Arratsaldeko 16.30etan, klaseak bukatu ostean, Izarran ez dira haurrak beraien etxetara abiatzen. Eskolaz kanpoko ekintza ugari dituztenez, bertan gelditzen dira 18.00ak arte. "Horretan ere zenbait eztabaida izan genituen" gogoratzen du Anak. "Haurrak autobusez itzultzen dira beraien etxeetara. Orduan, guraso batzuk klaseak bukatu eta berehala nahi zuten autobusa. Baina gehiengoa 18.00etan jartzearen alde agertu zen eta guk ere nahiago genuen". Horrela, eskolaz kanpoko ekintzak euskaraz egiteko aukera aprobetxatzeko posibilitatea dute. Antzerkia, kirola, musika, tailerrak... giro euskaldun batean eskaintzeak, haur hauen euskararen erabilera zabaltzeko aukera irekita uzten du.

Irakasle hauen lana emaitzak ematen ari da. Hemendik aurrera, Arabako lautadako oihu, garraixi eta hizketaldien oihartzunak euskaraz iritsiko zaizkigu gure belarrietara.