Kronika

1997-02-01
 
 
Ikastetxe publikoetako Eskola Kontseiluak eratu dira
EAEko ikastetxe publikoetan Ordezkaritza Organu Gorena eratzeko hauteskundeak amaitu dira, eta hemendik bi urte barru egingo dira hurrengo hautaketak. Guztira 550 zentro izan dira OOG berria osatu duten ikastetxe publikoak. Irakasria izan da gehien parte hartu duena, %82rekin. Ondoren, administrazio eta zerbitzuetako langileria (%81), ikasleria (%60) eta gutxiena gurasoak (%18).
Organu honek funtzio desberdinak ditu: proiektu pedagogikoaren eta zentroko antolaketaren onarpena, zuzendariaren hautaketa, ikasleriaren onarpena, disziplinaren arloko gatazken irtenbidea, eta heziketarako ekintza, eskola orduz kanpoko aktibitate eta ekintza osagarrien zehazpena.
Organu honen partaideen eraketa Euskal Eskola Publikoaren legetik abiatuta onartu zen dekretuaren arabera egin da. Horrela, Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan ordezkaritzaren %50 gurasoei dagokie. Beste erdia, irakasle ez den langileen, udaletxeko ordezkarien, zuzendariaren eta irakasleen artean banatzen dute. Ikasleek ez dute ordezkaritzarik adin honetan. Bigarren Hezkuntzan, ordea, ikasle eta gurasoek ordezkaritzaren erdia daukate, eta irakasleek herena.
Baina, eraketa hau dela eta, guztiak ez daude ados. Sindikatuek adierazi zutenenaren arabera, administrazioak finkatutako eredu hau oso mugatua da. Zentroek autonomia gehiago eduki behar dute. Horrez gain, dekretu berri honek gurasoen partaidetza handiagotu egin du, baina inplikatutako alderdiekin batere kontsultatu gabe. Ikuspegi honetatik, gurasoak ere sindikatuekin bat datoz ikasleriaren ordekaritza handitu egin behar dela esanez.
Beraz, hauteskundeak egin baldin badira ere, Ordezkaritza Organu Gorenaren eraketaren inguruko eztabaida oraindik ere itxi gabe dago. Eratu, eratu dira, baina nolako funtzionamendua izango duen, hurrengo bi urtetan baloratu eta aztertu beharko da.

Mauleko Eperraren kantua ez da isilduko
Mauleko Eperra ikastolaren egoerak ez du hobera egin, baina guraso zein irakasleak ez daude denbora luzeagoan itxaroteko prest. Badira hamar urte gurasoak ikasgelen egoera txarra salatzen hasi zirela. Laguntza publikoa eskatu izan dute, baina udalak zein SIVOMek (herrien arteko sindikatuak) ez die jaramonik egin. Harreman hauek ez dute inolako fruiturik eman.
Hori dela eta, Sohütan baserri bat erosi zuten gurasoek mailegu baten bidez. Baserria egokitu beharra dago, ordea. Eta horretan hasi ziren iazko abenduan irakasle, guraso eta hainbat laguntzaile.
Poliki-poliki, lanak aurrera doaz, baina diru beharra bada oraindik. Hori dela eta, hainbat herri afari antolatzen ari dira, eta Hegoaldekora ere deialdi hori zabaldu dute. Horrez gain, laguntza bono batzuk ere kaleratu dituzte. 200 libera edo 4.500 pezetakoak dira bonook. Berauekin 3.000 laguntzaile lortzeko helburua markatu dute.
Euskal irakaskuntza erabat normalizatu gabe dagoen adibide garbia dugu Eperra ikastolakoa. Azpiegitura baldintza minimorik gabe daude, baina egoera gainditzeko ilusioa eta gogoa itzelak dira. Horrez gain, gure laguntza jasotzen baldin badute, ziur ametsa egi bihurtuko dela.

SORTZEN GURASOAK jaio da Nafarroan
Urtarrilaren 17an Ultzamako Larraintzar herriko ikastetxe publikoak Guraso Elkarteen Federazio berriaren sorrera ikusi zuen. Hogeita hamabi pertsona eta zortzi Guraso Elkarte bildu ziren bertan.
Federazio berri hau SORTZEN Elkartearen adar garrantzitsu bat izango da. SORTZEN Elkartea Nafarroako irakaskuntza eremuan D ereduko sektore guztiak biltzen dituen elkartea da (irakasleria, ikasleria, Guraso Elkarteak eta irakasle ez diren langileak). Elkartearen helburu nagusia "Euskal eskola publiko berria" eratzea da, eta hori lortzeko hezkuntza alor guztietan dihardu lanean.
Nafarroako egoera kontuan hartuta, beharrezkoa ikusten zuten Euskal Irakaskuntzarentzako Guraso Elkarte Euskaldun bat sortzea. Argi utzi nahi izan zuten SORTZEN GURASOAK ez dela beste taldeen kontra sortu, eta gainontzeko talde eta elkarteekin adostasunetara iristeko prest daudela.
Federazoaren asmoa Nafarroako Kontseilu Eskolarrean zein beste eremuetan Euskal Eskola Publiko eta Berria defendatzeko lan egitea da.
Sortu berri den Guraso Elkartea aurrerapausu handi bat izango dela argi daukate. Federazio bezala, dagozkion zerbitzu eta iniziatibak eramango ditu aurrera, hau da, zerbitzu integrala eskainiko die Guraso Elkarteei.
Alde batetik, zerbitzuei dagokienez, kontsulta juridikoak eta informeak, auziak eta dirulaguntza ofizialen informazioa eskainiko ditu. Eta bestetik, aholkuak, elkartruke esperientziak, gure kultura, tradizioa eta ohiturak ezagutarazteko materiala, zentruen arteko jarduerak (kirol txapelketak, kanpaldiak, jaialdiak...) eta beste hainbat inizitiba bultzatuko ditu.
Era berean, SORTZEN eta EKB elkarlanak aurrera jarraitzen du euskal hizkuntza eta hezkuntzaren proiektuaren ardatzak eratuz.

Txingudi ikastola eredu Londresen
Irungo Txingudi Ikastola Eleaniztasun Saiakuntza ikastetxe bezala izendatua izan zen iazko ikasturtean. Izan ere, bertan hizkuntzak irakasteko plangintza eta metodo berezi bat lantzen da. Rosa Maria Arano filologoak eta Elena Berazadi pedagogoak zuzentzen duten plangintza hau emaitza onak izaten ari da. Euskara, gaztelera eta ingelera modu integratu batez irakastean oinarritzen da aipatu plangintza.
Baina proiektua ez da Txingudin bakarrik geratu. Urtarrilean Londresko Espainiako Enbaxadatik deitu zuten ikastolara, bi espezialista hauek Londresera joan zitezen eskatuz. Badirudi, enbaxadan, kontsulatuan eta beste lekutan dauden espainiarren seme-alabekin dauden irakasleei kosta egiten zaiela gaztelania irakastea ingelera nagusi den lekuetan.
Londresko hitzaldien ostean, oso gustora gelditu dira bai irakasleak eta baita gurasoak ere. Ikastolaren funtzionamendua eta hizkuntzen tratamendua ezin hobeak iruditu zaizkie.
Eredu bilakatu da, beraz Txingudi Ikastola Euskal Herriko Irungo mugetatik at ere.