Marrazkia arte adierazpen arloan eta gizakiare garapen bezala

1997-02-01
DBHko 2. etapara doazen 13 eta 14 urteko ikasleen artean nabarmendu den hutsune handienetako bat, hauek MARRAZKIA euren adierazpen bide bezala erabiltzeko duten zailtasuna da. Honek guztiak dakar, eskulan edo apaingarri soiletik ateratzen den edozein lan plastiko edo "abstrakzio" maila -ez figuratiboa- duen lanaren aurrean ikasleak ezintasuna agertzea bere buruarekin gustora sentitzeko adina emaitza emateko. Ondorioz, marrazki maila onargarri bat eskatzen dioten komiki mundua, inguruaren edo gorputzen edozein kopia... bere lanetik at daude. Orduan bere lan plastikoen emaitza bere adinarekin bat ez datorren mailakoa izatea onartzen da edo marrazki maila egoki bat berreskuratzea ahalegin ikaragarria eta askotan alperrikakoa izaten da. Honi gehitzen zaio adin honetan ikasleek euren emaitza txarrak onartzeko duten zailtasuna. Adin hauetan euren asmo "errealista" eta "naturalista" egindako lanaren emaitzarekin alderatzerakoan ez dago zalantzarako lekurik... Jakitun dira bere arte adierazpenak oso eskasak direla.... Honek guztiak arteaz edozein aipamenaren aurrean gehiago tematzea dakarrelarik.
 
 
Plastika adierazpen arloan marrazkiak duen lekuan hausnartzeko gonbitea luzatu didate. Modu irekian egiten dut, arrazoiketa zuzen bat egin nahian, besterik ez bada, sor daitezkeen eztabaidetan erreferentzi bezala balio dezan.



Irakaslearen jarrera

Lehenik irakaslearen jarreraz aritu nahi dut. Agertzen zaizkion zailtasunen aurrean jarrera arruntenak "arterako ez daukat gaitasunik"..., "ez dut arteaz ulertzen...", "ez dakit marrazten..." ondorioz, "ezin dut plastika irakatsi".

Azpimarratuko nuke ere aspalditik datorkigun hutsune pedagogikoa eta honek irakaslearen jardueran duen eta izan duen ondorio zuzena. Plastika adierazpenen arloan ikaste prozesu osoan garatuko den PROGRAMA bat aurkezten duen METODO edo gida didaktiko bat aurkitzeko zailtasunez ari naiz. Plastika hezkuntzaz aukera curricular desberdinak eskainiko lituzketen argitalpenak baleude, irakasleari aukera gehiago ahalbideratuko litzaioke aukeratu eta ikasteko eta honela ikasleriaren heziketa integralean hobeto asmatzeko bideak eskaini. Hezkuntza Erreformaren ondorioz argitaletxeek material pedagogiko desberdinak plazaratu dituzte baina Bigarren Hezkuntzara zuzenduak batik bat... Hau da, adierazpen hizkuntzaren hastapen osoa unitate didaktikoen barruan, eskulan tailerretan edo jarduera libreetan nahastuta utziz...Eta ondorioz galdera hau datorkigu burura: Ez da beharrezkoa orokorki plastika arlo guztiez MARRAZKIAREN erabilpenaz zeharkiago planteamendu zuzenago bat, pedagogikoki egokiagoa dena egitea?

Irakasleriak bere zailtasunak nola edo hala gainditu behar ditu. Horretarako, ziurtasun gutxi duen irakasleak orohar, "errezetekin" lan egitera jotzen du, lan mota "itxiekin" (estereotipatu eta kontrol errazekoak) eta "politekin" azken emaitza atsegina gerta dadin eta eragozpenik suerta ez dakion ikasleekin eta are gutxiago gurasoekin (hau da, gizartearekin). Honela, irakaslea gelako bere zereginean ziur aurki dadin, aldez aurretik lanerako beharrezkoak izango diren datu guztiak (zer egin behar den zehazten diguten txantiloiak, nondik ebaki, zein material erabili...) jasotzen dituzten fitxak hautatzen ditu.

Eragozpen bat bakarrik dago. Ez dugu oinarrizko galdera egiten: Zer gartatzen da haurraren baitan lan mota hau egiten ari den bitartean? Zein gaitasun nahi dut beregan gara dadin? Zein kontzeptu eta balore nahi dut haurrak ikas edo esperimenta ditzan? Zergatik eskatzen diot haurrari ariketa hauek egin ditzan? Nola ebaluatzen ditut? Zein irizpideren arabera? Hau da, planteamendu hauetako asko denboran jarraipenik gabe eta gizakiaren garapen osoa eta orokorrari erantzungo dion PROGRAMA kontuan izan gabe egiten dira. Planteamendu mota honekin haurrak lanak egiten ditu, gauza politak, helduak lan horrekin nora iristea nahi duen jakin gabe.

Esan gabe doa lan hauek baliozko elementu pedagogikoak barneratu eta ematen dituztela. Arazoa, aipatu garapena programa-osotasun batean kokaturik ote dagoenean datza, lortu beharreko helburu baitan, eta ondorioz ebaluagarriak direnak; edo, aitzitik, gauza politak eginez "denbora pasatzeko" lanak dira, inolako ebaluaziorik behar ez dutenak ezer ebaluatzeko programatuak ez baitaude.

Honela, gaitasun okerragoak dituen batekin lan eginez emaitza oso onak lortuko ditugu eta, aitzitik, gaitasun okerragoak dituen batekin lan eginez emaitza okerragoa izango da...

Ondorioztatuko genuke hezkuntza honela, nork berak lor edo beregana lezakeena, itxarotea, berak bere kasa lortuko du...bihurtzen dela. Bistan da, eskolatze gabeko garaietan, gizaki gehienek garapen desberdinak eta kultur baliabide desberdinek irakaskuntzaz kanpo lortuko zituztela. Baina ikaste "natural" mota hau ez dut uste defenda daitekeenik jarraitzeko baliozko ildo pedagogiko bezela. Gaur egun matematika eta hizkuntza bezalako arloen garapena ez luke inork zorira utziko...Eta plastika bai?

Geure buruari egin behar dizkiogun galderak: Arte hezkuntza eta plastika adierazpenak gizakiaren esparruak (gaitasun afektiboa, nahimenezkoa, analitikoa, sentimenezkoa, psikomotorea, adierazpenekoa...) besarkatzen saiatzen den programa bat eduki behar al du? Programa honen barruan marrazkiak zein leku izan lezake?



Ikaste prozesua

Orain, irakaslearengandik abiatuz taldearen martxan, emaitzetan eta orohar ikaste prozesu osoarengan eragin handia duten hainbat aspektuz aritu nahi dut.

Argi dago orain adierazi nahi dudana modu oso orokorrean egiten dudala, era guztietako salbuespenak eta albo-balorazioak onartuz.

Lehenik, aipatuko nuke hezkuntza prozesu oron ikaste prozesuak abiapuntutzat duen nortasun motak duen bere biziko garrantzia. Gizakiari buruzko tipologi sikologiko desberdinei buruz sailkapen oso orokor bat eginez, alde batetik nortasun "logiko", "ordenatu" edo "zentzuzkoak" adieraziko genituzke eta bestetik errealitateaz modu "global" edo "sentimenezkoan" aritzen direnak.

Desberdintasun txiki hau eginik, nire iritzia jaso nahiko nuke emaitz akademiko onak ("zentzukoa", "adimentsua"...) dituen gizakia eta marrazki mailaren -ona- artean azaltzen diren erlazioei buruz. Aipatu gizaki "adimentsuak" marrazki garbi, ordenatu eta argiak (honekin xehetasun agerpenaz ari naiz) egiteko joera agertu du. Baina gizaki hauek, seguruenik, garbitasun, orden eta argitasun berezitasun berdinak dituen pintura egingo dute, koloreak modu garbi eta tonu argiak (hau da ez karrankariak) erabiltzeko joera agertuz. Haur hauek, sarritan, beldurra izaten dute edo deseroso agertzen dira margotu behar dutenean edo xehetasunak adierazten eta akabera on eta finak lortzerakoan eragozpenak sortzen dizkieten tresnak (argizari lodiak, pintzelak...) erabiltzean edo pinturaren arlo "espresionista" edo "landu gabeagoa" egiterakoan.

Oraindik salbuespen garrantzitsu bat aipatu beharko litzake: Arazoei aurre egiteko edo arrazoitzeko duen adinen gaitasuna, sarritan, berak eginiko balorazioak gainditu eta irakasleak bere nortasunaren hainbat alor (huts egitera arriskatu, lanak ez planteatu arrazoi logiko batetik bakarrik, zehaztasun eta kontrola ez den guztiari beldurra kendu..."zikinduz" goxatzen ikasi...) garatzeko proposaturiko erronkak onartzeko tresna nagusia da.

Nortasun "global" edo "sentimenezkoagoa" duen beste taldea, erosoago aritzen da aipatu dugun pintura "espresionista" edo "landu gabekoan". Era berean nekera gertatzen zaie ñabardura edo xehetasunek arreta eta zehaztasuna eskatzen dien pintura baina orokorrean marraztu behar dutenean baino askeago sentitzen dira margotzen, pinturan emaitza zehaztasun gutxiagokoa baita, orokorragoa (xehetasun gutxiago agertzen dira) eta akabera askoz eskasagoa da.

Aztergai dugun arazoaren lekutzea lagunduko digun sailkapen txiki honekin jarraituz, ikaslea neska ala mutila den baloratu beharko genuke... Atzetik ia beti arreta, txukuntasuna, behaketa, xehetasunekiko begirunea...gaitasunak daude. Aspektu hauek orokorrean berdin ematen dira batzuetan zein besteetan. Ez gara gehiago arituko honetaz.

Azaldutako datu guztiekin, gizaki guztiek heziketa prozesutik at dituen oinarrizko gaitasun andanaz ari naiz. Gizakiaren baitan dagoen kinuaz ari naiz, garatzeke dagoena eta eskolatze-aldian hezkuntzaren oinarri izango denaz. Gaitasun hauek gizaki bakoitzaren garapen eta aberastearen hastapenaren euskarri lirateke. Norbanako oinarri honen gain, irakasleak lortu beharreko helburuak -ahalik eta norbanatuagoak- egokitu beharko lituzke eta lortzeko modua... honi HEZI deitu nahi diogu... Eta premiaz PROGRAMA moduan antolatu beharko dugu.

Hezkuntza prozesuan eragina duten datuen bilketarekin jarraituz, ikaste tresna garrantzitsuak diren hauek adierazi nahi ditut: ikasle bakoitzak izan ditzakeen lan erritmoaren aintzakotza, arreta, jakinmin eta akabera eskakizun gaitasunaz...ari naiz. Gaineratu nahi dut elementu hauek modu batera edo bestera emateak, gehienetan, eskolako heziketa arloa gainditzen duela... Haurrak taldera egiten dituen ekarpen gehienak, onerako edo txarrerako, eskolaz kanpoko eremuetan garatutakoak dira: familian, kalean... Honekin adierazi nahi dudana da ohitura, balore, jakinmin jarrera, begirune, behaketa gaitasuna eta abarren heziketa, neurri handi batean, heziketa jarduerarik at geratuko dela. Gelan egin dugun lana aztertzerakoan eta hobetzeko ebaluatzerakoan oztopo hauek guztiek izan nahi ditu kontuan aipamen honek.

Hala ere, gertakari hauek guztiek ez dute gutxitzen ikaste guztietarako azpimarratu nahi dugun honek duen garrantzia. Arrazonamendua, behaketa, xehetasunen balorazioa, lan egiterakoan kontua eta arreta... aberasteko eta garatzeko helburua duten proposamenek adinen etekin hobea eta baita ere emaitza plastiko hobeak ondorioztatuko ditu.



Oinarrizko aspektuak

Zein alde azpimarratuko genituzke oinarrizko bezala arte adierapena orokorrean eta marrazkia bereziki, modu egokienean antolatzerakoan?

Plastika adierazpenen arlotik heziketa prozesuan zein elementuk bat egiten duten azpimarratzen jarraitu aurretik, uste dut interesgarria litzatekeela zein elementuk bat egiten duten kokatzea... Azterketa txiki honek heziketa programa hobetzeko zein alderdi erabiliko ditugun argiago ikusten lagunduko digu.

Saia gaitezen marrazte ekintzaz zer ulertzen den berdefinitzen:

Marraztea gizakiak zerbait komunikatzeko (sentimendu, sentsazio, ideia, gauza, gizaki, ekintza...) azaldu nahi duen trazoen bidez edo hobe marra bidez adierazteko ekintza litzateke. Ekintza honek gertakari analitiko bat suposatzen du: Lehenik adierazi, irudikatu edo komunikatu nahi dudana jakin. Bigarrenik osotasun multzotik elementu isolatu bezala erabaki. Ondoren, marra bezain sinple den tresna erabliz, -gauzen errealitate periferikoa bere izatearen balore diren kolorea, ehunkera, argia eta itzala, bere izateak sumarazten didan zirrara edo jaso nahi dudan fantasiaz beteriko irudi mentalaren indarra...sintetizatuz kurritzen duen bisturi antzekoa- marraren haria den hots laburrarekin, irudikatu nahi dugunaren konplexutasun guztia bere sinpletasunetik adieraztea lortzea.

Uste dut hobeto balora dezakegula modu sortzailean marrazteak sortzen duen intentsitatea eta honek behartu dezakeena behaketa, arreta, zirrara, eta gauzak inguratzen dituen inguru magiko hori profilatzerakoan eta gero profil, zilueta, inguru...izendatuko duguna egiterakoan, ahalik eta baliogarriena izan dadin.



Marrazkiaren bidez hezitzen

Marrazkiaren bidez egoki hezitzeko oinarrizkoak irudikatzen zaizkigun gaitasunak biltzen saiatuko gara berriro ere:

Adimen gaitasun eta marrazkiaren eberastasunaren arteko erabakiaz aipatutakoa adierazgarri baderitzogu, adimen ekintza beretik jaso ditzakegun prozedura mentalak baloratu behar ditugu: marrazteko gaitasuna modu egokian garatzeko, garrantzitsua da ahalik eta modu egokienean BEHATZEN jakitea (edo ikastea). Behaketa egokiago batek elementuak BALORATZERA eramango gaitu, inguratzen gaituen errealitatea osatzen (FORMAK) duten edo errealitate horretatik landu nahi ditugun ezaugarriak arretaz begiratzera gonbidatuko ditugu eta adierazpen gaitasunean heldutasuna lortzen goazen heinean, gure eguneroko ingurunea, gizaki edo gauzak osatzen dituzten xehetasunak, gure pertzepzioa eta gure adierazpen hizkuntzean gero eta leku garrantzitsuagoa betetzen joango dira. Honela komunikazio afektibo bat sortuz joango da marraztera doan gizakia eta arituko den errealitatearen artean. Errealitate hori -MARRAZTU eta margotu- adierazteko gaitasuna nahikoa ona bada, gizakiak sumatuko du marrazkiak ADIERAZTEN diola eta artearen funtzioetako batekin beteko du, komunikabide izatekoarekin...aitzitik, bere marrazkiak ez badio adierazpen-bide bezala balio (uste du gaizki ateratzen zaiola edo ez ditu hutsegiteak onartzen... hau da, lehen saikuntzarik ondo ateratzea onartzen badu bakarrik...) orduan adierazpen plastiko saioa tortura batean bilakatuko zaio edo, zentzurik gabeko lana eginez denborapasa batean...



Haurrari BEGIRATZEAN hezi behar zaio

Haur batek hizkuntza bat ongi menderatu dezan hizkuntza hori osatzen duten elementuak ahalik eta modu bizienean (afektua) entzun, irakurri eta, azken batean, jaso dezan aholkatu dezakegun bezala, era berean hezitzaileak behaketa formalaren (eta afektiboa: haurrak suma dezan helduak begiratzeko eskatu dioguna baloratu, preziatu eta benetako garrantzia duela) garapena lantzeko gaitasuna (irudikatu, deskribatu, baloratu) hobetu ahal izateko eta azken batean bizitzaren errealitatearekin komunikatzeko ezinbesteko bide bezela... uste dut hau izan daitekeela hezitzea.

-Esaten ari gara haurrari eskatuko diogula GERTUKOAK ZAIZKION GAIEN BIDEZ -afektua- BERE ERREALITATEA irudikatu edo deskribatu beharrari aurre egitea, bere adinari dagokion heinean, ETA BEHAKETA EGOKI EGIN DEZAKENAREN INGURUAN.

Aurrera jarraitu aurretik gogorazi nahi dugu lan prozesu hau guztiak bilakaera adinak deitu dugunean oinarritu behar duela, eta hau oinarrizko eta funtsezkoa dela haurrak bizi duen adierazpen garapena bere adinerako egokia den ala ez neurtu eta ebaluatzeko. Ez dugu aparteko ezaugarritan pentsatzen, haur bakoitza bere berezko gaitasunetik abiatuz bere oztopoak (benetakoak) bere nortasuna eta izaeraren garapen egokiaren mugatzaile izan daitezen.

Txikitatik ondorengo ibilbidea proposatuko genuke:

Lan proposamenak zaindu -gaien aurkezpena- Egokiak izan daitezela eta haurraren jakinmina pizteko pisu afektibo nahikoarekin: gizaki, leku, espazioak... eduki beharko lituzke, bere eguneroko esperientzietatik abiatuz. Honela, hauek lirateke bizienak, benetakoenak eta indar afektibo handienetakoak, bere jakinmina martxan jartzeko adinekoak. Gai hauek haurrek hazten doazen heinean konplexutasunean handitzen joango dira.

Marrazteko lehen lana behaketari badagokio, bigarrena "zuzenketak" egiteko lanean dagokio hezitzaileari. Honek, gehienbat, ahoz egingo dira eta haurraren bilakaera adinari egokiak izateaz gain estimulagarriak izango dira. Honela, bere intuiziotik abiatuz haurrak garatzen dituen lanaren zuzenketak bere izaera osotasunean aberasteko izan daitezen saiatuko gara. Buruan sartu behar dugu zuzentzea ez dela zigortzea edo suntsitzea. Zuzentzea, batik bat, positiboa baloratzea da (autoestima) eta baita ere eskatutako lan motan "aberatsagoak" izan behar duten elementuak adieraztea.

Hau da, hobetu daitekeena eskatuko dugu.

Bistan da irakaslearentzat atal hau dela zailena. Argi eduki behar da eskatzen duguna eta ikasle bakoitzak, norberaren egoeratik, lortu ahal duena azken emaitza motan. Eta norabide honetan zuzentzen jakin.

Uste dut ulertzeko dela printzipio hauek onartzea gauza erraza bada ere, egoki aplikatzea zailagoa dela eta idazte baten teorizaziotik ezinezkoa dela jokaera arau zehatzak iradokitzea...

Baina lan honen zailtasuna adierazten dudan bezala, indar berdinarekin azpimarratu nahi dut zuzenketa egoki bat gabe, planteamendu orokor egoki bat gabe (zikloetan zehar programa egoki bat itxuratu, lortu nahi diren helburuak argitu, bilakaera adinak ezagutu etapa bakoitzaz egoki aritzeko...) Heziketa dei diezaiokegun ekintza baten bidez ezingo dela prozesu garatu bat eman.

Haurrak egiten duen adierazpena, noizean behin behintzat, marrazki bidez izatea eskatuko dugu (beste gauza bat da marraztutakoa margotzea). Arkatzez marraztera gonbidatuko ditugu, egindakoa gehiegi aldatu gabe zuzenketa txikiak egin ahal izateko... gonbidatu (eskatu...ohiturak sortzeko) asko ez zanpatzen saia dadila... arkatze hartzeko modua zaindu...

Arkatzaz gain gauzen zilueta, ingurua edo profila -marrazkia- egin ahal izateko beste edozein tresna mota erabil ahal izango du (marrazkiaren elementu mekaniko edo gertukoagoak direnekin, marrak bezala, jolastu nahi badu. Marra hauek neurri, trazuaren kontrola, kolorea (errotuladoreak) eta abarretan baloratzen dira).



Komunikazio aberasten

Behaketa eta zuzenketaz hitz egin dugu. Oinarri hauetatik, inguratuen duen errealitatearekin komunikazio bizia, eraginkorra eta dinamikoa den guztia aberasten jarraitu behar dugu:

-Gauza edo elementuak osatzen dituzten figurak.

-Formak koloreztatzen dituzten koloreak.

-Gauzek betetzen duten espazioa. Honek adierazteko moduak.

-Aurpegia eta gorputzaren keinu eta jarrerak.

-Gauza baten zatien eta osotasunaren arteko harremana. Proportzioa izango denaz ari gara (aurrerago adinean).

-Motrizitate fina garatzen duen guztia baloratu behar dugu.

-Irudimena, fantasia eta ametsa den guztia bultzatu beharko genuke askatasuna eta joku afektiboa sortzeko.

Gure heziketa lana une bakoitzeko elementu hauek guztiak modu eta arrazoizkoan uztartuz planteatzen badugu, adin bakoitzeko dauden zailtasunak kontuan hartuz, lortu beharreko helburu batzutan programazio bat egiten ariko gara eta beraz, ebaluagarriak izango dira helburu horiek...

Gainera datu hauekin arte hezkuntzaren osotasunetaz ari gara, MARRAZKIAK dakarren arrazionaltasuna eta analitika... baloratzen ari gara. Uste dut ahalbideratzen ari garela, garatzen, errealitatearekin komunikatzeko gaitasuna heldutasun eta berekotasun maila oso altu batzutan. Luzarora heziketa osoaren nahia dena.

Marrazkiak garatzen dituen gaitasunak ondo landuko balira haurrak txikiak direnetik, garapen ebolutiboaren amaieran (15 urte) dagoen gazteria adin zail honetan tresna garrantzitsu bat esku artean edukitzea ahalbideratuko genioke eta autoadierazpen-bide denez oso baliogarria suertatuko litzaioke. Ez da artista batean pentsatzea, ezta etorkizuneko lanbide batean edo emaitza akademiko hobeetan, soilik arteak edo arte adierazpenak gizakiari garapen integral baten barruan oreka pertsonal handiago batean eman diezaiokeena baloratzea da.



Laburtuz

Lerro labur hauen bidez gure heziketa programetan leku handiagoa bilatuz marrazkiari, gure ikasleei, gauzei begiratzeko modu hori, ikuspuntu behatzaile eta analitiko horrek eskaini diezaiokeena azpimarratu nahi dut. Errealitatearen aurrean azaltzeko heldutasuna... Jarrera honek kritika eta azterketa ohiturak askatzen ditu eta nola ez, esfortzu nahikoa. Gaitasun eta jarrera hauek ez dute eragina plastika arloan bakarrik izango, gizakiaren osotasun guztiaren barna ibiliko dira aberastuz.