Badator, badator, euskal eskola publikoaren festa

1997-03-01
Eskola Publikoetan mugimendu berezia nabari da, eta Gurasoen Elkarteetan are gehiago. Zergatik? Badatorrelako Euskal Eskola Publikoaren 6. festa. Apirilaren 27a izango da zita eguna. Lekua, Donostiako Anoeta. Eta entzungo den leloa: Gure Etorkizuna.
 
 
Badira dagoeneko sei urte Euskal Eskola Publikoaren aldeko lehen jaialdia ospatu zela. Lasarte-Oriako zalditokian burutu zen Gipuzkoako Eskola Publikoko Gurasoen Elkarteen Federazioak antolatuta. Ikastetxeek beharrezkotzat jo zuten elkarlanean garatutako jolas jarduerak burutzea eskola publikoaren proiektua sendotzeko.

Lehen jaialdi hark jarraipena izan zuen, eta harrez gero, urtero ospatzen da jaialdia. Festaren zentroa eta protagonista Euskal Eskola Publikoa bera da. Garbi-e Arrizabalaga Gipuzkoako Guraso Elkarteko kideak adierazi digunez, "hasieratik izan dugun helburua euskara bultzatzea izan da. Hori da ardatza, bai egun honetan eta baita ikastetxeen eguneroko bizitzan ere".

Sei urte beranduago hasierako asmo hori mantentzen da eta jaialdiak duen zentzua ere bai. "Hasierako jaialdiaren bitartez eskola kalera ateratzea zen gure asmo nagusia. Urteen poderioz, gauza gehiago atxekitzen joan gara". Horien artean, eskolako proiektuak eta irakasle eta ikasleen lanak kaleratzea izan dira emandako pauso berriak.

Festa eguna gorpuztuz joan da, bai eduki aldetik eta baita partaidetza aldetik ere. Garbi-ek komentatu digunez, gero eta jende gehiago biltzen da egun honetan, eta ikasle, irakasle zein gurasoen inplikazioa handia da.

Apirilaren 27ko festaren antolaketaren ardura Rosa Izquierdoren eskutan dago aurten. "Guraso, irakasle eta neska-mutilen topagune bihurtuko da Anoeta eta egun atsegin bat pasa dezaten ari gara lanean". Horretarako, haur, gazte eta helduentzatko ikuskizunak prestatu dituzte: antzerkia, ipuin kontalariak, tailerrak, herri-kirolak, bertsolariak, ONGak, musika kontzertuak... Berrikuntzen artean, informatika tailerra da aipagarriena. Rosak dioenez "Internet eta Ikasnet sareak ezarriko ditugu eta egunkari bat ere bai. Teknologia berriei leku egin nahi izan diegu, eta jendearen parte hartzea bultzatu, era berean". Batez ere Bigarren Hezkuntza eta Hezkuntza Ertainetako ikasleei zuzenduta egongo den gunea izango da. Izan ere, hasieran jaialdia Lehen Mailako ikasle, irakasle eta gurasoek antolatu bazuten ere, azken urtetan beste mailek ere parte hartu dute.

Aurtengo festaren leloa "Gure Etorkizuna" da. "Honekin eskola publikoak etorkizunean duen pisua eta garrantzia azpimarratu nahi izan dugu" dio Rosak. "Gaur egun ikasle, irakasle eta gurasoen eskola da, guztiok parte hartzen dugu aniztasunean oinarrituta, guztion arazoek dute lekua. Euskara da ardatza eta lan handia egiten ari gara teknologia berrietan ere. Azken finean, etorkizunerako prestatzen ari gara. Horregatik aukeratu dugu "Gure Etorkizuna" leloa.



Urte osoko jarduera

Jaialdia egun batekoa izan arren, Euskal Herriko eskola publikoek urte osoan zehar dihardute lanean. Gaur egun Euskal Herriko ikasleen %50 eskola publikoetara joaten da. Garbi-ek dioenez "eskola honek, eskolari berari eskatzen zaion gaitasuna ikasleei eskaintzeaz gain, aniztasuna jorratzen du, ikasleak euskalduntzen ditu eta zailtasunak dituzten lagunekin bat egiten du". Prozesu honetan elkarteen lana funtsezkoa dela dio, eta horretan ari direla Guraso Elkarteak. Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztietan daude Guraso Elkarteak ikastetxeetako arlo guztietan parte hartuz. Era berean, Lurraldeko Federazioekin batera egiten dute lan. Hauen elkarlanaren ondorioz sortu zen Euskal Eskola Publikoari buruzko legea. Besteak beste, euskalduntzeko egindako ahalegina ere aipatzen dute arduradunek. Arlo honetan bi helburu izan dituztela diote: alde batetik, irakasle euskaldunak mantentzea; eta bestetik, Elkargoko zentroetan euskara hezkuntza sarean zabaltzea.