Gipuzkoako Haur Eskolan Koordinakundea: Haur Hezkuntza. Lehen zikloa?

1997-03-01
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Haur Hezkuntzaren inguruko txosten bat igorri die sindikatuei. "Haur Hezkuntza (0-3 urte). Egungo egoeraren diagnostiko baterako eta hobekuntza posibleetarako oinarriak" izenpean aurkeztu du berau. Haur horien eskolatzea aztertzea izan da xede nagusia, eta era berean, hobekuntza neurriak hartzea. Dokumentu hau azterketaren hasiera da, eta informazio eta balorazio gehiago gaineratuko dela iragarri du 0-3 urte bitarteko Haur Hezkuntzaren pautak finkatzeko. Txosten honen aurrean, Haur Eskolen Koordinakundeak badu esatekorik, eta hurrengo lerroetan horretarako hitza eman diogu.
 
 
Badakigu denok erreformaren arabera Hezkuntza Sistema berriaren lehen maila Haur Hezkuntza dela, 0-6 urte bitartean kontsideratzen dela, eta eten ezin diren bi ziklotan banatzen dela: 0-3 eta 3-6.

Erreforma martxan jarri zela urte batzu pasa badira ere, Haur Hezkuntzako lehen zikloa (0-3) erregulatu gabe dago oraindik. Badirudi Euskal Autonomia Erkidego honetan Hezkuntza Sailak gai honi heltzeko asmoa duela orain. Horretarako sindikatu guztiei aurkeztu berri die "La educación infantil (0-3 años). Bases para un diagnóstico de la situación actual y posibles medidas de mejora" delako dokumentua.

Gaur egun, lehen ziklo honetako haurrak bi eratara kokatzen dira nagusiki:

- Lehen ziklo osoa eskaintzen duten zentrotan, aspalditik funtzionatzen ari direnak (haur eskola edo haurtzaindegi bezala ezagutzen direnak).

- Hezkuntza Sisteman txertatuta dauden 2 urteko haurren gelak.

Ez da gure gaurko asmoa haur eskolek (haurtzaindegiek) oraindaino egindako lan guztia sakonean aztertzea, edo erreforma kaleratu aurretik etorriko zen egoera horretara egokitzeko egindako lan guztia azaltzea, edo erreforma berak zentro hauen ekarpenez jaso dituen hainbat aspektu, terminologia eta abar erakustea. Orain, Hezkuntza Sailak emango duen pausoan hainbat gauza kontuan izan beharko lituzketela ohar araztea baizik.

Hezkuntza Sailak aurkeztutako dokumentu horretan gaur egungo egoera ulertzeko eta ondoren hartu daitzekeen erabakiak babesteko hainbat informazio ematen du: legeak zer dioen, Europako egoera, adin honetako haurren matrikulazioa gaur egun... Informazio horri guztiari bere interpretazioa, subjetiboa gure ustetan, erantsiz. Ondoren, egoera erregulatzeko eta hobetzeko beraien ustez eman beharreko pausoak azaltzen dira.

Hori guztia irakurri eta aztertu ondoren, honako balorazio hau kaleratu nahi dugu:

- Egiten den planteamendua ez da serioa, eta erabat alderdikoia dela deritzogu, helburu bakar eta garbi bat baino ez duelarik: Haur Hezkuntzako lehen zikloaren zatiketa (0-2 / 2-3) justifikatu nahia. Hots, Hezkuntza Sistemaren barruan dauden eta sortu daitezken 2 urteko haurren gelak babestu eta indartzea.

- Gaur egungo errealitatearen zati bat, historikoki adin esparru honi erantzun diona, hain zuzen ere, erabat baztertu eta kaltetzen du. Lehendik ere legeari jaramonik egin gabe zabaldu diren 2 urteko haurren gelak kalte handia sortzen badiote kolektibo honi, dokumentuan jasotzen den planteamenduarekin desagertzear dagoen "espezie" bat baino ez da izango.

Orain artekoa kontuan izanda, ezinbestekotzat jotzen dugu hezkuntza plangintzetaz hitz egitean, parte hartzen duten guztiek (Hezkuntza Saila, sindikatuak...) ondorengo hiru puntu hauek aintzakotzat hartzea:

1- Haur Hezkuntzako lehen zikloa erregulatzean argi eta garbi jasotzea lehendik dagoen erralitate hori. Haur eskola (haurtzaindegi) kolektiboa kontuan izango dela eta prozesu guztiaren amaieran DENOK hezkuntza sare bat baino ez dugula osatuko ziurtatzea.

2- Bien bitartean, eta epe motzera ematen diren urrats guztiak, beti ere aipatu helburu hori kontuan izanik, norabide horretan joatea.

3- Hori guztia ahalbideratzeko marko egoki bat finkatzea, sektore kaltetuak ordezkaturik egon daitezen (haur eskolen koordinakundea, sindikatuak, administrazioa...)