Tertulixak: autoheziketa modu bat

1997-03-01
Arrasateko San Frantzisko Xabier ikastolako irakasleen artean badago erakargarritasun berezia duen ekintza bat: Tertulixak? Haur Hezkuntzako irakasleek elkartu eta tertulia bat egiten dute noizean behin: kafea hartu, pastak jan eta berriketan aritu. Baina ez dute edozer gauzaz eta edonola hitz egiten. Tertulixa hauei beste zuku bat ateratzen diete.
 
 
Irakaskuntza etengabeko prestaketan aritzea, gaurkotzea alegia, hots, oinarri teoriko eta praktikoez hornitzea dela, ez du inork zalantzan jartzen. Honen harira, sarri askotan zera pentsatzen dugu irakasleok: dakiguna eta jakin beharko genukeena gero eta urrutiago daudela.

Hau horrela da, baina jakin beharko genukeen hori guztia derrigorrez "kanpokoek" eman behar al digute? Dudarik gabe, kasu askotan bai, gehienetan seguraski. Kanpoko hori arloko espezialista delako, kanpotik datorren horri kasu gehiago egiten zaiolako, gure lanak kontrastea behar duelako eta beste hamaika arrazoiengatik. Baina, guk, gaur, beste heziketa mota bat aldarrikatu nahi dugu: autoheziketa eta koheziketa (hitza asmatua bada ere). Ikasleen arteko interakzioa ikaskuntzarako tresna ezin hobea bada, zergatik ez geure arteko prestakuntzarako ere?

Irakasleok altxor aberats bat dugu: geure esperientzia, iturri pedagogikoa. Esperientzia hau beste bati azaltzen diogunean, hitzetan bihurtzen dugunean, gorpuztu egiten da eta hausnarketaren bitartez, beste batzuen ekarpenekin batera, bakoitzaren oinarri teoriko eta praktikoa osatzen joaten gara.

Hau da, besterik gabe, gure ikastolan Haur Hezkuntzako irakasleok ospatzen dugun Tertulixen helburua. Bi osagai berezi dituzte tertulixa hauek: kafe baten inguruan egiten ditugu eta gaia modu ludiko batean aurkezten dugu. Nola?

Gure ikastola hiru auzotan banatuta dago. Hau dela eta, auzo bateko Haur Hezkuntzako irakasleriak "anfitrioi" papera hartzen du tertulixa bakoitzean. Talde horrek dena prestatzen du: gaia aukeratu, gaiaren aurkezpen modua, materiala... eta kafea eta pastak. Ondoren, gonbidapena bidaltzen diete gainontzeko irakasleei. Horrela, hurrengo pausua mahaiaren inguruan eseri eta askaria dastatuz tertulixa hastea izaten da.

Aurkezpena egun horretarako aukeratutako gaian aditua den batek egin lezake. Antzerki labur bat ere egin daiteke, eta baita bideoa erabili ere. Auzokoen erabakia izaten da hori. Helburua gaia kokatzea eta norberaren ikuspuntuak, esperientziak, erabilitako estrategiak, kezkak... ateratzeko aitzakia da.

Eztabaidatu ondoren (talde txikitan, talde handian...) ondorioak atera behar dira. Derrigorrez. Saio hauetatik zalatzen argitzea, ados jartzea, praktika hobetzea eta, abar lortu nahi baditugu, tertulixetan hitz egin dena idatziz jaso behar da, denon ezagupenerako. Anfitrioiak, geroago, txukun idatzita, besteei bidaltzen die, akta gisa.

Honekin batera, beste hainbat erabaki ere har daitezke: hurrengo astean eginda ekarri behar diren etxerako lanak, ekintza bereziak martxan jartzea... Irakasle kopuru handi samarra dagoen ikastetxeetan taldean hartzen diren erabakiak errespetatzea garrantzitsua da, eta hau horretarako modu bat da.

Prestakuntzarako beste moduak baztertu gabe (hainbat ikastaro ere egiten baititugu kurtsoan zehar), tertulixak beharrezkoak diren ezaugarri hauek dituztela uste dugu:

- Nork beraren esperientziari eta ikuspuntuari garrantzia ematen zaio: "badugu zer irakatsi".

- Ikastetxe batean egunero gertatzen diren hainbat gauza eta mahaigaineratu gabe gelditzen diren kasuak aztertzeko modu egokia da: disziplina, haur herabe, agresibo, mugikor batekin nola jokatu...

- Partaidetza errazago lortzen da planteamendu ludikoaren bidez.

Azkenik, zera esan behar da: gaia, giroa eta tokia gustoz prestatzea oso garrantzitsua dela eta ezinbestekoa bukaeran ondorioak ateratzea. Gero, aldizka, ondorio horien betetze maila aztertuko dugu denon artean. Beste tertulixa batean, akaso!



Adibidea

2. Tertulixa: 1997ko urtarrilaren 29an

Gaia: HHrako Disziplina Arautegia

Auzoa: Uribarri



Gaia kokatzeko era: antzerkia (irakasle batek ikasle batekin izandako arazoak komentatu ditu, eta beste irakasle batzuek irtenbide desberdinak ematen dizkiote).

Partaide kopurua: 18 irakasle (HHko 16 irakasle, etapako zuzendaria eta Heziketa Bereziko irakaslea)



Lana egiteko era:

1- Antzerkia egin ondoren, gaia eztabaidatzeko gidoi bat azaldu eta talde txikitan azterketari ekin: 50'

2- Bateratze lana: talde bakoitzaren ondorioak ezagutzera eman. Idazkariak arbelean idazten du. Momentuko parte hartzea onartu: 45'

3- Moderatzaileak ondorioak atera, gidoiaren arabera: 10'



Balorazioa:

Orri bat betetzen da alde positiboak, negatiboak eta hobetu beharrekoak idatziz.



Balorapena

ALDE POSITIBOAK ALDE NEGATIBOAK

Giro lasaia eta ona Ezer jakin gabe etortzea eta

Ondo antolatuta bapatean asmatu beharra

Gai egokia Denbora gutxi

Ondorio onak Mahai luzea

Gaiaren garrantzia Hotza

Pastela oso goxoa Ez dugu jakin idatziz jasotzen

Lankideak elkartzea taldean hitz egindakoa (ohitura

Partizipazioa falta)

Aukera izan dugu gure iritzia Ez erretzea

adierazteko, gaiari buruz dauden

jarrerak agertzeko eta entzuteko

ere bai, bateratzen joan gaitezen

Toki aproposa

Denok kezkatzen gaituen gaia da

Hasieran jarritako helburuak denon

artean lortzea