OIARTZUNGO MUSEO BATZORDEA:

1997-03-01
Oiartzungo Museo Batzordearen barruan dauden OBIE taldea, Udala eta HAURTZARO IKASTOLAko BBBko hirugarren mailako ikasleak duela hiru ikasturtetik Oiartzungo etxe eta baserrietako tresna, altzari eta orohar objektu zahar eta interesgarri guztiak zerrendatzen ari dira, herriko historia berreskuratu nahian.
 
 
Herriko baserritar, artzain eta artisauek erabili izan dituzten modu guztietako tresna eta lan sistemak sailkatzea, eta tresneriak duen kultur balioaz gaurko gaztetxoak jabetzea da proiektu honen helburu nagusia.

"Zaharkinak" proiektua Oiartzunen aurki ditzakegun bitxikerien fitxak biltzean datza. Proiektu hau 1993. urtean hasi ziren burutzen. Urtez urte Haurtzaro Ikastolako BBBko 3. mailako ikasleek, Iñaki Arbelaitz eta Nikolas Etxebesteren eskutik jasotzen dituzten adierazpenen laguntzaz, garatzen duten ekintza da.

Aipatutako Iñaki eta Nikolas OBIEko (Oiartzun Bailarako Izadi Elkartea) partaide dira. Elkarte hau da, hain zuzen ere, udalaren dirulaguntzaz, proiektua antolatu duena.

Beste herritan ere egin izan dira mota honetako proiektuak (Asteasun, Azpeitian, Zerainen...), baina herri hauetan ez dute Oiartzunen bezala ikasleek egiten, udalek eta erakundeek baizik.

Proiektu honen helburua egunen batean herriko kultur etxean museo bat antolatzeko adina material biltzea da. Eta honekin batera, liburuxkaren bat argitaratzea ere bai. Baserritarrek dituzten altxorrez jabetzea da xedea eta inbentariatua dagoena osatzea.

Bestalde, Oiartzungo baserri eta txokoak ezagutzeaz gain, marrazten ikastea da helburua, eta bide batez, udaberri aldera Europan zehar egitea pentsatu dugun gure bidaia ordaintzeko laguntza bat izatea ere bada.

Aurten BBBko 3. kurtsoan 18 ikasle daudenez, bederatzi pertsonetako bi taldetan banatu eta bi astez behin txandatzen dira. Beste ikasturteetan kopurua handiagoa zenez, talde gehiagotan banatu izan dira.

Ikasleek dioten bezala "material bilketa osatzeko asmoz, astero-astero elkartzen gara igande goizez, 10.00etan, Nikolas eta Iñakik esandako lekura abiatzeko. Behin han gaudela, berezitasunen fitxak eta marrazkiak egiteari ekiten diogu eguerdi ingurura arte". Esate baterako, azken igande honetan Oiartzungo Arragua auzoan dagoen Bidegurutzeta baserrira joan ziren, bertan soroan eta orohar baserrian lanerako erabiltzen zituzten tresnak marraztu zituzten: uztarria, laia, tolarea, upela, trontza zerra... "Hauen artean bitxiak iruditu zaizkigu kubia (garai batean nekazariek soroan lanean ari zirenei edaria eramateko erabiltzen zutena), garai bateko erroten funtzionamendua, uztarria (pertsonek bizkar gainean ezarriz esnea partitzeko erabiltzen zutena)..." diotela pozik ageri dira.

Beste batzuetan, karobiak, mota ezberdinetako ate eta leihoak (gotikoa, erromanikoak...), giltzarriak (Jesusak)... marraztu izan dituzte. "Aipatu behar da, baita ere, marrazki hauek perspektiba ezberdinetatik eta itzalak ezarriz egiten ditugula" adieraztean beren jakintza berriak agertzen dizkigute.

Proiektu erakargarria da eta esperientzia eta ezagutza aberatsa emango diena, bai lanean diharduten ikasleei eta baita museoa antolatu ondoren ikustera hurbilduko direnei ere. Horretarako, ordea, lehenengo lana egin behar da, eta ikasleek gogo faltarik ez dutela gauza nabaria da. Animo, beraz, zuen lanak fruitu aberatsak emango ditu eta!