19: Handik eta hemendik euskal eskakizunei erantzun behar nonahi

1997-06-01
Euskal irakaskuntzak irakasle euskaldun gehiago behar ditu
 
 
Milurte berrirantz jarriak garen honetan jadanik inork ezingo gaitu sinestarazi Euskal He-rriko herritar orok bi hizkuntzak ezagutzeko eta menperatzeko dugun eskubidea bermatzeko eskolaratzea euskaraz egitea ezinbestekoa ez denik.

Klandestinoki sortutako lehen ikastola haietan euskara zaindu, erein eta ernetu zenetik ezin uka aurrerapauso handiak eman ez direnik. Konforme. Baina ez dezala inork bere burua engaina. Azken egunetan gertatutakoa lekuko. Ohitzen hasiak gara ikastolen aurkako erasoak nonahitik entzutera baina badirudi zenbait erakunde eta talde politikoak prest daudela euskalduntzearen alde agertu eta lanean diharduen edozeinen aurka ekiteko.

Herri honetako agintea bere esku duen inork ezin ditu begiak itxi euskal ereduen alde herritarrek egin duten hautua eta herriarengandik euskalduntzearen alde sortutako bultzadaren aurrean.

Behingoz gure herria gobernatzen duten administrazio ezberdinek duten erantzukizunari heldu beharko liokete eta euskal eskakizunei egoki erantzungo dion plangintza ausarta burutu beharko lukete. Modu bakarra da arazoei aurrea hartzeko, behin-betiko lema eskuartean hartu eta helmugarantz norabidea zehazteko.

Hizkuntz eskakizunei aurre egiteko baliabideak jarri behar dira eta irakasle euskaldunak ezinbestekoak dira, bai hegoaldean zein iparraldean. Irakasle euskaldunen defizita estaltzeko bi irtenbide daude: edo daudenak euskaldundu horrek dakarren zailtasun, erritmo geldo eta abarren jakitun edo kontratu berriak egin. Une honetan euskalduntzea azkartu behar bada ere, irakasle euskaldun gehiago kontratatzeko premia dago.

Edonola ere giza baliabideen ondotik ekonomikoak letozke. Ezinbestekoa da irakaskuntzara diru gehiago dedikatzea.

Eta adi! euskara salbu dugula eta lasai bizi gaitezkeenaren mezuarekin ahoa betea duten horiek ez zaitzatela nahastu. EAEn DOBHrekin dauden tirabirak, Heziketa Zikloak (hizkuntz eskakizunik ez), Nafarroa hiru zonaldetan banatua, Iparraldeko adierazpenak... Euskararen aurka betidanik aritu direnak ez daude lotan. Erne, hasiak dira nagiak ateratzen.