JOSE ARANA ikastola, Eskoriatza: Haurtxoteka, liburutegia baino gehiago

1997-06-01
Ikastetxe guztietan daude liburutegiak; batzuetan handiagoak eta besteetan txikiagoak, batzuetan liburu gehiagorekin eta besteetan gutxiagorekin. Baina, Eskoriatzako Jose Arana ikastolan liburutegiaren ordez, haurtxoteka daukate. Oinarrian zerbitzu bera eskaintzen du, baina liburuez gain bideoak, zintak eta ordenagailua aurki daitezke. Eta... hori dena 2 eta 5 urte bitarteko haurrentzat!
 
 
Eskoriatzako Almen ikastola eskualdeko haurrak biltzen dituen ikastola da, baina 6 urtetik gorako haurrentzat. Bitarte horretan, bakoitza bere herriko ikastolan gelditzen da, eta Eskoriatzakoak Jose Aranan. Hementxe ireki zuten otsailean haurtxoteka. Ikastolako zuzendari den Rosa Elizburuk komentatzen digun bezala "Almen ikastolako mediatekatik sortu zen ideia. Hango liburutegia mediateka bihurtu zen orain dela 6 urte. Liburuez gain, bideoak, zintak eta ordenagailua erabiltzeko aukera dago. Hori martxan jarri zen heinean, haur txikiekin ere zerbait egin zitekeela ikusi genuen. Hemendik irten ostean lehenengo maila egitera hara joaten dira, eta hemen ere zerbait egitea egoki ikusi genuen gauza batzuk ezagunak izan zitzaten".

Asmo horrekin ireki zuten otsailean haurtxoteka. Jose Arana ikastolako goiko pisuan kokatuta dagoen gela argi bat da, herrira begira dagoen leiho handi batekin. Kolore biziz pintatuta dago, lurrean kuxin batzuk zabalduta daudelarik. Alde batean liburu txiki, handi, paperezko, kartoizko eta plastikozkoak; beste aldean musika eta ipuinez betetako zintak; parean ordenagailu handi eta berri-berria; eta aldamenean, isilik baina piztua izateko prest dagoen telebista. Ikastolan dagoen txoko berezia da haurtxoteka, betiko gelatik irten eta beste mundu baterako bidea irekitzen duena. "Gelan ere liburutegi propioa badaukate, baina honek beste gauza bat suposatzen du" dio Rosa Elizburuk. "Hona etortzean beste liburu mota batzuk hartzen dituzte. Adibidez, 5 urtekoek plastikozko eta kartoizko testurakoak hartzen dituzte, txikitan erabilitakoak eta gelan nahiz etxean topatzen ez dituztenak".

Haurrei aukera hau emateko, ordea, lan egin beharra dago aurretik. Ekarri behar den materiala ere aztertu egin behar da, aukeratu. Alde honetatik, Rosak dioen bezala "2-5 urteko haurrekin zein aukera genituen ikusi genuen: ze liburu mota ekarri, ordenagailua bai ala ez, telebista bai ala ez... Ordenagailuari dagokionez, ez genuen arazo handirik eduki. Baietz erabaki genuen, gelan ere badaukatelako. Gelako gaiak lantzeko material didaktikoa eskaintzen du eta CD-Romarekin bidez ipuin interaktiboak ere bai. Hala ere, 2 urtekoak ez dira ordenagailuan ibiltzen. Eta telebistarekin ere berdin, etxean eta leku guztietan bere esku daukate, eta hemen ere aukera hori ematea erabaki genuen".

Horrekin batera, haurtxotekan bertan zerbitzu desberdinak topa ditzakegula azaldu digu I-aki Agiriano bertako ardurdunak. "Alde batetik erabilera ludikoa dauka, liburuen mailegu zerbitzua eta ipuin kontaketa. Asteartetan 2-3 urtekoei kontatzen diet, eta ostegunetan 4-5 urtekoei. Mailegu zerbitzuari dagokionez, astean behin etorri eta liburuak, zintak edota bideoak eramaten dituzte". Hasieran bideo zein liburuek, biek arrakasta handia izan omen zuten, baina orain liburuak gehiago eramaten direla argitu digu I-akik. "Egia da irakurtzen ez dakitela, baina irudien bidez gidatzen dira adin honetan".

Haurtxotekaren bigarren erabilera gela barruko dinamikarekin lotua dago. "Metodologia bezala ikerketa bultzatzen dugu" dio Rosak "eta gelan lantzen diren gaiak ikertzeko materiala haurtxotekan topatzen dute. Adibidez, janariak, animaliak... aztertzen ari bagara, hemen gai horiei buruzko liburu, zinta eta bideoak ikusten dituzte".

Aukera hau guztia eskaintzeko euskarara soilik ez dira mugatu, ordea. Bideoa eta musika zintak euskarazkoak dira, baina liburuak ez. "Beste hizkuntzetako liburuak ere ekartzea erabaki genuen, bai gaztelarazkoak bai ingelesezkoak" dio I-akik. "Bideoak eta musika zintak euskarazkoak dauzkagu, baina ez dago material askorik. Edozein gai lantzen duzula, ikerketa egiteko garaian, oztopo horrekin topatzen gara. Horregatik, gaztelerazko zenbait dokumental ere badauzkagu".

Haurrak oso gustora hurbiltzen dira haurtxotekara. Euren ohiko gelatik irten eta betiko ordutegia aldatzen zaie, eta beste ohiturak batzuk sortzen zaizkie. Horixe da arduradunen helburuetako bat, gainera: ohitura batzuk hartu araztea eta euskarri desberdinak ezagutzea.

Horretarako, haurtxotekan I-akiren laguntza izateaz gain, Ekirena daukate. Haurtxotekako maskota da Eki, txokoari izpi berezia ematen dion argia. Berak aukeratzen ditu kontaketarako ipuinak, berak aurkeztu eta ondoren I-akik kontatu.

Ekirekin batera haurrak dira protagonista haurtxotekan, baina gurasoak ez dira mundu honetatik kanpo gelditzen. "Gurasoei ere hona etortzeko aukera zabaldu diegu eta urtean zehar ekitaldi batzuk egiten dira". Ipuinaren nozioa ezagutzeko hitzaldi batzuk eman ziren, eta ipuin kontaketa ezagutzeko Antton Irusta kontalaria hurbildu zen. Horrez gain, guraso eta haurrak bateratzeko zenbait larunbatetan haurtxoteka irekitzen dute. Goizeko 11.00tik 13.00era materiala ikusteko aukera izaten dute haurren gidaritzaren laguntzaz.

Haurtxotekaren izpiritua txikitatik irakurzaletasuna bultzatzea da, baina ez hori bakarrik, ikerketa dokumentalerako bidea ere zabaltzen du. Eta hori da azken batean mediatikaren helburua Ma-ole Ezenarrok, Almen ikastolako Mediatekako arduradunak dioen bezala. "Informazio iturriak hain ugariak direnez, gaur egun irakasleak ezin du informazio guztia eman garai batean bezala. Orduan, eskolak bere papera aldatu egin behar du, ikasleak berak izan behar du informazio hori testatzen duena informazio iturri horien menpe ez egoteko, azkenean askatasun bat izateko". Hori du azken helburua, informazio iturri horiek dominatzea, erabiltzen jakitea, kontrolatzea. "Eta horrekin batera ikasmina edukitzea gauzak aztertzeko, ikertzeko. Horra iritsi behar dugu, ikasleak autonomikoki bere ikasketa prozesua egitera. Txikitatik hasi behar dute manipulatzen, baina ez papera soilik, ordenagailua, bideoa... ere bai". Ma-olek dioenez, azken finean informazio iturriak paperaz gain, sistema eta euskarri desberdinetan daude, eta beste berri bat asmatzen bada, hura ere jarriko dute haurtxoteka zein mediatekan. "Ikasleak etorkizuneko jendea dira eta ezin dugu paperarekin gelditu. Euskarri desberdinak erabiltzen erakutsi behar diegu hoien menpe ez gelditzeko". Informazio eta metodologia guztia euskarri hauen bidez bideratua egongo da, eta garrantzitsua da haurrek horiek erabiltzen jakitea, informazio eskuratzen jakitea ondoren bereganatu eta norberak ideia batzuk edo beste batzuk hartzeko.

Helburu horrekin lehen pausoak ematen hasiak dira Jose Arana ikastolan haurtxoteka dela medio. Ikastolaren sinboloa den ezkurrak ateratzen hasi dira, pixkanaka-pixkanaka Ekiren izpien laguntzaz haritz eder bat sortuko delarik.