Kronika

1997-06-01
 
 
Elebitasunaren aurka bost arrazoi
Batzuk eguneroko lanean indar eta ilusioa jartzen dituzten bitartean, besteak gogo hori zapuztera dedikatzen dira. Horietako bat da Daniel Gauchon Estatu Frantseseko Hezkuntza Nazionaleko ikuskaria. Hilabetea indartsu hasi du eta nola gainera. Irakaskuntza elebidunaren aurka jotzeko bost arrazoi emanez dokumentu bat idatzi zuen. Lehenengo, irakaskuntza elebidunak komunitateko hizkuntzari ematen diola lehentasuna aipatu zuen, eta Eskola Publikoak frantses hizkuntza eta kultura zabaldu behar dituela. Bigarrenik, pedagogia arazo bezala, bi irakasle behar direla zioen. Hirugarren arrazoi bezala, gurasoek euskara ez dakitenez, elebitasuna ez dela sistema egokiena argudiatu zuen. Laugarren puntu bezala sistemaren kostua salatu zuen. Eta azkenik, Estatuaren dirupean daudela azpimarratu zuen.
Arrazoi eta adierazpen hauek ikusita, Ikas-Bi Eskola Publikoko Gurasoen Elkartea ez da isilik gelditu, ezta gutxiagorik ere. Funtzionari izaki, ikuskari batek bere ikusmoldea publikoan agertzeko eskubiderik ez duela azpimarratu zuen lehenengo. Hori dela eta, Gauchonen kasua ikertuko du Bordeleko akademiak hartu behar diren neurriak finkatuz. Ikas-Bi elkarteak ere txostena gertutik jarraitzeko asmoa agertu du eta baita Gobernuak irakaskuntza elebidunaren inguruan har ditzazken erabakiak jarraitzekoa ere.

Desertoreak: ikastolako gurasoak zerrendaturik
Marcel Monlong, berriz, beste salaketa batzuekin agertu zen. Baigorriko alkatea den honek Ortzaize eta Donibane-Garaziko ikastolara joaten diren baigorritarren gurasoen izenak argitaratu zituen. Kontseju Orokorraren aurrean ikastolen aurkako adierazpen gogorrak egin zituen, eta hori gutxi balitz, boletin munizipalean beraien haurrak ikastolara bidaltzen dituzten baigorritarren izen-abizenak eta helbideak argitaratu zituen.
18 ikasle dira Ortzaize eta Donibane-Garaziko ikastolara joaten direnak, eta kopuru horrekin eskola publikoan beste gela bat ireki daitekela zioen Marcel Monlongek. Ikastolak gehiegi politizatuak daudela zioen eta estremistak direla. Kulturaren izenean ezarritako ordenuaren aurka joaten omen dira, eta bere ustez, hori baino maila intelektual handiago merezi omen du "gure" lurraldeak.
Ortzaize eta Donibane-Garaziko ikastoletako gurasoen erantzunak entzun behar izan ditu Monlongek horrelako adierazpenen ondoren. Beraien lana eta Monlongek aipatutakoaren artean zerikusi gutxi dagoela begi bistan jarri dute oraingoan ere.

Hizkuntz ereduak oraindik eztabaidan
EAEko Hezkuntza Sailburua den Inaxio Oliverik egindako Bigarren Hezkuntzako irakasleen banaketa plana ez zuten onartu PSE-EEko kideek. Oinarrian zegoen ideia zera zen: gaur egun klaseak gaztelaniaz ematen ari diren irakasle euskaldunak euskarazko plazak betetzea. Sailburuaren hitzetan, 800 irakasle elebidun daude egoera honetan, eta proposatutako aldaketak datorren ikasturtean 1.000 milioi aurreztea suposatuko luke.
PSE-EE, ordea, ez zen ados agertu plan honekin. Beraien esanetan 800 irakasle horiek klaseak euskaraz ematera behartuta egongo lirateke. Jarrera hau inmobilista eta atzerakoitzat kalifikatu zuten EA eta EAJ kideek. Horrela egiten ez bada urtero irakasleen euskalduntzean gastatzen diren 9.000 milioiek ez dute zentzurik.

Nafarroa: Ditxosozko erreforma. Azkar eta Presaka
Denok dakigu Nafarroan ikasturte bat lehenago ekin ziotela LOGSEko Erreforma ezartzeari. 1997-98 ikasturtean DBH osoa ezarrita egongo da, beraz. Erreforma honetan lehenengoak izaki, arazo bat baino gehiagorekin topatu dira, eta konpondu ezinak ere sortu dira. Azken tira-bira Hezkuntza Sailak aurkeztutako dekretuak sortu du. Foru Gobernuak apirilaren 21ean onartu zuen DBHren antolaketaren inguruko aipatu dekretua. Baina ez zen boletin ofizialean argitaratu oposizioko indarrek ez zutelako onartu. Sindikatu eta Guraso Elkarteak ere guztiz aurka agertu ziren.
Dekretuaren arabera, bi curriculum mota jarriko lirateke: bata oinarrizkoa eta guztiei zuzendua; eta bestea, gaitasun gehiago duten ikasleei zuzendua goi-mailako ikasketak egiteko. Horrez gain, ikasle problematikoentzat aparteko gelak sortzea aurrikusten zuen dekretuak. Bi puntu hauek gogor salatu dituzte beste talde guztiek. Lehenengo neurriak zenbait ikasleri goi-mailako ikasketak egiteko ateak isten dizkio. Eta bigarrenak ez du ikasleen aniztasuna errespetatzen. Neurri hauek LOGSEren izpirituaren aurka doaz bete-betean.
Gora behera guztien ondoren, ordea, dekretua onartu da. Hasieran PSN aurka agertu bazen ere, zenbait aldaketa negoziatu dituzte eta hauek onarpena eman dute. Egindako aldaketak oso azalekoak izan dira, baina hala ere, maiatzaren 19an Gobernu Kontseiluak onartu egin zuen UPN eta PSNren aldeko botuekin.
Euskal ereduak diskriminatzen dira, ordutegia gaztelera hutsezko irakaskuntzan oinarritzen denez euskara gehitzeak matematika eta teknologia bezalako hautezko gaietan murrizketa suposatzen du.
Egoera honen aurrean HBk Hezkuntza Sistemaren Oinarriak arautuko dituen lege bat egitea proposatu du, heziketa printzipio batzuekiko errespetoa bermatzeko. IUren babesa jaso du eta EA eta CDN aztertzen ari dira.

Ikasbatuaz-en balorazio ezkorra
Ikasbatuaz orain dela lau urte sortu zen. Publifikatutako ikastolak batzen dituen koordinadora da eta benetako euskal eskola publikoa garatzeko asmoaz sortu zen. Lau urteko bizitzaren ondoren egonezina eta kezka dira nagusi bertako partaideen artean. Administrazioko arduradunen aldetik elkarrizketarako jarrerarik ez dutela agertu salatu dute, eta "Euskal eskola publiko berria" sortzeko oztopoak baino ez dituztela jarri.
Ikasbatuaz-ek hainbat arazo ikusten ditu, batez ere hizkuntzari dagokionez. Hemendik aurrera euskaraz bizitzeko gai ez diren langileak ez dituztela onartuko salatu dute: bai irakasleak, bai langile ez-dozenteak.
Egoera honi bira emateko hartuko duten neurrietako bat izango da hau, baina gehiago ere hartuko dituzte. Dena dela, sare publikoko sektore guztiei zuzentzen die deia. Helburua guztiontzako eskola konpetenteagoa, kalitate gehiagokoa, autonomoagoa eta irekiagoa eraikitzea da.