ZABALZA, Miguel Angel: Bakegintzarako hezkuntza hizpide
Bakegintzarako hezkuntzaren gaia konplexutasun handiko gaia da. Beste zehar lerro guztiak konplexuak diren bezalaxe, bakegintzaren barnean ere era askotako logikak eta ideiak nahasten dira. Ez dakigu (zehatz-mehatz) politikaz, ideologiaz, erlijioaz, psikologiaz, metodologiaz edo hezkuntzaz ari garen hura aztertzerakoan.
Bestalde, planteatzen den testuinguru berak ere zailtasunak gaineratzen dizkio bakegintzarako azterketari. Bakeaz, elkartasunaz eta gatazken konponbideaz eskolan eman daitezken ekimen ildoak planteatzerakoan (hasi gertueneko gatazketatik eta abstrakzioa eginez mundu mailako bakea eta harmoniari buruz aritu arteraino) kontrolatzeko zaila den testuingurua osatzen du horrek guztiak.
Eta orain artekoa pittin bat konplikatzeko, gaia bera ez da batere razionala, nahiz eta autore askok razionala balitz bezala aztertu nahi izan. Hala balitz, erraza litzateke gatazka pertsonalei nahiz kolektiboei konponbidea bilatzea, zergatiak azaltzea eta abar. Bakegintza, osasuna, ingurugiroa, sexuen arteko berdintasuna eta abarretaz aritzean elementu ez razionalen artean mugitzen gara, bizipenezko eta emozionalagoak diren elementuen artean. Eta honen araberako trataera eskatzen du gaiak.
Horrez gain, segituan hasten gara moralizatzen, eta honek kritiko izateko aukerak murriztu egiten ditu.
Hemen planteatzen den arazoarentzat erantzunik ba al duzu?
Bakegintzaren hezkuntzak erantzuna behar du eta hiru ataletan bereiztu dut gaia egin dudan analisian. Lehendabizi DISKURTSOA, ondoren FORMAKUNTZA PROIEKTUA eta azkenik JOKABIDEAREN inguruko atala. Bakegintzarako edozein ekimenek hiru maila hauetan jardun beharko luke eta hirurak batean integratzeko ahalegina egin. Hau da, diskurtsoaren ideia eta helburuetatik abiatuta formakuntza proiektu baten egitura gauzatu beharko litzateke, honen ondorioz, bai indibidualki bai kulturalki, jokabidetan aldaketa bat eman dadin. Bakegintzarako hezkuntza ezin da diskurtso hutsera, ideia multzo polit batera edo doktrina batera mugatu. Hau erraza bezain alferrikakoa litzateke. Ez luke trataera curricular soilean ere geratu behar. Aurreko bi ataletako elementuen eraginez ikasleen jokabidetan zerbaiten aldaketa probokatu beharko lukete.
Beraz, zure proposamenaren definizioa...
Nire iritziz bakegintzarako hezkuntza abierarako postulatuak (Diskurtsoa) dituen heziketa ikuspegi bat da, zeinak formakuntza proiektua (curriculuma) diseinatu eta burutzen duen, jokabide baketsu eta bakezaleen bila aritzeko eta sendotzeko. Horrelako baloreak zabaltzen dituzten jarrera eta mugimenduekin konprometitzeraino eramango gaituen hezkuntza, hain zuzen.
Azalduko al diguzu diskurtsoari buruzko azterketa?
Nik era kritiko samarrean egiten ditut analisiak eta prozesu horretan topatu ditudan ahuleziak nabarmentzen saiatuko naiz batipat.
Diskurtsoari dagokionez hiru puntu ikutu nahi ditut : bakearen diskurtsoaren historia, bakeak eta baloreak behar luketen lotura, eta zenbait baloreen definizio argi baten gabezia.
Bakegintzarako hezkuntza planteamendu curricularrean (zehar lerro bezala) berria izan arren ez da inoiz berria izan hezkuntzan, betidanik egon baita heziketaren muinean.
Ez da beharrezkoa bada, hezkuntzari adjetibo gehigarriak eranstea hauek askotan izena beraren funtsa galarazten baitute. Hezkuntza ona bakerako hezkuntza ere bada.
Hau esanda ere, bakegintzarako hezkuntzak garai ezberdinak bizi izan ditu, xehetasun aberasgarriekin hornitzen joan den arabera.
Nola hasi zen bakegintzarako hezkuntzaren ideia eta zeintzu izan dira bere etapak?
Bakegintzarako oinarrizko ideiak bukatu berriak ziren gerren ondorio latzak oso agerian zeudenean eta mugimendu antibelizista aldarrikatzen hasten den garaian jaiotzen da. Hastapeneko idazketa negatiboari, ikuspuntu ez gerrazale hari sona handia lortu duten osagarriak gehitu zitzaizkion: ez biolentzia, giza eskubideen defentsa, UNESCOk planteatutako internazionalismoa, multikulturalismoa (egun lehentasun handikoa hezkuntzan), gatazken konponbidea, tolerantzia eta anti-arrazismoa.
Xexus Jaresek bost etapatan zatitu du bakegintzarako hezkuntzaren historia: 1- Munduko I. Gerraren aurreko eta ondorengo urteak. Orduan egiten ziren planteamenduetan eskola mundua bakea lortzeko bitarteko baliagarria izango zela uste zen, eta pentsamendu honetatik sortu ziren pedagogia internazionalistak.
2- Munduko II. Gerraren ondorena. NBE eta UNESCO bezalako erakunde internazionalak sortu ziren eta internazionalismoa eta kultura internazionalistak bultzatzean jarri zuten indar guztia. Orduan nagusitzen zen ideia hauexe zen: herrien arteko ezagutza areagotuz, elkarrenganako istiluak gutxitzeko aukera izango zela. Honekin batera desarmearen mugimendua ere agertu zen.
3- Bakea eta gerrari buruzko ikerketak egiten hasten direnean kokatzen da etapa hau. Hauen ondorioz eta zientzia sozialaz aparteko beste zientzia batzuen (psikologia, antropologia...) ekarpenez bakearen berdefinizioa sortu zen. Ja ez da bakea gerra gabeziaren ikuspegitik deitzen, pertsona eta herriak ondoen garatzeko funtsezko mekanismoa bezala baizik.
4- Etapa honetan bakegintzaren elika iturri gehienak ez biolentzia aldarrikatzen duten mugimenduetatik datoz, honek maila internazionalean suposatu zuenarekin. Gandhiren printzipioen eta biolentzia ezaren lider handien garaia da. Gatazkak konpontzeko irtenbide berrien ekarpena egin zuen garai honek.
5- Solidaritatea nabarmentzen da funtsezko printzipiotzat. Egoera zailetan ematen diren lankidetzak, gertatzen diren giza erbesteratze mugimenduak direla eta, multikulturalismoa izango da hezkuntzan eragin handia izango duena.
Nire ustez garai hau ere ahitu egin da, zenbait naziotan jatorrietara itzultzeko hotsak entzuten ari diren honetan. Edukietan, erreferentzietan, lemetan, izenetan eman den zabalkuntzaren ondoren, oinarrizko ideiaren itzulera aldarrikatzen dute, hots, hezkuntza ona egitearena, denentzako eta kalitatezkoa.
Bakegintza eta baloreen arteko lotura azpimarratu duzu lehen.
Diskurtsoaren barnean aipatu nahi dudan bigarren puntua bakegintza eta baloreen artean egon beharko lukeen lotura da, funtsean bakegintzarako hezkuntzak baloreen ikuspegitik eraikitakoa izan beharko lukeelako. Azken urteotan mugimendu pedagogikoak hezkuntza erakargarriagoa bilaka zezaten adjetiboak eransten aritu izan dira hezkuntza bera nahiko ez balitz bezala; batean bakegintzarako hezkuntza zen, bestean tolerantziarako... Baina kontua hau da: hezkuntzaz esan nahi den guztia dagoeneko esanda dagoela eta adjetibatzeko ahalegin horretan hezkuntza bera hondatu egin izan dugula uste dut nik, instrukzioarekin edo ezaguera batzuen transmisioarekin identifikatuz eta beste gainontzeko kontzeptuak baztertuz. Inor gutxik hartzen ditu bakegintzarako hezkuntza eta hezkuntza gauza beratzat. Hari nola deitu berdintsu izan behar luke, hezkuntza ona egitea izan beharko litzatekeelako helburua. Ezingo genuke utzi hezkuntza ona bakegintzarako hezkuntza egiten dutenen ardurapean soilik. Hezkuntza lanetan dabilen ororen eginkizuna da hezkuntza ona egitea, pertsona osotasunean hartzen duen hezkuntza, alegia. Beraz, ez litzateke bakeari soilik loturiko hezkuntza, solidaritatea, demokrazia, kulturen arteko errespetoa, ekologismoa, elkarrizketa, autonomia, tolerantzia, partaidetza eta besteekiko erlazio positiboen baloreak integratzen dituena baizik. Azken urteotan kongresu asko ospatu dira honen inguruan eta denetan ondorio beretsuetara iritsi dira: hezkuntzari buruz ari garenean, ez gara kulturaz bakarrik ari, baloreetaz baizik.
Zertan inplikatuko gintuzke irakasleok postulatu hori gureganatzeak?
Irakasleak ez gara informatzaile edo azalpen emaile hutsak, hezitzaileak baizik, edozein mailetako haurrekin ari garela ere. Irakasle-hezitzailearen erretratoa lausotzen hasita zegoen eta gure benetako rol eta funtzio profesionaletatik urrunduta. Teorian aldaketaren beharra argi dago baina tamalez hori ez da isladatzen eskoletan praktikan Irakasleria atzeraka egiten ari da hezitzaileak legez jarduten, bestelakoa hedatu zaigu gehiago. Hau da egungo erronkarik garrantzitsuena bakegintzatik, ingurugirotik, solidaritatetik, hezkuntzaren edozein zatitatik datorrela ere. Kontua da galtzen hasita dagoen espazioa berreskuratzea.
Bestalde, bakegintzarako hezkuntzak eta baloreek, erakargarriak diren lema eta sinbolo asko osatzen dituzte. Hauekin identifikatzeak edo ez identifikatzeak pertsonaren osagai intelektualetaz aparte, emozional, ideologiko eta konpromezuzkoetan ere badu eraginik hasieran aipatu bezala. Hemen ohar pare bat egin nahi ditut. Bakea sinbolo bihurtzen dugunean dator lehen arazoa. Sinboloak norberaren parametroei atxikiturik egoten dira, norberaren jarreran edo estiloan eramaten den gauza da. Orduan nola eskatu bakegintzarako hezkuntza egitea inoiz aita, ama edo pertsonal buru tolerantea izan ez denari?
Bigarren oharpena lemen inguruan sortzen da. Leloek filiak eragiten dituzte, eta filiek fobiak. Talde batek lema bat bere egiten duenean, talde horrekin identifikatzen ez dena lema horretatik ere urrundu egiten da. Hezkuntzan ere bakegintzaren hezkuntza talde baten ondarea bihurtzen denean, talde horrekin identifikatzen ez direnak lema horretatik ere aldendu egin ohi dira. Hau izan da mugimendu pedagogiko berritzaile askoren kasua. Irakasle ezkertiar, eskuindar, komunista, sozialista, era batekoa edo bestekoa izateak fobia ugari sortzeko bidea zabaldu dute. Azkenean eskola berregituratzeko sortua zen ideia talde murriztu baten eremuan gelditzen da, taldearekiko fobiak ideiarekiko atxekimendua baino indartsuago gertatu delako.
Zer esan nahi duzu zenbait balore argi definitu gabekoak direla diozunean?
Baloreek kontzeptu zehatzak baino continuum baten antza handiago dutela. Har dezagun tolerantzia. Zaila da tolerantziari atalasea jartzea eta hor sartzen dira jokabide oso toleranteak eta tolerantzia maila bajuagoa duten jokabideak ere (honek arazoak ekartzen ditu ekitaldi praktikoak eratzeko garaian). Talde txiki erradikalizatuago batek errazago dauka atalaseak jartzea, baina hezkuntza komunitate osoari zabaldu nahi denetan, atalaseak negoziatzen ibili behar da, batzuentzat uste bezain lorpen positiboa ez ihardetsi arren. Hau izaten da mugimendu berritzaileen betiko borroka.
Diskurtsoaren problematikak moralizatzearekin zerikusi handia du. Irakasle bat ona edo txarra bihurtzen dugu bakerako programaren baten sartuta ala sartu gabe egotearen arabera. Ikuspegi moralizatzaile honek jarrera defentsiboak sortarazten ditu, ordea, eta beste diskurtso bat osatzen dute haien aurka joateko. Horrela, askotan aurrera egiteko partez, atzera edo stand-by batean erortzen dira. Eta zenbait ideia aurrerakoi, puskatzaile eta orijinalek talde txikitan hartzen dute indarra, baina batere ez dute instituzional mailan. Aldakuntza instituzionala transakzioaren bidetik etorri beharko lukeela deritzot.
Bakegintzarako hezkuntzaren bigarren osagaia formakuntzarako proiektua da. Zer proposatzen duzu atal honetan?
Curriculuma instituzio batean burutu nahi den formakuntza proiektuaren ideia da. Bakegintzarako hezkuntzaren diskurtsoa diskurtso hutsean gera daiteke, ezertan gauzatu gabe. Beste batzutan zenbat ekintza praktikoak eta solteak ere egin ohi dira, baina curriculuma ez direnak. Bakearen eguna ospatzea ez dago gaizki, motibatzailea izan daiteke, edota egunen batean pertsona beltz bat gelara ekar daiteke haurrei hitz egin diezaien. Hau ere ez dago gaizki, haurrei kontaktu desberdin baten aukera ematen dielako. Baina ez bata eta ez bestea, ez dira esperientzia curricularrak, ez baitaude jarraipenezko formakuntza proiektu batean uztarturik. Eta hau ezinbestekoa da benetako curriculuma egiteko. Diskurtsoa osatzea baino zailagoa suertatzen da diskurtso hori eragilea eta integrala bihurtzea eskoletako lan egituraren barruan. Lan honetan aritzeko jakin beharra dago ez dela posible bakegintzarako hezkuntza, ingurugirorakoa eta sexuen arteko berdintasunarena batera egiten aritzea, erreferentzi argiak faltako zaizkigulako. Helburua ez da horiek guztiak egitea, horietako bat aukeratze baizik. Horietako edozein da baliagarria, zehar lerroen planteamendu asko xurgatzeko gaitasuna dute eta gure ekimen pedagogikoaren ardatz bihur daitezke. Curriculumaren esentzia aukeraketan dago, bat aukeratu eta arrazoitu. Horretarako dauzkagu eredu curricularrak.
Azalduko al dituzu eredu curricular batzuk?
Bakegintzarako hezkuntza eredu curricularrean uztartzeko aukera bat baino gehiago dago. Gure gaur egungo curriculuma materia edo disziplinetan zentratutako da, hau gure kultura instituzionalaren ispilu izaki. Gu irakasleok geure lanean adituak eta independienteki lan egiten ohitutakoak bezala azaltzen gara. Profesionalen burokraziaren kultura deitzen zaio honi. Bakegintzarako berezko espazioa ireki nahi baldin bada, arazoak sortuko ditu zentroetan eta beste edozein berrikuntza instituzionalek nozitzen dituen fase berdinak jasan beharko ditu.
Zenbait naziotan arazo edo proiektuetan oinarritzen den eredu curricularra dago indarrean. Eredu mota honetan proiektuak aurkeztu eta gero gauzatu egiten dira. Prozesu honetan agertzen diren zailtasunen konponbidean soluziobide, aukera, osagai eta materia ezberdinen integrazioa ematen da.
Whitaker, bakegintzarako hezkuntzan adituak dio, pertsonen garapenean oinarritzen den eredua dela koherentea den eredu bakarra. Gazteen garapen pertsonala da helburua, bizitzarako prestakuntza, norberaren oreka... Hots, kulturala edo zientifikoa baino hezkuntza sozio-afektiboa egitea proposatzen du.
Baditugu eredu sozio-kritikoak ere teorian oso koherenteak direnak baina planteamendu praktiko gutxi sortarazi dituztenak. Eskolaren funtzio erreproduzitzailea edota kultura dominatzailearen inposaketa kritikagarria da, baina alternatibak zailak dira.
Lantegi nekeza da baina aukera batzuk aurkeztu behar dira. Hauetariko errazena baina eskasena jadanik badagoen materia baten eduki bihurtzea litzateke. Nik zientzia sozialeko irakasle bezala eragina dut ikasketak bideratzeko garaian, gerren zentzuaz erreflexionatu araziz, gerren beharrezkotasun ezaz, gerren ondorioetaz, munduaren garapenerako gerra beharra desmitifikatuz... baina hau ez da nahikoa.
Berezko espazioa egokitzea da beste aukera bat, hau da, bakegintza ostegunetan 11.00tik 12.00tara edukitzea. Curricularki definitutako materia izango litzateke orduan. Berezko hiztegia sortu, gaiari hurbilketa berezia eman, kultura berria osatu, bibliografia berria bildu... Berezko identitatea duen espazio baten antolaketa sustatuko lukeelako defendatzen dute batzuk posibilitate hau. Baina hau ere ez da nahikoa.
Egokiagoa litzateke proiektuen bidez bideratzearen aukera materia, irakasle eta gune desberdinak integratuko lituzkelako.
Aukerarik idealena zentroko hezkuntza proiektuan ezartzea litzateke, eskolako ardatz berregituratzaile eta berriztatzaile bihurtuz. Honek programazio helburuak bakegintzan zentraturik, ekintza eta esperientzia guztiak bakegintzaren ildotik ikusiak izango liratekela esan nahi du. Horrelako aukera ohiko elementuz eratuko litzateke: bilatu nahi ditugun helburuen adierazpen argia, ondo hautatu eta definitutako edukiak eta asko zaindutako metodologia.
Sakonduko al zenuke pixkatxo bat hau guztia.
Eredu curricular ideal honen helburuak aukeratzeko Brindisiko konferentzian ingurugiroari buruz planteatu zirenak egingo nituzke nire:
1- Arazoaren kontzientzia hartzea.
2- Arazo horren inguruan dagoen ezagupen eta informazioa eskuratzea.
3- Arazori loturik dauden ekintza eta proiektuak gauzatzea.
4- Arazoak konpontzeko gaitasunak eta teknikak lantzea.
5- Konpromezua hartzea. Ez da nahikoa baketsua izatea, mezu horretaz kutsatutako ekintzetan parte hartzea garrantzi handiagokoa da.
Edukiei eta metodologiei buruz ezer esatekorik ba al daukazu?
Eduki asko azaldu dira bakegintzaren arloan: gerrak, sexismoa, nazionalismo itxiak, Iparra eta Hegoaren arteko desoreka, dibertsitatearen errespetua eta abar. Hauen guztien inguruan landu daiteke bakea.
Gakoa, ordea, metodologian ikusten dut nik. Argi eduki behar da jarrerak ezin direla erakutsi, ikasi egiten direla eta honetarako modurik seguruena metodologiaren bidez ikasten dena da eduki esplizituekin baino.
Bestalde, jarrerek hiru osagai dituzte: ezagupenak, erreakzio emozionalak eta jokabideak. Hauek ikasleak bereganatu behar ditu klaseetan zehar bizi izandako praktikarekin. Whitakerrek zioen bakea ez dela helburua, bitartekoa baizik. Honi jarraituz, bakea nik neure ikasleei klasea emateko erabiltzen dudan errekurtsoa izango litzateke. Eta ildo horretan erakusten laguntzen didana. Irakasleak garen heinean kontuan hartu beharko genuke jarrerak hiru mailatan landu daitezkela: informazioaren bidez, metodologiaren bidez eta geure eredu pertsonalaren bidez. Informazio ahalik eta aberatsena eskainitzen ahalegindu beharko dugu. Bestalde, metodologien bidez ohiturak eta egiteko erak transmititzen dira, erraza da ulertzea ikasleak zientifikoki zehatzak izango direla irakasleak zehatzak izaten lagundu badie, eta ez "zehatzak izan behar duzue" etengabe esatera mugatu.
Irakasleen ereduak zeresan handia du arlo honetan. Dakigunez gehiago ikasten da bakegintzaz bakearen liderren baten bizitza ezagutuz, ez razional erako diskurtsoak entzunez baino. Eliza berak iritzi zuen pertsonak erlijiosoki hezitzeko santuen bizitzak erakutsi behar zirela, horrela diskurtso abstraktoekin baino hobeto eltzen zaiolako gaiari. Eta gainera ereduak eskaintzen dituelako.
Zer diozu jokabidearen aldaketari buruz?
Bakegintzarako hezkuntzak pertsonen portaeretan aldaketak sortzen laguntzen duen heinean bakarrik hartzen du benetako zentzua. Bakegintzarekiko planteamendua norberarengandik kanpo dauden arazoei buruz zuzentzen badugu, beste batzuen arazoak bailitz ez luke honek nere jokabidean aldaketa handirik eskatuko. Gerran dauden kasu batean guk uler ditzakegu, gure elkartasuna adierazi, gatazka aztertu, baina ez du azkenean aldaketa pertsonalik eskatzen. Errazagoa da Amazoniako deforestazioa ulertzea eta multinazionalekin haserre egotea, geure auzoa zergatik ote dagoen hain zikina aztertzea baino neroni txakurra ateratzen dutenetariko bat banaiz. Gauza bat da intelektualki uleratzea, eta beste bat ni erdian harrapatzen nauen arazoa planteatzea. UNESCOk dioen bezala, globalki pentsatu behar da baina lokalki landu. Bakea zehatzago, gertuago eta bertakoagoak diren terminoetan kokatuz egingo dugu benetako bakegintza eta gure erreakziorako mekanismoak egokitzen ikasiko.
Zerk segurtatuko luke bakegintzarako hezkuntza zuzena?
Galdera batekin planteatzen du nik arazoa. Gure eguneroko bizimoduan zerk eragiten digu indarkeriazko egoeratan murgildurik egotea? Eta zer egin dezake eskolak nik neure jokabidea kontrolatzen ikas dezadan? Lau elementu proposatzen dizkizuet:
1- Norbere egozentrismoa gainditzea. Hau egin gabe ezinezkoak lirateke bakegintzaren beste gainontzeko elementuak. Transitibitaterako, hau da, besteen lekuan jartzeko eta bera bizitzen ari dena sentitzeko gaitasuna izatea da. Haur Hezkuntzatik lantzen has daitekeena da eta lan sistema askorako bidea ematen duena; jolasak, pertsonaien irakurketa eta idazketa... Besteek pentsatzen eta sentitzen dutenaz arduratzea litzateke, eta hauxe da hain zuzen egungo hezkuntzan nabaritzen den gabeziarik handiena. Inork ez lioke beste bati tratu txarrik emango transitibitaterako gaitasuna baleuka.
2- Taldearekiko dependentzia eta estereotipoak gainditzea. Honek garapen erreflexiboa eta kritikoa lantzea dakar. Kanpotik datorren presioaren aurrean nork bere iritziak mantentzeko kapaz izan behar luke eta tolerantziaz onartu pentsamolde desberdinak. Honen adibide da gazteek sentitzen duten taldeko presioa. Irakasle batek ezingo du espero ikasle guztiek beti amen egitea, ez eta sutan jartzea haiengandik datorren iritzi kritikoengatik. Dibertsitatea potentziatu behar da beti, ikuspegi ezberdinak, planteamendu ezberdinak eta metodologikoki saiatu ikasleek aurkako posizioak bila ditzaten, iturri zientifiko desberdinetatik informazioa jaso dezaten eta abar.
3- Monolitismo ideologikoa gainditzea. Erlijioarekin, kulturarekin eta politikarekin zerikusia du honek, eta sarri askotan irakasleek beraiek mantentzen dutena. Tolerantzia, pentsakera kontrajarriak eta ekinbide ezberdinen bila ibili beharko genuke irakasleok, ez termino dogmatikoetan dilema piztailetan baino.
4- Erantzun errutinarioak eta estimuloaren dependentzia gainditzea. Indarkeriazko jokabide gehienak pentsatu gabeko jokabideak omen dira. Gazte delitu egileen artean askok diote "ez dakit zer gertatu zen". Hemen ikusten da pentsatu gabeko estimuloa eta erantzunaren arteko dependentzia, eta hau da ekiditu beharko litzatekena. Esan beharra dago lan honetan ari dela gizakia bere eboluzio osoan zehar. Geroz eta pentsatzeko eta arrazoitzeko gaitasun handiago izan, orduan eta konponbide errazagoa. Hau gatazken konponbideen estrategiekin loturik dago, planifikazioa ez da gure artean behar adina bultzatzen. Haur Hezkuntzan dago hedatuena seguruenik. Orohar, ez diegu gure ikasleei bere kasa pentsatzen eta lanak burutzen uzten. Platifikatzea pentsatzea da, eta pentsatzeak guztiz baldintzatzen du jokabide mota bat.
Nola ebaluatu daiteke bakegintzarako hezkuntza?
Nire helburua ikasleengan arrazismoa gutxitzea baldin bada, hori ebaluatzea zaila iruditzen zait. Halere, ebaluatu beharra dago, baina batez ere bakegintzarako egituratu dugun programa. Irakasleok proposatutakoa eraginkorra izan ote da? Zer gertakizun eman dira? Ikasleen asetasuna zenbatekoa izan da? Zer baloratu dute hobekien? Programa beti ebaluatu behar da eta ikasleak zertan aldatu diren aztertu. Baina ebaluaketa kalifikaketa bihurtzen denean, ezezkoa ematen diot nik. Nola kalifikatu anarkista dela dioen ikaslea? Edo zein nota ipini ijitorik bere herrira etortzerik nahi ez duenari? Eta noski, kalifikazioa erantzunen arabera izango dela baldin badakite, erraza litzateke irakaslea engainatzea eta honekin nire helburuen aurka joango nintzateke. Ikasleak pertsona kritikoak, autonomoak, independienteak eta benetakoak izatea lortu nahi badut, ezin naiteke nire planteamenduak onar arazteko presioa egiten ibili. Azkenean ikasleak nik nahi dudana erantzungo baitu, eta horregatik nik ez nuke kalifikatuko.