Hezkuntzako beste hezitzaileak

1997-06-01
Gehienetan hezitzaile hitza entzundakoan irakaslea datorkigu burura. Zenbait irakaslek aldiz ez du bere burua hezitzailetzat jotzen, zientzia, teknika eta abarren informatzaile eta trebatzaile hutsa dela uste du. Beste puntan, inor gutxik hezitzailetzat jotzen duen baina eskolaren eginkizunetan paper garrantzitsua jokatzen duen langileria dago. Hauetako askok gaztetxoen heziketan zeresana eta zeregina badutela pentsatzen dute. Gaurko gaian azken hauek ikaslearen hezkuntza prozeso integralean jokatzen duten papera aztertu nahi dugu.
 
 
Ikasgelan hezitzen dira

Ikasgela barruan irakaslea edukien informatzaile izateaz gain transmititzailea ere bada; balore, jarrera, jokaera, gusto, sentimendu eta abarren transmititzaile da, bera horretaz guztietaz konziente ez bada ere. Uneoro, irakasten ari den heinean hezitzen ari da ere.



Ikasgelatik kanpo hezitzen darraite

Askotan autobusean, jangelan, ikastetxean bertan antolatzen diren eskolaz kanpoko ekintzetan, eskoletako kiroletan, administrazioko lanetan, garbiketan, barnetegian eta abarretan ikasgelan irakasten ez duen langileria aritzen da ikasleekin. Hauen paperak garrantzia handia hartzen du, umeak integralak direla kontuan hartzen badugu. Ikasleak eskola esparruan behintzat koherentzia ikusi behar du.



- Autobusean. Etxetik eskolara eta eskolatik etxera egunero errepikatzen duen ibilbidean arau, jarrera, ohitura, harreman mota, hizkuntzaren erabilpena eta abarrek badute zeresana. Autobusetik nola igo eta jaitsi, agurtzeko modua, autobusean nola joan, zein hizkuntzetan hitz egin, lagunekin nola jokatu, harremanak nola goxatu, barruan sortzen diren ohiturak (ipuinak edo txisteak kontatu, musika entzun, abestu eta abar) errespetatzen lagundu eta abar. Ikasleak arduradunen ardura sentitu behar du; hauen konfidantza, babesa eta laguntzaz jabetu beharko luke.

Honek guztiak zentzua eta koherentzia ematen lagunduko dio ikasleari. Eta zeregin horren ardura duten langileen jokabidearen eta ikastetxeko hezkunta proiektoarekin arteko lotura ezinbestekoa da.



- Jangelan. Ikastetxe gehienetan jangela zerbitzua ematen da. Etxetik kanpo, gelakideekin edo beste batzurekin jateak badu gaztetxoarentzat zeresana. Eginbehar hau betetzeko moduak ere ondorioak ekarriko dizkio ikasleari.

Janaria nola prestatzen den eta bere kalitateak garrantzia du horrek osasunean ekar liezaiokeen ondorioengatik batez ere, baina oraingo honetan ez gara elikaduraz arituko, jarrera, portaera, ohitura eta abarrez baizik. Honen guztian arduradunek jokatzen duten papera baloratzekoa da bere neurrian.

Denbora dexente pasatzen da normalean goiz eta arratsaldeko klaseen artean eta hau langile batzuk betetzeko ardura dute. Jangelarako sarrera eta irteerak, jateko tresnen erabilpenaren trebetasuna lantzea, janaria zaintzea, zapore desberdinak ezagutzea eta horietara piskanaka ohitzen joatea, bakoitzaren erritmoa errespetatzea eta beharra dutenei laguntza ematea, jateko orduan arau batzuk errespetatzea, hortzen garbiketa eta abarren heziketak garrantzia handia badu ere, ondorengo denbora nola antolatu jakiteak eta ikasleak protagonista eta gustora sentitzeko aukera eskaintzeko gai izateak garrantzia du.

Hau guztia horrela aztertuz ez da zaila izango sentsibilitatea duen edonorentzat, ikasleak uneoro hezitzen ari garela ohartzea.



- Eskolaz kanpoko ekintzetan. Geroz eta ikastetxe gehiago dira bertan ekintza desberdinak antolatzen dituztenak (musika, antzerkia, dantza, informatika, hizkuntzak, eskulanak...). Ekintza hauek ezin dira gainontzeko ikasgaiak bezala tratatu baina ikasleak koherentzia izan dezan arau, ohitura, errespetuzko jokaera minimoak izan behar ditu. Eta ekintza horien arduradunek ikastetxearen proiektoa kontuan hartzea ezinbesteko baldintza izan beharko luke. Ekintza hauetan ere ez al ditugu gaztetxoak hezitzen?.

- Eskoletako kiroletan. Eginkizun honetan normalean gurasoak dira ardura nagusia hartzen dutenak. Gune ezin hobea beraz etxeko eta ikastetxeko ikuspegiak batzeko. Honetan ere koherentzia eskatzen du ikasleak. Zein kontraesanetan jartzen dugu haurra batean parte hartzea, osasuna zaintzea, esfortzua egiten ohitzea, lagunak egitea, taldeko lana eta abar direla garrantzitsuenak eta bestean irabaztea nagusitzen denean ororen gainetik? Askotan zuzenean esan gabe guk horrela adierazten diogu gure jarrerekin eta horrek bere ondorio kaltegarriak ekar liezaizkioke.

Gutxiengo batzuetan behinik behin ikastetxe berean adostu beharreko puntuak dira.



- Administrazio lanetan. Ikasleak esparru honekin harreman gutxiago badu ere kontuan hartzeko puntua da. Oharrak nola igortzen diren, kontsultak nola erantzuten diren eta abarrek bere garrantzia du.



- Garbiketan. Ikastetxea garbi egoteko ardurak pertsona batzuren esku egon behar al du bakarrik? Osasuna, arauak, ohiturak, hizkuntza, estetika... denon eskubidea eta betebeharra dela pentsatzen badugu, arlo hau ere kontuan hartu eta zaindu beharko genuke. Ez al da hala?



- Barnetegian. Puntu hau adierazteko ikastetxe baten esperientzia ekartzea iruditu zaigu egokiena. Horretarako Iparraldean dagoen Kanbo herrira gerturatu gara eta bertakoek azkeneko14 urtetan izan dituzten gora-beherak ezagutaraziko dizkizuegu.Aipatu urte horietan bi ikasle izan dira barnetegira moldatu ez eta utzi behar izan zutenak. Honek denok ez gaudela denetarako eginak adierazten digu eta hori ere kontuan hartu beharrekoa dela erakusten digu.

Horrela bada, sar gaitezen barnetegira eta ea honek onerako ala txarrerako zer ematen digun ezagut dezagun.



Kanboko barnetegia

Iparraldeko herri desberdinetatik etorritako 60 ikaslek osatzen dute Kanbo barnetegiko biztanleria. Erdiak zuberotarrak, urruntasunak baitu barnetegian egon ahal izateko lehentasuna. Dena den, kasu bereziak direla eta (familia baitan zailtasunak, jokamolde istilutsuak, harreman, ikasketa zein pertsonal mailan arazoak dituzten gazte edo nerabeak...) gertuagokoak geroz eta gehiagotan hartu behar izaten dituzte . Hala ere, dagoen arriskuaz jakitun dira eta ez lukete nahi barnetegia lan, eskolatze ala familia arazoak konpontzeko joleku bakartzat bihurtzea.

Toki berean adin ezberdinetako gaztetxo eta gazteak (11-18 urte bitartekoak) elkarbizitzea da Kanboko barnetegiko berezitasunetariko bat. Baina ez bakarra, ikasturte osoan bertan bizitzeko gune berean neska-mutilak elkartzea litzateke beste berezitasunetariko bat, eta ez txantxetakoa.

Ikastoletako ikasleak dira, ikasketak euskaraz egiten ari direnak, Kanboko kolegio eta Baionako lizeoko partaideak guziak.



Denboraren antolaketa

6.45etan.- Lizeoko ikasleak iratzartzen dira.

7.00etan.- Beste ikasleak iratzartzen dira.

- Gosari ugari eta orekatua.

8.10ean.- Taldeka sukaldea jaso eta garbitzen da.

- Gelak txukuntzen dira.

8.30etan.- Ea dena egoki jasota eta txukunduta dagoen ikusten da.

- Barnetegiko ateak ixten dira.

* Ikastegiko Hezkuntza Aholkulariarekin gaueko gora-beherak hitz egiten dira.

16.35ean.* Hezkuntza Aholkulariak barnetegiko hezitzaileei eguneko berriak ematen dizkie. Era honetan, barnetegiko ikasleen gora-beherak ezagutzen dituzte.

- Klaseak bukatzen dira.

- Askaria, atsedenaldia eta kanpo-ekimenak (musika, dantza, antzerkia...).

17.15etan.- Ikasketa. Egunero ordu bat gutxienez.

- 11-12 urtekoak hezitzaile batekin aritzen dira.

- 13-14 urtekoak hezitzaile batekin aritzen dira.

- 15-16 urtekoak talde auto-disziplinan aritzen dira.

- 17-18koek beraiek antolatzen dute beren denbora afaltzeko ordurarte.

* Lehenengo 2-3 urtetan hezitzailearen papera oso garrantzitsua da ikasketa ohitura sor dadin.

19.00etan.- Afaria.

20.00etan.- Hautatzen dituzten edo proposatzen zaizkien jarduerak: mahai jokoak, pilota eta abar...

- Egitaraua aztertu ondoren, telebistako emankizun bat proposatzen zaie hamabostero. Ikasleak adinaren arabera bi taldetan banatzen dira. Helduenek telebistako berriak ikusteko aukera dute eta honez gain ez da telebista programarik ikusten.

21.00etan.- Gazteenen dutxa eta garbiketa. Segidan beren geletan sartzen dira.

21.30etan.- Gaztetxoen oheratzea.

22.00etan.- Lanik ez duten lizeoko ikasleak oheratzen dira. Lanak logeletan jarraitzeko hautua eskaintzen zaie.

23.00etan.- Argiak itzaltzen dira.

* Hezitzaileak sekulan ez dira oheratzen logela guztietan isiltasuna egon arte.



Logelak

Logelako 3-4 ikasle egoten dira. Adina eta sexua kontuan hartuz ikasleek norekin egon hautatzen dute. Hau da, nesken taldeak eta mutilen taldeak osatzen dituztenean talde bakoitzak zein logela nahi duen aukeratzen du. Mutiko eta neskato taldeen artean ez da bereizketa fisikorik. Puntu hau eztabaidatua izan da maiz gurasoekin, zein pedagogia taldearekin. Eta ondorioa, egoera honek neska-mutikoen arteko harremana errazten duela litzateke, giro goxo eta erakargarria sortzen duela, nahiz eta egoeraren kudeantzak lan berezia eskatu.

Gazte bakoitza bere logelaren arduraduna da (garbiketa, apainketa, gelako materialaren zainketa...). Gazteak ahalik eta gustuen sentitu behar du bere gelan. Espazio hori norberarena egitea eta tokia eskuratzea barnetegiko biziaren adierazgarria da. Barnetegian ongi sentituko den heinean, halatsu bereganatuko du eskolatze prozesua.



Aisialdirako gunea

Denek erabil dezaketen gune bat dute. Bera jokogune, eskulanak egiteko toki, irakurketa edo ikasketa gela edo mintzaleku izan daiteke. Ederra da adin ezberdinetakoak eginkizun berean aritzen direla ikustea.



Jangelak

Sukaldari batek prestatzen ditu janariak eta hiru gela ezberdinetan zerbitzen dira. Ikasleak nahi duten gelan kokatzen dira.

Eguerdian Herriko-Etxeak (Udaletxeak) herriko ikasle guztientzako bazkaria banatzen du kantinan. Han zer jaten den eta ikasleek zer jan nahiko luketen kontuan hartzen da afaria prestatzeko orduan. Garrantzi handia ematen zaie afari, gosari eta askari garaiei, bai elikaduraren kalitateari dagokionean, bai une horietan egiten diren harreman pertsonaleei dagokionean. Kantinetakoa baino giro lasaiago eta egokiagoa sortzen saiatzen dira.

Ikasleei lan batzutan taldeka parte har dezaten eskatzen zaie (gosariko baxerak jasotzea, gelen garbiketa, bazkariko baxera asteazken gauetan...). Autonomoa izatea eguneroko lanak egiten ikastea eta taldean uneoro nola jokatu jakitea izango litzateke hezitzaileen ustean. Eta hau, hezitzaileen ahotan, ez da bapatean lortzen; eguneroko jardunean, ohiturak sortzen eta hausnarketaren ondoren irabazten den zerbait bezala ulertzen dute.



Jarduerak

A) Arratsean

Urtean zehar arrats guztietan eskulan zikloak proposatzen dizkiegu. Gidaturiko jarduera hauek behar-beharrezkoak dira ikaslea taldean barneratzeko, batez ere 11 eta 12 urtekoentzat. Jarduera hauen inguruan sortzen dira ikasleen arteko lehen harreman eta loturak, eta baita ere, ikasle-hezitzaile artekoak. Arrats horietan sortzen den giroari esker lasaiago azter daiteke familiarekiko urrun egotea alde batetik, eta bestetik, talde bizitzaren ikasketa.

Honi doakionez, ikasleek anitz eskatzen dute. Teknika batzu ikasteko edo menderatzeko (pirograbazioa, moldaketa, argazkia, maskara atelierra, larrua lantzea, lonograbazioa eta abar...) sustapena da jarduera, eta denbora berean heziketa lanerako zutabea: ikasle batzuendako balorazioa, norberaren baitan konfidantza ukaitea, hasitako lana bururaino eramaten ikastea, lan jakin batean kontzentratzea, norberaren gaitasunak atxematea, porrota zer den ikastea... besteen ikuspegia onartzea eta abar...

Jarduera zikloak ikasle guztiei idekiak dira eta azpimarratu behar dugu lizeokoek ere parte hartzen dutela proposatzen zaien eskaintzen arabera.

Esperientziak erakusten digu badela zailtasun bat 13 eta 14 urteko ikasleak sustatzeko, adin honetan helduekilako eta haur munduarekilako hausturaren beharra baitute. Molde ezberdinetan adierazten da:

- Helduek eskaintzen dioten ororen gaitzespena

- Haien artean egoteko beharra

- Arazoak eta abar...

Adierazpen molde guztiak kontuan hartuz, neraberako une zail hau gainditzen laguntzea da gure lana.

Lizeoko ikasleekin, beren aldetik parte hartze handiagoa erdiesteko xedearekin, beste hainbat egitasmo betetzen ditugu (adibidez, tixortak egitea eta saltzea) urte bukaerako ateraldien finantzatzeko.

Eskolaz kanpoko ekimenak ere proposatzen zaizkie, ikastetxe barnean edo 15 urtetik aurrera ere kanpoan, kanpoko laguntzaileen partehartzearekin (musika kurtsoak, dantza, antzerkia...).



B) Asteazkena

Asteazken arratsaldean klaserik ez dutenez denbora luzea eta garrantzitsua da aste osoan barnetegian den gaztearendako. Ikasle kopuru erdia, 30 inguru, bere etxera doa barnetegian geratzeko gogoz badaude ere. Urruti xamar bizi direla eta barnetegian geratzen diren gaztetxoei, gutxi gora-behera 3 astetarik behin, ateraldi bat proposatzen diegu (lerratokira, igeritokira, zinemara, hirira...).

Asteazken arratsaldetako jarraipena gaueko izpiritu berean egiten dugu.

14 urteko ikasleek hamabostero aterako hautua dute, gurasoen baimenarekin, eta ardura beregain hartuz, emeki-emeki denbora librea erabiltzen ikasteko helburuarekin.



Ikasketak eta eskolarako laguntza

Hezitzaile bakoitzak talde zehatz bat du ikasturte osorako. Honek haurraren jarraipen pertsonala bermatzen du eskola mailan: eskolarako lana eta lotura haurraren tutore edota erakasleekin. Ikasleak hiru taldetan banatzen dira:

1) 11 eta 12 urtekoek jarraipen hurbilagoa dute. Hezitzaileak ikerketa bideratu bat hartzen du beregain: lana ontsa egina denez begiratzen du, ikasgaiak barnatu dituztela. Anitzetan ikasketak pentsaturiko ordutegitik at luzatzen dira (teorikoki oren bat).

2) 13 eta 14 urteko ikasleekin, jarraipena zehatza ez bada ere, hezitzailea hor da lanerako kontzentrazioan laguntzeko eta zailtasunak direlarik, beren sostengua ekartzeko. Jarraipen berezi bat beharrezkoa izan daiteke zenbait kasutan.

3) Lizeokoak: ez da jarraipen zehatzik aintzinikusi. Lana autodisziplinan egiten da. Hala ere, denbora horretan ikus dezakegu gaztea bere lanaren egiten: lanari eskaintzen dion denbora, hartzen duen metodoa (bakarka edo taldean). Zenbaitetan laguntza eskatzen digute lan baten egiteko (hau dela eta, gazteak atxeman ditzakeen zailtasunetaz ohar gaitezke).



Hezitzaile eginkizun ezberdinak



A) Hezitzaile taldearen lana

Kontzentrazio lan bat egiten dugu astean behin. Horrez gain, behar-beharrezkoak diren harreman informalen bidez osatzen dugu lan hau.

Talde lanari esker ekimenen plangintza egin dezakegu, kasuz-kasu hezkuntza ardurak hartzea, ebaluatzea, eta behar delarik, berregokitzea.

Erregularki, hartu ahal izan ditugun oharrak trukatzen ditugu elkarren artean, gazteari buruzko ikuspegirik objetiboena ukaiteko.

Talde edo ikasle bati buruzko gertakarien berri ematen diogu elkarri ahal bezain laister: honela gure erantzuna "beroan" azter dezakegu eta horrez gain, batzuen eta besteen jarrera koordinatu, gazteek etengabe eta zehazki egiaztatzen baitute guk ezartzen dizkiegun mugak guztiek onartzen ditugun ala ez.

Nerabearen arazoak larriagoak baldin badira, zenbaitetan norabide taldeari edo kanpoko jendeei eskatzen diegu laguntza (adibidez psikologoa, gizarte-laguntzailea eta abar).



B) Erakaskuntza eta Orientazio taldeekilako harremanak

Ikasle bakoitzaren zailtasunen berri ematen diogu erakasle taldeari (adibidez, ikasleak ulertu ez duena), azken honek kontuan har ahal ditzan eskola mailan . Gisa berean, erakasle taldeak ere ikaslearen berri ematen digu, adibidez ikasleak egin ez duen lan bat.

Astero astero bilkura bat badugu Hezkuntza Kontseilariarekin, hezkuntza eta eskolaratze ekimenak uztarturik egon daitezen. Lotura egiteko egutegi bat betetzen dugu, egunero informazioa pasatzen ahal baita eguneroko bizia eta barnetegiko biziaren artean.

Klaseko kontseilu bakoitza egin aintzin bilduma pertsonalizatua ematen diogu Hezkuntza Aholkulariari, eta honek klaseko kontseiluari ematen dio. Honi esker, erakasleak hiru oinarri ditu gaztea barnetegian kokatzerakoan: nerabea/gaineratekoen arteko harremanak; jokabidea eta kurtsoz kanpoko eskola lana.

Erregularki gazteekin egindako lanaren berri ematen diogu orientazio taldeari. Gure heziketa lanaren berri eta honen ebaluazioa ematen diogu.

Egoera larri bat gertatzen delarik ere elkarrekin aritzen gara. Trukaketa honek gertatutako egoerakilako jarrera egokiago bat hartzen laguntzen gaitu.



C) Gurasoekiko harremanak

Urtean zehar bederen bi bilkura programaturik dira gurasoekin. Barnetegiaren aurkezpen bilkura eta egitasmoa, barne araudia eta egitura honen barnean dugun eguneroko bizia sakontzen dira.

Barnetegiko pedagogi egitasmoa aintzina joan da gurasoen ekarpenekin, haien ideiekin, hiru atal hauek dituzten beharrekin: egitura, gurasoak eta gazteak.

Urtean zehar gurasoekilako lotura sendoa dugu. Berehala ohartarazten ditugu osasun, jokamolde eta ikasketa mailako arazoren bat gertatzen delarik. Gurasoek beren aldetik, gehienbat inplikatzen dira haurren jarraipena egiterakoan.

Ikasle berrien gurasoekin lan berezia egin behar dugu, azken hauendako urrun egoteak aise uler daitekeen larrialdia sortzen baitu (gazteen adina ikusirik.

Gure eginkizuna, puntu honi doakionez, haurrak barnetegian daraman biziari buruzko ahal bezainbat xehetasun ematea da, eta aldi berean, gurasoak lasaitzea.



Bilduma

Egitasmo hau parte batez zehazten duen hezkuntza akzioa ezinbestekoa iduritzen zaigu osatzen ari diren nerabeak ulertu, lagundu eta bideratzeko.

Guri sortzen zaizkigun zailtasunak, inguruari sortzen zaizkion berak dira: itsuarena egitea edo ezjakinarena egitea ardura falta litzateke.

Elementu hauek kontuan hartuz, barnetegiko pedagogi egitasmoak bere zentzu osoa atxikitzen du.