20: Euskal Heziketaren aurkako erasoen areagotzea ikasturte honetako berezitasun aipagarria

1997-07-01
Euskal Hezkuntzan aritzea geroz eta garestiago
 
 
Hatzak adina, hogei. Euskal zenbakuntza sistemak hogei lehen zenbakiak ditu oinarri. Arbaso zaharren antzera guk ere hilabetez-hilabete gure hatzetako bat izendatu dugu zenbakiko.

Eta kurtso bukaera zerbait bada, balorazio garaia da. Jada amaitua den ikasturtea zerbaitek bereizi badu, erakunde eta estamentu desberdinetatik euskararen eta Euskal Hezkuntzaren aurka jaurtikitakoak izan dira eta denen artean, Miguel Sanz Nafar Gobernuko lehendakaria txapeldun.

Edozein pentsakera politikoren gainetik, ezin uka liteke gure herriaren iragana, Euskal Herriaren historia. Beste edozein herritako iraganari zor zaion ezagupen eta errespetu ber-bera zor zaio gureari.

Multimedia eta telematikaren aroan, dena artxibatua, aztertua, egiaztatua... dagoen garaian nola liteke bere esku horrelako ardura duen pertsona batek hau guztia ezkutatu eta itsu-gor egin nahi izatea... edo benetan ez du ezagutzen herri honen nondik-norakoa, eta nondik azpimarratzen dugu, horrek bere buruaz esan nahiko lukeen guztiarekin...

Gure gurpilak bigarren bira burutu du. Azken bira honetan jende askorekin topo egin dugu eta asko izan dira inguratu zaizkigunak. Zenbat ilusio. Gure orrialdeetan irudikatu ezin izan dugun zirrara nabaritu dugu Euskal Herriko txoko guztietan, jendearen lan egiteko gogoak eta oztopo guztien gainetik aurrera egiteko kemenak eta nahiak hunkitu gaitu sarritan.

Duela bi urte, HIK HASIren sorrerara bultzatu gintuzten oinarrizko ezaugarriak present izan ditugu denbora guzti honetan: euskalduntasuna, nazionaltasuna, Euskal Herri osorako izatea, baterakoia, irakasle euskaldunen topagune, irekia eta plurala, independientea eta gaur, inoiz baino gehiago irmoki hedatu nahi ditugu. Eta gure arbasoek egin zuten antzera lehen hogei zenbakiak konbinatuz sortuko ditugu datozen berriak.

Ez dezala inork inoiz aitzakiarik izan gure hizkuntza, kultura eta historiaz arnegatu genuenik esateko. Animo guztioi eta dagoeneko Atturritik Ebroraino eta Orduñatik Santa Grazira sortu den olatu geldiezinaren hondoko-itsasoan zuzen jarrai dezagun guztia blai egiteko.

Izan ongi!