Ikasbatuaz; pauso sendoak emanez

1997-07-01
EAEko ikastolak publifikatu zirenean sortu zen Ikasbatuaz elkartea. Publifikazio prozesuaren aurrean elkarrekin joateko eta amankomunak ziren gaiak elkarrekin eztabaidatzeko asmoa zuten partaideek. Hein batean, ekintza hori bete dute, baina oraindik ere elkartuta eta lanean jarraitzen dute, gauza bat zintzilik baitago: euskal eskola publiko berria.
 
 
Ikastolak Ikastolen Federazioko partaide dira eta ohituta daude taldean lan egiten. Publifikatutako ikastolak horretaz ohartu ziren. Alegia, talde bezala hobeto funtzionatzen zutela, gauzak lortzeko hobe zela, esperientziak trukatzeko ere bai... Horrela, Ritxar Maritxalar, Ikasbatuaz-eko ordezkariak dioen bezala, "animatu egin ginen juridikoki eta legalki elkarte bat sortzera".

Horrela sortu zen ikastetxeen ordezkari den elkarte hau. Ritxarrek dioen bezala, "sortu ginenean zentroak ordezkatzen zituen erakunderik ez zegoela konturatu ginen. Guraso Elkarteak, sindikatuak, zuzendarien koordinadorak... bazeuden, baina ez osoki zentroa ordezkatzen zuen elkarterik". Horrelako esperientziak bazeuden eta badaude Katalunia eta Europan, eta hemen ere bide bera hartu zuten.

Hasierako helburua garbi zuten kideek. "Euskal eskola publikoaren legea ez zela gure gustukoa ikusten genuen, eta euskal eskola publiko berri bat bultzatzeko asmoa hartu genuen" azaldu digu Ritxarrek.

Helburu hori aurrera eramateko lehenengo taldea sendotzeari ekin diote, eta orain zabaltzea da asmoa. "Jendeak ez dezala pentsa ikastolakoak bakarrik gaudenik taldean. Talde zabala eta irekia da, eta ikastetxe guztiek daukate lekua. Guk uste dugu nolabaiteko zubia izan behar dugula. Ikastolatik at, ideia eta helburu berdinak dauzkaten ikastetxeak gure taldean lekua badaukate, hori oso garbi daukagu". Betiko eskola publikoan eta beraien eskolan oinarriturik sortu nahi dute euskal eskola publiko berria, eta horregatik eskola publiko guztiek daukate lekua Ikasbatuaz-en.

Ikastola eta eskola publiko tradizionalak ohitura desberdinak izan dituzte eta talde berean elkartzeak txokeak sortzen ditu zenbaitetan. Ritxarrek dioenez, euskal eskola publiko berri batez borrokatzeak eta planteamenduak aurrera eramateak lan handia eskatzen du, eta batez ere ideia eta planteamenduak argi edukitzea; bai euskararekiko, bai antolaketa mailan, bai administrazioaren aurrean gauzak errebindikatzeko. "Gure sisteman jendea nahikoa erosoa da eta kosta egiten da ideia hauek gauzatzen. Horregatik gauzak garbi eduki behar dira".

Ideia garbi horien artean osatzen da Ikasbatuaz-ek nahi duen euskal eskola publiko berria: eskola publikoa eta nazionala, Nafarrroa eta Iparraldea barne, eta autonomia askoz gehiago duena. Oinarrian autonomiaren eskaera dago.

Hauek ideiak eta helburuak dira, baina oztopoz beteriko bidea gainditu beharra dago berauen lorpena eskuratzeko. Horren adibide garbia ditugu euskararen inguruan sortutako tirabirak. Arlo honetan administrazioak hartutako erabakiak euskararen aurkako eraso zuzenak dira. "Euskaldunak ez diren irakasleak soberan daude eta hauekin zerbait egin beharra dauka administrazioak. Baina orain arte emandako pausoak ezin ditugu inola ere onartu. Sektore txiki bati irteera ematearren, zenbait eskolek dauzkaten proiektuak kolokan jar litezke". Izan ere, eskola publikoak daukan arazorik larriena langileri erdalduna da, birziklatu ez dena. Zer egin horiekin? "Egoera pertsonalak oso errespetagarriak dira" Ritxarrek dioen bezala, "baina ulertu behar dena da eskola ez dela euskaltegi bat, ez dela pertsona horiek birkokatzeko leku bat". Arazo pertsonal hauen gainetik, eskola bakoitzaren proeiktua errespetatzea eskatzen dute. Hezkuntza proiektuak langileriaren gainetik egon behar du, lehentasuna eman behar zaio. "Euskaraz Bizi¨ proiektua dägoen ikastetxe batean, pertsona guztiek euskaldunak izan behar dute, ezin da zirrikiturik utzi, ez jangelako langileen artean, ez autobuseko arduradunen artean...".

Administrazioaren aldetik izugarrizko presioa dagoela aitortu digu Ritxarrek. Helburuak garbi eduki behar direla errepikatzen du, bestela dena pikutara doala. "Efektu boomerand¨ bat da; orain arazoak konponduko dira, baina hemendik bost urtera berriz agertuko dira.

Ikasbatuaz-eko kideek badakite arazoa konpontzea zaila dela, baina aurrera egiteko prest daude. Ikasturte hasieran zuzendaritzarako laguntzaileak jarri zituen administrazioak zenbait eskoletan eta euskararik ez zekitenak ziren. Ikastetxe batzuk langile hori ez zuten onartu eta bueltatu egin zuten. Horrek bere kostoa dauka, Hezkuntza Sailak ez zuelako ordezko euskaldunik bidali. Horregatik, oso egoera zaila da baina administrazioari argi eta garbi azaldu behar zaio horrelako gauzak onartezinak direla.

Irtenbide zaila duen arazoa da, baina Ikasbatuaz-ek planteamendu bat luzatu du: sektore guztiak mahai baten inguruan eseri eta hitz egitea irteerak bilatzeko. "Irteerak egon badaude. Ratioei begira jarriz, lanpostuak badaude, baina ezin da administrazio mota eta politikarien arabera gauzak aldatuz ibili".

Talde desberdinek bildu behar lukete irtenbidea bilatzeko, eta Ikasbatuaz-ek harremanak baditu batzurekin. Ritxarrek azaldu digunez, "Guraso Elkarteekin bilerak egin ditugu, eta baita sindikatu eta administrazioarekin. Dena dela, oraindik ez gara askotan bildu". Nafarroako Sortzen taldekoekin, berriz, harreman onak izan dituzte orain arte. "Kanpaina egin ondoren, Nafarroako herri batzuk bilerak eskatuz erantzun digute".

Harremanak sendotu ahala etorriko dira elkarlanak eta baita hauen ondorioak ere. Ikasbatuaz-ek lehen pausoak eman ditu; hankak non jartzen dituen ondo begiratuta eta norabidea ere ongi finkatuta. Bide-zidorra garbituz eta zabalduz joango da, bukaeran euskal eskola publiko berriarekin topo egiteko.