UGARTETXEA, Arantxa:

1997-07-01
Orain dela gutxi hil zen Sao Paulon Paulo Freire pedagogoa. Hezkuntzan, eta batez ere helduen alfabetatze munduan aritu zen lanean. Arantxa Ugartetxea donostiarrak bera ezagutzeko aukera izan zuen eta bere ikastaroetan parte hartzekoa ere bai. Freireren metodologiak erabat ukitu zuen emakume hau, eta bere esperientzia eta bizipenak azaltzeko prest agertu zaigu.
 
 
Sao Paulon ezagutu zenuen Paulo Freire, baina bera pertsonalki ezagutu aurretik ere bere metodologiaren berri jaso zenuen. Nola sortu zen lehen kontaktu hori? Nondik jaso zenuen bere berri?

60ko hamarkadan Kolonbiara joan nintzen. Garai hartan ez zegoen ONGrik, baina lagun bat eta biok hara joan ginen konpromezu batekin: iparraldeko herri txiki batean ikastetxe kooperatibo bat eraikitzea. Bi urte pasa nituen han eta orduan izan nuen Paulo Freireren berri. Alboko herriko irakasle oso lagun bat etorri zen Freireren alfabetatze metodologiaren zabalpena ematera. Ikastaro baten bidez, bere metodoaren erabilpenaz jabetu eta erabiltzen hasi ginen.



Hainbeste ukitu al zintuen bere metodoak?

Bai, ezagutu eta berehala "hau da herri honek behar duena!" pentsatu nuen. Hango jendeak ez zuen Europa edo Estatu Batuetako metodo sofistikaturik behar, bertako jendeak egindakoa baizik. Eta ez dakizu zer inpresio, zer erantzun izan zuen jendearen aldetik! Ba al dakizu zer zen nekazari haientzat irakurtzen eta idazten ikastea? Bizitza osoan besteak baino gutxiago direla entzun dute eta bapatean 45 egunetan irakurtzen eta idazten hasten ziren. Besteak bezalakoak zirela eta besteen mailara irits zitezkela konturatu ziren. Pertsona bezala beraiek ere jakintsuak direla sentitzen dute. Barruko iraultza bat suposatu zuen horrek.



Zeintzuk dira metodologia iraultzaile honen osagarri nagusienak?

Nik lau azpimarratuko nituzke: kontzientziazioa, historian kokatzea, gogoeta eta elkarrizketa. Hortik abiatuta ateratzen da dena. Garrantzitsuena ekintza da eta ondoren dator teoria. Nik zera ikasi nuen: ekintzak beti gogoeta batetara eraman behar gaituela eta gogoeta horrek kontzientziaziora. Hortik teoria bat atera behar da eta berau berriro gure egunerokotasunera itzultzen denean ekintzen bidez berriro aztertzen, osatzen eta lekuetara, momentuetara, historiara egokitzen joango gara. Hori da bizitzeko pedagogia era, pedagogia bizia.



Oinarrizko elementu hauek sakonago ezagutzeak pena merezi du Freireren metodologiaz ondo jabetzeko. Lehenengo, kontzientziazioa aipatu duzu. Zer da kontzeptu horrekin Freirek ulertzen zuena?

Beno, kontzeptu hori izan zen 70eko hamarkandan mugiarazi gintuena. Ez da berdina kontzientzia edukitzea eta kontzientziazioa. Kontzientzia denok daukagu. Baina kontzientziazioa da ni zurekin hitz egiten ari naizela eta aldi berean zergatik ari naizen, nora iritsi nahi dudan eta zer esan nahi dudan hausnartzen ari naizela. Askoz ere sakonagoa da, hausnarketa bat dago hor barruan. Kontzientziazioak gogoeta suposatzen du, baina ez esaten dudanaren arabera soilik, baizik eta entzuten didanak zer pentsatuko ote duen, zenbat gauzekin ukitzen zaren, zerk sentsibilizatzen zaituen, zein girotatik zatozen... Horiek denak gogoeta batetara eramaten gaituzte eta kokatu. Eta ondo kokatzeko gogoeta behar da.



Orduan, Freireren iritzi, ez dago hezkuntza mailan gogoeta eta kontzientziaziorik gabeko ekintzarik.

Hala da. Gogoeta horrek eramaten gaitu teorizatzera, eta teoria horrek praktikan bukatu behar du.



Kontzientziazioa eta gogoetarekin batera historiako kokapena aipatu duzu lehen. Errealitatearekiko lotura estua mantendu behar dela, alegia.

Bai, hala da. Ezin dugu historiatik kanpo ibili. Gogoeta horretan, gure praktika aztertzeko garaian, zein une historikotan gauden hartu behar dugu kontuan. Garaiko historiari buruz gure errealitatean dauden galderak zeintzu diren jakin behar dugu ondoren gure praktikan galdera horiei erantzuten ahalegintzeko. Adibidez, ni irakaslea baldin banaiz, bizi dudan une historiko honetan sentsibilizatuta egon behar dut, sentitu egin behar dut egungo eskariak zeintzuk diren sozialki, historikoki, neure herrian kokatuta. Irakasle ona baldin banaiz, ikasleek bizitzen dituzten galdera pila horiek ezagutu beharko nituzteke, bion artean, ikasle eta irakaslearen artean erantzuteko.



Historiaren eta norberaren jatorriaren arabera kokatze honetan bakoitza kontestu ezberdinetik datorrela kontuan hartuta, hezkuntza ez da neutrala, ezta?

Ez, ez da, eta hori Freireren ideia garrantzitsu bat da. Ez du esaten politika gela barrura eraman behar denik, politika hor dago. Denok daukagu ikuspegi bat, denok gaude zerbaiten alde gehiago eta zerbaiten kontra gehiago. Inor ez da neutrala. Hezkuntza hor kokatzen da eta ez da hezkuntza neutralik existitzen. Horregatik daude ikastetxe bereziak, institutu desberdinak, unibertsitate desberdinak...



Aniztasun honen ondorioz ezagutza era desberdinetara geureganatzen dugu .

Bai, irakaslearen lana ez da bere aldeko jarrerak sortaraztea ikasleegan. Irakasleak egoera agertu behar du, estalkiak kendu, gero bakoitzak esperimenta dezan nondik nora joan. Bide desberdinak daude bakoitzak bere ezagutza garatzeko eta bide horietan elkarrizketa agertzen zaigu berriro. Eta hementxe dago Freireren gauzarik politena: lo inédito viable.



Zer ulertu behar dugu "lo inédito viable" horrekin?

Elkarrizketa egoeran, besteari hitz egiten duzunean eta ENTZUTEN diozunean, egoera berri bat sor daiteke, inork inoiz somatu ez duen egoera berri bat. Argitaratu gabeko egoera da, baina bideragarritasun bat baduena.



Freirek garrantzi handia ematen zion elkarrizketari. Guri, ordea, oraindik ere kosta egiten zaigu.

Gu oso ohituta gaude ez entzuten. Irakasleok mahai borobil batean bildu eta elkarri entzuteko pazientziarik ez daukagu. Eta askoz gutxiago ikasleentzat. Ez daukagu pazientziarik eta hori beharrezko da.

Zenbat aldiz esaten zuen Paulok geletara erantzun pila batekin sartzen ginela. Baina norenak izan dira galderak? Ikasleek askotan ez dute galdera bakar bat ere egin!



Ikasle eta irakasleen arteko asimetria izugarri horri Paulok nola egiten zion aurre?

Beti borobilean esertzen ginen berarekin, ez zegoen oholtzarik. Gai bat hartu eta talde txikitan eztabaidatzen genuen lehenengo. Ondoren, denok borobilean jarri eta ikuspuntu desberdinak agertzen genituen. A zer nolako pazientzia zeukana! Guk askotan aldamenekoa izugarrizko roiloa botatzen ari dela pentsatzen dugu. Eta Paulo, berriz, hantxe egoten zen eserita, lasai, entzuten. Zeren pertsonarentzat hitz egiten ari den momentu hori oso garrantzitsua da, hortik abiatuko da bere sormena, bere ikusmira, bere ezagutzaren bereganatzea.



Elkarrenganako errespetua izatea esan nahi du honek guztiak.

Bai, batzuk azkarragoak eta beste batzuk geldoagoak gara. Ezagutzaren geureganatze horretan errespetu handia eduki behar da eta benetako errespetua hori da. Hor izugarri ikasten da. Freirek ez du inoiz pentsatzen ikasle baten galdera alferrikako denik. Guk hori teoria mailan ikusten dugu, baina praktikan autoritarioak gara.



Ez dugu autoritarioak izan behar, baina autoritatea eduki behar da. Zein desberdintasun dago bien artean?

Autoritatea eduki behar da irakaslea ezagutza mailan ikaslea baino gehiago delako. Horregatik doa ikaslea irakaslearengana. Hori da irakaslearen autoritatea, bere profesionaltasunean kokatzen dena. Bizitzak eta bere aukerek ezagutzaz jabetzeko aukera eman die, eta ikasleak ez du horrelakorik eduki oraindik. Denak dabiltza bidean, baina irakasleak badirudi bide gehiago egin duela. Horregatik, hor dago bere autoritatea, baina hor bakarrik. Ez ezagutzaren manipulazioan, ez ezagutzak nola izan behar duen esateko, ez zein momentutan eta nola eman behar den esateko, ez besteari hitza ukatzeko. Inola ere ez. Hori manipulazioa da, autoritarismoa, botorea erabiltzea.



Freireren metodologiaren oinarrizko elementuak aipatu dizkiguzu eta orain hobeto ezagutzen ditugu, Arantxa. Gure eguneroko lanean, gure gelan, ideia hauek martxan jartzeko zeintzu dira eman behar ditugun lehen pausoak?

Freireri jarraituz, lehenengo ikasleriak bizi duen egoera ezagutu behar dugu. Hemen hizkuntzalariak, soziologoak, psikologoak nahi badu eta irakasleak parte hartzen dute. Guztien artean gogoeta sakon bat egiten dute profesionaltasunez. Herrian biziz eta ikaslearen hizkera erabiliz ikertzen dute ingurua. Hortik aurrera sortzen dira kontzientziazioa, historiako kokapena, gogoeta eta elkarrizketa. Eta guztien artean pedagogia bizia sortzen da.



Zer esan nahi duzu Freireren pedagogia bizia dela esatean?

Berak teoria eta praktika, hitz idatziak eta biziak, bata bestearekin batera erabiltzen zituen. Pedagogia emozionalari ematen dio garrantzia, eta hori da une hauetan behar duguna. Gaur egun teknologia asko aurreratu da eta pauso handiak eman dira, ez diot ezer kentzen. Baina ez dezagun ahaztu alde emozionala. Teknika horri pedagogia bizia, emozionala eta nortasunez jantzitakoa eman behar diogu.

Bera helduen alfabetatzearen metodoarekin egin zen ospetsu. Bere metodoa ez dago idatzia, bere ikuspegi pedagogikoaren ondorio konkretu bat da, bere herrian, Brasilen, jende horri erantzuna emateko. Metodo honen atzean dago orain arte esandako guztia.



Brasilen nolako harrera izan zuen Freireren pedagogia honek?

Hasieran, metodoa sortu zuenean, gobernu militarra zegoen agintean. Ezjakinek 45 egunetan irakurtzen eta idazten ikasten zutela ikusi zutenean, eta gainera kontzientziatuta, beldurtu egin ziren agintariok. Neurriak hartzen hasi eta Freire 70 egunetarako espetxean sartu zuten. Gero, 1964ean erbesteratu egin zuten. Lehenengo Bolivian egon zen, gero Txilen, EEBBtan eta Suitzan. Brasilen demorazia kristaua ezarri zenean bere metodoa nekazaritzan zabaltzen hasi zen. Bere ospea zabaltzen hasi zen eta Ipar Ameriketan eta mundu osoan berataz hitz egiten hasi ziren.

Dena dela, guztiek ez zuten ondo ikusten. Horregatik, Brasilen bertan ere leku batzuetan asko zabaldu zen, baina beste toki batzuetan ez.



Eta hemen nolako oihartzuna izan du?

Nik neuk Axular ikastolan ibili nintzenean sentitu nuen gehien bere pedagogia horren bizipena. Eskolaurrean egon nintzen, eta leku goxoa, atsegina zen. EHUn ere egon nintzen urtebeteko ordezkapena egiten, eta tradizionala topatu nuen. Azken zazpi urteotan, berriz, Herrerako Txingurri euskaltegian ibili naiz. Neure ikasleekin espazio goxoa sortzea lortu dut; ikasleak ezkortasunetik atera eta kontzientziazioa dela medio. Euskararen kontrako jarrera hori aldatzea lortu dut, ikasleak motibatzea.