23: Oliveri eta Unzeta jaunak, Hik Hasik, entzuna izateko eskubidea du

1997-12-01
Agindua zorra dela ahaztu ez duzuelakoan...
 
 
Bagenekien, bai jakin ere, bidea ez zela erraza izango. Hala ere, Hezkuntza arloan zeuden espazio hutsek kezkatzen gintuzten eta guk geuk iniziatiba hartzeko erronka eta beharra sumatu genuen geure baitan.

Hiru urte daramatzagu Eskola Erkidegoa osatzen duten kide ezberdinen ahotsak entzun eta haien bozgorailu izaten.

Gure sorreran agindu bezala fin bete dugu gure konpromezua hilabetero-hilabetero zenbaki bat kaleratuz. Euskal Baliabide Pedagogikoen GIDA liburua, topaketak, "haur-jolasen abestiak" musi-zinta eta CD, eta txirulaz jotzeko abestien bilduma gure hiru urteko lana borobiltzera datoz gainera. Ahalegin handiaren emaitza dira. Hik Hasi egitasmoa ilusioaren itzalean jaio zen eta hari esker eta adiskide askoren desordutako lanari esker gauzatu da.

Kultura Sailak euskaraz argitaratzen diren aldizkariei ematen dien diru-laguntzetatik at gaude, deialdi honetatik kanpo uzten baititu pedagogiaz jarduten dutenak presezki. Xedapen honen ondorioz pairatzen dugun diskriminazioa orekatzeko Hezkuntza Sailako arduradunek eman dizkiguten hitzak ez dituzte bete.

Euskal Baliabide Pedagogikoen gida prestatzerakoan Hezkuntza Sailari proposamen zehatzak zuzendu bazitzaizkion ere, gidan betetzen duen proportzio berdinean doa Hik Hasiekiko duen aintzat hartzea. Kritika ugari jaso ditugu sare publikotik gure gidan beharko lukeen eta izan ez duen trataeragatik. Baina zinez diogu, honen guztiaren ardurak badu erantzule bat eta erantzukizuna ez dugu gure bizkargain hartuko.

Hik Hasik kanpoan jaso behar izan du etxean lortu ezin izan duen aintzapena. Honela, Europako Kontseiluak eta Akitania-Euskadi-Nafarroa elkarlanerako erakundeen sari eta laguntzak jaso ditu. Bien bitartean aurten ere ez dugu ia ezer jasoko Hezkuntza Sailatik.

Hik Hasik biltzen du bere ingurura nahikoa indar jarraitzeko. Eta oraindainokoarekin halaxe frogatu dugu. Hala ere bada zer eta non hobetu eta hori ez dago Hik Hasiren esku soilik. Ezinbestean, Euskal Hezkuntza osatzen dugun kide guztion parte hartzea behar dugu, zuek, Administrazioa barne.

Gure eskua, beti egon den legez, luzaturik duzue. Euskal Hezkuntzan erreferente bilakatu eta hainbeste harpidedun eta laguntzaileren babesa duen egitasmoa ezin duzue zokoratzen jarraitu. Emandakoaren hitza bete eta akordio bat gauzatzea ezinbestekoa da. Zuen esku dago.