Gabon sasoian

1997-12-01
Urte sasoi honetan gabonetako hotsak entzuten hasi ohi gara. Negua, etxeko epeltasuna, familia giroa... Une bakoitzak bere berezitasunak izan ohi ditu, eta horiekin loturiko ospakizunak ere bai. Tradizio eta ospakizun horiek berreskuratu asmoz sortu da "Urte Sasoiak" proiektua. Urteko lau sasoi nagusietako altxorrak ezagutzera emateko asmoa du, eta lehen pausoa eman du: Pantxoa eta Peioren "Oles ta oles" gabon kanten diskoa.
 
 
"Urte Sasoiak" proiektua martxan jarri dutenen helburua Gabon garaia, neguko festak, uda sasoia eta udazken aroan oinarritutako kanta, kopla, dantza, janzkera eta abar berreskuratu eta ezagutaraztea izan da. Gizakiak eta naturaren arteko harremanak adierazteko mendeetan zehar metatu diren kultur arbaso guztiak (kantuak, dantzak, sinesteak, janzkerak, zeremoniak eta abar) herrian lehenaren eta orainaren parte dira.

Horregatik urteko sasoi nagusiei lotutako ospakizun eta ohituren inguruan, euskal herrietan gorderik dagoen altxorra egokitu eta plazaratzea, eta lekuan lekuko ondarea jasotzea premiazko lana dela iruditu zaie proiektuaren bultzatzaileei.

Gabon garaietara hurbiltzen ari garen honetan lehen eskaintza horretan oinarritu da. "Oles ta oles" izenarekin 15 kantaz osatutako diskoa eta zinta kaleratu dira. Pantxoa eta Peio bikoteak Tolosako Laskorain ikastolako haurrekin batera abestu dute grabaketa honetan. Euskal Herriko herri ezberdinetako kantak bildu dituzte; bildutako 50 abestietatik 15 aukeratu zituzten. Denak gabonetako kantak dira, baina gaia eta jatorriak desberdinak dira, Euskal Herriko zazpi probintzietako herrietatik jasotakoak direlarik: Itsasondo, Aramaio, Oiartzun, Urdiain, Gernika, Busturialdea, Mungialdea, Arratia, Otxandio, Elantxobe, Zeberio, Ziburu, Sara eta Lesaka besteak beste. Gaiei dagokienez ere, mota ezberdinetako abestiak daude: San Nikolas txikiari eskainitako bat, bi marijesia, Gabon egunekoak bost, Eguberrikoak bi, Gabon Zaharretako bi eta Urteberriko hiru.



Proiektuaren mamia

Lan honen helburua gizarteari eredu baliagarriak eta irakaskuntzarako erreferentzia egokiak eskaintzea da. Horregatik, diskoaz gain lan gehiago ere argitaratuko dituzte. Gabon garaiari loturik dagoeneko bi lan prest dituzte: bideo didaktikoa eta liburuxka bat.

Bideoa Jabier Larra-agak burutu du eta bertan orduerdian gabon garaiko ospakizunak ikus daitezke. Liburuxka, berriz, irakaskuntza arloan erabiltzeko da batez ere. Kantu eta ospakizunei buruzko argibideak bildu dira bertan.

Aurrerantzean eta udaberriari begira eskaintza zabalagoa eskainiko dute. Horretarako erakunde desberdinak inplikatu dira proiektuan eta bakoitzak bere partea eman du eta emango du. Alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek eta Foru Aldundiek xede horretarako programa berezi bat antolatu eta neurri baten finantziatzeko borondatea adierazi dute. Beste aldetik, Euskal Herriko Ikastolen Elkartea eta Labayru Ikastegia programa hori kudeatu eta aurrera eramateko prest azaldu dira. Erakunde biek hartu dute herri kantutegi zaharra aztertu eta ikertzeko ardura eta lan-emaitza guztia kaleratzeko editore zeregina Elkar argitaletxearen esku egon da.

Dagoeneko eskuratzeko moduan dagoen konpak diskoan, berriz, Pantxoa eta Peio abeslariek kantatzen dute. Sei urtez elkarrekin abestuz egon gabe ondoren, lan honetarako berriro elkartu dira. Proiektu ona iruditu zitzaien eta ilusio handiz ekin ziotela adierazi dute. Euskal Herriko herrialde ezberdinetako abestiak ezagutzeko aukera izan dute, eta guk ere bai orain beraien bidez.

Zuzeneko emanaldi batzuk ere eskaintzeko asmoa dute, baina kontatuak izanen dira, 8-10 inguru.

Bikote honek Tolosako Laskorain ikastolako zenbait ikasleren laguntza izan du eta guztien artean osatu dute lana.

Honatx, beraz, gure kulturarekiko eta usadioekiko ezagutza areagotzen lagunduko digun ekarpen berria: Urte Sasoiak.