ELORZA, Juan mari; EZKIAGA, Patxi; LARREA, Jose Luis:

1997-12-01
Azken aldian heziketa eta irakaskuntza munduan ematen ari diren erabaki larriak direla eta, ez da eskuak gurutzaturik gelditzeko momentua. Euskal Herriko ikastetxe eta erakunde guztiei eragiten dien egoera da eta denon artean hausnartu eta aurre egitekoa.
 
 
Asmo horrekin, azaroaren 18an mahainguru bat antolatu genuen taldeok gonbidatuz: ELA, EILAS eta LAB sindikatuak, FERE, Guraso Elkartea, Ikastolen Elkartea eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila.

ELA sindikatuak ezin zuela agertu abisatu zuen eta idatzi bat bidali zuen bere iritzia azalduz. Guraso Elkarteak baiezkoa eman zuen baina ez zen azaldu. Ikastolen Elkarteak gai honen inguruan esan beharrekoak esanda eta eztabaidatuta zeudela azaldu zigun eta ez zuela mahainguruan parte hartzeko asmorik. Hezkuntza Sailak, berriz, ez zion erantzun ere egin gure proposamenari. Beraz, EILAS, LAB eta FERE izan ziren mahainguruan parte hartu zutenak, Jose Luis Larrea, Juan Mari Elorza eta Patxi Ezkiaga, hurrenez hurren.

Gauza interesgarriak komentatu ziren bertan eta guztiok ezagutzeko modukoak iruditu zaizkigu. Orriok horretarako baliatuko ditugu, beraz.



Mahaingurua hiru galdera edo ardatzen ildotik garatu zen:

1.- "Humanitateak" dekretu egitasmoari buruzko iritziak.

2.- Irakaskuntzak pairatzen duen egungo egoeraren azalpena erakunde bakoitzaren ikuspegitik.

3.- Egoeraren aurrean jokabide posibleak aurkeztu.




Patxi Ezkiaga-FERE: Hasieran nik uste dut dekretuak berak zer dioen adierazi beharko genukeela eta nire ustez, hasieran egiten duen baieztapena da garrantzizkoena. Hasiera-hasieratik dekretu hau Historia eta Geografia aldetik garatu nahi dutela dio alde batetik, eta bestetik gaztelaniaren aldetik, hizkuntzaren aldetik. Baina garbi-garbi adierazten dute horren guztiaren helburua norberaren kultur identitatea eraikitzea dela. Horretan Historiak nola edo hala iragan historikoa oinarri duelarik betetzen du funtzio hori eta Geografiak espazioaren eraiketa eginez.

Baina kuriosoki, hori aipatzen duen momentuan hori egiteko dekretuak ikuspegi orokor eta integratzaileak eskaini nahi dituela adierazten du. Eta ikuspegi orokor eta integratzaile horiek eskaini ahal izateko momentuan, bitxia da jarraitzen duen haria: Unibertsoa, Mendebaldea, Europar Batasuna, Espainia, eta gero nazionaliatateak, lurraldea, probintzia, herria. Orain arte erabili izan ditugun proiektu pedagogikoen guztiz bestelakoa da. Hori planteatu ondoren ez du engainatzen.

Nik hori positiboa ikusten dut, ez engainatzea, alegia. Hasieratik esaten du garbi, garbi, garbi Espainiako historiaren berezitasunak Europako testuinguruarekin lotzea dela helburua historia unibertsalaren hari nagusietan oinarrituta. Eta berriro dio Espainiako jarduera historikoaren izaera unitarioa duela gai, izaera bateratu hori, beronen hizkuntza eta kultur aniztasunarengatik. Hori oso gaizki ikusten dut programazioari dagokionez, etenaren historia delako, urraduraren historia. Ukatu egiten digu hasiera-hasieratik herri bezala existitu ahal izatea, zeren eta behin eta berriro erreferentzia gisa Espainia bakarrik hartzen baitu. Programazioan guri buruzko erreferentzia bakarra dago: Aro Garaikideko "La España Liberal" delakoan Iberiar penintsulako nazionalismoak landuko dituela dio epigrafe nimi-o batean. Eta ez dago besterik.

Nire ustetan, horretan jardun dugunok badakigu zein garrantzitsua izan daitekeen eta den herri honetan mugak bertan behera botatzea prozesu integratzaile bat eraman nahi badugu. Lehen Pirinioak muga baldin baziren, dekretu honekin Pirinioak ezezik Himalaya handi bat jarri digute, zeren eta automatikoki ez baitago Ipar Euskal Herririk eta ezta Nafarroarik ere. Badirudi kontrarreforma garaiko halako manikeismo basati batetara, estatu batetara bueltatu gaituztela berriro.

Erreforma garaia da eta badirudi, testua irakurriz, modu lehiatsuan eginda dagoela, hesiak ahalik eta handienak egiteko asmotan.



Juan Mari Elorza-LAB: Gauza berriak aipatzearren, eta ados egonda egindako hainbat balorazioekin, interesgarria iruditzen zaigu proiektu berri hau zein kontestutan eman den aztertzea. Hau da, zein da gaurko egoera? Dirudienez estatuak ez zeukan aukerarik eduki minimoak finkatzeko. Denak autonomien eskuetan geratzen ziren.

Abiapuntu bezala hori hartu behar da, gaur egungo legedia edo LOGSEk markatzen duen ildoa nondik nora doan. Garbi esan behar da gaur egungo egoeran Estatuko Ministeritzak gehiengoa daukala proiektu honetan eduki minimoak ezartzeko. Oker ez banago, %55a estatuaren eskuetan geratzen da eta autonomia erakundeetan %45a. Honek esan nahi du gaur egun estatuak nahiko ahalmen duela berari interesatzen zaizkion edukiak jartzeko.

Gaur egungo irakaskuntza mailan Estatu Espainiarreko errealitatea eta kultura present daude jadanik maila handi batean, zoritxarrez edo zorionez, bai Kataluniako eta baita Euskal Herriko irakaskuntzan. Orduan, dekretu berri honek ez daukala inolako justifikaziorik esan nahi du. Bai irakaskuntza eta bai gizarte mailan Estatu Espainiarrean dauden sektore atzerakoien nahiei erantzuten die soilik.

Zentzu horretan hartzen dugu eraso bezala, autonomiei eta autonomia estatutuei egiten zaien erasoa. Nik uste, horrelako gertakizunek arrazoia ematen digutela estatutuaren bideak nahiko agortuta daudela eta marko politiko berri baten alde borrokatzen hasteko garaia dela esaten dugunoi.

Horrez gain, ikastetxeentzat suposatzen duen erasoa ere aipatu nahi genuke. Ikastetxeek, erreformaren arabera, autonomia zirrikitu batzuk badituzte curriculum batzuk finkatzeko, eta dekretu honen bitartez hori ezinezkoa izango da.

Bukatzeko, bai Baskongadetan eta Nafarroako administrazioaren aldetik egon diren erantzunak ez zaizkigula oso bidezkoak iruditu azpimarratu nahiko nuke. Apalak eta eskasak izan dira. Nafarroakoak ez du izenik, goitik behera onartu dute dekretua eta gainera defendatu egiten dute. Oso nekez esplika daiteke hori. Baina Baskongadetakoa ere nahiko apala da eta oso arriskutsua hori hartu eta negoziazio batean sartzea.



Jose Luis Larrea-EILAS: Ados nago orain arte esandakoarekin. Beste puntu bat gehitzeagatik zera esango nuke: guk dekretuaren hausnarketa egiterakoan aztertzen dugun lehendabiziko gauza dekretuaren ahulezia eta faltsukeria dira. Ahulezia zergatik? Diagnostikoa egiterakoan Aguirre, kargua eskuratu zuenetik, adierazpenak egin eta egin egon dela ikusten dugu: Humanitateen ahulezia, Humanitateen azterketaren beharra eta abar. Horrekin giroa prestatzen egon da. Zenbait adituen adierazpenak eta egunkarietako artikuluak azaldu dira Humanitateen egoera larria zela esanez bai Espanian eta baita Europako zenbait nazioetan.

Beste gauza bat ere esango nuke: diagnostikoaren injustizia. Aldaketa sakon hauek planteatzerakoan, eta sakonak dira pedagogia, epistemologia eta didaktika aldetik eta zuek aipatu dituzuen arrazoien aldetik, orain arte LOGSE onartu baino lehenago MRP edo Berrikuntza Pedagogikoaren Mugimenduetan aritu diren irakasle, guraso eta jende askok izugarrizko ahalegina egin zuen Didaktika hau berritzeko. Hori dena lurrean geratu da proiektu berri honekin.

Beste puntu bat zera da: guztiz demagogikoa iruditzen zaigula. Hezkuntza departamentuak, PP alderdia atzerakoia eta kontserbadorea denez, LOGSEk eta Erreformak planteatzen zuena ez zuen inoiz onartu, inoiz ere ez. Orduan, izan duen lehendabiziko aukera aprobetxatu nahi du. Ez da ausartzen dekretuaren legea bertan behera uzten eta Humanitateen bidez dekretu batzuk eginez hasi da. Gero Batxilergoarena etorriko da eta gero Lehen Hezkuntzakoa. Horregatik diogu guztiz demagogikoa dela, ez dakigulako Humanitatea interesatzen zaien edo ez, baina argi dagoelako beraien ideia politikoak ezartzeko erabiltzen ari direla. Argi eta garbi ikusten dugu.

Mass-media, politikari eta erakunde politikoen artean gaiaren trataera nolakoa izan den ere aipatzekoa da. Gure ustez tratamendua guztiz kaltegarria izan da. Komunikabideetan manikeo gisa tratatu dute. Jendeak jaso duen ideia hau izan da: Humanitateak desastre hutsa direla eta erreformak ezartzen zituen ereduak guztiz desegokiak zirela.

Dekretu honen helburua giroa prestatzea izan da eta fundamenturik gabe egin dute. Diagnostikoaren faltsukeria eta ahulezia lekuko dira. Ez dago inolako ikerketa edo hausnarketarik DBHk sortzen dituen emaitzak ebaluatuz. Maneiatu diren inkestak edo azterketak auskalo zeintzuk izan diren, mahai gainean ez baitira jarri. Nork egin ditu inkesta horiek? Auskalo. Non? Auskalo. Eta egitekotan ere, DBHko ikasleei ez zaie egin, oraindik ez dagoelako 4. DBHko mailarik.

Beste akats bat irakasleen bazterketa izan da. Dekretuaren aurrepuntuetan irakasleriaren zenbait sektoreren iritzia aldaketaren aldekoa dela aipatzen da, baina zeintzu dira irakasle horiek?

Beraz, gure lehendabiziko iritzia edo inpresioa dekretuaren diagnostikoa ahula, faltsua, demagogikoa eta injustua dela da, oinarririk gabekoa.



Patxi Ezkiaga-FERE: Horretan aurrera egin behar baldin badugu, hori aldatu egin behar baldin bada eta hori onartuko bagenu, zergatik hartu behar ditugu oinarritzat behin eta berriro espainiar erreferentziak? Zergatik ez hartu euskal erreferentziak?

Zerk egiten dio Gobernuari dekretu hori zilegi egitea? Konturatu dira hori justifika ezina edo justifikatzeko zaila dela? Beraiek LOGSEn apoiatzen direla diote. LOGSEk zera dio: "Erreformak badu berarengan geroko egokipen eta garapen posibleak egiteko adina malgutasun". Eta horretan oinarritu direla diote, zeren, LOGSEren helburuen artean hiru daudela zioten: adinen ohiturak eta ikaste-teknikak eskuratzea, ezagupen zientifiko-tekniko, humanistiko, historiko eta estetikoa jasotzea eta Espainiako hizkuntza eta kultur aniztasunarekiko errespetua, gero inondik azaltzen ez dena, inondik ere ez.

Zerbaitek laguntzen baldin badigu benetan euskal nortasuna lantzen, gure neska-mutilei euskalduntasuna zertan datzan erakutsi ahal izatea da. Arlo hauek dira hain zuzen gehien laguntzen digutenak, Geografia, Historia eta Humanitateak. Hori gure eskuetatik at gelditzen baldin bada, eskumotz eta hankamotz gelditzen gara, zeharo lotuta. Baina azken xedea espainiar guztientzat amankomuneko formazioa bermatzea eta ondoren emango dien titulutasuna badira, ez dago zer esanik.

Honek benetan kutsu txarra du, kiratsa. Honen atzetik zenbait estamentu atzerakoi eta aspaldiko iraganari zeharo hestu loturikoak ikusten dira, bueltan datozenak berriro ere, burdina bere arregora eraman nahiean dabilen jendea.



Ikastetxeen eskuetan ez dela ezer geratzen esan da. Zergatik esaten da hori?

Juan Mari Elorza-LAB: Gutxienez teorian LOGSEk bazeukan planteamendu metodologiko bat eta beste gauza batzuren artean curriculumak, edukiak, ez direla guztiz finkatuta joan behar hasieratik zioen, baizik eta lerro nagusiak. Ondoren zentro bakoitzean lan bat egin behar da irakasleen aldetik hori osatzeko. Azken finean curriculum hori ikastetxean bertan osatzen da taldeko irakasleen artean. LOGSEk bazuen planteamendu hori bederen.

Baina erreforma honekin ezinezkoa bihurtzen da, eta LOGSEren filosofiaren eraso bihurtzen da. Beraz, bai euskal irakaskuntza defendatzen dugunok, hau da, Euskal Herria herri bat delako erreferentzia bezala hartu behar dela esaten dugunok, eta besterik gabe LOGSE defendatzen dutenak derrigorrez egon behar dute egitasmo honen aurka.



Jose Luis Larrea-EILAS: Curriculumaren malgutasuna desagertu egiten da. Hori autonomiek zuten portzentaia horretan ikusten da eta ikastetxeek proiekturako curriculuma egokitu ahal izateko zuten aukeretan. Non geratzen da irakasleriaren papera? Penagarria da orain arte kritikatu duguna, guztiz transmisiboa izatearena, bere horretan geratzen dela. Irakasle sortzailea edo profesionala beste era batera ikusi nahi genuen eta goitik behera deuseztatzen da.

Irakasle eta ikasleak horrelako gai zerrenda batekin aurkitzen badira, ez zaie ezertarako denborarik ez aukerarik gelditzen, memoria edo oroitzapena lantzeko soilik. Gainera, oroitzapena modu txarrez lantzen da, gero errepikatzeko, telebistan egiten diren lehiaketa horietan parte hartzeko. Ez da sortzen ikasle sortzailea, lan-ikerketak egiteko eta pentsatzen ikasteko modukoa.



Patxi Ezkiaga-FERE: Guztiz ados nago XIX. mendeko epistemologiaren aurrean gaudela diozunean. Zerrenda ikusirik, helburuak aipatzen ditu eta hor dago gakoa. XIX. mendean indartu eta legeztatu egiten da modernitatearen arlo sozial organizatzailea, arrazional-organitzailea esango nuke nik.

Hau gertatzen den momentuan bertan nolabait mugimendu erromantikoen bitartez eta abar, espazio mitiko bat sortzen da. Horrek hastapenei eutsi nahiko lieke, arrazionaltasun eratzaileetatik aparte gelditzen diren beste zenbait gauzei, sentimenduen munduei, pertsona sortzaileari, irakasle sortzaileari, ikasle sortzaileari eta abar.

Euskal Herrian prozesu hura eman zen momentuan nazionalismoaren sorrerarekin lotu zen estu-estu, espazio mitikoa eta nazionalismoaren sorrera lotu egiten dira. Eta lege hau zerbaiten kontra baldin badago, horren kontra dago. Modernitateak beti polo positiboa izan du eta nazionalismoak polo negatiboa, polo kritikagarria. Orain berriro horretara bueltatzen gara kontrakorik handienak hori sortu zen momentuan bertan izan zituela ahaztuz.

Azken batean merkatuko beste liberalismo bat izango litzateke. Horretan datza, nire ustez, irakasleari egindako benetako erasoa, nortasuna moztu egiten da, izan dezakeen sormen ahalbidea hari estu loturik dagoen espazio mitikoarekin murriztu egiten da, zanpatu. Azken finean, dekretu zeharo politikoa da eta nazionalismoaren kontra eginiko zerbait da, horren inguruan mugitzen garen irakasleen aurkako zerbait, oso nabarmen gainera.

Juan Mari Elorza-LAB: Franko hil eta ondorengo transizioko lehen urteetan berrikuntza giroa zabaldu zen irakasleen aldetik, irakaskuntza munduaren barruan. Horren fruitua LOGSE legea izan zen. Baina bi gauza ezberdin dira. Hasiera batean gizarte mailan irakaskuntza aldatu beharra zegoenaren pentsamendua zabaldu zen, metodologia hark ez zuela balio, berrikuntza bat planteatu behar zela. 80. hamarkadaren hasieran halako adostasun bat egon zen.

Baina hurrengo hamarkadan LOGSE atera arte faktore batzuk ematen dira: PSOE alderdi agintariaren eskuineratzea eta Erreformaren bidearen teknokratizazioa. LOGSEren legeak arautzen duenarekin berrikuntza pedagogikoa bigarren mailan gelditzen da. Oraindik hizkera progresista eta metodologiaren aldaketaren beharra aipatzen dira, baina helburu nagusiak aldatu egin dira. Erreforma teknokratikoa bihurtzen da eta beraz, hain beharrezkoa zen berrikuntza pedagogikoa ahaztu egiten da. Gaur egun egoera horretan jarraitzen dugula esango nuke.



Aurrera begira, zer jarrera hartu beharko litzateke?

Patxi Ezkiaga-FERE: Geroari begiratuz hiru gauza aipatuko nituzke, guztiz garrantzitsuak nire ustez.

1- Eskola bezala eta irakaskuntza bezala salatu egin behar dugula dekretu honek azpian daraman filosofia, erakundeek identitate artekaritzarako gaitasuna dute. Hau dago filosofiaren atzean. Nik uste demostratuta dagoela hori galduta dagoela. Erakundeek ez dute identitate artekaritzarako gaitasunik. Hau da, erakunde bat ez da talde edo gizabanako baten nortasun parametroak ezartzeko gauza eta estatua are eta gutxiago. Badirudi honen azpian horrelako borondate bat dagoela.

2- Nik uste dut gure neska-mutil eta irakasleengan, baina batez ere gure neska-mutilengan, pertenentzia zentzu hau areagotu egin behar dugula. Noski, intsularitate batean erori gabe, baina pertenentzia zentzuan, eta lege berri honekin hori hankaz gora doa. Nik uste dut gure eskuetan daukagun zereginik garrantzitsuena euskaldun izateak zer suposatzen duen behin eta berriro gogoratzea, hausnartzea eta gure artean behintzat ahalik eta adostasun handienera iristea da kanpotik datorkigun uhin horrek irents ez gaitzan.

3- Garbi dago kanpotik portaera eredu pila bat datozkigula, zibilizazio eredu mordoa datorkigula eta guk euskaldun bezala iraun nahi baldin badugu, gu zer garen eta kanpotik datorkigun guzti horri zer eskain diezaiokegun definitu beharrean gaude. Azken batean mestizaia batean bizitzera behartuta gaude eta hortik kanpo ezingo dugu bizi. Asuntoa da mestizaia horretan guk ehuneko zenbat gorde dezakegun euskaldun bezala.

Horrek esan nahi du dekretu hau irakurriz eta hau aurrera eramaten baldin bada, berriro ere aitzinean bezala gettora itzul arazi nahi gaituztela, intsulari izatera, talde txikien disidentziara.

Nik uste dut hori ez dela irtenbidea. Besteekiko harremanetan bizi behar dugu eta estatuarekiko harremanetan ere bai nahiz eta estatu zapaltzailea izan. Baina harreman mundu hori zehaztu egin behar da, definitu. Dekretu honek aurrera jotzen baldin badu eta dagoen bezala aplikatzen baldin bada, segregatuen erredukzionismo batetara mugatuko gaitu.



Juan Mari Elorza-LAB: Nik faktore batzuk aipatuko nituzke.

1- Euskal Herrian zatiketa politikoak irakaskuntza mailan ere min handia egiten digu eta ondorio oso larriak ditu. Honek erakunde guztioi erreflexiona arazi egin beharko liguke eta zatiketa hori nola gaindi dezakegun planteatu bakoitzak.

2- Euskal gizarteak oraindik ere euskal irakaskuntzaren aldeko apostua egiten jarraitzen du eta hori urtetik urtera matrikulazio datuetan nabariatzen da.

Borondate garbi honen aurrean institutzioek ez dutela erantzun garbia ematen pentsatzen dugu, eta hori Nafarroan eta Iparraldean oso garbi ikusten da. Baskongadetan ere ematen ari da, gero eta adibide gehiago daude. Bere politika zalantzan jartzekoa da.

3- Bestalde, estatuaren aldetik datorren erasoa gero eta gogorragoa da, kontrarreforma baten hasieran gaude eta administrazioa ez dugu ez prest eta ez aurre egiteko nahiko borondaterekin ikusten. Sinpleki esateko, ezta autonomia estatutuak irakaskuntza mailan errekonozitzen dituen konpetentziak erabiltzeko ere.

4- Azkenik, irakaskuntza mailan dauden sektore ezberdinak, guraso elkarteak, sindikatuak, instituzioak, ikasleak eta abar, batez ere euskal irakaskuntza defendatzen dugunok, bakoitza geure aldetik ari gara lanean eta hau aldatu beharra dago. Nik hurrengo urteetarako eta euskal irakaskuntza gurutzada batean dagoela ikusita, ados gauden erakundeen aldetik itun bat egitea proposatuko nuke, nahiz eta bakoitzak bere berezitasunak eduki, sare ezberdinetakoak izan, ideologia ezberdinetakoak. Baina azken finean, erakunde askori batzen gaituena euskal hizkuntza eta euskal kultura defendatzen ditugula da, euskal ikuspegia dugula irakaskuntza edukietan.



Jose Luis Larrea-EILAS: Geroari begira jarrita ez dugu iritzi finkorik hartu oraindik. Argi dago lehenengo etapa euskal curriculuma zein den definitzea izango litzatekeela. Horretarako lehenengo pausoa irakaskuntzan mugitzen garenon artean zerbait egitea izango litzateke, hemen aipatu diren akatsei, erruei irtenbidea ematen diegun ikusteko.

EILASen apustua euskalduntzearen prozesu horri gogor eustea da, bai Baskongadetan eta are gehiago Nafarroan.



Ikastetxe batean egonda, nik irakasle bezala, zer jarrera izan beharko nuke?

Patxi Ezkiaga-FERE: Nik uste dut irakasleria animatu egin behar dela euskararekiko militantzia ez galtzeko. Azken urteotan zerbait sumatu baldin badut hori izan da, euskararekiko militantzia galdu egin dela. Hor eredu batzuk ezarri dira, halabeharrezko mugak jarri dira: B eredua, D eredua, EGA... Jende asko horra iritsi da eta prozesuan jende asko erre egin da. "Honaino iritsi naiz, muga jo dut, topea jo dut, hortik aurrera nere barruko sentimendu goxoenak euskaraz adierazteko gauza ez naiz, beraz atzerako bidean jarri naiz eta atzerako bidea egin dugu" pentsatzen dute askok. Toki askotan ikusi dut hori. Hor irakasleok nolabaiteko birkonbertsio bat egin behar dugu eta horren behar larria ikusten dut nik. Euskararen militantzia hori gure artean suspertu behar dugu eta baita honekin batera doan pertenentzia zentzua ere. Irakasle batek hori garbi badauka, etor daitezke etor daitezkeen legeak. Azken batean klasea irakasleak egiten du. Ez dut uste dekretu hau hemen aplikatuko denik, orain arte egin den praxia guztia hankaz gora jarriko lukeelako, eta ez da posible. Ez da posible dekretua aplikatzea.



Hauxe da azaroaren 18ko mahainguruak eman zuena. Hasieran esan bezala, ELA sindikatuak ezin zuela etorri abisatu zuen, baina bere iritzia idatzi batean bidali zuen. Honoko hauxe da.



Diseinu curriculurraren eztabaida dela eta

LARRAMENDI, Jesus Mari

ELA-Irakaskuntzako idazkari nagusia



ELA-Irakaskuntzaren iritziz curriculumaren inguruan sortutako eztabaida ez da momentuko arazo soltea, baizik eta testuinguru zabalago batean ematen ari den prozesuan eman duten beste aurrerapauso adierazgarri eta esanguratsua.

Azken boladan berri larri ugari azaltzen ari zaizkigu, irakaskuntzan eta irakaskuntzatik kanpo, zentralizazio bidean. Horien artean ezin dugu aipatu gabe utzi gure lan sindikal zuzenean eragin argiena eta gogorrena dituztenak: formakuntza arloan FORCEM delakoaren eragina hemen lortutako akordioaren finantziaketa kolokan jartzeko, Gizarte Segurantza mailan Elkarte Autonomoaren ahalmenak bertan behera uzteko, edota oinarrizko legediaren erabilpena Estatutuak eta gainontzeko lege arruntak berak onartu dizkigun eskubideak zapuzteko.

Dinamika bera ematen ari da lan harremanen arloan. Estatu mailan irakaskuntza pribatuko zenbait lan-hitzarmenetan harremanak zentralizatu nahi dituzte beste lurralde eremutan gai garrantzitsuenak (soldatak, lanegunak eta abar) aldatzea debekatuz. Irakaskuntza publikoan eragin zuzena izango duen "Funtzio Publikoaren Oinarrizko Estatutua"ren zirriborroa ere bide berdina jorratzeko prestatu dute.

Ezin dugu ahaztu "MEC"en asmoa hezkuntza gaiak elkarte autonomo guztietara transferitzea dela, baina hau gauzatu aurretik dena lotua, eta ongi lotua, utzi nahi dutela. Bide batez, gaur egun arlo hori bere esku dutenei ere murrizketa bideratu nahi diete, agian gainontzeko administrazioei "bide egokia" zein den argi uzteko asmoz.

Testuinguru honetan eta erakusten duten harrotasunean kokatu behar dugu diseinu curricularren aldaketaren inguruan sortutako istilua. Gai honetan ere Madrilgo Gobernua eta PP bakarrik ez daudela esan beharrean gaude, beste zenbait erakundetako kideen laguntza ere badute era honetako neurriak hartzeko.

Gure iritziz hau geure eskubideei egiten zaien beste eraso zuzen bat da. Asetu ezinik daude eta ez dute mugarik bere zentralizazio bidean. Ez da nahikoa lortutako akordioak baliogabetzea, beren interesekin bat ez datozen legeak bete gabe uztea. Orain curriculumaren edukiak aldatzeaz gain metodologia bera ere inposatu nahi dute. Hain gai garrantzitsuak ez balira adarra jotzen ari direla pentsatzeko ere!!!

Egoera honen aurrean gure ustez nahitaezkoa da erakunde guztien (Guraso Elkarte, Patronal, Alderdi Politiko, Elkarte Pedagogiko eta abar) jarrerak argitzea eta salaketa kanpaina gogor bat egitea. Azkenean Madrildik beraien ikuspuntua inposatu nahian jarraituko balute, "pase forala" (besterik gabe, ez betetzea) ematearen alde gaude. Bada garaia hainbesteko harrotasunari aurre egiteko.



Adierazpen eta erreakzioak

Esperanza Aguirre - PP

"Neurri guztiak kalitatea hobetzeko, zuzentasuna lortzeko eta askatasuna defendatzeko hartu dira" 97- XI- 12



"Ministeritzak eztabaida maila akademikoan planteatu du, eta inolaz ere ez die eragiten autonomien hezkuntza eskuduntzei" 97- XI- 12



"Erreformaren helburua prestakuntza amankomuna bermatzea da, eta hori hezkuntzako edukiek zehaztasun minimoa baldin badute lor daiteke" 97-XI-12



Inaxio Oliveri, EAEko Hezkuntza sailburua

"Dekretuak ez du ematen alde txarrak eta onak bereizteko modurik eta alternatibak egiterik ez dagoenez plana bertan behera uzteko eskatuko diogu" 97.XI-19



Javier Marcotegui, Nafarroako Hezkuntza kontseilaria

"Ez da zuzena guk dekretua onartu dugula esatea. Baina Bigarren Hezkuntzako Humaniteteen egoera errebisatzea ongi letorke" 97-XI-22



Jordi Pujol, Generalitateko Lehendakaria

"Nire desadostasuna erabatekoa da. Gehiegitan egiten dugu topo horrelako sorpresekin" 97-X-24



Joxe Joan Gonzalez de Txabarri - PNV:

"Talde parlamentarioen eta PPren Gobernuaren artean kolaborazio mekanismoak ezartzea proposatzen dugu erreformaren nukleoa bere osotasunean leheneratzeko" 97- XI- 12



Tasio Erkizia, HB

"PPk eskola ideologizatu nahi du eta haurrei inguruko errealitatea ezagutzeko duten eskubidea ukatu nahi die, printzipio pedagogiko guztiei aurre eginez" 97-XI-19



Antonio Campos, Ikastolen Federazioko lehendakaria

"Momentuz gehiago da arazo politikoa eskolakoa baino, eta beraz, momentuz politikoek konpon dezatela" 97-XI-5



Ikasle Abertzaleak:

"Haien eredua baztertu, haien dekretuei muzin egin, eta gure eredu propioa garatu behar dugu. Euskal edukiak landu, euskal historian hausnartu, euskal curriculuma osatzen joan... Hori da denbora gehiagoz atzeratu ezin daitekeen eginbeharra" 97- XI- 12



"Utz ditzala Oliverik bere deklarazio hipokritak, eta pasa dadila ekintzetara, Nafarroa eta Iparraldeko erantzule akademikoekin batera euskaldunon irakaskuntzaren alde eginez" 97- XI- 12



Luis Sanciso, UGT Irakaskuntzako arduraduna

"Balorazio negatiboa egiten dugu, testua kontsultatu eta kontsentsuatu egin behar zuelako autonomiekin" 97-XI-5



Juanma Aramendi, CCOOko kidea

"Benetako gakoa ez dago edukietan, baizik eta ikasleen arazoak bideratzeko hartzen diren mekanismoetan" 97-XI-5



Joan Pages, Giza Zientzitako Didaktika irakaslea Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan

"Dekretuan ez dira hezkuntza arazoak aztertzen. Planteatzen dena Gobernua eta autonomien arteko konpetentzia arazoa da, klasetan zein nazionalismo mota irakasten den jakiteko". 97-XI-2



Cesar Coll, LOGSEren inspiratzailea eta Bartzelonako Unibertsitatean Hezkuntzaren Psikologian katedraduna

"Humanitateen erreforma honek hezkuntzaren atzerapausoa suposatzen du". 97-X-31