PRAKTIKATZEN: Ikonoteka baten antolakuntza (II)
Eginkizunaren garapena
Aipatu dugun bezala, era honetako eginkizun batek ez du hasiera eta bukaera garbi bat. Modu aunitzetan has gaitezke eta bide askoetatik garatu ere bai. Batzuentzat errazena liburuak erostea izango da eta hortik abiatuko dira bere lanetan. Bbesteentzat, berriz, ikastetxetik gertu dagoen museoko irudien araketa izango da biderik eragingarriena. Horregatik, hemen proposatuko duguna iradokizun orokor bat besterik ez da izango.
Bilketa
Hasteko, haurrei aldizkarietatik, egutegietatik edo antzekoetatik arte irudiak moztu eta gelaratzeko eskatuko genieke. Ariketa honek, besteak beste, Arteak haurraren eguneroko bizitzan duen garrantziaz ohartzeko aukera emango digu.
Bide honetatik lortutako materialarekin Artea zer den eta zer ez den gaia jorratzen has gintezke.
Bilketaren bigarren atala, sailkapenarekin loturik, estiloen ezaugarrien bereizketa izan liteke. Eta zergatik ez, egile beraren estiloen xehetasunen ezagupena. Sarritan kontrakoa esan bada ere, ikerlari askok frogatu dute Haur Hezkuntzako haurrak gai direla arte estiloen ezaugarri garrantzitsuenez jabetzeko eta beraien arteko bereizketak egiteko.
Argi dago gure helburua ez dela arte historiagile batena bezalakoa eta estiloen bereizgarritasunak jorratzerakoan haurrentzat eskuragarri diren hitzetan egin beharko genukeela, jolasen bitartez edo antzeko metodologia ludikoak erabiliz. Hau, noski, irakaslearen jakinduripean gelditzen den kontua da.
Sailkapena eta materialaren kokapena
Eginkizunaren atal honetan fitxategi informatikoa eta materialaren gelako kokapena bereizi behar dugu. Lehenengoari dagokionez, gaur egun dauden datu-baseak ikusita, ez dago arazorik, edozein eremutatik abiatuz arazorik gabe lor dezakegulako bilatzen ari garen informazioa. Baina irudiak, fisikoki, gure gelan nolabait antolatu behar ditugu haurren eskuragai jartzeko. Ikonoteka benetan erabilgarria eta eraginkorra izan dadin materiala antolatu egin beharko dugu irizpide batzuei jarraituz.
Sailkapenerako aukerak ugariak dira, baina antolaketarako kontuan hartu beharko genuke ikonotekak izango duen erabilera Ez da batere praktikoa, esate baterako, estiloetan oinarritutako sailkapena egitea Haur Hezkuntzan. Era berean, tekniketan oinarritzen den sailkapena erabat antzua izango zaigu Lehen Hezkuntzako amaieran edo Bigarren Hezkuntzan.
Gure iradokizuna hauxe da: lehen ikasturteetan eta ikasgaiak interes guneen inguruan garatzen diren kasuetan, gaia izango litzateke sailkapenerako eredurik egokiena. Beste mailetan, gaia, estiloa edo elementu plastikoen agerpenaren arabera egindako sailkapena izan daiteke egokiena, irakasle eta zentro bakoitzaren programen eraketen arabera.
Metodologiari dagokionez, gure iradokizuna hauxe da: irudien multzoak guztion artean bereizi ondoren, ikasleak taldeka antolatu eta "ikerketa" taldeak sortu irudiari buruzko ahalik eta informazio gehiena lortzeko. Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako lehen kurtsoetan ikaslean ardura ezin izango da horrenbestekoa izan, nahiz eta irudien bereizketaren oinarriko prozedurak beraiengan jarri.
Ikonotekaren eraketa ikasgai gisa
Arestian jarritako lana neketsuegia izan daiteke irudien bilduma arrunta egiteko. Baina sumatu ahal izango zenuen bezala, biltzeko jardun hauetan garrantzitsuena ez da irudien pila bat egitea, ikasleengan Artearekiko jarrera sortzea baizik: artelanak bilatuz, ordurarte bere bizitza apaintzen zuen ikonografia aldatzea.
Gure ustez ikonoteka baten eraketaren ondasun pedagogikoak bi arlotan ematen dira.
1) Irudiak bildu eta eratzeko orduan
2) Sailkatutako irudiak erabiltzerakoan.
Honekin ikonotekaren osakuntza bera ere didaktikoki oso emankorra izan daitekeen eginkizuna bezala antolatu beharko genukeela esan nahi dugu. Kontua ez baita irudiak edozein modutan biltzea, biltzerakoan landu daitezkeen zenbait eduki artistikoei arreta jartzea baizik. Eraketarekin batera, materialaren prestakuntza soiletik areago, Artearen eremuko oinarrizko kontzeptuen erabilpenerako sarrera bideratzen hasiko gara, arlo honetako berezko hizkera eta hiztegia sendotuz, une berean.
Garbi dago haurren adinaren arabera edukiak aldatu egingo direla edo aldatzen ez badira ere, sakontasun gehiago edo gutxiagorekin ikusiko ditugula. Ez gara oso zerrenda luzea egitearen aldekoak. Gehienetan edonork bere eguneroko lanean erabiltzen dituen eduki arrunten azalpen hutsa besterik ez direlako. Baina orokorrean esanda, ikonotekaren eraketarekin batera honako eduki hauek lantzea iradokitzen dugu:
Kontzeptuak:
Haurrei irudiak ekartzeko eskatzean azaldu egin behar diegu ez duela edozein irudik balio; alegia, artelanen irudiak direla behar ditugunak. Hona hemen bada, landu beharko dugun Arte Hezkuntzaren oinarri-oinarrizko kontzeptu bat: "artea"; zer den eta zer ez den artea. Horren definizioak bilatu, beraien usteak jaso, erkatu eta eztabaidatzea izan daitezke kontzeptu honetaz jabetzeko bideak.
Honekin batera, izenburuak jartzeak, egileak identifikatzeak edo lanak sailkatzeak arte historiaren nozioaren oinarria jartzeko oso bide egokitzat jotzen ditugu.
Ikonoteka hazi ahala, hortaz, definitu eta zehaztu ahal izango ditugun kontzeptuak era honetakoak izan daitezke: Marrazkia, Margoa, Argazkia, Eskultura, Arkitektura, Artista, Egilea, Museoa, Bilduma, Ikonoteka, eta abar.
Hurrengo faseetan irudiak sailkatzearen aitzakiarekin elementu plastikoak aurkeztera (espazioa, kolorea, forma, eta abar) edo arte estiloak aipatzera sar gintezke.
Prozedurak
Bistan da ikonoteka osatzeko orduan erabiliko diren prozedurak eraketa eta antolakuntza berarekin zerikusia izango dutela: bildu, aukeratu, sailkatu, aztertu, aipatu, antolatu eta abar.
Ikonotekaren balioa, arlo honetan, Arte Hezkuntzatik haruntzago doa, gainera. Eraketak eskatzen dituen ohiturak eta prozedurak oso baliagarriak baitira beste arlo eta eginkizunetarako.
Jarrerak
Arte Hezkuntza arloan sor daitekeen jarrerarik desiragarriena hauxe da: artearekiko interesa eta artearekin gozatzeko eta bizitzeko irrika sortzea. Honekin batera, ikonoteka batek arte bilduma pertsonal eta txiki bat osatzen hasteko nahia edo bere karpetak edo gelako hormak arte irudiz apaintzeko gogoa sor lezake haurrarengan. Bestalde, ikonotekaren eraketak eskatzen duen arreta eta antolakuntzak era horretako jarrerarako grina bere eguneroko bizitzan sor lezakete.
Ikonotekaren erabilpena
Ikonotekaren erabilpena Arte Hezkuntzako klaseetan
Arte historia, artelanen azterketa kritikoa edota balorazio estetikoak Haur eta Lehen Hezkuntzarako ez direla eginkizun aproposak pentsatzen dute askok. Baina 1995.ean Estatu Batuetako "National Art Education Association"-ek ikerlari askoren lanetan oinarriturik proposatu duenari kasu eginez, Lehen Hezkuntzan ez ezik Haur Hezkuntzan ere artearen erabilpena haurren garapen orokorrerako oso estimagarria izan liteke. Gu ere horretan gaude eta horregatik uste dugu Arte Hezkuntza arloan ikonotekaren materialak oso erabilgarriak bilaka daitezkeela betebehar honetan.
Gure ustez ikonotekaren bidez jorra beharrekoak izango lirateke Arte Hezkuntza arloan lantzen diren bi eremu nagusi hauek:
1) Azterketa kritikoarena:
2) Ekoizpen plastikoarena.
Orain aurkeztuko ditugun ereduekin ikonotekak eduki lezaken balio pedagogikoa erabat agortu nahi izan gabe, hona hemen gida gisa eremu bakoitzerako zenbait zehaztapen.
Azterketa kritikoarena
Aldez aurretik argitu beharra dago kritikaz ari garenean Arte Hezkuntza arloan zer esan nahi dugun. Kritika, artelan batean aurki daitekeen informazio guztia ateratzeko helburuarekin egiten den behaketa eta mintzamen antolatua izango litzateke.
Gure iradokizuna garatzeko Feldman-ek proposatutako kritikaren lau atalak jorratuko ditugu:
1) Deskribapena: ikusi daitezkeen ezaugarrien aipamenen zerrenda egitea da. Deskribapena lantzeko egin daitezkeen ariketen adibideak hauexek izan daitezke: "Minutu batez behatu eta ikusitakoa gogoan hartzen saiatu. Ondoren, arte obralanari bizkarra emanez artelanean zegoena izendatu".
2) Analisia: artelan batean aurkitutako ezaugarrien arteko harremanen zehaztapenari dagokio analisia. Hauek azterketa honetarako galderak izan daitezke: Zein da irudirik garrantzitsuena? Zein dira ordezkoak? Nola banatzen dira koloreak? Isilak ala zaratatsuak dira irudien arteko harremanak?
3) Interpretazioa: lanak bere baitan biltzen dituen ideiak, sentimenduak, giroa eta egoera animikoak azalarazteko burutzen den eginkizuna da. Interpretazioa lantzeko era honetako galderei erantzutea izango litzateke aproposena: Nola sentiarazten zaitu obra honek? Zer-nolako pertsona mota da emakume (gizon, haurra, mutil, neska) hori? Zertaz mintzatuko zinateke elkarrekin topo eginez gero? Zein izenburua jarriko zenioke koadro edo eskultura honi?
4/ Irizpena: kontua ez da gustukoa dut ala ez dut aitortzea. Aurreko ataletan bildutako informazioa erabiliz ondorio bat ateratzea da. Irizpena lantzeko galderak hauek izan daitezke: Artelan hau zure etxean paratzeko aukeratuko al zenuke? Zein gela izango litzateke berarentzat egokiena? Zergatik?
Esan beharrik ez dago era honetako ariketak, gehien bat Haur Hezkuntzan, adinarentzat egokia den metodologi ludikoa erabiliz aurkeztu behar direla.
Ekoizpen plastikoarena
Orokorrean esanda ikonoteka artelanen analisirako eta historia edo iritzi kritikoaren edukiak lantzeko erabiltzen diren bezala, ekoizpen plastikorako ere oso laguntzaile ona izan daiteke. Gure ikonotekaren artelanak beti eskuragai izan beharko ditugu azterketarako ez ezik haurren ekoizpen plastikoen lagungarri izan daitezen.
Irudiak oso aprobetxagarriak izango dira norberaren lanak burutzeko eta zalantza uneetan iradokizunak bilatzeko. Haurrak artelanetatik zenbait eredu jaso ditzake bere lanetan erabiltzeko. Gure ikonoteka, besteak beste, plastikaren bidez erabakitako arazo formal, narratibo eta emozionalen katalogo edo bilduma paregabea dela pentsatu egin beharko dugu. Haurrak bere ispilua artista handien lanetan aurki dezake. Hala ere erabilpen honetan kontu handiz ibili behar dugu, metodologia kontuei arreta jarriz. Kontua ez da haurrak artistari kopiatzea. Aitzitik, oso modu orokorrean eta azaletik aurkeztuta, gure irudiak erabili beharko ditugu haurrei ereduak emateko, historian zehar artistek arazo plastikoen aurrean emandako erantzunak ezagutarazteko, elementu plastikoen balio narratiboa edota mundu emozionalaren adierazpidetasuna azaltzeko. Haurrak artelanetan, gure laguntzarekin, arazo plastikoen irtenbideak eta proposamen berrien abiapuntuak aurkitu beharko ditu berak hartutako bideekin erkatuz eta interesatzen zaizkion erantzun plastikoak bereganatuz eta jorratuz.
Ikonotekaren erabilpena arte klaseetatik kanpo
Arte Hezkuntza zuzenaren eremutik kanpo ere, ikonotekak oso nabarmena izan ohi den beste hutsune bat bete ahal izango du. irakaskuntzak gero eta gehiago bilatzen du bere diskurtsoaren sostengua irudian, eta batez ere oinarrizko mailetan. Zaila da irudiaren beharrik ez duen ikasgairen bat aurkitzea. Sarritan ikusten dugu Haur Hezkuntza mailan irudi horiek estetikoki pobre samarrak direla. Zergatik ez oinarritu artelanetan gure ikasgaiak garatzeko? Zergatik ez landu garraioari edo giza gorputzaren atalei buruzko ikasgaiak artelanen laguntzaz?
Kontuan hartu behar dugu hau horrela eginez gero gure etekin pedagogikoa bikoizten ari garela. Alde batetik, beste edozein irudi motarekin bezala, gaia arintzea lortuko dugu. Eta bestalde, hau da artearen erabilpenaren abantaila, haurraren baliabide ikonikoak aberasten ari gara eta, bide batez, gizakiaren kulturaren atal nagusienetakoa den honen jakinaren gainean jartzen. Bazter ditzagun bada, gure fitxa eta testu liburuetatik sarritan estereotipatu eta ergel hutsak diren irudi horiek eta erabil dezagun gizakiak, historian zehar garatutako irudimenaren aberastasuna. Haurraren sentiberatasun estetikoak eskertuko digu, zalantzarik gabe.
Hona hemen bada, baliabide-eginkizuna izan daitekeen tresna. Sarritan edozein asmo aurrera eramateko oinarrizko baliabideen eskasiaren pean mugitu behar izaten dugu. Arte Hezkuntzan dagoen gabezia handienetakoa hauxe da, seguraski. Irakasle askok Artea edo Artearen bitartez erakusteko aurkitzen duten oztoporik nagusiena, Artea bera eskuratzea izan ohi da. Gure oraingo saiakera, arazo honen konponbidea martxan jartzeko ahalegintxoa besterik ez da izan. Zuei dagokizue orain zuen esperientzia eta jakinduria erabiliz hemen plazaratutako ideiak borobiltzea eta hobeagotzea.