Kronika

1997-12-01
 
 
Espainolen erasoa
Urteko azken hilabetetan eguraldia hoztu egin ohi da. Azaroan tenperaturen beherakada eta erauntsiak nabaritu dira, baina hezkuntza munduan giroa bero-bero dago. Humanitateak aldarazteko dekretu proposamena bere ondorioak ematen hasia da. Gobernuak aurrera jarraitzeko asmoa du. PSOE eta IUk, berriz, proiektua erretiratzeko eskatu diote hasiera-hasieratik. Eta bitartean, CIU eta PNV balantzaka dabiltza. Lehenengo aldaketak egiteko eta negoziatzeko prest agertu ziren, eta orain, dekretua hobeto aztertu ondoren onartezina dela konturatu dira. Gaitzerdi! Inaxio Olverik egindako adierazpenetan hiru arrazoi aipatu ditu dekretuaren erretiratzea eskatzeko: konpetentzia murrizketa, didaktika zioak eta prozedura onartezina. Lehenengoari dagokionez, Madrilek eduki minimoak ezartzeko ahalmena du (%45) eta dekretuarekin dena berak zehaztu nahi du. Didaktikoki, berriz, guztiz memoristikoa eta erreformaren izpirituaren aurkakoa da. Honez gain, komunitate autonomoetako Hezkuntza sailburuek dekretuaren berri prentsaren bidez jakin zutela adierazi dute, eta prozedura hori ez dute egoki ikusi inolaz ere.
Nafarroan, berriz, Javier Markotegi Hezkuntza Sailburua ados agertu da Aguirreren proposamenaren aurrean, egokia ikusi du.
Baina hau gutxi balitz, zeharlerro berri bat ere ezarri da dute PPkoek: "espirítu militar" delakoa. Horrela ikasle guztiek "Espainiak zer balio duen eta espainiar izatea zer den" ikasiko omen dute.
Baina gauzak ez dira hor amaitzen, albiste gehiago ere jaso ditugu. EAE eta Kataluniako PPk Madrilgo Gobernuari euskarazko eta katalanezko hezkuntza geldiarazteko neurriak hartzeko eskatu zieten. Garrantzitsua omen da D ereduaren gorakada geldiaraziko duten neurriak hartzea.
Horrelako ideia eta asmoen aurrean ez gaude amore emateko perst inolaz ere. Euskal Herriaren historia, kultura eta euskara ezin dira bapatean liburuetatik, arbeletatik edo ahotatik kendu. Baina denok batera egin behar dugu aurrera, irmo eta sendo.
Ikastola berrien inaugurazioak Iparraldean
Iparraldean ikastola anitz ari dira inauguratzen azken aldian. Hilabete honetan Angeluko Ikastolaren txanda izan da. Hilaren 8an haur, guraso eta hautetsiak elkartu eta egoitza berria inauguratu zuten. Lau urteko elkarrizketen ondoren udalak lurra ezarri eta Kimua taldeak eta ikastolaren lagunez etxea eraiki dute. Guztira 850.000 libera, 100 bolondresen lana, Herri Urratseko dirua eta mailegu bat behar izan dira.
Kanbon ere, ikastolak egoitza berria inauguratu zuen hilaren 16an. Horrez gain, ikastolaren 20. urteurrena betetzen zen, eta dena batera ospatu zuten.

Berako ikastolatik Iruñeko kalera
Hilabete honetan Nafarroan protagonista izan direnak Berako Labiaga ikastolako ikasleak izan dira. Ehun ikaslek Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko egoitzaren aurreko aparkalekuan jaso zituzten klaseak azaroaren 13an. Ekintza honekin Labiaga ikastolako DBH lerroa legeztatu gabe dagoela salatu nahi izan zuten. 1994. urtean eskatu zuten lehenengo aldiz DBH lerroaren legeztatzea, eta oraindik ez dute baiezkorik jaso.
Ikastolak DBH eskaini ahal izateko legearen araberako baldintza guztia betetzen ditu, baina Gobernuak ez du legeztatzen. Gurasoak lan asko egiten ari dira "DBH alegala" aurrera ateratzeko. Oso garbi daukate legeak eskatzen duena betetzen dutela eta Nafarroako Gobernuak legez egokitzen zaiena ukatzeko arrazoirik ez daukala. Hainbeste urtetan borrokatu ondoren ez daude amore emateko prest. Gainera aurten 20 ikaslek DBH amaituko dute eta legeztapenik gabe nola lortuko dute titulazioa?
Egoera behin betiko bukatzeko mobilizazioak hasi dituzte. Lehengo pausoa DBHko ikasleekin Iruñeko kalera joan eta klaseak bertan ematea izan da. Nafarroako Administrazio Auzietarako Auzitegian ere salatu du egoera, baina auztegi honetan pilatuta dauden auziak kontuan izanda, bide luzea izango da hemengoa. Horrez gain, abenduaren lehenetik aurrera Hezkuntza Departamentuaren aurrean egunero protesta eginen dute, 10.00etatik 12.00etara. Nafarroako Ikastolen Elkarteko ikastola bakoitzak protestaldiko txanda bat eginen du.

EAEko Hezkuntza Sailaren aurrekontuak
Inaxio Oliverik Hezkuntza Sailaren datorren urteko aurrekontuen berri eman du. Guztira 204.035 milioi pezeta izango ditu, aurten baino %4,4 gehiago. Aurrekontu honek EAEn hezkuntza erreforma behin betiko ezartzeko aukera emango duela aipatu zuen. Diruaren gehiengoa, 96.307 milioi pezeta, 19.055 irakasle eta langile ordaintzeko erabiliko dira. EHUaren trasferentziarako, berriz, 25.907 milioi pezeta. Bekatan 9.660 milioi gastatuko ditu: 2.865 milioi hezkuntza ez unibertsitarioko 80.000 ikasleri laguntzeko izango dira, eta beste 3.773 milioi ikasle unibertsitarioentzat. Beste 485 ikaslek atzerriko hizkuntzak ikasteko laguntzak jasoko dituzte. Eskola garraiorako 2.000 milioi erabiliko dituzte. Irakasleen euskalduntzeak iazko kopuru bera jasoko du, 3.869 milio pezeta, baina ehun irakasle gehiago hasiko dira Irale euskalduntze programan.