AZURMENDI, Joxe:

1998-01-01
Joxe Azurmendi zegamarra gaur egungo euskal pentsalari ezagunetarikoa dugu. Euskal Herriko historia, literatura eta pil-pileko gaiei buruz egindako ikerketa eta saiakerengatik merezi izan du kalifikazio hori. Oraingo honetan eta nahiz berak aitortu balioak ez direla bere espezialitateko gaia eta balioez fundamentuzko gogoeta sistematikorik ez duela egin, guztion ahotan eta programetan darabilzkigun ditxosozko balio horiei buruz atera dizkiogun iritziak ezagutuko ditugu.
 
 
Emango al zeniguke balioen definizioa?

Balioak, etikaren ikuspegitik, gizarte bateko harremanak antolatzeko lagungarri diren arau edo orientabideak dira. Baina balio hitza ekonomiatik hartutako kontzeptua da. Kapitalismoak "prezioa" ezarri du merkatuko arautzaile, eta eredu hauxe giza-harremanetara pasatu nahian "balioei" eman die prezioek merkatuan duten paperaren betekizuna.

Prezioek de facto arautzen dute merkatua, beraz, eta honen irudi eta antzera "balioek" gizartea arautzea nahiko lukete batzuek. Balioez esaten dena aztertzerakoan tentu handiz jokatu behar da balioen diskurtsoaren atzean azpijoko eta tranpa askotxo gordetzen baita.



Nolatan da hori?

Momentu honetan batik bat boterearentzat dira oso interesgarriak balioak. Krisi garaietan gizartean urgentziaz esku hartu behar denaren ustea izaten da. Elizak, estatuak, alderdiak, denak sartu nahiko lukete tartean eta hemen hasten da manipulazioaren jokoa. Garai hontantxe balioen bidetik ari dira horietakoak barra-barra ematen. Esaterako, "bizitza sakratua dela" diote batzuek. Benetan polita litzateke pertsona, txori eta gainontzeko animalia, basoen... bizitzarako balio hori egia balitz. Baina hori aldarrikatzen dutenek egundoko dirutzak erabiltzen dituzte armatarako, bizi-katea goitik behera kutsatzen eta basoak deuseztatzen dituzte. Botereak horrela arrazoitzen jarraitzen du: "bizitza ez da sakratua, baina behar du izan ...besteentzat, ez guretzat". Balioak gizarteak berak elkarbizitzeko sortutako araua izan partez beste nonbaitetik ezarri nahi zaigun obligazio moral bat izatera pasatzen da. Honatx kontraesan galanta.



Noiztik ari gara balioen joko honekin guztiarekin?

Europan eta XIX. mendearen erdialdetik aurrera hasi zen balioez hitz egiten. Ordura arte etikaz eta arauez mintzatzen zen eta gizarteek arauak behar zituztela onartuta zegoen. Arau haiek krisian erori zirenean, ordea, balioak azaldu ziren. Hau 1890. urtearen inguruan izan zen Austrian eta geroxeago Alemania eta Ingalaterran. Orduan hasten dira garatzen balioen filosofia handiak eta eztabaida hauek Lehen Mundu Gerrara arte iraungo dute. Baina nahiz eta terminologia ezberdina erabili honen guztiaren jatorria Greziako Atenasen dago sofistekin.

Han iraultzaren ondoren demokrazia sortu zenean krisi handia etorri zen, gizartea bera balio-sistemen eta klase-sistemen arabera zatikatuta geratu zen eta gatazka ikaragarria sortu zen. Garai horretakoa da sofistek emandako soluzioa: garrantzitsuena ez da balio onenak nork dituen, diskurtso egokiena nork duen baizik. Gaur egungo hitzetara itzuliz, ez nork dituen baliorik zuzenenak, baizik eta nork duen prentsarik eta mediorik onenak balio batzuk ezarri eta nagusiarazteko. Horrela sortzen dira balioen erabilera eta manipulazioa. Sofisten teoriaren erreakzio bezala dugu Platonen Metafisika guztia. Platonek dio balioek oinarri absoluto eta eztabaidaezin bat izan behar dutela. Honen gauzatze ezaguna kristautasuna dugu, non Jaungoiko platoniko batek eusten baitie balio kristauei. XIX. mendean, ordea, krisia iritsi zen berriro, eta hartan gabiltza oraindik. Orduan hasitako eztabaida 100 bat urte beranduago iritsi zen Euskal Herrira, Europako beste lurralde katolikoetan gertatu zen bezalaxe.

Euskal Herriaren kasuan hazkunde ekonomiko batek jaso zuen herria XIX. mendean baina erabat puskatu balioen mailan. Karlistaden ondoren indarrean jarri ziren sistema publiko guztiak, eskolatik hasita alienatzaileak izan dira Euskal Herriarentzat. Euskararekiko izan duen eragina horren lekuko. Axolagabe, inbaditzaile eta espa-olizatutako klase batek zuzendutako hazkunde ekonomiko hark ez zuen indarberritutako kultura bat ekarri, gaurdaino irauten duen kaos itzela baizik.



Nolakoa zen ordura arteko Euskal Herria? Zein ziren orduko baloreak?

Euskal gizarte baserritar tradizionala autonomoa izan da. Nik uste XV-XVIII. mendeen arteko Euskal Herria bera jabe izan zela, foralista eta bere burua ordezkatzen zuten foruez harro sentitzen dena. Bere etxearen jabe zen euskaldun hori errege txiki bat zen eta orduko burujabetasun hark irauten du oraindik ere. Horrexegatik ez dute gizarte euskaldun tradizional hori lehenago akabatu, horrexegatik iraun du gaurdaino. Euskaldunon beste betiko balore bat nobleziarena izan da. Euskaldunak nobleak ziren. Euskaldun denak nobleak deklaratzea denak berdinak konsideratzea zen eta hori bai dela soluzio jeniala. Antzeko zerbait izan dute suitzarrek ere. Beharbada mendi-herri isolatuetan soilik izan da posible nobleziari uko egitea. Nekazarien harrotasun hau positiboa zen eta ez da inoiz botere handi bat bihurtu beste herri batzuren aurka aritzeko. Gandiagak dioen bezala, bada jenderik piramideak bezalako monumentuak ikusi ezean arterikez dagoela uste duena, eta Euskal Herriko historian ez dago piramiderik, ez da inoiz egon botere-konzentrazio handirik, ez eta onartu ere. Ez zegoen jauntxorik, hiriburuak aldakorrak izaten ziren... Garbi dago gure sistema guztia botere konzentrazioaren aurkakoa izan dela harik eta 1876.an Foruak kendu zizkiguten arte. Geroztik gerra zibilak, baserritarren humilazio ikaragarriak, kalearen nagusitzeak, oraingo ekonomia eta sistema zentralistak...



Zein balio garatu ditugu harrez geroztik?

Historikoki eta ni jaio nintzen gatazka handirik gabeko gizarte hartan LANA zen lehen mailako balioa. Lanarekiko jarreraren arabera bereizten ziren pertsonak, langileak eta zuriak. BERDINTASUNAREN kontzeptua ere bazegoen euskaldunen artean nahiz eta geroago jauntxoarekiko, fabrikako nagusiarekiko, medikuarekiko... gehiegizko errespetua eta umiltasuna garatu. ELKARTASUNA ere ohikoa zen auzolanean eta etxe erre-eskean. EUSKALDUNEN ARTEKO ERRESPETUA. Nire oharmenean bi pertsona nagusik elkarrekin borrokatzea ez zegoen ondo, elkar jotzea larria zen eta labana ateratzea gizatasun falta ikaragarria zen. GURASOEKIKO ERRESPETUA, AMARENTZAKO BENERAZIOA, JAIOTZA eta HERIOTZAREN AURREKO JARRERA MANTSOA eta ETSIPENEZKOA, beste kultura batzuetako jendaurreko garraxi, oihu eta negarren zeharo kontrakoa berau. ERLIJIOA ere balio bat izan da, kristautasuna eta aurretiko jarrera erlijiosoak: udako solstizioaren suak, etxe azpian beren hildakoak lurperatzea, beste kultura zenbaitetan bezala euskaldunak ere bere hildakoen gainean bizi izan dira, arbasoak etxean zeuzkan eta beraien tradizioa transmititzen zuten, ETXEAREN BENERAZIOARENA....



Gaur egungo balioen artean zein aipatuko zenituzke?

Oraingoen artean gazteen arteko IDEALISMO HARRIGARRIA. Dena kontra eduki arren aurrera jarraitzen du gazteak. INTERNAZIONALISMOA oso zabalduta dago. Garai bateko euskaldunak dirua lortzera bakarrik joaten ziren Ameriketara eta hango indigenen bizitzaz ezer gutxi arduratzen ziren. LAGUNARTEAK ondo funtzionatzen du eta ADISKIDETASUNAri garrantzi handia ematen zaio, biak ere ondo balio tradizionalak eta egun mantentzen direnak.



Balio tradizional batzuk mantentzen ditugu. Hori ona al da ala modernizatu egin behar dira?

Balioak beti dira diskutigarriak eta herri bat ez da momentu guztietan berdina izaten. Balioak ere bere garaiak dituzte eta ez dira inoiz bapatean onartuak izaten. Tradizioak balio positiboak dira printzipioz, baina tradizio askok ez dute eboluzionatzen eta hondatu egiten dira azkenik. Gaur egungo arazo asko gure balioak era normalean garatu ahal izateko ahalmenik izan ez dugulako etorri zaizkigu. Horrenbeste borroka politiko eta militarrekin ez dugu herri bezala garapen normala izan. Hau onartu beharrean gaude, herri eta kultura bezala, gaixo eta zanpatuta gaude handiak direla eta handiak izan behar dutela sinesten duten auzokoak ditugulako. Handia izatea sakratu egin nahi dute gainera, arrazoia gehiengoak daukala esanez. Eta hau ez da egia, gehiengoak izaten duena bere arrazoiak gauzatu ahal izateko tresnarik onenak, baina arrazoi kontuan ez gehiago eta ez gutxiago.



Zein balio dira unibertsalak eta zein tokian tokikoak?

Ni sailkapen horri alergikoa naiz. Unibertsal-partikular erako sailkapenak hobea-txarra ideia ezkutatzen ohi du atzean. Europar burgesek ere kultura islamikoaren baloreak oso atzerakoiak eta gainditu beharrekoak zirela pentsatu zuten. Berdin uste izan zuten Afrikako edo Hego Amerikako indioei buruz. Balio mailan, ordea, sailkapen honek ez du zentzu handirik. Balio guztiak unibertsalak dira beti. Estatuak ez dira unibertsalak, gizakiak ostera, bai. Beraz, gizatasuna unibertsala denez, gizatasuna garatzen laguntzen diguten balio guztiak unibertsalak lirateke. Balioen unibertsaltasun hau eskaintza bezala ulertu behar da, eta balio guztien eskaintza unibertsala da, ez dago bata bestea baino unibertsalagoa den baliorik, nahiz hauxe bera izan hain zuzen gaurko gizarteko egunkariek, irrati eta telebistek egiten dizkiguten txantaietako bat.

Hala ere, amerikanoak "balio amerikanoez" mintzatzen dira eta frantsesak "balio errepublikanoaz" (= frantsesak), eta Euskal Herrian hor dugu politenetako bat, lehenago aipatu euskal nobleziarena.



Zer egin dezake hezkuntzak auzi honetan?

Nire ustez oso garrantzitsua da gizarte batek balio-sistema sendo eta sano bat edukitzea. Onartzen dut gizarte batek auto-hezi beharko lukeela eta horregatik ez dut Hezkuntza kanporatzen joko horretatik. Baina balioak irakatsi baino nik uste dut Hezkuntzak horrela eragin beharko lukeela: Guk balio hau, hau eta hau ditugu eta horien artean harmonia bat bilatu behar dugu eta balio horiekin bizitzen ikasi behar dugu. Hezkuntza balioen arteko harmonia lortzeko litzateke bitarteko garrantzitsua baina ez balio jakin batzuren predikuak egiteko. Hezkuntzaren zeregina ez da beraz balioak irakastea, aitzitik, dauden balioak azaldu eta horien arteko adostasuna bilatzera bultzatu behar luke. Azken finean horiekin bizitzen ikasi behar baitu gizakiak, eta gizakiak dituen premiatatik eta beharretatik ikasten duena da balioa.

Euskaldunok, beste edozeinek bezala, egin behar duguna informazioa edukitzea da, kanpoko esperientziak ezagutu eta ideiak kopiatu; ideiak diot eta ez soluzioak. Ideia horiek gure premiei, gure kulturari eta izateko erari moldatu beharko ditugu. Mundua aspalditxoan asmatua dago eta.



Hemengo hezkuntzaren ezaugarrietako bat publiko-pribatu arteko bereizketa da. Zer deritzozu horri?

Hasteko publiko-pribatu zatiketa hori ezabatu beharko genuekeela iruditzen zait; ikastetxe denak izan behar lukete publikoak eta gurasoen nahiaren arabera antolaketa ezberdinak gauzatu. Publiko-pribatu bereizketa hau XIX. mendeko arrazonamenduetan oinarritutako bereizketa dela dirudi. Beste gauza batera pasaz, ni bizitzak sortzen duen aniztasunaren alde nago baina A, B, D eta G ereduak eskola-klinika baten ondorioak dira. Gure herria gaixo dago eta klinika bat muntatu digute baina ez horregatik eredugarri. Euskal curriculuma ere garatu beharrekoa da baina ikastetxetik bertatik, hau da, eskolan dagoenak osatu behar du curriculum hori eta ez teorikoak, goitik edo kanpotik etorritako batek. Hauxe litzateke gure desbalioetako bat, gure pulpitu-sistema hau.



Zer dira desbalioak?

Balioen ezaugarria ez da bakarrik positiboa izatea, positiboa eta negatiboa baizik. Balioak bipolar agertzen dira: maitasuna-gorrotoa, ongia-gaizkia, errukia-mendekua. Horregatik ez da posible ezer absolutaraino garatzea, erruki absoluto bat desastrea gertatuko litzateke eta beste balio batzurekin konpensatu beharra dago. Balioen alde negatiboari deitzen diogu "desbalioa". Euskal Herrian heredatu dugun balio-sisteman dagoen desbaliorik txarrenetarikoa "argia" duen jendea badagoela sinestea da, maisuek ez dauden lekuetan bilatzen aritzea alegia. Parrokoak herriak egin behar duena esatetik liberatu baldin bagara, libera gaitezen estatuen "jakintsuengandik" eta egunkarietako "maisu ideologikoengandik". Horien guztien esanak ideiak, gogoetak edo posibilitateak besterik ez dira eta izatekotan ere geure argia bilatzen lagun dezaketenak, baina argiak lanean arian-arian pizten dira eta ez bestela. Beste desbalioetako batzuk zikinkeria eta narraskeria ditugu... ez da ahaztu behar krisian erori eta gaizki moldatzen ari diren herriak alde negatiboak eta gorrotagarriak ere garatzen dituela.