Gabon inguruko ospakizunak berreskuratuz

1998-01-01
Gabon sasoian gaude, Gabonetan gaude! Erosketak, kaleak eta dendak jendez beterik, koloreak, apaingarriak, argiak, zorionak. Oporrak eskoletan, janari prestaketak etxeetan, opariak erostea eta ematea. Gabon-gaua, Eguberria, Gabon-zahar, Urtebarri, Urtats, Olentzaro, Erregeak eta Papa Noel.
 
 
Eros ezazu! Hau behar duzu, beste hori ere bai, baita hura ere...! Kontsumitu, erosi, dirua gastatu, jateko garestiak, ez dakit zenbat mila pezeta gastatu behar dituzun arraindegian, supermerkatuan ere bai. Eros iezaiozu zerbait amari, beste zeozer aitari. Amamari ere erosi behar, ahizpari, nebari... Eurek ere erosiko dizute zeuri eta zuk ez? Eros ezazu!

Hugo Woman: bizitza joan-etorria da, ez zaitez galdu.

Don´t imitate, innovate.

Codorniurekin zoriontsua izango zara!


Erosi! Erosi! Guraso bazara ez galdu aukera! Azkenengo jostailu eta tramankulu salgai dituzu eta. Ez utzi erosi barik. Zure seme-alabek moda-modakoak diren horiek behar dituzte-eta.

Ikasteko, maitatzeko, jolasteko, Master Qui Que!

Berez urtean zehar kontsumismoan ezarririk bizi bagara ere, Eguberrietako sasoian pertsona lez dauzkagun sentimendurik eder eta duinenak, marketignaren bidez, salerosketako objektu izatera desbideratzen dizkigute, ondorioz elkartasuna erosketa bilakatuz eta nortasuna bezero izatea bihurtuz.

Hori dira funtsean, gaur egunean, gabonak. Horrela bizi behar dituzu, bestela "normalitatetik" kanpo geratzen zara eta. Telebistak, propaganda, dendetako panfletoak, kaleak, erakuslehioak, denak bultzatzen gaitu horrela bizitzera. Horiek guztiak dira Gabonak, Gabon sasoia orohar, baina gauza gehiago ere bai. Euskal Herrian egon dira, eta leku batzutan orainarte iraun dute sasoi honetako ospakizun desberdinak. Gehienontzako Olentzaro izan arren ezagunena, abenduan zehar eta urtarrilean burutzen direnak ere erabili eta irakasteko modukoak direla uste dugu.

Aspaldidanik, eguzkiak, bere ibilbide geldiezinean, ortzian tokirik gorena eta beherena hartzen duen unea edo sasoia, solstizio erdal hitzaren bidez ezagutzen da. Euskal Herrian urte sasoi bi ezberdindu dira beti, uda eta negua, eta urtaro hauen hasera ospatu egiten dugu zenbait ospakizunen bidez, gehienetan suaren inguruko erritualez: hortxe ditugu San Juanak edo Gabon-Gaba eta Gabon-Zaharreko suak adibidez. Neguko solstizioari dagozkion jaiak eta urtearen amaierari zein urte berriaren hasierari dagozkionak gaur egun batera ospatzen baditugu ere, ez da urtearen hasiera beti abenduan izan. Egun darabilgun egutegia Gregorio XIII. Aita Sainduaren sasoian ezarri zen 1582. Urtean. Baina egutegia konbentzionala da. Esaterako urtea urtarrilaren lehenean hasten bada ere, Erdiaroko Nafarroan urtea eguberriz hasten omen zen, hau da, Abenduaren 25ean; Martxoaren 25ean beste kronika batzuen esanetan. Eta Iparraldean, Irailari Buruila deitzeak haserako ila zela adierazten omen du Caro Barojaren iritziz.

Beste alde batetik, oso gogoan hartu beharrekoa dugu, aspaldidaniko festa eta ospakizunak, -euretariko batzuk Kristo aurreko siniskeretan oinarrituta egonik ere-, kristautasunak bereganatu egin dituela eta gaur egun, guztiz kristaututa ezagutzen ditugula, adibidez solstizioaren inguruko festak, bai Gabonak eta baita San Juanak ere.



Gabon sasoiko ospakizun batzuk

Gizarte modernoaren bilakaeran, mende honetako tradizioen artean bi indartzen dira bereziki: Frantzian zabalduko eta indartuko den Papa Noel-ena eta Espainian Erregeena.

Frantzian indartzen den eredua Ipar Europako tradizioan dago oinarritua, eta, San Nikolas Barikoa hartzen du abiapuntutzat: San Nikolas Barikoa, Liziako Mirako apezpikua (IV.m.). Bere gurtza Ekialdean eta Europan oso ospetsua da, batez ere Italian, Barin haren erlikiak daudelako. Nizeako kontzilioan parte hartu bide zuen (325). Hau beste batzuen artean, gazteen patroia dugu. Tradizioak Gabon-gauean umeei opariak ematera datorrela dio. Erreforma garaitik aurrera Alemanian eta beste toki batzuetan Papa Noel deituko zaio. Hemendik dator Ipar Euskal Herrian hedatzen den ohitura.

Hego Euskal Herrian hedatzen dena aldiz, Espainian indartzen den tradizioan oinarritzen da. Hau, Biblian kontatzen den pasartea erreferentzitzat hartuz Jesus umea jaio berri dagoela Ekialdetik etorritako hiru Magoak hartzen ditu abiapuntutzat. Hauek ume Jesusi opariak ekarri zizkioten bezala haurrei, lo dauden bitartean, opariak uzten dizkiete. Horretarako haurrak onak izan behar dute eta zapatatxua edo galtzerditxoa utzi behar dute leihoan edo balkoian oparia jasotzeko. Onak ez badira izan ikatza jasotzen dute.

Urte batzuetatik hona, Europan zehar ohikoa den Gabon-arbola zabaldu da gure artean. Usadio berria bada ere, hainbat etxetan izai bat jartzen da guztiz apaindurik: koloreetako bola eta argitxoak, gozokiak, polboroiak, turroi zatiak eta halakoak. Eta bertantxe uzten ditu Olentzerok opariak.

Bi tradizio hauek zabaldu eta indartu egingo dira eta ofizialki bultzatu ere, batez ere, mende honetan komunikabideen hedapenarekin eta telebista eta ikustentzutekoak erabilera masiboa hartzen dutenetik. Honek bideratzen du, neurri batean, kultur eredu amankomunak indartzea.

Bien bitartean, beste zenbait euskal tradizio bizi da, herri eta eskualde ezberdinetan, tradizio lokal eta zahar gisa eta hedapen murritzean. Dena den, baserri eta herri inguruetan tradizio lokala edo herrikoia mantendu egin da. Hirurogeitahamargarren hamarkadan gure Herrian, beste toki batzuetan bezala aldaketa nabariak gertatzen hasten dira: besteak beste, eta Hego Euskal Herriari dagokion neurrian frankismoaren azken urteak bizi dira, berbizkunde kulturala eta politikoa bizi-bizia da, zenbait giza mugimendu eta kultur-talde ugari sortzen da. Herri eta hirietako auzoetan euskarazko eskolak, ikastolak, euskal jaiak antolatzen dira eta mugimendu guzti honetan "euskal" horren oinarrian dagoena bilatzeko premia agertzen da.

Testuinguru honetan, Gabonetako festetan Gipuzkoako ekialdean eta Nafarroako ipar-mendebaldean ospatzen den errituala nagusitzen da Euskal Herriko hiri eta auzoetan: hau da, Olentzaro kantatzera irtetzea Gabon-gauaren arratsean.

Ondorioz, eta ikastoletan eredu euskaldun bat behar den neurrian, Olentzero nagusituko da Gabonetako eredu amankomun bezala. Hemen azpimarratu behar da guraso gazteen kontzientziazioak izan zuen eragina: euskal eskola sortzerakoan zabaltzen den giroan, euskal nortasuna adierazten zuen pertsonaia bilatu eta zabalduz. Gaur egun, Euskal Herri osoko haurrek ezagutzen duten pertsonaia dugu. Berau da opariak eta jostailuak ekartzen dituena gure Herrian, Europako San Nikolas edo Papa Noelen antzera. Dena den hauekin batera bizi da oraindik ere Ipar Euskal Herrian. Hego Euskal Herrian berriz, Erregeak beste egun batean ospatzen direnez, etxe askotan bi egunetan jasotzen dira opariak: lehenengo Olentzero egunean eta gero, beharbada, apalago baina baita Errege Egunean ere.

Baina, gure gizarteko eredu amankomuntzat Olentzero hartu bada ere, ohitura bera apur bat desitxuratuta aurkitzen dugu, kontsumo pertsonalean erabilia eta festa honek, beste askok bezala, duen zentzu kolektiboa galduta edo. Euskal gizartean gizarte kontsumistari uko egin beharrean, erabili egiten da pertsonaia eta tradizioa kontsumo gizartera egokitu.

Euskal Herriko bazterretako tradizioak taldean ospatzen dira. Eta, eskari ibiltzea da asko eta askoren lana, gerorago bildutakoaren inguruan lagun arteko otordua ospatzeko. Horra hor esaterako, mendebaldeko lurraldean Gabon-gauean etxerik-etxe edo kalerik-kale Gabon-kantak kantatzen ibiltzearen ohitura, ekialdean Olentzero kantatzera irtetzen den bezala, edo Urte-berri egunean haurrak etxerik-etxe ibiltzea aginaldoa eskatuz edo Errege egunean Apalazio kantatzera joanaz... Beharbada, honelako ospakizunak berreskuratuz, auzoan, herrian egin izan diren tradizioen inguruan bilduz, modu bat izan dezakegu Gabon sasoiari izan duen ospakizun kolektiboaren zentzua emateko, gizarte kontsumista honen aurrean, non kontsumo pertsonala eta kolektiboa bultzatzen den soilik.



Beste aukera batzuk

Egokia izango litzatekela uste dugu tradizioak izan duen zentzu kolektiboa berreskuratzea. Honetan ere badute giza-taldeek, auzo mugimenduek, eskolak eginbeharra: zenbait tradizio bultzatu eta berreskuratu eta Olentzarorekin batera sasoiko beste guztiak landu. Hara hor, besteak beste, San Nikolas, Gabon kantak etxerik etxe kantetan ibili, A palazio, Suak piztearen eta ura biltzearen tradizioak, solstizioaren zentzua, ziklo naturalen garrantzia...



Samikolas (San Nikolas)

Arestian aipatu dugun San Nikolas haur eta gazteen zaindaria dugu eta hortik, San Nikolas egunean eskola umeen eguna ospatzea. Gaur egun, nahiko galduta aurkitzen den festa da hau. Abenduaren seian. Egun hau eskola umeen eguna zen, besteak beste, eta eskola umeen artean ospatzen zen. Aurreko egunetan maisuak edo maistrak umeen artean ondoen portatu omen zena aukeratu egiten zuen errege, apezpiku edo autoritate bezala. Eta honi laguntzen beste ume batzuk, hauen eginbeharra apezpikuaren laguntzaile izatea zen. Berez jatorriz autoritatea, San Nikolas apezpikutxoa dugu, Iñusenteen apezpikutxoa legez ere ezagutzen dena. San Nikolas egunean aukeratutakoa apezpikuz jantzi eta lehen orduan mezetara joaten ziren, maisuarekin. Gero herrian kalerik-kale eta etxerik-etxe joaten ziren eskean zera kantatuz:

San Nicolas coronero

arzobispo Mariandres

echame la castaña

un, dos, tres.



Horrelako koplak zenbait lekutan ezagutzen dira, denak antzerakoak eta denak ezberdinak. Bildutakoagaz bazkaria egiten zuten.

Arrasaten esaterako, oraindik ere, iluntzean, eskola umeak herriko plazan batzen dira eta kopla kantatzen duten bitartean herriko etxetik karameloak botatzen dizkiete. Jai hau oso ospatu izan da zenbait herritan: Kanpetzu, Arrasate, Agurain...

Lekuonak1 bildutakoari jarraituz, Oiartzunen egun honetan haurrak kantatzen ibiltzen ziren eskuan makila hartuta eta bizkarrean zorrotxo bat. Entzukeran etxekoandreek fruituak ematen omen zizkien sari bezala: intxaurrak, gaztainak, sagarrak, mispilak, eta abar. Zera kantatzen zuten:

Samikolas tikiya

gure ganbara aziya:

- Gure ganbaran zer dago?

Andre Juan Maria.

Abe, Abe Maria

Dios te salve, bakalo jale

Bost eta sei amaika:

- Txorixorikan ezpaldin bada

igual dela lukainka.



Baina, Euskal Herri osoan zehar ere kantatzen dira ezer ematen ez duten etxe edo etxekoandre zekenen kontrako koplak:

Or goyan otia

dena lorez betia:

etxi ontako etxeko andriak

atorra kakaz betia.




Gabon eta eguberri

Gabonetako ospakizunak Abenduaren 24aren inguruan hasiko dira. Gabon deitzen zaio gau horri, Nochebuenaren itzulpena. Eta hurrengo eguna, Eguberrik, egun laburrenak bukatu eta argitasun aldia hasten den momentua adierazten omen du. Bizkaian Natibitate lez ezagutzen dugu. Guztiz kristauturik aurkitzen ditugun ospakizun hauetan maiharen inguruan biltzea dugu ohiturarik esanguratsuena. Horretarako jantropeak prestatu egiten dira. Horra hor hain famatu egin diren gabon aurreko merkatuak, Santo Tomas Feriak, hiribilduetan egiten direnak: Bilbon, Tolosan, Donostian...

Euskal Herriko Mendebaldean abenduaren 24ean, Gabon egunez, iluntze aldera, ume-aldrak kantuka eta sari eske irteten dira leku batzuetan gabon kantak abestuz. Bizkaiko eskualde batzuetan gabon aurreko kantuoi Marijesiak deitzen diete eta nagusi zein umeek kantatzen dituzte Gabon aurreko bederatzi egunetan, goizaldean. Hona hemen Juan Gorostiagak2 jasoriko aldakia:

Abenduko santu onetan

Kristo'ren jajotzian

pozaren aundiaz

guztiok poz gaitian.

- Maria Jose,

Jose Maria

Maria Jose.

Mundu guztia dago

gaur pozez beterik

Semia jaio dalako

orban bagarik.

Bai Belenen

eta bart Belenen

jaio da Jesus Nazaren.


Dena den, Gabonak ez dira bakarrik Jesusen Jaiotzaren inguruko ospakizunak. Zenbait erritu eta festa solstizioa ospatzeko egiten da gero kristautasunak bere kutsua erantsi badie ere. Eguzkiaren inguruan dauden siniskerak oso hedatuak dira Euskal Herrian eta euretariko bat Neguko aroa edo solstizioa ospatzeko egiten omen dira.

Eguberri, egu eta berritik datorren berbea, Gabonak izendatzeko erabili izan ohi dena, egun berri adierazten omen du3. Hau Argi berri edo Eguzki berritik omen dator, ordutik aurrera eguzkiak gora egiten baitu ortzian. Etimologikoki neguko solstizioaren hurrengoko eguna da aipatutakoa. Erritualak bezperaz hasten dira ospatzen. Gau honi Gabon, Gau-on bezala ezagutzen da. Baina beste toki batzuetan, esaterako Oiartzunen Olentzero gaba bezala, Saran Suilaro-atsa eta Uhart-Mixen, Xiularo4.

Beste era bateko ohiturak etxean bertan gordetzen dira. Hara nora, Gabongauez enbor eder bat jartzen da erretzen sutean izen hauen bidez ezagutzen dena: Gabonzuzia Zegaman, Gabonsubil Trespuentesen, Gabon-mukur Bedian, Gabon Subil Abadinon, Antzuolan, Subilaro Egur Aezkoan, Suklaroegur Saraitzun, Sukubela Liginagan, Porrondoko Agurainen, besteak beste. Antzina su horretan prestatzen zen gabon-gaueko afaria eta egun horretako jaki bereziak. Gabonzuzi hau aparteko enborra dugu. Enbor ederra aukeratzen da eta gau guztian sua amatatu barik mantentzea da ohitua toki batzuetan. Gero gelditzen den txingerra eta errautsak gorde egiten dira zenbait lekutan. Askok uste du enbor honek aparteko ahalmenak dituela.

Urtean zehar animaliren bat gaixotuz gero, korta erdian jarri enborraren zatitxoa eta piztu egiten da, izpiritu txarrak uxatzeko. Laudion eta Agurainen esaterako Gabonzaharrera arte mantentzen da sutondoan. Olaetan pago enborra jartzen dute urtearen azken egunean eta harekin batera, aurreko urtekoaren azken mokorra erretzen da. Elduaienen oso su bizia egiten da eta umeei esaten zaie Olentzero igitaiaz tximiniatik etxean bizi diren guztiak hiltzera sar ez dadin egiten dela. Agurainen ekaitzak uxatzeko pizten omen zuten ekaitza zegoenean. Ibarrurin errautsak gorde eta San Esteban egunean soloetatik zabaltzen dituzte horrela piztiak hilgo direla pentsatuz.

Mendebaldeko beste ohitura zabaldua zerau da: Gabon gabeko afaria asteko dagoela Gabon-ogia deritzona bedeinkatu egiten da. Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat herritan Etxeko jaunak bedeinkatuko du ogia, azpiko aldean kurutze bat markatzen du aiztoz eta zati bat kendu. Zati hori gorde egiten da urte guztirako. Ogi honek aparteko propietateak dituela pentsatzen da: alde batetik ez da zimeltzen. Bestetik egunen baten animaliren bat gaixotuz gero, ogi puxka horren zatia hartu eta eman egiten zaio osatzeko. Itxaso ekaitzaren aurretik edo ibaia gainezka egin aurretik botaz gero erremedioa omen da.

Gabon eguna Bijili eguna izanez, ezin zen okelik edo haragirik jan. Horregatik gabon gabeko menua bijili egunekoa da: olio azak, bakailaoa edo bisigua; beste batzuk, angulak. Baina beti arraina. Gero, intxaursaltza. Ondoren mezetara joateko jantzi berriren bat jarri "deabruari begiren kentzeko" Larraunen esaten duten bezala. Konjuro hauek Baztanen, Garazin eta Barkoxen San Juan eguneko sorginkeria edo konjuroarekin zerikusirik edukiko luke, kasu honetan sorginari kendu nahi zaiolarik begia.



Olentzaro

Toki ezberdinetan izen ezberdinek izendatzen dute tradizio bera#5: Onentzaro Andoainen, Olentzaro Orexan, Lesakan eta Arakilen; Olentzero Beran, Irunen, Oiartzunen eta Donostian; Orantzaro Berastegin eta Larraunen; tradizio hau Gipuzkoako Beterrin eta Nafaroako Bidasoa inguruan agertzen da. Xubilaro enborraren aldia deitzen zaio Arakilen; Suilaro Saran, Suklaro Saraitzun; Galerre Alegian eta Agurainen; Putierre Amaritan. Izen honen esanahiaren gainean eztabaida aurkitzen badugu ere, Barandiaranen esanetan izen hauek, bai panpinenak bai Gabon-gaueko eta Gabon-zaharreko suenak, Gabon-gauean erretzen den enborrarekin zerikusia dute.

Caro Barojaren ustez6, Olentzarok "O"ren sasoia izendatuko luke. Frantzian zehar kantatzen ziren "O de Noel" kantuei erreferentzia eginez. Beste autore batzuentzat, aldiz, aro edo aldi onaren hasiera dela adierazten duen ospakizuna litzateke. Daitena daitela, ikazkina dugu, sasoi batean ofizio hedatua. Kantuak dinoenez igitaia eskuan tximiniatik sartzen dena Gau-zuzi edo enborraren ondoan berotzeko. Beran, Pasaian, Andoinen, Elduaienen eta Oiartzunen aintzina, mutiko bat jazten zuten ikazgile bezala eta lepoan hartuta eramaten zuten etxerik-etxe Gabon Gaueko eskarietan.

Lesakan, Oiartzunen, Leitzan eta Arakilen, Olentzaro lastoz eta trapuz eginiko panpina bezala agertzen zaigu. Gabon gabean agertzen da eta batzuen esanetan bere emaztearekin bizi den ikazkina da. Zarautzen begi gorriak dituela diote, Elduaienen aurpegi zikina duela, ikatzez beztua. Etxekoak oheratzerakoan sartzen omen da sutondora, eta oso jatuna da. Dena den, panpin handia egiten da eta kalerik kale eskean darabiltzate bai gazteek eta bai umeek. Eta Bera eta Oiartzunen esaten den bezala Kristoren jaiotza iragartzera dator.

Eskearekin batera, kantatu egiten zen. Lesakan eskaria egin ondoren erre egiten da. Gazteak irtetzen ziren Olentzero kantatzera eta jatekoak biltzen zituzten gero lagunarteko askaria egiteko. Kantatzen diren bertsioen artean Oiartzungoa aukeratu dugu7:

Eeeeeup!

Hemen heldu gerade

berri on batekin;

gure enbajadore

Olentzerorekin.

Olentzero juan zaigu

mendira, lanera,

intentziuarekin

ikatz-egitera.

Aditu duenian

Jesus jaio dela,

laisterka etorri da

parte ematera.

Horra! Horra!

gure Olentzero!

Pip'ortzian dela

eserita dago, e.a.




Inuzenteen eguna

Inuzenteen eguna Euskal Herriko hegoaldean ospatzen da. Abenduaren 28an umeek eta nagusiel elkarri ziria sartu eta bromak egiten ibilten dira. Txorierrin, egun honetan haurrek kalabaza bat utzitu eta zuloak egin ostean kandelak izotzen zituzten barnean, toki ilunetan jarriz, aurkitzen zutena beldurtzeko asmotan.



Urtezahar edo gabonzahar

Gazeon eta Onraitan esaterako, afal ondoan suak egiten omen ziren familia batzuen artean, gaztainak erre eta jan egiten ziren bitartean. Tartean gaztetxoek zahagi zaharren zatiak makila luze baten muturrean lotu eta, erre ondoren, herriko kaleetan zehar ibiltzen omen ziren ate zaharrak beltzez markatuz eta aldi berean esanaz:

Erre pui erre,

urte zaharrari ipurdia erre.


Urteko azken egunaren gaua dugu. Gau honetan ohitura zaharren artean suak garrantzizko tokia du Gabon-gauean eta San Juanetan bezala. Zenbait herritan, Amezkoan esaterako, eskola-umeak kalez-kale ibiltzen ziren larruei su eman eta ohiuka8:

A quemar el culo al año viejo

con un pellejo viejo, viejo!


Araban ere bildu izan dira horrelako ohiturak Erre puierre izenaz. Agurainen su handi bat egiten zuten plazan eta neska-mutikoek suaren gainetik jauzi eginez honela kantatzen zuten:

Erre puyerre, quemale el culo a Galerre

Erre puyerrín, quemale el culo a Don Crispín.




Urtats edo urteberri

Urtearen lehen egun honetan Euskal Herriko toki batzuetan iturrira doaz eta bertako lehen ura edaten dute gauerdiko hamabiak jo eta segidan. Momentu hortako ura edateak aparteko birtuteak ei ditu. Horregaitik, Lekarozen esaterako umeak iturrira joan eta pitxarretan bildu ura, eta gero etxerik-etxe banatzen zuten. Beste herri batzuetan urteberriko kuestazio kopletan agertzen den leloak adierazten du:

Urte berri, berri,

Zer dakarzu berri?

Uraren aña,

Bakia ta osasuna

Urtez, Urtez.

Altsasun adibidez zera kantatzen zen:

Ur barrena, ur goyena

Urte berri egun ona

Etxe honetan sartu dedilla

Pakiarekin osasuna,

Urarekin ondasuna.

Urte Barri egunez, Bizkaiko hainbat herritan ohitura da umeak senitartekoen etxeetatik kuestazioa egitea:

Urte barri, barri

daukanak eztaukanari

nik eztaukat eta

txarribelarri.




Errege eguna

Erregeak Hego Euskal Herrian ospatzen dira bakar-bakarrik. Egun honetan opari trukaketa egiten da eta nagusiek haur txikiei erregeak ekartzen dituztela esaten die. Horretarako aurreko egunetan gutuna idazten dute haurrek eskatzen dituzten opariak aipatuz. Errege egun bezperan, herri gehienetara Erregeak etortzen dira Kabalgatan Errege Kabalgata deritzon ospakizunean. Gau horretan haurrak laister oheratzen dira zapatatxua garbi-garbi balkoian jarri ondoren. Usadioak dioenez erregeak gabaz datoz. Hurrengo goizaldean haurrak ohetik jeiki eta opariak ikustera doaz.

Lehenago hainbeste jostailu eta opari ez zegoenean aitabitxi eta amabitxiak edo aiteponteko eta amapontekoak besoetakoei errege opila oparitzen zien toki askotan. Egun honetan, ohikoa zen haurrak auzoko etxeetara joatea eta bertan aginaldoa eskatzea. Toki askotan hainbat kopla ezberdin kantatzen da egun honetako eskariak egiteko.

Arregik, eta beste batzuk9 bildu dutenari jarraituz Bizkaian eskari ibiltzea ohikoa zen haurren artean. Zeanurin ematen zena biltzeaz batera, hauxe kantatzen zen:

Apalazio zaldune

ru Erregen egune;

Iru Erregeak bialdu gaituz,

limosnatxu bat beogule.

- Sotzak eta paluek,

Martin Oroskoarren kontuek:

Martin Oroskoarrari eroan dutsez

Iru Ollanda katuek

Ain asurrek batu ezinde.

- Arek darabisen sailtuek!

Sailu te brinku (bis)

Jose Marien aurrean

Gabon gaueko intsaur saltzea

Ondo birrindu artean.




Lan eta lan

Ikastola eta eskoletan Olentzero landu izan da orainarte. Olentzaro batez ere, nahiz eta Gabonakin eta Neguarekin lotuta landu kasu batzuetan. Euskal Herriko tradizioan badaude sasoi honetan erabili eta irakasteko beste gai batzuk ere. Zorionez gero eta gehiago gara ohitura zaharrak berreskuratu eta gaurkotzen ahalginetan gabiltzanak, egia baita Paulo Iztuetak Intelligentsia kimatuaren orbelak liburuan (55.or) dioena:

"Nola ulertu oraingoa, nola joan etorkizuna eraikiz ez bada aintzakotzat hartzen lehena? Nola izan zernahi gizaki nahiz herri, memoria historikorik gabe? Ezinezkoa da. Saiatu gaitezen, bada, geurea den euskal kultura bultzatzen".

Urte luzeetan gogoan erabili diren asmo eta proiektuak gauzatuta ikusten hasi gara, hala nola, Pantxo eta Pellok Ikastolen Federakundearen eta Labayrurekin lankidetzan oraintsu argitaratu duten Oles eta Oles bilduma. Guztion lana da tradizioa jaso, berritu eta gazteei irakastea. Ekin lanari eta Eguberri On!



Bibliografia

ARREGI, G.; ERKOREKA, A.; MANTEROLA, A eta MARTINEZ, U.(1985): "Juegos infantiles en nuestra sociedad tradicional. Umeen jokoak gure gizartean" in Euskal Herria. Historia eta Gizartea, I, 504 or.

BARANDIARAN, J.M. de.(1984): Diccionario de Mitologia Vasca. Txertoa. 154 or.

CARO BAROJA, J. (1980): Sobre la religión antigua y el calendario del pueblo vasco. Txertoa

Hiztegi Entziklopedikoa.Elhuyar, 1285or.

IZTUETA, P. (1996): Intelligentsia Kimatuaren orbelak. Kutxa Fundazioa. Donostia.