PRAKTIKATZEN: Mural kromatikoa (I): kolorearen aurkikuntzako haurren abenturan lagungarria eta motibagarria den tresna

1998-01-01
Lan hau heziketa prozesuko lehen mailetan kolorearen aprendizaian laguntza estimagaitza gerta daitekeen tresna bati dagokio. Mural kromatikoak, aktibitate bat baino gehiago, esperientzia plastikoan hain oinarrizkoa den elementuarekiko, hots, kolorearekiko, ikaslearen sentiberatasunerako tresna eraginkorra izan nahi du.
 
 
Funtsean fitxa aldakor eta trukagarriz osatutako mural bat da; fitxa bakoitzak, adin bakoitzerako egokia den eran, koloreen nahasketa eta lorpenaren haur-esperientziak jasotzen ditu. Mural hau beti gelan egongo litzateke, ikasleriaren aurrerapen eta beharren arabera bere egitura etengabe aldatuz. Bere erabilgarritasuna era askotakoa da, bai kolorearen lorpenari buruzko kontsulta tresna bezala, baita ikasleek arlo artistikoko beste edozein jardueratan erdietsitako lorpenen aplikazioan laguntza tresna bezala ere.

Tresna honen nahitaezko betekizuna koloreari dagozkion edukien sistematizazioan laguntzea litzateke, adin goiztiarrenetatik arlo honetan aprendizaia esanguratsua bultzatuz eta esperimentala bezain ludikoa den metodologia erabiliz.

Ikusmen oharmenaren eremuan Gestalt-ek burututako ikerketek frogatu duten bezala, koloreak atxikitzeko eta ñabarduren artean bereizketak egiteko dugun gaitasuna oso mugatua da. Hobeto prestatuta gaude formaren arabera bereizteko, kolorearen arabera baino. Arnheim-ek (1.974: 368) dioen bezala, forma "kolorea baino identifikazio eta orientabide modu ziurragoa da, bereizketa kromatikoa oinarrizko primarioetara murriztu ezean". Kolorearenganako sentiberatasun berezia landu den kasuetan soilik, margolarienean bezala, bereizketa kromatikorako gaitasun pertzeptiboa gainontzeko jendearengan baino zerbait gehiago garatu da. Arnheimek berak azaltzen duen bezala, ez da ez garela gai hurbil dauden kolore ñabardurak ezberdintzeko, baizik eta ez garela hori egiteko gai baldintza pertzeptiboak egokiak ez direnean. Eraginkortasunarekin bereizteko gaitasuna agertzen dugu bakarrik koloreak, konparaketa objetugai direnak, elkarren ondoan edo aldiberean ikusiak badira edo konparatzen diren ñabardurak eskala kromatikoan elkarrengandik nahikoa urrun badaude.

Zaila da moldagaiztasun hau zein neurritan mugaketa biologiko baten emaitza den edo soilik ohitura kultural batzuen ondorioa den zehaztea. Baina begi bistan dagoena zera da: gure artean kolorearekiko gaikuntza ez dela formarekiko gaikuntzaren neurri berean lantzen eta ikastetxeak baduela zerikusia praktika kultural honetan.

Honi dagokionean deigarria da haurren esperientzia kromatikoak gutxienezkora murrizteko helduek duten tema. Helduok haurren munduarekin lotzen dugu guztia kolorearen kontzepzio aski "formalista" batez kutsatua dirudi. Beraien ipuinen ilustrazioak, gelen apainketak, beraien jostailuen koloreak horren adibide egokiak dira. Helduok kolore estereotipatuen mundua programatu dugu, "haurren neurrira" diseinatua eta guztiz ñabardurarik gabeko kolore primarioen erabilerarekin konpondua. Baina nork zehaztu du gai honetan haurraren sentikortasuna noraino irits daitekeen? Zer dela eta heziketako beste esparru batzuetan haurren sentsibilitatea eta adimena gutxitzen duen praxia uzteko prest bagaude, esperientzia kromatikoari dagokion eremuan haurrei berezkoa zaien eta bizitasun eta sinpletasun kromatikoak ezagugarritzen duen koloreen mundu bat dagoela pentsatzen jarraitzen dugu? Zein da hezkuntza sistemaren betebeharra egoera honen eraldakuntzan?

Azken hamarkada honetan gehiegi polarizatutako kolorearen didaktika erabili da, alde batetik bere balio hezitzailearen ikuspegi eta moralari dagokiona hezkuntza prozesuko lehen mailetan, eta bestetik teknikoa edo akademikoa erdi eta goi hezkuntzan. Tradizionalki pentsatu izan ohi da haurra sentiberatasun kromatikoaren mundura era intuitibo batez iristen zela eta haurrak heldutasun intelektual maila bat lortu arte ezin zela koloreari buruzko edukien aprendizaia sistematizatua sartu.

Ikuspuntu honetatik, lehen etapetako irakasleak egin zezakeen hoberena haurraren garapen naturaltzat jotzen zenean ez tartekatzea zen, edo gehienez ere haurraren sentikortasun kromatikoa oztoporik gabe azaleratzeko egoerak sortzea. Haurrak dohain natural batzuk zituela suposatzen zen, zeinak bere garapen orokorraren zikloen parean garatzen ziren. Honela norabide batean edo bestean eskusartzeak bere sormenaren berezko bilakaera desegokitzea suposatuko luke.

Sormenari buruzko kontzepzio ia determinista honen alderdirik larriena honako hau da: haurrak kolorearen ezagutza eta erabilerara era intuitibo batez iritsi behar zirela goratzen zen bitartean, irakaskuntza planifikatu baten ezak esperientzia kromatikoko erabilera eskasgarriei lekua uzten ari zirela, bai ikastetxe barruan bai kanpoan.

Arazo honen konponbide bat, ia tradizionala, esperientzia plastikoko materialak banantzea eta ikaslearen lanak ilustratzen dituen kolorearen paleta nabarmenki zabaltzea izan da. Bera izan dadila gehien atsegin zaizkion koloreak aukeratzen dituena eta aldez aurreko mugapenik gabe aukeraketa egiteko parada izan dezala!

Haatik, neurri hauekin ere, koloreari buruzko ezagueren lorpena neurri handi batean intuizio "librearen" menpe dago oraindik. Irakaskuntzaren sistematizazio bat planteatzen badugu edo Hezkuntza Artistikoaren eremuan aprendizaia eredu eraikitzaile eta esanguratsu batera jotzen badugu, baita adin goiztiarretan ere, kolorearen munduarekin era solido eta esanguratsu batean harremanetan jartzeko modua ezarri beharko genuke, sentikortasunaren eraikuntza eraginkorrerako eta esperientzia plastikoan hain garrantzitsua den elementu honen ezagutzarako beharrezkoak diren oinarri esperimentalak jarriz.

Dudarik gabe esperientzia kromatikoa aberasteak, haurraren adierazpen baliabideen hedapena eta gehikuntza dakar, baita ere mundua estetikoki sentitzeko gaitasunaren aberastasuna. Baina ez da bakarrik ikaslea ikusle bezala jartzea, unibertso kromatiko aberats baten behaketaren aurrean aukera egin dezan. Hau beti desiragarria bada ere, oinarrizkoak dira baita ere hausnartutako plangintza curricular baten arabera burututako esperimentazio zuzena, kolorearen manipulazioa eta esperimentazio kromatikoaren erabilpen aplikatua.

Lowenfeld-ek (1947) dioen bezala adin hauetan koloreak misterio asko barneratzen ditu, bere esperientzia gatibagarria da. Horregatik ona da ikaslea bere esperimentazioaren jokoaren bidez bere begien aurrean behin baino gehiagotan esanguratsuki hauteman ezinez eduki dituen -abardurak aurkitzen dituena izatea, baina hobea da era sistematiko eta ordenatu batean egitea eta bera inguratzen duen munduaren balore kromatiko eta argitsuen aurrean sentsibilizatzeko gai izatea, hauek bere bizi-esperientzian barneratuz.



Muralaren deskribapena. Zer da?

- Murala horman zintzilikatutako ohol bat izan daiteke, non "sortutako" kolore guztiak ordenatuta bildu eta erregistratzen diren. (1. irudia).

- Postal baten neurriko edo txikiagoko kartulina gogorreko fitxaz osatzen da. Hauek kontsultarako edo fisika, sentimendu edo kolorearen esanahiari buruzko edozein jardueratarako askatu ahal izateko moduan esekiko dira muralean.

Fitxen mugikortasunak gainera muralaren aldizkako berrordenamenduan edo hurbiltasunaren arabera koloreak parekatzen lagunduko digu.

- Kartulina bakoitza hiru zatiz osaturik dago (2. irudia):

+ Goiko aldean lortutako kolorearen izena agertzen da.

+ Erdialdea (zatirik zabalena) ikasleak nahasketen esperimentazioan lortutako kolorearekin margotua egongo da.

+ Beheko aldean era grafikoan (adinaren arabera aukerak ikusi) fitxan agertzen den kolorearen formula edo aginduak agertuko dira.



Nori zuzenduta dago?

Muralaren esperientzia Lehen eta Bigarren Hezkuntzako edozein mailatan egin daiteke, denetan ondorio eraginkorrak lortuz. Haur Hezkuntzaren amaieran ere ondorio bikainekin esperimentatu da. Dudarik gabe, hezkuntza ziklo bakoitzean muralaren erabilpena adinari dagozkion baldintza eta helburuei egokitu beharko litzaieke.

Honela, Haur Hezkuntzako azken mailan koloreen nahasketaren zio eta sarrerarako balioko luke, baina ikasleek ñabardura jakin bat lortzeko gida bezala erabiltzeko eskatzea gehiegizkoa izango litzateke. Etapa honetan muralak izaera orokor bat edukiko luke eta koloreen izenei buruz hitz egiteko, argitasun etea iluntasun balore berriak aurkitzeko edo ñarbadura berrien ezaguera kontzientea indartzeko tresna egokia izango litzateke.

Lehen Hezkuntzan, lehen aipatutako alderdietan sakontzeaz gain, haurrak murala -abardura jakin bat identifikatzeko erabili ahal izatea eta laguntzen dion formula errepikatzearen prozesua jarraituz hori lortzeko gai izatea espero da. Momentu egokia da ikaslea muralaren bidez kolorearen mekanikara hurbiltzeko eta baita ere, etaparen amaieran, nahasketa egin aurretik osagarri berri bat sartzeak eduki dezakeen ondorioa intuitzeko gai izateko.

Bigarren Hezkuntzan muraletik abiatuz kolorearen mailaketari, elkarrekintza kromatikoari eta abarrei dagozkien lehen ariketak plantea daitezke. Hau dela eta etapa honetan fitxa txikiagoekin osatutako mural ezberdinak (bat oinarrizko kolore bakoitzarentzat) edukitzea komenigarriagoa izango litzateke, zeren eta orokor batek neurtzeko tresna zehatzagoekin adin honetan lor daitezkeen -abardurak dokumentatzeko aukerak gehiegi mugatuko bailituzke.

Dena den, nahiz eta noizean behin beste etapa batzuetan muralaren erabilerari buruzko aipamenen bat egin, bere fabrikazioaren deskribapena eta erabilera errazteko Lehen Hezkuntzako lehen ziklorako pentsatutako jarduera batez arituko naiz orokorrean.



Muralaren fabrikazioa

Hormako euskarriak, taulan edo antzekoan eta dagozkion gakoekin, aparte eta aldez aurretik egina egon beharko du, ikasleek prestatutako kartulinazko fitxak jasotzeko prest. Moztutako ete zulatutako kartulinak ere aldez aurretik prestatuak egon daitezke (adibidez mozteari eskainitako saio batean lortutakoak izan daitezke). Hau dela eta, lehen egin beharreko jarduera kartulina (1) horiek gure nahasketekin koloreztatzea izango da.



Fitxen prestaketa

Atal honetan gure mural kromatikoa osatzen duten kartulinazko fitxak nola prestatzen diren deskribatzen da, baina ez da ia baloratzeko moduko metodologia erako gogoramenik edo jardubide deskribaketarik egingo, mailaren eta helburu didaktikoen arabera ariketen planteamenduan aldakuntzak sartzeko aukera oso handia delako.

Funtsean, muralarekin lehen jarduera ikasle bakoitzari, oinarrizko koloreetatik abiatuz adibidez, proportzio jakin baten arabera nahasketa sinple bat egitea proposatzean datza. Horregatik, fitxen prestaketa indibidualerako ondoko material hauek eduki beharko ditugu:

1) Aldi bakoitzean hartzen den pintura kantitatea neurtzeko tresnaren bat. Neurtzeko tresnek ez daukate sofistikatuak izan beharrik. Adibidez, orratzik gabeko xiringak, sendagaiek ekartzen dituzten goilaratxo edo goilara graduatuak eta abar izan daitezke. Lehen kurtsoetan batez ere emaitza oso zehatzak lortzea baino garrantzitsuagoa da prozeduraz jabetzea, betiere desabideraketak prozedura eta gauzatzearen fidagarritasunari buruzko nahasterik sortzen ez badu.

Kolore gorriko bi xiringa eta urdineko bat, gorriko bi xiringa erdiren eta urdineko erdiaren baliokideak direla ulertzeko oraindik zailtasunak egon daitezkeenean, beti neurri unitate bete eta berdinekin lan egingo dugu.

2) Postalaren neurriko katulinak edo txikiagoak, adinaren arabera.

3) Oinarrizko kolore bakoitzetik (horia, cyan, magenta) eta akromatikoetatik (zuria eta beltza) gutxienez pintura poto bana. Erabiltzen den materialaren arabera magenta edo cyan-a aurkitzeko zailtasunak edukiz gero, ez dut uste beraien ordez arruntagoak diren gorria edo urdina erabiltzea eragozpen handia denik. Azken finean, lehen esan dudan bezala, muralarekin hasieran egindako jardueretan garrantzitsuena muralaren funtzionamenduaren mekanika ulertzea eta bereganatzea da, eta ez hainbeste kolore jakin bat lortzea.

Paperaren gainean nahasketaren fenomenoa behatzeko pinturarik egokiena, bere gardentasuna dela eta, akuarelak edo tintak lirateke. Baina 5, 6 edo 7 urteko ikasleei pigmentu hauen erabilpenak zailtasun bat gehitzen diela kontuan hartuz gero, pintura lotin eta maneiagarriago batekin hastea, adibidez tenpera likiduarekin, eta nahasketa ontzi batean egitea komeniko litzateke. Kasu honetan eta edozein arazo ekiditeko, irakasleak prestakizunaren lotindura egokia izaterari kasu egin beharko dio. Sobera likidua den pintura bat xiringaz ondo jasoko litzateke, baina kartulina gehiegi blaituko luke. Bien bitartean pintura krematsuago batek xiringaz neurtua izateko arazoak aurkez ditzake, proportzioen zehaztasunak kontrolatzea zailduz.

4) Nahasketak egiteko jogurt pote batzuk, arrautza kaxak, plastikozko edalontzi edo platerak.

5) Pintzelak, ontziak urarekin eta garbiketarako zapi edo paperak.

Mural kromatikoak, aktibitate bat baino gehiago, esperientzia plastikoan hain oinarrizkoa den elementuarekiko, hots, kolorearekiko, ikaslearen sentiberatasunerako tresna eraginkorra izan nahi du.