EIEF-FERE:Euskal Eskola <br />Akordio berri bat hirugarren milurtekoaren atarian
Hezkuntza arloko hainbat gai zituen oinarrian akordio honek. Orain, akordioaren
indarraldia amaitzear dagoenean, EIEF-FEREk (Euskadiko Irakaskuntzarako
Erlijiosoen Federazioak) hausnarketa egin du gaiaren inguruan. Edorta Alonso, Feliz
Ezama, Luis Gutiérrez eta Guzmán Martínek osatutako batzordea aritu da lan horretan.
Alde batetik, horrelako hitzarmen bat zergatik nahi duten aztertu dute, eta bestetik,
hitzarmen horren zutabeak zein izan behar duten.
beharreko eskolako heziketaren esparruan egonkortasuna, bakea eta gizartearen
bateratzea lortzeko. Hainbat estatu eta naziotako gobernu ugarik beren etorkizunerako
estrategien plataforma garrantzitsu gisa baloratzen dute.
Euskadiri dagokionez, "Eskola Itunerako Akordio Politikoa" sinatzen Estatuko
lehenengoa izan zelarik, 1993an, eta haren indarraldia amaitzear dagoenean, gure ustez
une estrategiko aparta dugu euskal gizartea berriro ere tresna horrekin hornitzeko. Ez
besterik gabe orain arteko esperientzian oinarriturik, baizik eta Jaurlaritza berri bat
eraiki beharreko egoera ere baliatuz, kontuan izanik etorkizunean hura osatuko duten
kideen artean hezkuntza arloko hainbat akordio sinatu beharko dutela.
Gizarteak ez luke hezkuntzaren gaia, besterik gabe, Hezkuntza Sailaren ardura daraman
unean uneko Gobernu edo alderdiaren esku utzi behar. Gizarte batentzat guztiz
funtsezkoa eta oinarrizkoa den gairik baldin badago, ezin uka gai hori hezkuntza dela.
Horregatik, bai gurasoek eta bai heziketaz arduratzen diren hainbat erakundek, beren gai
kuttuna bailitzan zaindu beharko lukete, beren seme-alaben heziketa alderdi politikoen
esku uztearen tentaldian erori gabe.
Denon gogo horren emaitza gisa Hezkuntza arloko Euskal Eskola Akordio batera iristen
bagara, gizarteko bakeak kalitatezko urrats bat emango du aurrera, eta erreferentzia
esparru garrantzitsua izango dugu, euskal biztanle guztiok geure burua kokatzeko eta
kanpotik koka gaitzaten, harrotasun zintzoenarekin.
Ez dezagun ahaztu gure Herriak azken urteotan izan duen beherakada demografikoa.
Une honetan oso bereziki somatzen da Irakaskuntza Ertainetan eta epe labur batean
Unibertsitatean izango du eragina. Gertakari honek, arrazoi nabarmenengatik, bezeroak
eskuratzeko borroka zorrotzean sartzera daramatza ikastetxe ezberdinak. Egoera guztiz
kontuzkoa eta arriskutsua da, eta berdintasunean eta benetakotasunean oinarritzen diren
akordioak behar dira, eskola arteko guda giroa saihestu eta eragozteko. Hezkuntzaren
kalitaterako ezinbesteko baldintza da. Giro hori Eskola Itun baten bidez ziurta daiteke
eta hala behar du. Etorkizuna aurreikusi behar duen Eskola Ituna, haren arazo eta
irtenbideak kontuan hartuz eta hiritar guztiei justizia eginez, unean uneko agintarien
aldekotasun eta aurkakotasunen menpe edo gizarte talde oldarkorrenen presio
estrategien menera utzi gabe.
Eskola itunerako aurreko akordiotik begira
a.-Aurreko Eskola Itunerako Akordio Politikoa aurrerapen garrantzitsua
gertatu zen sistemaren egonkortasunean eta irakaskuntzako bi sareen orekan, Haur
Hezkuntzarako eta DBHrako Itunen bidez. Bi hezkuntza sare egotea normalizatu zen;
gizarte ekimenezko sareko irakasleen euskalduntzeak eta irakaskuntzako langileen
soldata homologazioak aurrera egin zuen. Ordezko Ordainketarako sistema bat hitzartu
zen Estatukoa baino askoz zentzuzkoagoa. LOGSEren Erreformak eskatutako
egokipenetarako laguntzak eratu ziren. Gela murrizketaren eraginpean eroritako
Ikastetxeetarako Akordioaren bidez, leundu egin zen enplegu galeren eta kalteordainen
eragin bortitza. Zentzu honetan Eskola Itunari esker azken bost urteotan garbi genekien
zein erreferentzi esparrutan mugitzen ginen, eta asko lagundu die ikastetxeetako
arduradunei Administrazioarekiko harremanetan.
b .-Aurreko Itunean kontuan izan ziren eta etorkizuneko legerian jaso beharko
liratekeen hainbat alderdi garrantzitsu lotu gabe daude oraindik, esaterako DBHOren
finantzaketa (Lanbide Heziketa, Batxilergoak, Gizarte Bermea...), Irakaskuntzako eta
ez-Irakaskuntzako Langileen behin-betiko homologazioa eta Erreformak eskatzen
dituen egokipenen kofinantzaketa. Baina Euskal Eskola Akordio berriak bere garaian
aipatuko ditugun garrantzi bereziko beste gai batzuk ere barnebildu beharko lituzke.
c.-Bestalde, aurreko Itunaren indarraldian, egoera berri batzuk tirabira sortu
zuten Euskadiko hezkuntza arloan, eta egoera horiek erantzun egoki eta bizkor bat behar
dute, etengabeko desadostasunerako eta nahigaberako gai bihur ez daitezen. Zehazki,
ondorengo alderdiez ari gara:
-Haur Hezkuntzaren Lehen Zikloaren egoera. Hasia da dagoeneko 2 urtekoen gelen
ezarpena nahiko nahierara, bai egitura aldetik eta bai ekonomia aldetik. Eta alderdi
horrek oso funtsezko eragina du zenbait ingurutako etorkizunerako eskola plangintzan.
-Batxilergoaren ezarpena, egoera eta eskubide beretsuko ikasleentzako laguntza publiko
oso ezberdin eta diskriminatzaileekin.
-Bi hezkuntza sareetan oraindik jarraitzen duten edo areagotu egin diren tratu
ezberdintasun handiak, hainbat gai garrantzitsutan. Esaterako, maila bakoitzeko
irakasle/gela ratioa; hezkuntza bereziaren premietarako diru eta pertsonal arloko
laguntzak; Lanbide Heziketako inbertsioetarako dirulaguntzak; irakasleriaren
prestakuntzarako sistema; irakasleak euskalduntzeko xedez jarritako diru kopuruak;
matrikulazio aurreko garaietan Kontseilaritzak eskola publikoen alde egindako
propaganda gastuak... Sarritan aztertu izan ditugun zenbakietan garbi ageri da kontusail
bakoitzeko aurrekontuen eta sektore bakoitzak Euskadiko hezkuntza sisteman duen
ordezkaritza mailaren arteko desegokitasun izugarria. Hizkera arruntean esan ohi
dugunez: "Aurrez gaizki banatua dator opila".
Hezkuntza sistemaren alderdi horiek eta beste batzuk berdintasunez eta benetakotasunez
hitzartu behar dira, zerga sistemak denon heziketari erantzuteko Euskadiko
hiritarrongandik baliabideak inguratzeko erabiltzen duen berdintasun eta benetakotasun
berberarekin.
Euskal Eskolaren Akordio berri bat (Akordioaren zergatiak eta indar-lerroak)
Mendearen aldaketa
XX. mendearen amaiera honetan, asaldura latzak gertatu dira -hezkuntza sistemari
erakunde moderno gisa harturik- eragin eta eutsi dioten hitzarmenetan; hezkuntzaren
mundua aldatzen ari da eta aldaketa eske dugu gainera, eta horretarako, helburu berriak
txertatu behar ditugu hezkuntzan, paradigma berriak imajinatu eta hezkuntza-jarduera
hobeak sustatu.
Egungo kulturak erronka berriak ekarri ditu, eta beraz, egungo hezitzaileak gai izan
behar du erantzun askotarikoak eta aurkajarriak emateko. Aurkakoak diruditen zenbait
alderdi bateratzeko gauza izan beharko du. Hezitzaile zurrun irmoaren irudi hartatik
alde egin behar dugu. Jokabide ireki eta elkarrizketatzailea duten hezitzaileak eskatzen
ditu mende berriak, sinesmen sakona dutenak, munduaren ikuskera eta herri-sustraiak
dituztenak, hausnarketarako eta bereizketarako ahalmena dutenak, irakasten ari direna
irudikatzen dutenak. Hitz bitan: bitartekari eta laguntzaileak, irakasle hutsak baino
areago.
Eskola Akordio berri baten zergatiak
Elkarrizketarako, adostasunerako eta errespeturako eredu bat eskaini behar dugun
alorrik bada, hori hezkuntzarena da, ekintza hezitzaile bat izate hutsagatik. Bi hezkuntza
sareen eta hezkuntza zentroen aniztasun horren erdian, euskal eskolen hezkuntza
sistema anitz, koordinatu eta aberats bat bideragarri egingo duen euskarria eskaini
beharra dago.
Bestalde, Eskola Akordio horrek erreferentzia bat bilakatu behar du, hezkuntza
erakunde desberdinek horren barruan duten onena txertatzen joan daitezen, bai
baitakigu errealagoa dela -nahiz konplexua eta era askotakoa izan- gure euskal gizarte
honen eskakizunak denen artean asetzea, lehendik ere oso anitza baita gure gizarte hori
(azken hauteskunde-deialdiko emaitza ikusi besterik ez dugu).
Benetan garrantzitsua den oro bezalaxe, hezkuntza ekintzak giro lasaitu bat behar du,
bai "ad intra" eskola ingurunean, eta baita "ad extra" ere, gaur egun hezkuntza zentro
batek beste hainbat errealitate eta gizarte erakunderekin ezartzen dituen harreman
ugarietan.
Azkeneko hezkuntza aldaketa handiok, hezitzaile askoren ahaleginaren, hezkuntza
sistemak berak duen inertziaren eta Europa aldetik eta hezkuntza korronte ugarietatik
gizakiak, eskolak, erakundeak eta hezkuntza administrazioak suspertu dituen haize
freskoaren emaitza izan dira. Alde horretatik, hezkuntzaren alorrean ere bilakaera
sakona ezagutu duen euskal gizarte baten aurrean aurkitzen gara: eskola sare batek
bestea (publikoa, pribatua) irentsiko ote zuen beldurrak uxatu egin dira, kalitatea ate
joka datorkigu ikastetxeetako ateondoetara liskar antzuen gainetik, eskolako
plangintzaren ildo nagusiak zehazturik daude, ikastetxeetako barne-antolamendua
konplexuagoa, aberatsagoa eta "sortzaileagoa" bilakatu da hezkuntza eskakizun ugariei
erantzun zehatz bat emateko ahalegin horretan: aniztasuna zaintzea, hezkuntzaren muina
berreskuratzeko asmoz pertsonalari etengabeko heziketa eskaintzea (eszedentziak
barne), euskalduntzea, zuzendaritza talde dinamikoak antolatzea, hezkuntzaren
berrikuntzak, "bizi-esparru orokorrak" eskatzen dituen hizkuntz-aniztasunaren erronkari
erantzutea...
Era berean, jabetzen gara gizarte demokratiko heldu bat bideratzeko atarian gaudela, eta
gizarte horretan jada ez dutela zentzurik Administrazioaren eskuhartze-nahiek edo
gehiegizko ardurek. Gizarte horretan, oinarrizko askatasunekiko begirunea
existentziarako oinarrizko baldintza da. Urrats zehatzak eta eraginkorrak egin beharko
ditugu ikastetxe, erakunde eta hezkuntza sareen geroz eta autonomia zabalago horren
alde; ikastetxeetako titularren eginkizuna bultzatuz, hezkuntza zentro bakoitza
hezkuntza-ekintzaren topaketarako eta hausnarketarako bilgune bihurtuz, hezkuntza
berrikuntzen eremu zabala arreta handiz landuz eta koordinatuz...
Eta azkenik, Europako errealitatearen erronkak, eskolaren alorrean batez ere, irudimena
eskatzen du. Hots, gai izan behar dugu gure seme-alabek beren bizitza errepikaezinetan
mundu orokor horretan duten onena emateko prestatzeak dakartzan arriskuak geure gain
hartzeko. Eta horrexegatik, Europa ezin daiteke arrotz izan Hezkuntza
Administrazioarentzat, ez kultur-hezkuntzaren ikuspegitik soilik, baita laguntza
ekonomiko eta pertsonalen alorrean ere. Hain zuzen ere, geure aurrean dugun erronka
hori aurreikuspen eta ausardia ezagatik etsipen sortzaile bilaka ez dadin.
Euskal Eskolaren Akordio berri baterako indar-lerroak
Eskola Akordio bideragarri baten xehetasun guztiak jorratzeko asmorik gabe, mende
aldaketa honen atarian funtsezkoak iruditzen zaizkigun zutabe edo indar-lerro batzuk
aztertuko ditugu:
1.- Oinarrizko askatasunei eutsi eta horiek hobetzea :
Euskal Herria, Estatuan daudenen artetik inor gutxi bezala, herri dinamikoa, saiatua eta
arazoei aurre egiteko eta bidezko irtenbideak bilatzeko ahalmen handikoa izan da, eta da
orain ere. Dinamismo hori bera behar genuke hezkuntzaren sektorean, ikasgela edo
ikastetxe jakin baten barrun ez ezik, baita eskola plangintzaren eta horren ondorengo
berrikuspenaren mundu konplexuan ere. Gizartearen eskaerek eta gizarteak berak dituen
eskakizun horietara etengabe egokitu beharrak, hezkuntza sektorearen iparrorratza izan
beharko lukete. Hezkuntzaren sektorean erregulazio bat egin beharra baldin badago,
kontuan izan gizarteak zer eskatzen duen. Ildo horretatik, Administrazioak gizarte
eskaerak administratu beharko lituzke, baina ez zalantzazko inpartzialtasuna duten
propaganden bidez edo sare bat bestearen gainetik sustatzea xede duten banaketa
ekonomikoen arabera bideratuz. Presio taldeek, abilki egituratuak, ez dute hezkuntza
alorraren zuzentzaileak izan behar, euskal gizartea bakean eraiki nahi baldin bada
bederen. Egun, zenbait ikastetxe gehiago haz ez daitezen (eta horrekin batera, beste
batzuk desagertu edo beren ikasgelak gutxitu ditzaten) halako mugapen bat dago, baina
mugapen horrek bide eman behar dio ikastetxeak berak duen dinamikarekiko
errespetuari. Eta ildo horretatik, Eskolaren Akordioak bermatu egin behar ditu
kreatibitate desberdinak, solidarioki ezarria dagoen joko-eremu horren barruan.
2.- Ikaslearen baitan dagoen pertsona horrek hezkuntza arloaren muin izan behar
du:
Ikasleari, dagoen lekuan dagoela ere, hezkuntza baten aukera eskaini behar zaio.
Ikasleegan lan-ohiturak sustatu behar ditugu, sormena bultzatu, eleanitzak izan daitezen
eta etorkizunari ausardiaz aurre egiteko gai senti daitezen eta abar. Aurreko horrek
guztiak badu zerikusirik gurasoek libreki aukeratzen duten ikastetxearekin. Zentzu
horretan, ez du jarrera diskriminatzailerik egon behar hezkuntza sareen artean edo sare
bereko ikastetxeen artean, hezkuntza proiektu berezien bidez beren barne-dinamikan
halakorik berez gertatu ezean.
3.- Ikastetxeen autonomia:
Euskal Herrian sentimendu sakonik baldin bada, hori autonomiarena da. Bai bere
hizkuntzagatik, bai bere historia propioagatik, beste herri batzuen erdian jartzen saiatu
da, bere nortasun propioa gordez. Autonomia horrek, halaber, ikastetxe baten
funtzionamenduaren zutabeetako bat izan behar du. Jakina, oinarrizko arauek, printzipio
nagusiek eta hezkuntza alderdi orokorrek ikasle guzti-guztien ondare izan behar dute.
Ikastetxeen autonomia bermatu edo bultzatzeak, ikastetxe horiek dituzten giza
baliabideen aberastasun berritzaile guztia martxan jartzea esan nahi du. Halaber,
hezkuntza proiektua, kudeaketa pedagogikoa eta ekonomikoa, hezkuntzaren tratamendu
anitza (kaltetuenekiko diskriminazio positiboa eginez)... ikastetxe bateko giza
baliabideen aberastasun guztia modu eraginkor eta bideragarri batez martxan jartzen
duten beste eragingailu batzuk dira.
4.- Ikastetxeetako hezkuntza kalitatea:
Demokrazia heldu baten barruan, hezkuntzan egiten diren ahalegin handiek, ikastetxeen
biziraupenaren aldeko borrokatik eta Administrazioak biziraupen hori babestu edo ez
babesteko eskuhartze-nahietatik kalitatea lantzera igaro behar dute, hezkuntzaren
sektorean oinarrizko kalitatezko printzipio batzuk zentzuz aplikatuz. Etorkizuneko
ahalegin handia giza baliabideen birkoalifikazioari begira egin behar da. Ildo horretatik,
inbertsiorik onena ikastetxeetako pertsonalean egin dena izango da. Teknologia berriak,
aniztasunarekiko arreta, kalitate sistemak, Europan zentzuz sartzea, euskalduntzea,
baloreak lantzea, orientabideak eta tutoretza, jarduera osagarriak... ikastetxeetako
hezkuntza kalitatearen beste puntu garrantzitsu batzuk dira. Kontua ez da ikastetxeak
konpetentzia zintzo baten barruan bizirautea, baizik ikastetxe horiek kalitatezkoak
izatea.
5.- Hezkuntza Ekipoak :
Zentroen antolamendu askatasunaren barruan, hezkuntza ekipoen egituraketa dugu hori
lortzeko oinarrizko zutabea. Irakasle/ikasgela ratio kontzeptua zaharkitua geratu da.
Ikastetxeetako hezkuntza proiektua bideragarri egin dezaketen giza taldeak finkatu
behar dira. Hezkuntza Administrazioak eskola-itun eta plangintzen bidez bultzatu duen
mugapenak ez garamatza etorkizun itxaropentsu batera. Hezkuntza Zentro bakoitzak,
bere barne-antolamenduan oinarriturik administratu eta banatu behar ditu bere giza
baliabideak, dauzkan eskola-premien, hezkuntzazkoen, bileren, aniztasunarekiko
arretaren, ikasgela bikoizketen, zuzendaritza taldeen, orientabideen, tutoretzen...
arabera. Elementu horiek ikastetxe guztietan amankomunak izan arren, horiei ematen
zaien garrantzia ez da berdina denetan. Horrexegatik, ikastetxeetako autonomia,
askatasun eta kalitate osasuntsuaren ernamuin izan daitezke Hezkuntza Ekipo malgu
batzuk.
Bestalde, ikastetxeetan Hezkuntza Ekipoak berritzeak zenbait gauza eskatzen ditu:
gazteen sektoreak dituen lan-eskakizunei erantzun egoki bat ematea, berehalako
tratamendu bat eta jubilazio aurreratuekin adostua, etengabeko heziketarako
eszedentziak behar bezala finkatzea, hezkuntzaren alorrean denbora asko daraman
pertsonalarentzako titulazioen eskakizunak malgutzea eta abar.
6.- Aniztasunarekiko arreta:
Puri-purian dagoen gai bat da, baina aniztasunaren errealitate horri behar bezala aurre
egin ezina tentsioak sortzen ari da klaustroetan. Borondate ona, baliabideen urritasuna,
ikasle kaltetuenak gizarteratzeko egiten den propaganda, derrigorrezko irakaspenak
zabaltzea, gizarteratzeko zentro bereziak ezabatzea eta abar, sufrimendu gehiegi sortzen
ari da klaustroetan, eta eskolako ezegonkortasunaren lehen zantzuak agertzen hasi dira.
Ikastetxeetan giza baliabideak zabaltzea, alor honetan dagoen heziketaren aukera
zabala, egungo aukeragarritasun eta hautagarritasunak konplexurik gabe gainditzea, eta
beren egituraketa berria, giza baliabideak eta teknikoak (zenbaitetan oso garestiak)
partekatzeko ikastetxeen arteko lankidetza eta abar, oso errentagarriak izan daitezke,
kontuan badugu herritarren segurtasunean eta delikuentziaren ezabaketan nolako
dirutzak gastatzen diren. "Behar handiena duten" ikasleen sektore honi arreta berezia eta
positiboki diskriminatua eskaintzea hezkuntza kalitatearen zutabeetako bat da, ikasle
bakoitzari erantzun egokia emanez, dagoen tokian dagoela ere.
7.- Euskalduntzea:
Euskal hezkuntzaren sektorea hizkuntzaren alorrean ere kalitatezkoa izan dadila nahi
baldin badugu, euskal ikasleak eta, ondorioz, irakasleak eta ikastetxeetako pertsonala
ere euskalduntzeko zuzeneko nahiz zeharkako egiturak bultzatu beharko dira.
Alor honetan dauden premien kopuruak larriak izatera iritsi dira, bai sare pribatuan
horien prozesua geroago hasi zelako, eta bai arlo honetako dirulaguntzak jasotzeko
orduan sektore pribatuak publikoaren aldean izan duen diskriminazio handiagatik ere.
Pertsonal asko dago oraindik euskalduntzeko, eta zeharkako eta berehalako lerroak
ezarri behar dira euskalduntze horri begira, IRALEz kanpo: jubilazio aurreratuak,
Hezkuntza Ekipoen kopuru eta kalitatean pixkanakako igoera...
Ikaslea dagoen tokian euskalduntzea izango litzateke helburua, bere ikasketak burutzen
dituen ikastetxe hori ikaslea diskriminatzeko arrazoi izan gabe. Euskadi, gutxienez,
erkidego elebiduna (euskara eta gaztelania) izan dadila nahi dugu. Administrazioak
sentibera izan behar du arazo horren aurrean, zeren etorkizun hurbilean larria bihur
baitaiteke erabaki egokiak hartzen ez badira. Horregatik, ikastetxeetako titularren,
sindikatuen eta Administrazioaren beraren artean "euskalduntzeko akordio orokor"
baten aldeko apustua egiten dugu.
8.- Lanbide Heziketa:
Erabiliegia dagoen gai bat da eta politikari, administrazio eta hezkuntza sektore guztien
ahotan dabilena, baina oraindik ez du lortu gizarte sektorean txertatzea, batez ere
gurasoen eta ikasleen mentalitatean. Europa aldeko beste herrialde batzuekin konparatuz
gero, oraindik gauza askotan egin behar dugula aurrera ikus dezakegu, eta batez ere,
sektore hori birbalioetsi eta suspertzearen alorrean. Birbalioespen horretarako
beharrezkoak izango dira enpresa-ehunak Lanbide Heziketaz duen beharrari buruzko
informazio zintzoa ematea, bere garrantziarekin bat datozen hezkuntza politikak
ezartzea, finantzaketa egoki bat finkatzea sareak izan dezakeenaz aparte, ikastetxe-
enpresa arteko harremanak indartzea, enpresetako praktikaldiak duintzea, enpresa eta
ikastetxeetan tutore egokiak prestatzea...
Ondorio gisa
Euskal Eskolaren Bigarren Akordioa prestatzerakoan gorago aipatu ditugun puntu
garrantzitsuenak kontuan hartzen baldin badira, eskola mailako bakearen oinarriak
finkatzen hasiko gara. Eta horrek, epe ertain eta luzera, eragin handia du gizarte mailako
bakean eta gizarte benetan demokratiko baten finkapenean, non hezkuntza politikak
denen artean adostuak egongo diren, eta ez presio-taldeen edota dagokion
administrazioaren menpe, baizik eta gizarte sektore desberdinen arteko topaketen
emaitza izango dira, hezkuntzaren alorra etorkizuneko gizarte horren begi-ninia balitz
bezala hartuz.
Eta hori horrela baldin bada, atseginez baieztatu ahal izango dugu milurteko berriaren
atarian izar berri bat piztuko dela gure zeru urdinean.