HEKO Kolektiboa

1999-01-01
Duela hiru urte sortu zen HEKO kolektiboa, baina orain aurkeztu da

publikoki. Heziketa eta komunikabideak uztartu, ikertu eta landu nahi dituen kolektiboa

da. Komunikabideen artean telebista hartu du azterketa eta lan objektu bezala eta hori

landu du hiru urteotan helduekin, haurrekin, gaztetxoekin eta gurasoekin. Hemendik

aurrera bide horretan jarraituko du, baina proiektu eta ideia berriak ere baditu. Horietan

parte hartzeko deia luzatzen die interesa eta gogoa duten guztiei.
 
 
Telebista eta heziketaren artean

Komunikabideek heziketan duten eraginagatik interesatuta eta kezkatuta dagoen

irakasle talde batek sortu zuen HEKO (Heziketa eta Komunikazioa) kolektiboa orain

dela hiru urte. Abenduaren 10 eta 11an Donostiako Magisteritza Eskolan burutu ziren

Heziketa eta Komunikabideei buruzko jardunaldietan aurkeztu zen publikoki

kolektiboa. Orain arte sei bat lagun jardun dira gaia aztertzen eta lanak egiten, baina

jende gehiagoren parte hartzea beharrezkoa ikusten dute. Horregatik, jardunaldietakoa

ez zen aurkezpen soila izan, aurrerantzean kolektibo honetan eskuhartzeko gonbidapen

bat baizik.

Gonbidapen hori egin zutenen artean daude Elena Sarasa Hernaniko Elizatxo ikastolako

irakaslea, Antton Alfaro Lezo Herri Eskolako aholkulari psikopedagogikoa, Enrique

Riaño Hernaniko Helduen Hezkuntzako irakaslea eta Joxemi Correa Gipuzkoako

Irakasle Eskolako Teknologia Berrietako irakaslea.

Gaur egungo komunikabide mota ezberdinek (irudia, zinea, telebista, irratia, prentsa,

internet...) gure gizartean eta norberaren hezkuntzan izan dezaketen garrantzia kontuan

hartuz, ikasgeletako eguneroko lanean hori aztertzea beharrezko ikusten dute hauek.

Horixe baieztatu digu Joxemi Correak: "Komunikabideen aurrean kritikotasuna eta

hausnarketarako gaitasuna izatea oinarrizkotzat jotzen ditugu, bai norberaren garapena

osatzeko, bai komunikabideen hobekuntza bultzatzeko. Komunikabideen irakaskuntzak

garrantzi handia du, baina ez zen ezer egiten horren inguruan. Horregatik hasi ginen

elkartzen".

Elkartu eta gai hau adin ezberdinetako Hezkuntza Plangintzetan era sistematiko eta

antolatu batean emeki-emeki txertatzen hastea izan da kolektiboko kideen asmoa. Lan

honetan garrantzi handia eman diote Haur Hezkuntzatik hasi eta Helduen

Hezkuntzaraino lantzeari. Horregatik bildu dira maila ezberdinetako irakasleak HEKOn.

Denak ados daude hori oso positiboa dela baieztatzerakoan. Enrique Riañok dioen

bezala "hezkuntza prozesua lotuta dago, hau da, maila bakoitza ez dago bereizirik.

Prozesua hasieratik bukaeraraino ikusi behar da eta ikuspuntu zabal batekin".

Unibertsitateko irakasle den Correa ere ados dago: "Unibertsitateko irakasleentzat, eta

bereziki helbururik garrantzitsuena bezala hezkuntza daukagunontzat (irakasle

eskolakoak, pedagogiakoak...), ezinbestekoa da hezkuntza prozesuko maila guztiekin

harremana izatea. Hori ikertu behar dugu, eta horretarako praktikan dagoen

jendearengana hurbildu behar dugu zer pentsatzen duten eta zer egiten duten ikusteko

eta denok elkarrekin zer egin dezakegun jakiteko. Guk goitik zerbait eskaintzen baldin

badiegu, ez dute ulertzen eta alferrik da. Gure ardura maila ezberdinetako irakasleekin

elkartzea eta elkarrekin ikertzea da. Hori da unibertsitatearen erantzukizuna".

Ideia hau oso garrantzitsua da eta horrela uste dute beste mailetako irakasleek ere.

Antton Alfaroren ustez "perspektibak oso desberdinak dira. Unibertsitatekoek, asko

irakurri arren, askotan eskola bat zer den ez dakite. Guk ere oso urrun ikusten dugu

unibertsitatea eta ez dakigu zer aporta dezakegun".

Honen aurrean, maila ezberdinetako irakasleen artean landu duten harreman eta elkarlan

hori izan da HEKOko kideek atera duten ondorio baikor bat. Denen artean motibazio

baten arabera eta elkarrekin garatu dute orain arteko lana.

Horrez gain, beraiek dioten bezala, talde multiprofesionala da. Hots, irakaskuntza

mundutik kanpo dagoen jendea ere hurbildu arazi nahi dute: kazetariak,

komunikabideetan lan egiten duten beste profesionalak, psikologoak, pedagogoak...

Correak dioenez, gainera, estatu mailan profesional ezberdinak biltzen dituen lehenengo

taldea da. "Kataluniatik hartu genuen ideia hori. Hango taldeekin harremanetan jarri

gara, haien esperientzia ezagutu dugu eta bide beretik abiatu gara". Euskal Herri

mailako taldetxoa sortzea proposatzen dute, nahiz eta oraingoz gehienak gipuzkoarrak

eta irakaskuntza arlokoak izan.

Asmo horren barruan sartzen da kontsumitzaileen elkarteekin, guraso eskolekin eta

abarrekin harremanetan jartzea ere. Helburua jendea elkartu, iritziak, ikuspuntuak eta

kezkak azaldu eta proposamenak egitea da, eta hori gizarteko erakunde eta sektore

ezberdinekin. "Izan ere, heziketa normalean eskolarekin lotzen dugu, eta ez da zuzena"

dio Alfarok. "Heziketa bizitza osoan zehar burutzen da eta telebistaren aurrean

gaudenean ere heziketa prozesu baten aurrean gaude. Beraz, heziketaz ezin dugu

irakasleok bakarrik hitz egin, gizarte osoa da hezitzailea. Bakoitzak bere ikuspuntutik

eta prestakuntzatik aporta dezake zerbait, guztiok baikaude heziketa prozesuan

inplikaturik".



Jende ezberdina eta lan ezberdinak

Talde multiprofesionala izanik eta komunikabideen mundua zabala dela kontuan

harturik, HEKOko kideek lan asko egin daitekeela uste dute. Momentuz telebistaren

inguruko zenbait programa eratu eta praktikan jarri dituzte, baina proiektu eta ideia

gehiago ere badituzte. Horregatik, kolektiboaren antolaketa arlo eta talde ezberdinetan

aurrera eramateko asmoa dute. Elena Sarasak dioen bezala "kide guztiok maila berean

egongo gara, baina bakoitza talde batean egoteak lana banatzea eta eraginkortasuna

areagotzea ekarriko ditu. Momentuz bost talde aurreikusi ditugu, baina gehiago ere sor

daitezke. Hori parte hartzaileen eskuetan egongo da".

Sarasak aipatu bost taldeak hauexek dira:

- Prestakuntza : telebista lantzeko irakasleak prestatu behar dira, eta hori

bideratzeko materiala, programak, ikastaroak eta abar antolatzea izango litzateke talde

honen ardura. Helduekin, haurrekin, gazteekin, gurasoekin... lan daiteke telebista, eta

horiek guztiak aintzat hartu behar dira.

- Ikerketa : ikerketak egin, materialak diseinatu eta abar egingo luke talde

honek.

- Komunikazioa : proiektuak, ideia, proposamenak... bideratu edo gizarteratzeaz

arduratuko litzateke.

- Antolaketa : talde honek antolaketa mailako lanak egingo lituzke.

- Salaketak : komukabideek legea hausten duten kasuan, salaketak egin eta

prozesua aurrera eramateaz arduratuko litzateke taldetxo hau. Kolektibo askok egiten

badute hori, agian zerbait lor liteke.



Aztergaia: telebista

Ikus-entzunezkoen arloa oso zabala da eta gaur egun komunikabide asko erabiltzen

ditugu: irratia, telebista, prentsa, zinea, internet... Guztiek daukate eragina gugan, baina

HEKO kolektiboa momentuz telebistan zentratu da. Sarasak dioenez, "telebista izan da

gure gai kuttunena eta erakargarriena. Zergatik? Irratia eta prentsarekin konparatuta

gauza gutxi egin delako. Ikus-entzunezkoen arloa ez da asko ukitu, batez ere irudien

hezkuntza. Ia-ia programaketa guztietan agertzen da telebista aztergai eta jorragai

bezala, baina praktikoki ez da ezer aurkitzen. Horregatik hasi ginen telebista aztertzen".

"Hala da, irakaskuntzan sekulako hutsunea ikusten genuen gai honetan" gaineratzen du

Correak. "Telebista gero eta garrantzitsuagoa da. Eboluzio iraunkorrean dago, gauza

berriak asmatzen dira: kate pribatuak, digitala... eta eragin izugarria du gizartean. Ez

dakit errealitatea eraikitzen duen, baina telebistaren bidez bizitzen ari garela bai, hori

bai. Afganistani buruz dakiguna, telebistaren bidez dakigu".

Telebistari buruz asko hitz egiten dela diote, baina gero eskoletan ez dela modu aktiboz

erabiltzen. Gaur egun zentro gehienetan edo guztietan daude bideoa eta ordenagailuak,

baina zein erabilpen egiten da berauekin? "Askotan bideo bat bi orduz ikusi eta horretan

bukatzen da. Telebista bideoa ikusteko soilik erabiltzen da ia-ia ezer komentatu gabe

ondoren" Sarasak dioenez. Beraz, telebista bere horretan ez da aurrerapen bat gero ez

bada egoki erabiltzen. "Ordenagailuak ere oso modernoak dira eta denok erabiltzen

ditugu. Baina zertarako?".

Horrez gain, bideoak erabiltzen direnean, normalean bideo hezitzaileak izaten dira,

eskolarako prestatutakoak: Europako ibaiak, National Geographic... "Hauek ikustea

ongi dago" dio Enrique Riañok, "baina telebistan agertzen diren programak ikustea

hobe da. Hori da haurrei eta helduoi gustatzen zaiguna eta hori da aztertu behar duguna.

Zergatik ez dugu Dragoi Bola ikusten eta horren azpian dauden jarrerak, baloreak,

pertsonaiak, koloreak, planoak eta abar aztertzen?".

Beraz, telebistaren erabilpena ikertzeko eta aztertzeko telebistako programazioa lantzea

proposatzen dute. Albistegiak, marrazki bizidunak, reality showak... Programa horiek

hartu, deskodifikatu eta jarrera kritikoa lortzen saiatzen dira.

Lan honen helburua ikus-entzunezkoetan alfabetatzea da. Komunikabideek gugan eta

gizartearengan izugarrizko eragina dutela ikusirik, jarrera aktiboa lortzea, alegia. Hots,

prozesu komunikatiboak pasiboki ez onartzea.



Telebista lantzeko programak

Hiru urte hauetan egindako lanaren ondoren, HEKOko kideek telebista lantzeko

programak osatu dituzte. Helduentzat, gurasoentzat, haurrentzat eta gazteentzat egin

dituzte, adin eta maila guztietan lan daitekeen gaia baita.



DBHko programa

Programa hau ikasturte osorako prestatua dago, ikasgai bezala kurtso osoan lantzeko.

Baina gaur egun Ikus-entzunezkoak ikasgai bezala ezarri gabe dago. LOGSEren arabera

Plastikarekin batera lantzeko gaia da, hots, Plastika eta Ikus-entzunezkoak ikasgaian.

Noski, ikasgai honen barruan eta ikus-entzunezko gaietan murgildurik, telebista, irratia,

prentsa... lan daitezke.

Lasarte-Oriako institutuan iaz Telebista jorratu zuten. Elena Sarasa ibili zen irakasleei

laguntzen eta programa koordinatzen. "Hiru hilabetez jardun ginen gai honekin, ez

ikasturte osoan eta horrek programa baldintzatzen du, noski. Dena dela, denbora

horretan hainbat gauza egin genituen: ikerketak, publizitatea, produkzio propioa...

Gazteak oso gogoko duten gaia da eta oso ondo atera zen".

Ondorio bezala denbora gehiagoren beharra eta irakasleen prestakuntzaren beharra

aipatu ditu Sarasak. Alde batetik, hiru hilabetetan gaia sakonki jorratzeko denborarik ez

duela ematen dio, eta nahi diren ondorio guztiak ez direla lortzen. "Adibidez, iragarkiak

egiten dituztenean, gauza asko kopiatu egiten dituzte eta beraien sormena asko landu

gabe gelditzen da".

Bestetik, irakasleen interesa eta prestakuntza falta kontrajartzen ditu. Irakasleen interesa

ikusirik, hauei lagunduko dien prestakuntza beharrezkoa dela uste du Sarasak.

Aparailuak erabiltzen jakiteaz gain, prestakuntza handiagoa behar da eta horren gabezia

nabaritzen dela dio.



Helduentzako programa

Telebistaren gaia Helduen Hezkuntzan lantzeko ere programa berezia prestatu dute,

Eusko Jaurlaritzak saritu zuena, hain zuzen ere. 30 orduko saio da, bi orduko 15 saiotan

banatua dagoena. Riañok argitu digunaren arabera "hasieran ebaluaketa bat eginez

hasten gara. Telebistari eta, oro har, ikus-entzunezko medioei buruzko galdeketa da".

Ondoren, hasierako saioetan telebistan zer egiten den, nola egiten den, nolakoa den...

aztertzen da. Eta hurrengo saioetan, produkzio bat egiten dute. Tartean zenbait herri

telebistetara bisitaldia burutzen dute. Eta azkenik, bukatzeko, berriz ere galdeketa bat

egiten dute, hasierakoaren eta bukaerakoaren arteko ezberdintasuna ikusteko. Saioak

oso praktikoak dira eta parte hartzea bultzatzeko pentsatuta daude.

Iaz Helduen Hezkuntzako sei zentrotan ipini zuten martxan programa hau: Donostian,

Herreran, Lasarte-Orian, Andoainen, Hernanin eta Arrasaten. Riañok dioenaren arabera,

leku batzutan saio batzuk gehiago landu dira, eta beste leku batzutan beste saio batzuk.

Baina guztietan oso ongi atera zela azpimarratu du. "Oso gai erakargarria da eta

lantzeko ongi prestaturik dago. Gainera, heldu asko alfabetatu gabeak direla kontuan

izanik, telebistaren aurrean kaltetuenak izan daitezke prestakuntza maila bajuagoa

dutelako. Nik uste dut hori garrantzitsua dela eta egia esan, oso pozik gelditu ginen

emaitzarekin".



Gurasoentzako programa

Hasieran gurasoentzat bereziki prestaturiko programarik HEKOko kideek. Baina

eskaera etorri zaie, eta horri erantzun die. "Trintxerpeko Karmengo Ama ikastetxetik

deitu ziguten gai hori lantzeko prest al geunden galdetuz. Badakigu gurasoak oso

kezkatuta daudela gai honekin, baiezkoa esan genien urtarrilean hasiko gara" dio Antton

Alfarok. "Helduentzat prestaturiko programa moldatzen ari gara telebistaren gaia

gurasoekin lantzeko. 13 ama bilduko dira asteartero eta ama edo guraso bezala joango

dira. Hau da, telebista ikusle bezala ezezik, seme-alabengan telebista duen eraginaz

kezkatuta daude".

Gurasoekin erabiliko den metodologia ikasle eta helduekin erabili izan dutenaren

berdina izango da. Hots, ez dira ohiko klase magistralak izango, praktikoak eta norabide

anitzekoak baizik. Guztien parte hartzea bultzatuz, iritzi guztiak aintzat hartuz eta

adostasunera iritsiz lantzen da gaia. "Telebista programak ikusi, horren inguruko

eztabaidak bultzatu eta ondorioak ateratzen dira".

Guztiek argi dute programa hauetan irakasleak bitartekari izan behar duela.



Irakasleen prestakuntza

Bitartekari lan hau burutzeak irakaslea ikasleen gainetik ez jartzea suposatzen du, hots,

ez du bere esanahia inposatu behar, denen iritziak entzun eta denen artean komentatu

baizik.

Dena dela, klaseak aurrera eramateko prestakuntza bat behar da, irakaslea baita, azken

finean, klasearen gidari (nahiz eta ikasleen araberako erritmoa eraman). HEKOko

kideek prestakuntzaren beharra nabaritu dute. Baina nola bideratu prestakuntza hori?

Modu ezberdinak daude.

Alde batetik, Irakasle Eskoletako ikasleak presta daitezke. Correak dioenez gai hori

lantzen da unibertsitatean, nahiz eta gehiegi ez izan. "Gutxienez hasierako

prestakuntzan horrelako gaiak irakastea lortu dugu. Besteak beste, zera lantzen da:

komunikabideen irakaskuntza nola bideratu, oinarrizko teknologiaren kontzeptuak,

lehenengo pausoak nola eman...

Bestetik, PATeko jendearekin ere harremanetan jarri dira. Prestakuntza prozesua aurrera

eramateko mintegiak eta jardunaldiak antolatzea interesgarritzat jotzen dute. "Dena

dela, orain arte ez dugu gauza handirik lortu. Eskaerarik ez dagoela esaten digute, baina

noski, eskaintzarik ez badago eskaera hori ez da sortuko" dio Sarasak. "Inor ez dela

etorriko pentsatzen dute, eta ez dituzte antolatzen. Baina mintegiak antolatu arte ezin da

jakin jendeak parte hartuko duen ala ez".

Prestakuntzarako beste bide bat lan kooperatiboa izan liteke. "Gure esperientziari

buruzko hausnarketak eginez, materiala sortuz eta martxan jarriz prozesu bat martxan

jarri genuen. Eta bestetik, aldi berean, egindako lan horri forma eman eta idatzi egin

dugu ikerkuntza proiektu baten barruan" dio Correak. Modu horretara egindako lana

zabaldu egiten da eta gainontzeko irakasleen esku jarri.



Bukatzeko baina... hasteko

Beraz, proiektuz beteriko talde baten aurrean aurkitzen gara. Hiru urte hauetako lanak

eman dituen fruituen berri eman digute bertako kideek, baina oraindik hasi besterik ez

dira egin. Proiektu anitz dituzte esku artean, ideia ugari eta gogo izugarria. Baina horiek

denak aurrera ateratzeko laguntza ere behar dute. Horregatik, interesa duen orori

urtarrilaren 25ean egingo duten bilerarako deia luzatzen diote. Aukera ezin hobea

informazio hartu eta emateko.