Kronika

1999-01-01
 
 
Haur hezkuntza Nafarroan
Gipuzkoako Haur Eskolen egoera segurua ez bada, Nafarroan ere gauzak ez daude argi.
Nafarroako Gobernuak proiektu bat aurkeztu du Parlamentuan. Bertan, 0-3 urteko
haurrentzako zerbitzua gizarte-laguntza bezala planteatzen da gehienbat, eta ez zerbitzu
pedagogiko gisa. Horregatik kexatu dira Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak
diren Isabel Cabanellas, Alfredo Hoyuelos eta Imanol Agirre. Hauen ustez, proiektu hau
egiterako orduan ez da arlo horretako irakasleen iritzirik jaso. Eta ondorioz, gizarte-
zerbitzu bezala planteatu da. Haurrek behar duten moduko heziketa jasotzeko eskubidea
dutela azpimarratu dute irakasleok, eta ez zerbitzu soil bat. 0-3 urteko haurrentzat
zentroek ez dute haurrak gordetzeko lekuak izan behar, haur horien gaitasunak lantzeko
tokiak baizik.
Bestalde, aipatu proiektu honetan zentro pribatuak hobetzeko apustua egiten du
Gobernuak, eta ez bere esku dauden zentroak. Hots, alde batetik, pribatuen sarean 40
haurtzaindegi pribatu daude Nafarroa osoan barreiaturik. Eta bestetik, sare publikoan
Nafarroako Gobernuko Gizarte Ongizatearen eta Udalen eskuetan daudenak biltzen
dira. Gobernuaren asmoa haurtzaindegi-haur eskola eredua bultzatzea da, baina zentro
berriak sortu gabe, kostu handia suposatuko bailuke horrek. Eredu honetan bilduko
lirateke gaur egungo haurtzaindegi pribatuak eta publikoak. Hezkuntza departamenduak
egindako kalkuluen arabera, 7.000 haurrek eskatuko lituzkete zerbitzu hauek. Kostua,
berriz, 2.000 eta 15.000 milioi artekoa izango litzateke urtero.
Antolaketaz gain, kezka sortzen duen beste gaia zentro hauen erantzulea da, hots, nor
ote den antolaketa guztiaren antolatzaile eta arduradun. LOGSEren arabera Gizarte
Ongizatearen esku dago hori, baina Hezkuntza ala Zerbitzu Sozial bezala? Hor dago
koska. Momentuz, Hezkuntza Departamendua "koordinatu, bermatu eta planifikatzeaz"
soilik konprometitzen da. Zentroen zuzeneko ardura eta bultzada gainontzeko
administrazio publikoen eta iniziatiba pribatuen eskuetan uzten du.

Javier Markotegiren dimisioa eskatu du
Sortzen-ek

Abenduaren 19an kalera atera ziren ehundaka lagun Sortzen-ek egindako deialdiari
erantzunez. Nafarroan euskarazko irakaskuntzak dituen arazoei konponbidea emateko
eta erasoak gelditzeko eskatu zuten manifestaldian.
Alde batetik, Iruñeko Ermitagaña, Mendebaldea eta Donibane auzoentzat D ereduan
ikasteko zentroa eskatu zuten. Bestetik, Ermitagañan eskolatu gabe dauden 16 haurren
egoera gogorarazi zuten. Oro har, Nafarroako Gobernuak euskararen aurka duen jarrera
salatu nahi izan zuten. Azken bost urteotan D ereduak izan duen gorakadaren ondorioz
sortu omen da jarrera hori.
Honen eta gainontzeko arazoen erantzukizuna Nafar Gobernuko Hezkuntza kontseilari
eta zuzendari diren Javier Markotegi eta Santiago Arellanori egotzi die.
Era berean, Sortzen-ek deituriko manifestazio baten aurka Poliziak izan zuen jokabidea
dela eta, Espainiako Kongresuak Gobernuari ikerketa egin dezan eskatu dio. Sortzen-en
ustez gertatutakoaren erantzule Javier Markotegi da, eta horregatik bere dimisioa eskatu
zuten manifestaldian.

Testuliburuak doan;
bai ala ez?

Momentuz galdera horren erantzuna ezezkoa da. Nahiz eta CEAPAk (Guraso Elkarteen
Espainiako Konfederazioak) lege proposamen herrikoia aurkeztu Kongresuan, honek
atzera bota zuen PP, CIU eta EAJren botuekin. CEAPAk 600.000 sinadura bildu zituen,
behar direnak baino 100.000 gehiago. Bere proposamena testuliburuak dohainik
eskaintzea zen, konstituzioaren arabera oinarrizko hezkuntza derrigorrezkoa eta doakoa
dela oinarrituz. Neurri horrek 21.000 milioi pezetako gastua (840 milioi libera)
suposatuko luke urtero Administrazioarentzat. Horietatik 8.000 milioi pezeta (320
milioi libera) MECeko lurraldeari egokituko litzateke eta 12.000 milioi pezeta (480
milioi libera) eskuduntzak dituzten Komunitate Autonomoei.
PP, CIU eta EAJk Hezkuntza eta Kultura Batzordearen barruan gai hau sakonago
aztertzeko azpibatzorde bat eratzea proposatu dute, eta momentuz CEAPAren eskaera
ez onartzea.
Dena dela, CEAPAkoak ez daudela guztiz ezkor esan behar da. Adierazi dutenaren
arabera, gaia Kongresuan aztertzea aurrerapausoa da eta testuliburuak doan izateko
lanean jarraituko dutela azaldu dute.
Eskola Liburu eta Materialen Argitaletxeen Elkarte Nazionala (ANELE), berriz, neurri
honen aurka agertu da argi eta garbi. Liburudenda askoren itxiera ekarriko omen luke
neurri horrek eta ikasleek beraien liburutegia osatzeko oztopo izango omen litzateke.
Sindikatuak, bestalde, gurasoen eskaerarekin bat etorri dira. Botere publikoek
konstituzioak dioena bete behar dutela uste dute.

Euskarazko
aisialdia kinka larrian
Iparraldean

Iparraldean Uda Leku elkarteak antolatzen ditu euskarazko aisialdiko ekintzak. Orain
dela 20 urte sortu zen elkarte honen helburua haur eta gazte euskaldunei aisialdiaren
arloan zerbitzu zabal eta ahal bezain ona eskaintzea da. Baina egun, helburu hori aurrera
eramateko arazo ekonomikoak ditu. Nahiz eta zerbitzu publikoa izan, ez du arlo berean
lanean ari diren gainontzeko elkarteek bezala botore publikoaren laguntza jasotzen. Bi
milioi liberako aurrekontua du (50 milioi pezeta inguru) eta botere publikoarengandik
%9 soilik eskuratzen du. 200.000 liberako (5.000.000 pezeta) zuloa du momentu
honetan.
Gauzak horrela, François Bayrouri, Hautetsien Kontseilu Nagusiko lehendakariari,
gutun bat igorri zioten egoeraren berri emateko.
Gaur egun 1.522 haur eta gazte inguru izaten dira Uda Leku elkarteak antolatzen dituen
opor egonaldietan eta 3.364 bilguneetan. Haurtzaindegi bat ere sortua du elkarteak eta
Amikuzen bilgunea irekia ere bai. Hau guztia aurrera ateratzeko 14 langile hartu behar
izan ditu, eta horrek ere, noski, kostuak igo egin ditu.