SANTOS, Miguel Angel:
eta Eskola Antolaketa Katedraduna da. Iaz Ikastolen Elkarteak antolatutako V.
jardunaldi pedagogikoetan parte hartu zuen. Ebaluazioa zen jardunaldion gaia eta
Santos Guerrak kalitatearen diskurtsoaren arriskuei buruz hitz egin zuen. Hezkuntza
kalitatea eta ebaluazioa dira elkarrizketa honen ardatz.
hezkuntzaren "kalitate" honi?
Horixe da, hain zuzen, gaur egun hezkuntza munduan diharduten politikoek, gurasoek,
irakasleek eta ikasleek aldarrikatzen dutena: hezkuntza kalitatearen beharra..
Badaezpada, aspaldi honetan definizio abstraktuen oso lagun egin garenez gero, eta
hezkuntzaren kalitatearen inguruan hainbeste balore, interes, arrazoi, aukera eta asmo
dabilenez, haren esanahia argitzea komenigarria litzatekeela iruditzen zait. "Egiazko
kalitatezko irakaskuntzak geroz eta kontzienteago, arduratsuago eta gaitasun
handiagokoak izaten lagundu behar die ikasleei, beren ezaguera eta helburu
arduratsuekin eurengan eta bere inguruan eragin ahal izateko", eta horrelakoak esaten
dira. Era honetako definizio abstraktuek, ordea, duda asko sortzen dizkigute, ez
baitigute haren praxiaren nolakotasunaren arrasto txikienik ere uzten. Nola eragin
dezake gazte batek bere ingurunean? Nolakoa izan beharko luke eragin horrek baikorra
eta onartua izateko? Nola ebaluatu hori? Nork? Noiz?
Bestalde, ona litzateke horrelako definizioak euren kontestuetan kokatzea. Protagonistek
beraiek izan beharko lukete hezkuntza kalitatearen definizioaz gogoeta egin eta
etengabeko prozesu demokratiko batean oinarrituz hura garatu beharko luketenak.
Gainera, hezkuntza kalitateaz mintzatzeak kontzeptu zabalago batera eramaten gaitu,
gizartearenera alegia, edota kontzeptu murriztuago batera, hots, hiritar bakoitzarengana.
Halere, zein kalitateri buruz ari gara hitz egiten prozesuaren bukaeran arrakastatsuenak
izatera ailegatzen direnak, hots, agintariak, ez badira kapaz opresioa, pobrezia,
ezberdintasunak, injustizia desagertarazteko?
Zein azterketa egin beharko litzateke, beraz, kalitatea definitzeko?
Kalitatea definitzerakoan ezinbestekoa da dugun gizarteaz eta nahiko genukeen
gizarteaz gogoeta egitea. Inorentzat ez da berria neoliberalismoa guztia ari dela
inbaditzen: eraginkortasuna, lehiakortasuna, demokrazia ekartzeagatik liberalismoari
diogun zorra, paregabeko soluziobideak diren merkatuko legeak, giza izaeraren berezko
korrupzio eta aldearen onarpena, pribatizazioak, finantza sistemen arau eza,
indibidualismoa, produktibitatea, eklektizismoa...
Eskolak, aldiz, ezberdintasunak gainditzean, justizia eta dibertsitatearen errespetuan,
ulermenean, kritika eta analisiaren garapenean oinarritu behar du. Zein paper jokatzen
du, orduan, hezkuntza sistemak horretan guztian? Nola ezkontarazi funtsean kontrakoak
diren bi joera hauek?
Zein eskola eredu bultzatzen du neoliberalismoak?
Neoliberalismoak deszentralizatua eta gerentzia-kutsuko eskola bultzatzen du.
Errendimendua ardatz duen enpresa bat bilakatu nahi da eskola. Alerta argia piztu nahi
dut nik horren guztiaren atzean tranpa handi bat dagoelako. Zenbakarriak diren
helburuak, froga estandarizatuen erabilera, sinplifikazioak eta zientziaren
sasineutraltasuna aldarrikatzea tranpa hilgarriak bihurtzen dira "lurreko
behartsuenentzat", Freirek esan zuen bezala.
Zabalduko al zeniguke hau?
Nik nabaritzen ditudan tranpa hauetako bat gehiegizko sinplifikazioarena da. Adibidez,
eskolan arrakasta izatea emaitza akademikoaren arrakastarekin identifikatzearena. Eta
hau gainera, adimenaren funtzio aberatsenak (ulermenarena, analizatzearena,
konparatzearena, iritzia ematearena, sortzearena...) kontuan hartzen ez dituzten froga
estandarizatuen bidez egiten delarik.
Kalitatea bera ere kalitaterako baldintzekin nahastu egiten da, hots, instalazio onak
edukitzeak, irakasle-ikasle ratio txikiak edo bitarteko didaktiko ugari izateak ez dute
berez kalitatea bermatzen. Instalazio horietan torturatzen ari daitezke , eta bitartekoak
ukitu gabe gordeta.
Halaber, kalitatearen funtsezko elementuak bazterrean uzten dira, hezkuntza prozesuen
etika, esaterako eta hezkuntza ekintza morala denez, ezin dugu etika ahaztu.
Teknifikazioarena da beste tranpa bat. Uste da zehatza eta objektiboa zenbakitan ematen
dena bakarrik dela, baina hezkuntza den bezalako ekintza konplexua ezin da horrela
neurtu.
Edonor bat etorriko litzateke benetako hezkuntza kalitatea baloreetan eta prozesuetan
datzala esatean, baina garaia heltzen denean, esparruen konplexutasunagatik edo
baloratzeko bitarteko faltagatik edo denbora premiagatik edo... azkenean emaitzen
neurketara jotzen da beti.
Pertsona, esperientzia eta ikastetxeen arteko konparazioak egiteko arriskua ere badago,
hots, konparaezinak diren errealitateak konparatu eta ahulen ezberdintasunak
areagotuko dituen erabakiak hartzearen arriskua sortu, hain zuzen.
Bestalde, gerta daitekeena da informeen emaitzen manipulazioa ere egitea, adibidez
boterearentzat kaltegarria den zatiren bat ezkutatuz.
Zein ondoriotara garamatza honek guztiak?
Kalitateari buruzko eztabaidak irekita egon behar luke beti, gizartea aldatuz doalako,
ezaguerak ere berritzen eta beharrak dibertsifikatzen. Etengabeko eztabaida honetan,
gainera, gizarte osoak hartu beharko luke parte, eskola gizarteari egiten dion zerbitzuan
hezurmamitzen baita.
Halaber, nire iritzia da ikasleriak ezinbesteko partaide beharko lukeela izan kalitatearen
definizioan eta haren aplikazioan. Akats handia da ikasleak kalitatezko ikasketei
antzemateko gai ez direla uste izatea. Gai baten edukiak ez menperatzeak ez du esan
nahi kalitatezko irakaskuntzari antzematerik ez dagoenik, hori apendizea kendu dioten
gaixoari ebakuntza ondo joan den ala ez jakiteko gaitasuna ukatzea bezalakoxea
litzateke.
Zertaz jantziko zenuke, orduan, hezkuntza kalitatea?
Benetako kalitatezko hezkuntzak ezaugarri hauek behar ditu:
- Ikasketa esanguratsu eta garrantzizkoak ahalbidetuko lituzke, eta ez ikasleentzat soilik,
baita irakasleentzat ere. Eskolak ikasteko komunitate kritikoa izan behar du eta ez
eztabaidaezinak eta hegemonikoak diren ezagueren transmititzaile hutsa.
- Ikasteko gogoa esnatu, bultzatu eta garatuko luke. Jakiteko
gogoa betiko hiltzen duten irakas-ikas prozesu asko daude gure artean.
- Beharrezko duen informazio guztia aurkitzeko gai izatera bultzatuko luke ikaslea,
agindupeko ikaslea ez bilakatzeko eta behar duen hura bere kasa aurkitzeko kapaza izan
dadin.
- Errealitatea ikertuz eta arakatuz ezaguerak aurkitzen lagunduko luke. Ikertzaile izatea
ez dagokie irakasleei soilik, ikasleentzako helburua ere behar du izan.
- Morala den praxian gauzatuko litzateke. Horrela pertsonak errespetatu, eurengan
konfidantza piztu eta jakituriarekiko maitasuna bultzatuko luke. Irakaskuntza gertakari
teknikoa baino gehiago prozesu morala da, eta horretan erabiltzen diren bitartekoen
izaerak garrantzi handia du.
- Praxi soziala eta politikoa ere bihurtuko litzateke. Okerra da zientziaren izaera neutroa
eta aseptikoa dela pentsatzea. Interes askok baldintzatzen dituzte bai ikasgaiak,
metodoen aukeraketak eta batik bat aurkikuntzen aplikazioak. Zientzia gizonezko ala
emakumezkoen ikuspegitik egitea, boterearekin konpromezuak edukitzea, paradigma
zientifiko zehatz batekiko atxikimenduak, alderdi politikoren bateko partaide izatea...
nahiko baldintza dira haren asepsia deuseztatzeko.
- Sendo oinarritutako kritika egiteko irizpide garbiak eskainiko lituzke. Ezaguera ez da
datu, data, erlazio eta teorien taula osatu bat. Egiazko jakituria ezaguera horien
balioetan eta aplikazioetan gordetzen da.
- Teoria eta praktikaren sinbiosia egingo luke. Ikasteak praktikarekin zerikusi handia du,
eta praktikari berari zuzendua egon behar du.
- Gizartearen baloreen garapena ekarriko lukeen aplikazioari zuzenduta legoke. Gaien
menperatze kontzeptuala ez da nahikoa, haren aplikazioaren teleologiaz, hots, helburuen
ikerketaz ere galdetu egin behar du.
- Baloreen gauzatze instituzionala izango litzateke. Egiarekiko errespetua eta
pertsonekiko duintasuna praktika horren funtsezko elementuak dira. Horregatik emaitza
akademikoak soilik kalitatearen oso adierazle urriak eta murriztuak bihurtzen dira.
Horiekin benetako atentatua egiten zaio kalitatearen analisiari.
Eta zer dagokie hezkuntzaren egileei?
Aldagai askok osatzen dute proiektu bat eta hauen interpretazio globalak bakarrik azal
dezake du benetako kalitatearen esanahia.
Hasteko, instituzioak ditugu. Instituzioek ere kultura bat sortzen dute eta baloreak,
arauak, asmoak transmititzen dituzte. Eskolen antolaketak ere, hots, bertan gorpuzten
diren erlazioek, botere egiturak, hautu edukiak eta metodologiak, ezarritako arauak...
giro zehatz bat osatzen dute eta curriculum formalean agertzen ez diren gauza asko
irakasten dira haien bidez. Instituzioen moral bikoitzak ondorio tamalgarriak eragin
ditzake bere partaideengan. Beraz, ezin da hezkuntzaren kalitateaz hitz egin kultura
horren ereduak ere aztertu gabe.
Bestalde, zuzendariak ditugu. Zuzendaritza da proiektu baten inguruan biltzen diren
partehartzaileen barreiaketa eta kaosa ekiditen ahalegindu beharko litzatekeena.
Zuzendaritzaren funtzio aberatsenak (proiektua koordinatu, egitasmoak bultzatu,
iradokizunak egin, gatazkak bideratu, galdera berriei bidea ireki, proiektua ebaluatu...)
potentziatzeko baldintzak bermatu beharko lirateke. Baina oro har, inprimakiak
betetzea eta konponketak egitea, eskola ordezkatzea, asistentzia zaintzea, ordena jartzea
eta tankera horretako funtzioek eramaten dute denbora, kezka eta ardurarik handiena.
Gauzak horrela, ez da erraza proiektu kaxkar bat aurrera eramateko ilusioa edukitzea.
Eta zer diozu irakasleei buruz?
Irakasleriari gagozkiolarik lehen galdera bat sortzen zait: Zein irizpidez osatzen dira
ikastetxeetako irakasleriak? Eskola, planifikatzeko, lan egiteko eta aldatzeko unitate
funtzionalak izatea nahi badugu, nola liteke arrazoi pedagogikoetatik at dauden
arrazoiak bultzaturik osatzea plantilak? Honatx zentro pribatuek duten abantaila lan
talde koherenteak, elkartuak, egonkorrak eta indartsuak osatzeko unean. Edozein
zentrotako proiektu topiko hutsa bihur daiteke interes partikularrak dituzten edo
kasualitatez etorri berriak diren irakasleez osatutako irakasleriarekin. Alferrik izango
dira legeak, zentroko proiektuak eta memoria guztiak hau aldatzen ez den bitartean.
Burokrazia hutsean geratzen da dena.
Gurasoek ere inplikatu beharko dute, ezta?
Gurasoen inguruan, berriz, eskolek beren hezkuntza proiektuan gurasoak partaide izatea
nahi badute, ezin dute gurasoak guztiaren jakinaren gainean soilik jarri, proiektuaren
egile, partaide eta ebaluatzaile ere egin beharko genituzkeelako. Elkarlan horrek
eskolaren zeregina familiengana zabalduko luke. Denok dakigunez, tamalez, ez dira
asko izaten konpromezu hori hartzen duten gurasoak eta hauetatik oraindik ere,
gehienak amak izaten dira (familiaren barruan haurren hezkuntzaren ardura nork
eramaten dueneko seinale garbia). Gainera, guraso eta eskolaren arteko harremanek
okerrera egiten dute haurren adinak aurrera egiten duen heinean, ez bakarrik bileren
maiztasunean, harremanen izaeran ere bai. Notak izaten dira kezka handienak orduan,
eta eskolako praxiaren izaera, honen dimentsio etikoa edo pertsonen arteko erlazioak
bigarren mailako gaiak bilakatzen dira. Ez da erraza izango jarrera hauen aldaketa
lortzea tradizionalki gurasoen partehartzea ezereza izan denean. Baina eskoletako aginte
organuetako partaidetzak, informaziorako eta eztabaidarako bilerek eta irakasleen
irekitasuna eta sentsibilitateak bidea zabalduko dute alderdi horretan.
Giza faktoreez gain, beste zein aipatuko zenuke hezkuntzako proiektu integral hori
lortzeko?
Eraikuntzak, esaterako. Ikastetxe bateko neurriak, objektuak, erabilerak, pasabideak...
denak du esanahiren bat. Orain arteko eskolak ia denak antzekoak eta era
sasifuntzionalean eraikiak izan dira: errektangelu formakoak, patio eta hesi
identifikagarriak eta barruan tamaina beretsuko gelak pasabide luze batera emanez.
Egitura honek sortarazten duen inpresioa zera da: gelak beraiek diruditen bezalakoxe
ekintza zozo, txiki eta aseptikoak burutzeko eginak direla. Ikastetxearen egituran
liburutegiak, laborategiak eta baratzak ere barneratzeak, espazio malgu eta
dinamikoagoetara eramango gintuzke.
Liburutegiak, bestalde, testuliburuetan oinarritzen den metodologia haustea dakar, baita
programen edukiei lotutako irakurketa esklusibista bera ere. Liburutegiak
funtzionamendu kolektiboa eskatzen du eta testuliburuen erabilerak, berriz, enfoke
indibidualistaren eragina adierazten du. Geletako hormak gainditu eta barruko espazioen
erabilera malgua proposatuko nuke prozesu dibertsifikatuak bultzatu ahal izateko.
Irakaskuntzaren kulturan oinarritutako ekintzak eskolaz kanpoko kulturaz ulertzen
denarekin osatu beharko lirateke. Laburtuz, hiru elementuk bermatuko lukete
kalitatezko ekintza: espazio eta material egokiak, antolaketa malguak eta irakasleek izan
beharko luketen prozesuen ikusmolde dinamikoak.
Nolako papera izan behar dute ikasleek?
Ikasleek ezinbesteko garrantzia dute berrikuntzak planteatzeko garaian, baina oro har
beraiei uzten zaien rola hartzaile pasiboarena izaten da. Nire ustez kalitatearen
hobekuntza, ikasleei dagokienean, bi aldetatik etorriko litzateke. Batetik, ikasleen
partaidetzatik, bai ikastetxeko aginte organuetan, gobernu-batzordeetan eta bai
irakaskuntzako helburuak, edukiak, metodoak eta ebaluatzeko irizpideak aztertu eta
eztabaidatzeko uneetan. Bestetik, ikasleek exijentziaren bidez eragina izan dezakete,
huraxe izanik aldaketa emateko oinarrizko elementua. Helburu nagusia aprobatzea bada,
baina ez ikastea, nota onak lortzea, baina ez ikasketa esanguratsuak burutzea, orduan,
ahalegin guztiak alferrikakoak izango dira. Ikasleen exijentzia eta partaidetza interes
ezarekin eta lanerako gogo ezarekin identifikatzea irakaskuntzaren kalitateari kalte
handia egin dion ustea izan da.
Beraz, nolakoak beharko lukete izan ebaluazioek?
Ebaluazioak kalitatearen hobekuntzarako tresna izan behar du. Arestian esan dudan
bezala, hezkuntzaren izenean egindako ezer ez da ez neutrala eta ez aseptikoa. Ezta
ebaluazioa ere. Ebaluazioa egiterakoan konpromezu eta interes askorekin egiten dugu
topo, ez bakarrik teknikoak, baita etikoak ere. Ebaluazioak balio dezake hierarkizatzeko,
baztertzeko, diskriminatzeko, boterearen alde egiteko. Erraz asma daiteke irakasle bat
nolakoa den ebaluazioari buruz duen iritzia jakinda. Hark uste badu irakaskuntzaren
helburua ikasleen barruetan ezaguera sartzea dela, orduan ebaluazioa ezaguera horiei
buruzko galdeketa pasatzea litzateke. Alderantziz, eskolak pentsatzen, baloreak
errespetatzen eta elkarbizitzen lagundu behar duela uste badu, orduan, ebaluazioa ere
askoz konplexuago den ekintza bihurtzen da. Lehendabiziko pentsaeraren bidez
baliogarria den ezaguera instituzioek dutela ari zaie esaten ikasleei, ezaguera hori
transmititzeko era bakarra dagoela, eta galderei erantzuteko ere era bakarra dagoela:
buruz ikasiz. Eta honen azpian, isilean, nor den botereduna eta nor den menpekoa
erakusten ari zaie. Beraz, hierarkizazioa eta atrofia. Ez uste izan hezkuntza sistemaren
azken pieza (ikasleria) soilik ebaluatzea kasualitatea denik. Ez al dute akaso ardurarik
irakasleek, zuzendariek, delegariek eta ministrariek?
"Ikastea oso gogoko dut, baina irakatsi behar didatenek izutu egiten naute", zioen
Churchillek. Eta zenbat aldiz gertatzen da hau ikasleen artean? Benetako irakaslea bere
ikasleak intelektualak balira bezala tratatu eta intelektualak izateko bultzatzen dituena
da. Baina orokorrean gure jarduerak ez du jartzen ditugun helburuekin zerikusi handirik
izaten. Irakasleek duten ezaguera, antolamendua, haren gauzatzea eta ebaluatzeko
modua jakinmina baino gorroto gehiago eragiten dute.
Instituzioak, ikastetxeak ere...
Instituzioak ebaluatzerakoan errendimendua izan ohi da adierazle bakarrenetakoa. Baina
har dezagun zentroko edozein hezkuntza proiektu. Imajina al dezakezu ikasleen
askatasuna eta partaidetza murrizteko helburua esplizituki agertzen duen proiekturik?
Ez. Inon ere ez. Oso alderantziz, zentzu kritikoa eta partaidetza garatzea bultzatzen dute
proiektu denek. Honen praxia, ordea, beste kontu bat izaten da, eta ebaluatzeko modua
autoritarioa eta errepikakorra seguruenik. Adibidez, har ditzagun egin ohi diren "Ehun
ikastetxe onenen" zerrenda ezagunak. Telefonoz galdetzen zaie haien instalakuntza eta
emaitzen inguruan, eta ebaluazioa, egina. Inguruan dabiltzan interes horiek guztiak
ebaluazioen informeak manipulatzera eraman dezakete. Komeni dena argitaratuko da
eta boterearen propaganda egiteko erabiliko da, komeni ez dena gorde egingo da. Hau
dena hezkuntza komunitatearen ezkutuan egin ere, , informeak kontrola ez ditzan eta
erabakiak hartzeko modurik ere izan ez dezan. Beraz, derrigorrezkoa deritzot ulertze
plataformak eratzeari kontuan harturik egia osoaren jabe inor ez dela.
Honekin lotuta, egiak baditu gutxienez hiru definizio. Bata, hierarkikoa: egia agintariek
egia dela esaten dutena da. Beste bat soziologikoa: gehiengoak dioena da egia. Eta
fundamentalista: egia da nik hala diodalako. Horregatixe da garrantzitsua aipatu ulertze
plataformak eratzea eta "egiaren" esanahia argitzea. Eta ildo beretik aurrera joanez,
metaebaluazioen beharra ere argi dago politikoen, profesionalen, gurasoen, ikasleen,
teorikoen eta administrazioko langileen iritziak jasotzeko. Kontuan izan ebaluazioak
praktika transformatu eta hobetzeko egiten direla eta ez ezaguerak pilatzeko xedearekin.
Beraz, partaidetza irekia behar du izan, ebaluazioaren protagonisteei zuzendua, ondoren
erabakiak negoziatuz hartu ahal izateko. Ezinbestekoa da ebaluazioaren prozesua
demokratikoa izatea eta ebaluatzaileak lanaren erraztaileak baino ez.
Eta afektibitatearen mailako ebaluazioa?
Nire irudiz, eskola sentimenduen kartzela da. Eskolak ikasketa kognitibo, razional eta
intelektualaren mundua izaten jarraitzen du, bai ikasleentzat eta bai irakasleentzat ere.
Beti egon da zutik eskoletan sentimenduekiko harresi bat, sentsibilitatea eskolatik kanpo
eutsi nahian bezala. Gure kulturak estereotipoen eragin handia du eta sentibera izatea ez
dago ondo ikusita. Zentzu honetan, azken urteotan ezagutzen ari gara eskolako
sentimenduen patologia: Zein da ikastaroaren hasieran bere haurrak maitatzen hasi eta
urte bukaeran agur esan beharrean geratzen den irakaslearen problematika? Eta horrela
urteak joan eta urteak etorri? Nola eraikitzen dira sentimenduak eskoletan? Nola
zahartzen gara lanbide honetan? Giro ona al dugu gure lankideekin?... Ez dago inongo
zalantzarik hezkuntza afektiboaren beharra aldarrikatzerakoan, pertsonak garelako
batetik, eta sentimenduak ere ulermen-bidea badirelako, bestetik. Gizakia ezin da
piezatan zatitu eta esan : "Sar diezaiogun ezaguera buruan". Nola eraikitzen da
komunikazioa? Erlazioak? Ikaslea? Zer egin estereotipo eta patroi kulturalen ezkutuko
curriculum horrekin guztiarekin? Bistan da zeinen garrantzitsua den afektibitatearen
prozesua aintzat hartzea. Identitatearen garapena, estereotipoak zalantzan jartzea,
ezaguera kritikoa bultzatzea, giza sexualitatearen inguruko mitoen eta sinesmen faltsuen
haustura, beldurrak kanporatzea eta erruduntasuna kentzea, errespetuzko eta
lankidetzazko harremanak bultzatzea, dependentzia afektibodun erlazioak ekiditea,
egiazko elkarrizketa bultzatzea, pertsonen arteko erlazioak garatzea... hau guztia
ebaluatu beharrekoa da.
Baina ebaluazio honek ez luke zentzu handirik izango ez bagenie geure buruei
galdetuko zergatik ez ebaluatu hezkuntza afektibo-sexuala ere. Razionalitate
printzipioak eramango gintuzke egiten ari garen lanaz hausnartzera eta hark erakutsiko
liguke aurrera egiteko jarraibideak erakutsiko lizkiguke. Ardurazko printzipioak
erakutsiko liguke egiten dugun lana oso garrantzitsua dela eta bertatik garapena edo
ondorio txarrak etor litezkeela. Eta azkenik, hobekuntza printzipioak, behin egoera
ezagutuz gero, hura aldatzeko neurriak hartzera bultzatuko gintuzke.
Hemen ere arazoa denok ebaluazioari buruzko iritzi berekoak garela uste izatea da.
Nolakoa izan beharko luke taxuzko ebaluazio jator batek?
Lehenik eta behin ebaluazioak ez lituzke emaitzak bakarrik aztertu behar, prozesuek ere
aztertuak izan beharko lukete.
Partehartzaile guztiek askatasun osoko baldintzatan izan beharko lukete ebaluatuak.
Batzuetan, zenbait ebaluaziotan, galdetzen zaio ikasleari: zer iritzi duzu nitaz
(irakasleaz)? eta itun honek eskopeta asko (emozionalak barne) ezkutatzen ditu.
Jakin beharko genuke autoritarismoa, latinezko "auto, autere"tik datorrela eta
"hazarazi" esan nahi duela. Hölderlinek zioen: "Hezitzaileek itsasoak kontinenteak
moldatzen dituen bezalaxe moldatu beharko lituzkete beren ikasleak, hots, baztertuz,
atzeratuz, ez zanpatuz eta ez ureztatuz". Hau ondo ulertzeko komenigarria da hainbat
bereizketa egitea, sozializazioaren eta hezkuntzaren artekoa, adibidez. Sozializatzea
ikasleak kulturara ekartzea da, eta hezitzea, berriz, kulturara "kritikoki" ekartzea.
Doktrinatzea eta baloreetan hezitzea ere bereizi beharko genituzke. Doktrinatzen duenak
ere baditu baloreak, baina hark ez dio indibiduoari baloreak errefusatzeko aukerarik
ematen. Hezitzaileak, aldiz, aukera hori onartu eta eskaini egiten du.
Ebaluazioa energetikoa litzateke aurrez hasieratik bukaeraraino planifikatua izango ez
balitz eta prozesuak irauten duen bitartean gelan sortzen dena jasoz jardungo balu.
Benetako hobekuntzari zuzendua legoke eta prozesuan dauden egoera artifizialak
antzemango lituzke. Ebaluazioa praktika moral bat izanik baloreak ere kontuan izango
lituzke.
Ebaluazio honetan inork ez du egiaren pribilegiorik, ez dago interpretazio baliagarri
bakarra duen talderik. Demokratikoa izango litzateke, prozesuaren eta informeen
kontrola protagonisten esku egongo litzatekeelako.
Beraz, ebaluazio holistikoa litzateke, hau da, pertsonak, denborak, legeak, bitartekoak
eta kontestua kontuan hartuko dituena. Teoria handiak ez dira normalean kontestuetara
ondo egokitzen eta kontesturik gabe ez dago gertatzen ari dena behar bezala ulertzerik.
Hauxe da, hain zuzen, ni neu froga estandarizatu horien aurka egotearen arrazoia.
Zein tresna erabili beharko genituzke horretarako?
Era honetako ebaluazioa egin nahi izanez gero, metodo egokiak aplikatu behar dira;
dibertsitate handiko neurgailuak, elkarrizketak, behaketa... eta hau dena sakon
kontrastatuz, fidagarritasuna izatea nahi bada. Esan beharrik ez dago sentsibilitate
berezia behar dela geletako konplexutasuna jasotzeko. Hezitzaileak honetan hezi
beharko genuke gure begien aurrean gertatzen dena zuzen jaso ahal izateko. Ikustea ez
da nahikoa, ikusitakoa interpretatu egin behar da eta interpretatzeko garaian hirugarren
pertsonen iritziak eskatu behar dira lehenengoenak kontrastatzeko, norberaren
aurreiritziek egia desitxura ez dezaten.
Hezkuntza afektibo-sexuala ebaluatzerakoan galdera asko egiten zaie haurrei eta
familiei, taldeka eta banaka, eta eginkizun honetan hezitzailearen "entzuteko jarrera"
erabakiorra da. Ikastaro batean entzun nion Carl Rogersi "Entzungo dizun norbait
baduzu, salbatuta zaude" esaten. Eta gu haurrekin gabiltzanez, ezin diegu entzun haiei
begira egon gabe, ezinezkoa da entzutea adi egon gabe, are gehiago haurren
komunikazioaren %90 keinuz eta zeinuz adierazten dutela jakinik. Guk, helduok,
ditugun aurreiritziekin (erdiak estalkiak eta beste erdiak malkoak) erne ibili behar dugu
haurrek diotena ez distortsionatzeko.
Bilketaren ondoren informazio pilo galanta izango dugu, zatikakoa alabaina,
konexiogabea eta asko eta asko kontrajarria. Datuak, beraz, tratatu, prozesatu egin behar
dira. Eta hemen, kontuz. Edozein datu "torturatuz" gero, "torturatzaileak" nahi duena
aitortzen bukatzen dute eta. Horregatik derrigorrezkoa da triangelaketa prozesu bat ,
berriz ere kontuan izanda triangelaketa ez dela kontrajarriak diren datuak ezabatzeko,
haien azalpena aztertu ahal izateko baizik. Honen guztiaren ondoren informearen
idazpena letorke, labur, argi eta egiazkoa berau, protagonisten hizkera erabiliz beraien
ezaguera lapur ez diezaiegun. Ondoren negoziatu egin beharko litzateke, eta azkenik,
metaebaluazioa (ebaluazioen ebaluazioa) burutu.
Azken honetaz, metaebaluazioaz, ez da asko idazten. Nik bost bat galderatan
planteatuko nuke hori: Seriotasunez burutu al dugu ebaluazioa? Hobetzeko helburuz al
dago egina? Eraman prozesuak ikasteko balio izan al digu? Etikoa izan al da prozesu
hori? Beste kontestu batzuetan aplikatzeko modukoa al da?
Honek lan sakona eskatzen du, baina hau guztia aurrera eraman behar da eta baldintzak
jarri behar dira berrikuntzak egin ahal izateko, bi zeinu negatiboekin positiboa egiteko,
alegia, bai profesionalki eta baita pertsonalki ere. Geletan egiten den lana hobetu egin
behar da bai ikasleengatik, bai irakasleengatik eta baita gure lanbideagatik ere,
estimulagarria izan dadin berau eta ez frustrazio-bidea.