Gelak haurrez bete dira

1999-10-01
Ikasturte hasiera bakoitzak bere berezitasunak izan ohi ditu: kurtso berria, material berria... eta datuak ere beti berritzen dira. Aurreko urteetako joera mantentzen da Euskal Herri osoan, hots, D ereduak gora igotzen jarraitzen du.
 
 
Iparraldean, oro har, euskararen egoera atzera badoa ere, irakaskuntzan ez da horrelakorik somatu. Bai euskarazko irakaskuntzan eta bai elebidunean ikasle gehiago hasi da. Seaskan %5eko igoera eman da, sare pribatuan %8koa eta sare publikoan %12 ingurukoa.

Seaskak 19 ikastola, lizeo bat eta hiru kolejio ditu. Hauetako bat aurten ireki dute Donaixtin. Barnealdeko haurrentzat zabaldu dute eta hemendik aurrera ez dute Kanboko kolejioraino joan beharrik izango. 19 ikaslek hasi dute kurtsoa bertan. Eraikuntza honez gain, Seaskak Urruñako ikastola berria ere estreinatu du.

Eskola elebidun publikoetan orokorrean haur kopuru mantendu egin bada ere, aukera elebiduna hartu dutenak igo egin dira. Iaz 2.100 izan ziren lerro elebidunean, eta aurten, datu guztiak oraindik bildu gabe baldin badituzte ere, 2.250 inguru izatea espero dute. Gorakada ikusirik, hiru eskola elebidun berri ireki dituzte; Beskoitzen, Larresoron eta Hendaian.

Sare pribatuari dagokionez, ikasketa elebidunak burutuko dituztenak iaz baino gehiago dira. Guztira Ama Eskolan eta Lehen Hezkuntzan 1.020 ikasle izanen dira, kolejioan 150 eta lizeoan 20.

Sare honetan 63 eskola daude eta hauetatik 21 dira elebidunak. Kolejioak, berriz, 19 dira eta elebidunak 5 eta 12 lizeotatik bi dira elebidunak. Beste 11 eskoletan, 11 kolejiotan eta 5 lizeotan euskara irakasgai bezala dute.

Nafarroan ere D ereduak gora egin du eta baita B eta A ereduek ere. Osterantzean, G eredua jaitsi egin da. Hiru urteko haurren %28,8k D eredua hautatu du eta iaz %27,2k egin zuen. Beraz, %1,6 igo da kopurua. A eredua %27,8tik %28,5era igo da eta G eredua, aldiz, %44,6tik %42,3ra jaitsi da. Orokorrean hiru urteko haurren %57ak euskaraz ikasiko du, eta iaz %54 izan ziren.

Kopuruez gain, beste zenbait gauza ere aldatuko dira Nafarroan. Besteak beste, euskararen sustapen eta didaktika bultzatzeko zerbitzua osatuko baita.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, hiru urteko haurren artean D ereduko kopuruek gora egin dute Nafarroan bezalaxe. D ereduan ikasleen %56,8a matrikulatu da aurten, Bn %32,2a eta An %11.

Bigarren Hezkuntzan antzeko joera nabari da. A eredua %41,3tik %38,5era jaitsi da. B eredua igo egin da, %22,4tik %24,3ra. Eta D eredua ere bai, %36,1etik %37,2ra.