Elebitasuna eta hezkuntza euskararen herrian

1999-12-01
Lan honetan Euskal Herriko herrialde ezberdinetan elebitasunaren eta bikulturalismoaren auziak duen eragina jorratu nahi izan dut bereziki hezkuntzari dagokionean. Gertatu diren aldaera demografiko nahiz historikoak aztertu dira, eta eremu urriko hizkuntza bat eskoletako hezkuntza sisteman ezartzearen ondorioak eztabaidatu. Honi buruz egindako ikerketak ere azaltzen dira.
 
 
Europa barnean dauden nazioen egoera linguistikoari so eginez gero, Europar Batasuneko estatu gehienek hizkuntza edo kultura bat baino gehiago gordetzen dutela ikusten da. Kuijpersek 1987an eta Killileak 1994an egindakoen antzeko beste hainbat ikerlanetan ere, estatu horietan benetako eleaniztasunean bizi direla agertzen da. Eta hizkuntza horiek guztiek, bai bertako gutxiengoenak nahiz etorkinenak izan, ikertzea merezi duen ugaltasun eta aberastasun kultural handiak sortu dituzte. Euskal Herria horren adibide argia da, hiru hizkuntza, euskara, frantsesa eta espainiera, denboran zehar elkarrekin bizi izan dira, eta horrek gizarte eta hezkuntza eredu bereziak eragin ditu, dudarik gabe.



Euskara

Euskara, indoeuropar aurreko hizkuntza berau, Europako zaharrenetariko bat da, eta euskal kulturaren identifikazio ezaugarri nagusiena. Zeltiar eta germaniar hizkuntzak bezalaxe, erromatarren hizkuntza, latina, indoeuropar hizkuntza da. Hauek denak ere, ekialde urrutian hitz egiten zen jatorrizko hizkuntz zaharren batetik eratorriak, seguruenik. Indoeuropar hizkuntza horiek Europan zehar mendebalderantz geldiro hedatzen hasi zirenean, beraiek baino hizkuntz zaharragoak baztertzen joan ziren eta hauek betirako galdu ziren. Erromatarrak agertu zirenerako, Frantziako Gaulen, akitaniera deitzen dugun euskararen forma zahar bat zen oraindik bizirik zirauen indoeuropar aurreko hizkuntza bakarra. Espainian egoera nahasiagoa zen. Indoeuropar aurreko zenbait hizkuntza hitz egiten ziren oraindik, akitaniera eta iberiera famatua barne. Baina haiek guztiak, euskara ez ezik, alboan utzi zituen latinak.

Erdi Aroan Euskal Herriko lurralde oso-osoan hitz egiten zen euskara. Erdi Aro hasieran espainiar probintzia ziren Burgos eta Errioxan ere hitz egiten zen, eta Kataluniara arteko Pirinioetan ere bai.

Euskara, kasu bakarra Europako mendebaldean, ez zen baztertua izan, eta gaurko garaietaraino ailegatu da bizirik, denboraldi batean atzera egin duen arren.

Literatur tradizio ezak eta ingurune sozial eta politikoak ez zuten lagundu euskara garatzen. Industri iraultzak ekarri zuen Espainiako beste herrialde batzuetatik etorritako jendetza ez euskaldunarekin, guztiz oztopatu zen euskararen garapena hiriguneetan XIX. mendean eta XX. mendeko lehenengo bi herenetan.

Gerra Zibilaren eta Frankoren errejimenaren garaian ez zen herrialdeetako hizkuntzarekiko onespen ofizialik izan lau hamarkadan luzeetan (1939-1979). 1978ko Espainiako Konstituzioaren eta Gobernu Autonomoa ekarri zuen 1979ko Autonomia Estatutuaren ondoren, Eusko Parlamentuan elebitasunaren dekretua onartu zen 1983an. Dekretu honen bidez, hezkuntza sistema elebiduna ezartzen zen, non euskara eta espainiera, biak, hezkuntza maila guztietan derrigorrezko ikasgai izango ziren.



Elebitasuna Euskal Herrian

Euskal Herriko biztanleria

Euskal Herri osoko biztaleria, hiru herrialdeetakoa, 2.428.100 da. Hiru lurraldeetan burutu zen inkesta soziolinguistiko batek dioenaren arabera (Eusko Jaurlaritza, 1996), %73 EAEn bizi da, %18 Nafarroan eta %9 Iparraldean.

Arrazoi historiko zein politiko, demografiko eta linguistikoak direla medio, biztanleriaren %37k soilik hitz egiten du euskara (espainiera eta frantsesarekin batera, noski). Eta %63, berriz, espainol edo frantses elebakarrak dira. Gaur egun, ez dago euskal hiztun elebakarrik. Beraz, esan daiteke Euskal Herriko benetako elebidunak euskal hiztunak direla.

Lurraldeka, EAEn bizi den biztanleriaren %41k euskaraz hitz egiten du, eta %59 espainol elebakarra da. Nafarroan %19k soilik dakit euskaraz, espainieraz ere bai noski, eta %81 espainol elebakarra da. Iparraldeko Euskal Herrian %36k hitz egiten du euskara, frantsesaz gain, eta %64 frantses elebakarra dugu.



Bizitasun etnolinguistikoa (Bourthis eta Giles, 1977)

Euskal Herriko hiru lurraldeetako administrazio politikoen jarrerak, euskararekiko duten zabaltze eta berpizteko gogoari dagokionean, oso desberdinak dira. Euskarak Euskal Autonomia Erkidegoan du ofizial izaeraren estatusa. Nafarroako kasuan ez da lurralde osora zabaltzen, legez hiru hizkuntz zonaldetan baitago zatiturik. Frantzian, berriz, ez dago euskararekiko inongo errekonozimendu ofizialik.

Euskararen eta espainieraren koofizialtasunak, ordea, ez du estatus berdina esan nahi. Espainierak duen presentzia ahaltsua oztopo izaten da euskaldunentzat administrazio publikoarekin beren jatorrizko hizkuntzan jarduteko orduan, nahiz eta legean hala jasota egon. Euskararen egoera, beste bi hizkuntzokin konparatuz gero, hizkuntz kaltetu eta gutxitu batena da.

Europako beste hizkuntza gutxituen erabilera aztertu izan duten hainbat nazioarteko azterketek (Kilillea Report, 1994; Euromosaic, 1996) erakutsi dutenez, Espainiako estatuko hizkuntz gutxituek (katalana, galiziera eta euskara) Europako beste inon baino errekonozimendu maila handiagoa omen dute. Nafarroan, ordea, maila hori ez da benetan hain optimista izateko modukoa. Iparraldean ere bertako hizkuntza propioak ez du inongo babes ofizialik. Frantses lege linguistikoak eta kultur politika guztiz erasokorrak izan dira lurraldeko beste hizkuntzekiko, garbi asko azaltzen denez aipatu nazioarteko ikerlan horietan. Bertan, Frantziak oraindik euskara eta hango beste hizkuntzen babes eta garapenerako lan asko duela egiteke azpimarratzen dute.



Euskararekiko jokabideak

Euskal Herriko biztanleek aberriarekiko eta hizkuntzarekiko duten jarrerei buruz hauxe agertzen da: gehiengoa egoera elebidun baten alde legoke, bi kultura elkarbizitzearen alde, alegia. Beste multzo txikiagoa, baina esanguratsua, euskara hizkuntz nagusia izango lukeen egoera elebakarraren alde legoke (Azurmendi, 1990). Hau guztia horrela izanik, biztanleen %93k, era batera edo bestera, euskara defendatzen du. Euskal Herri espainol elebakarraren alde leudekeenak, berriz, %3,6 lirateke.

Beste azterketa baten arabera (Eusko Jaurlaritza, 1996), euskal biztanleen %45 euskara positiboki bultzatzearen alde agertzen omen da. %18, berriz, kontra, eta %37k ez omen du iritzirik puntu honetan.



Euskararen egungo erabilera (1991-1996)

Dagoeneko esana da biztanleriaren %36k dakiela euskaraz. Hala ere, eta iturri berdinera joz gero (Siguan, 1994; CIS, 1999), beren eguneroko bizitzan euskara erabiltzen dutenak, badakitela esaten dutenen erdia omen dira, hots, Euskal Herriko %15k erabiltzen du euskara bere eguneroko harremanetan.

Honek erakusten du euskarak biztanleengan duen giza-onarpen eta prestigioa handia izanik ere, hizkuntzaren ezagupen maila txikia dela, %36. Eta erabilera, are txikiagoa, %15.

Hiztun euskaldunen artean burututako ikerlan bateko emaitzak (Eusko Jaurlaritza, 1996) 1991. urtean egindako beste ikerlan batekoekin konparatuz gero, euskararen erabileraren gehikuntza antzematen da hondoko lau esparru hauetan: helduek erabiltzen dute euskara beren haurrekin, lagunekin, lankideekin eta haurren irakasleekin.

1991-1996 arteko epean eta Euskal Herri osoko hiztun euskaldunen artean badago gehikuntza orokor bat aipatu lau esparru horietan, beraz.

Duela gutxi buruturiko ikerlan batzuetan (EKB, 1998, grabagailua erabiliz kaleko elkarrizketak grabatuz buruturikoa), aztertu nahi izan da azken urteotan zer-nolakoa izan den euskararen presentzia. 1989, 1993 eta 1997n egin ziren azterlan hauek eta honelako ondorioak atera dira:

- Euskararen presentziarik handiena EAEn ematen da, %15,25ekin. Nafarroan, gero, %6,4rekin, eta Iparraldean %4,6 soilik.

- EAEn 1997ko kaleko euskararen presentzia 1993ko halako bi izan zen. Nafarroan igoera txiki bat somatu zen, eta Iparraldean, berriz, pittin bat jaitsi egin zen.



Hezkuntza elebiduna

Espainia aldeko Euskal Herriko hizkuntz eta hezkuntza politika

XX. mendeko bigarren erdian euskararen irakaskuntzari dagozkion aldaketa garrantzitsuak gauzatu dira, eta hauek epe ezberdinetan analizatzea komeni da.

- Euskararen debekua (1936-1960)

Eskola espainola eta elebakarra izan zen 60ko hamarkadaren aurreko urteetan. Haren ardura nagusia ikasleak era homogeneoan eta mugimendu nazionalaren eta Frankoren ideologiaren dogmetan hezitzea zen.

- Euskara onartua (1960-1976)

60ko hamarkadako urteetan sortutako ikastolek, euskaraz irakasten zuten eskolak, Frankoren aurkako erresistentzia ezaugarria zuten. Klandestinitatean hasi ziren baimenik gabe euskara erabiltzen eta euskal kultura lantzen, libururik gabe eta gurasoena ez beste inoren babesik gabe, baina beraien arbasoen hizkuntza eta kultura defendatzeko konpromezuarekin.

- Hezkuntza elebidunaren hedapena (1976-1982)

Denboraldi honetan bi gertaera garrantzitsu jazo ziren: Frankoren heriotzaren ondoren Espainiako Konstituzioaren aldarrikapena eta Espainia aldeko Euskal Herriko politika garatzeko alderdi politiko demokratikoek hartu zuten ardura. Are gehiago, eskola liburuak Euskal Herriko hizkuntza, kultura, historia, geografia eta abarri buruzko eduki kurrikularrak barneratzen hasi ziren.

Aipatu beharrekoa da garai honetan onartu zen Autonomia Estatutua (1979), eta baita 1982an onartutako dekretua ere, EAEko haurrek euskara derrigorrezko gaia izango zutela arautzen zuena. Familiek aukeratzen zuten seme-alabentzat nahi zuten hizkuntz eredua (A, B edo D).

- Euskarazko hezkuntza ofiziala (1983tik gaurdaino)

Funtsezko jazoera gertatu zen 1983an. Eusko Jaurlaritzak euskara eta euskal kultura ofizialki babestu eta legezko egingo zuten dekretua onartu zuen. Orduz geroztik, irakasleak eta testuliburuen argitaldariak behartuak egon dira Euskal Herriko berezitasunei buruzko eduki kurrikularrak (ulertzeko era eta historiari zioen errespetua, kultura, artea, folklorea, tradizioak, pertsonaia garrantzitsuak) beren programetan ezartzera. Ekidin ezineko gorabeheren eskarmentuaren ondoren, esan daiteke hezkuntza elebiduna EAEn guztiz ezarria dagoela gaur egun.



Eskolaratzeko lau hizkuntz ereduak

Ereduak egoera soziokultural ugariei, familia motibazio diferenteei, zonalde soziolinguistiko desberdinei, irakasle formakuntzei eta beste faktore askori erantzuteko sortu ziren. Lau intentsitate mailako hizkuntz eredu ezarri ziren, euskararen erabilera minimo egiten duenetik, haren erabilera instrumentala ahalbidetzen duenerainokora.

A eredua: aprendizaia guztia espainieraz edo frantsesez burutzen da, euskara gai kurrikular soil bat besterik ez da.

B eredua: bi hizkuntza erabiltzen dira aprendizaiaren bitarteko bezala, erdi eta erdi, esan daiteke.

D eredua: aprendizaia osoa euskaraz gauzatzen da, espainiera edo frantsesa beste gai bat gehiago besterik ez da.

X eredua: ikasketa guztiak espainieraz edo frantsesez egiten dira, eta ez da ez euskara ez euskaraz irakasten.

Lau eredu hauek psikologikoki eta pedagogikoki arrazoituak daude, eta oinarrian edozein ikasketa hasteko, beste hizkuntzena barne, ama hizkuntza erabiliz hasi behar deneko ustea zegoen. Era honetan, D eredua jatorriz euskaldun ziren haurrentzako zela egokiena uste zen; B eredua bi hizkuntzen ezagupena zuten haurrentzako; eta A eredua, azkenik, euskararen ezagupen oso txikia edo batere ez zuten haurrentzako. EAEn X eredua batere euskararik ikasi behar ez duten haurrentzako erabiltzen da, hala nola, kanpotik denbora gutxi baterako bizitzera etorritakoen haurrak, ijitoak eta abar.

EAEko gurasoek eredu trinkoak aukeratzearen alde egin dute, lurralde honetarako ezarrita zegoen hezkuntza elebidunaren eredua aldatzera behartu dutelarik. Joera honek gurasoek hezkuntza sisteman duten konfidantza handia erakusten du, eta baita euskaraz ikasteko dagoen motibazio altua.



Hizkuntz ereduek izan duten eboluzioa eskoletan (Ikus 1. taula)

97/98 ikasturteko data analizatuz gero, hondoko ondorioak ateratzen dira:

Euskal Autonomia Erkigoko Haur Eskoletako haurren artean eredu trinkoenetan %83 ari da ikasten. A eredua aukeratu dutenak %16ra jaitsi dira, eta X ereduan, hau da, espainiera hutsean, ari direnen kopurua %1 besterik ez da.

Nafarroan A eta D ereduetan aritzen da %25, B eredurik ez dago, eta X ereduan, espainieraz soilik, gelditzen den %50 aritzen da.

Iparraldean eskolaurreko haurren %78 X ereduan aritzen diren eskoletara doa eta eredu elebidunetan aritzen diren haurrak oso gutxi dira.

Haur Eskoletako irakaskuntzan azken urteotan antzematen den joera ikusirik, esan daiteke benetan elebidun diren ereduak, hau da, B eta D, izan direla gehiengoaren aukera Euskal Autonomia Erkidegoan. Joera hau txikiagoa da Nafarroan, eta gutxiengo baten aukera Iparraldekoen artean.

Joera berbera antzematen da Lehen eta Bigarren Hezkuntzan ere.



Elebitasuna unibertsitatean

Ezagutzera eman diren datuek diotenez, Euskal Herriko Unibertsitatean irakasten den derrigorrezko gaietatik %55 euskaraz irakasten da. Unibertsitatera doazen 60.000 ikasletatik %20 baino gehiagok (14.000) euskaraz ikasten du, nahiz oraindik ikasketa asko ezin diren euskaraz burutu. EHUn baino ez dago euskaraz ikasteko aukera, eta ikasketa guztietan ez, ikusi dugun bezala. Gainerako unibertsitateeetan (Deustu, Nafarroa, Baiona eta abar) euskararen presentzia testimonial hutsa da.

EHUn euskarazko adarretarako matrikulatu den ikasle portzentaia %2 igo da azken bi urteotan. Euskararen normalizaziorako bigarren planak aurreikusten duenez, bost urte barru euskarazko adarretan ariko diren ikasleen portzentaia %40 izanen da, eta %50 hamar urteren buruan. Euskaraz irakasten diren gaiak ere egungo %55,5etik %80ra zabalduko dira bost urteotan. Fakultate bakoitzak bere plana garatu ahal izango du eta han erabakiko du noiz eta zenbat gai eskainiko diren euskaraz. Planaren jarraipena egiteko ebaluazio komisio bat eratuko da, 1999ko irailean hasi eta 2004/5 ikasturtean amaituko duelarik bere lana (EHU,1998).

Nafarroako eta Iparraldeko unibertsitateetan euskararen presentzia azalekoa baino ez da.



Irakasleria ez unibertsitarioaren euskalduntzea

Ez dugu 60 eta 70eko hamarkadetan gauzatu zen irakasle ez unibertsitarioen euskalduntzeari buruzko datu askorik. Hala eta guztiz, badugu 1976/77 ikasturtean Siadecok eginikoa. Honek azaltzen zuenez, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan irakasleriaren %4k soilik zekien euskaraz. Beste ikerlan batean, Siadecok berak eginikoa 1979an, 8.284 irakasletatik 384 baino ez zirela euskaldunak (%4,6) agertzen zen.

Gerora, ordea, irakasleriaren euskalduntzea bizkorragoa izan da. 1985/86 ikasturtean euskaraz irakasteko gaitasuna zuten irakasleen portzentaia %32 zen. Euskal Autonomia Erkidegoan 1997/98an bildutako datuen arabera, euskaraz irakasteko gaitasuna duten irakasleak %60ra iritsi dira. 20 urteren buruan %4,6tik %60ra aldatu da, eta gaur egun hizkuntz gaitasun profilaren bat duten irakasleak %70 inguru dira, 16.000 izanik sare publikoan aritzen diren irakasleak.

Nola gauzatu da aldaketa hori 20 urtetan? Batik bat bi bide jarraitu dira horretarako; bata elebidunak ziren irakasleen kontratazioarena, eta bestea lanean ari ziren irakasleen euskalduntze planarena (Irale programarena, 1998).

Hezkuntza pribatuaren egoera ez da hain ona irakasleen euskalduntzeari dagokionean. Nafarroako eta Iparraldeko egoera penagarria da, irakasleen hizkuntz gaitasunari dagokionean.



Elebitasuna eta hezkuntza ez formala

Alfabetatze kanpaina

HABEk utzitako 1993ko datuei jarraituz, euskarazko ikastaroetan matrikulatutako helduak urtean 40.000 izatera iritsi dira. 1986/87 ikasturtetik 1992/93 ikasturteraino euskarazko ikastaroetan 150.000 heldu inguru matrikulatu direla uste da.

Eusko Jaurlaritzaren1988ko Euskararen Biziberritze Planaren arabera, helduen alfabetatzea eskola hezkuntzarekin batera da euskararen berreskurapenean faktore garrantzitsuenetako bat. Eta haren eskaera goraka doa EAEn Nafarroan eta Iparraldean bezalaxe.



Euskarazko hezkuntza ez formala eta komunitate programen bultzada

Orain artean hezkuntza eta euskara aztertu ditugularik, haien alde formalean aritu gara gehienbat, eskolaratzearen eta ikastearen inguruan, hain zuzen ere. Horrez gain, badago hezkuntza konbentzionalaren eremuan aurkitzen ez den ekimen esparru zabalago bat, nahiz pedagogikoa ere izan berez. Gizarte ekimeneko programei buruz ari gara, aisialdiko ekintzetan eragin soziala duten programei buruz, alegia.

Esan beharrekoa da euskarazko gizarte ekimenetako programak antolatzen eragile asko hasi zirela eta jarraitzen dutela oraindik ere; esate baterako, eskolak, hezkuntza agintariak eta mugimendu herrikoiak.

Euskaraz antolatzen diren ekimen sozio-kultural hauei buruz badago zer esana, badituzte berezitasun franko. Lehendabizi, aipatzekoa da ekintza hauetan parte hartzen duen jendearen kopuru izugarria, milaka haur eta gaztek hartzen baitute parte. Bigarrenez, aitatu beharra dago formala eta ez formala den hezkuntzaren tarteko mugak definitzearen zailtasuna, eskoletan eta lanerako proposatzen diren hainbat ekintza burutzen baitira eskolatik kanpo ere. Hezkuntza globalean garatzen da, eta beraz, beharrezkoa da gelaren barruan nahiz kanpoan gertatzen dena kontuan hartzea.

Euskararen inguruan sortutako gizarte elkarteak oso aktiboak dira. Euskal gizartearen sektore gehienek jasotzen dituzte modu batean edo bestean haurrak, gazteak eta helduak bizi diren inguru naturalean euskara zaintzeko, berpizteko eta erabiltzeko helburuekin antolatzen diren ekintzen eraginak. Badago herri mugimendu zabal bat euskararen tokia ez dela etxea eta eskola soilik aldarrikatzen duena, eta jende arteko euskararen erabilera bultzatzen duena. Frankoren garaiko pertsekuzio luze haietan sortu zen erantzuna etengabe indarrean dagoen euskararen aldeko mugimendu bihurtu da. Zenbaitentzat hau koherentzia eta koordinazio ezaren adierazlea izan daiteke, baina askotan talde homogeneo batetik ez datozen iniziatiben aberastasunaren erakusle da. Gauza da eguneroko bizitzan euskararen erabilera handitzea.



Hezkuntza elebidunaren ebaluatzea

Azkenik, hezkuntza elebidunaren auzi nagusia aztertuko dugu: lorpenen ebaluazioa, hots, lorpen akademikoen eta elebitasuna bera bultzatzen duten programen ebaluazioa. Azken ehun urte hauetan sortu diren polemiketan (ikus Tabouret-Keller, 1988) dudak, mezfidantzak eta beldurrak ditugu Euskal Herrian. Ez genduke ahaztu behar oraindik ere gure ingurunean planteatzen ari diren galderak, Luxenburgoko nazioarteko konferentzian azaleratu ziren haien oso antzekoak direla. Zein hizkuntzatan hasi beharko luke eskolako hizkuntzak? Zein hizkuntzatan erakutsi beharko litzateke irakurtzen eta idazten? Zein da adinik egokiena 2. hizkuntza ikasteko? Zein dira elebitasunaren eraginak gure adimenean, eskolako lorpenetan eta ikasleen pertsonalitatean? Zein dira hezkuntza elebidunaren abantailak eta desabantailak? Eta abar eta abar.

Zalantza hauek guztiak sortu izan dira gurasoen artean, politikoen artean eta irakasleen artean ere. Egoera honek bultzatu ditu hainbat eta hainbat ikergai eta bertan analizatu dira 70eko hamarkadako hezkuntza elebidunaren emaitzak. Harrezkero, 40 bat lan burutu dira eta informazio ugari bildu da. Testuaren atal honetan euskal hezkuntza elebidunaren arloan egindako lanak atera, bildu eta sintetizatu ditugu ondorio batzuk lortzeko nahian. Estatistika zerbitzuak eskainitako lorpen akademikoak ere analizatu ditugu, hala nola, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako porrot eskolarraren portzentaiak. Nahiz eta oraindik elebitasunaren inguruan gauza asko ezezagunak zaizkigun eta ondorioetako batzuk kontrajarriak diren, uste dut ondo oinarritutako informazioak eta ondorioak eskain ditzakegula.



Ikerlanaren emaitzak

Euskara

Euskarari buruzko emaitzak faktore ezberdin askok baldintzatuta azaltzen dira: sozial mailakoak, metodologikoak, hizkuntz ereduen araberakoak, jarrerakoak eta abar. Badirudi, eragile hauen guztien pisua handiagoa dela euskararen emaitzetan espainieraren emaitzetan baino. Antza denez, baldintza berezi batzuk batera eman behar dira euskaldunek emaitza altuak lortzeko.

Azpimarratu behar da hizkuntz ereduak ikasgelan duen eragina. Ikerketak erakusten du hizkuntzaren ezagupenak erlazio zuzena duela hizkuntz ereduekin, D, B edo A (Etxeberria, F. 1986; Sierra-Olaziregi, 1989, 1990 eta 1991).

Eredua geroz eta intentsiboagoa denean (D eredua), euskararen emaitzak hobeak direla esan dezakegu . Eta ahulena den hizkuntz ereduan (A) emaitzak ere makalak dira.

B ereduaren barruan programa mota anitz dago; batzuk D eredura hurbiltzen dira, eta beste batzuk A eredutik gertuago egoten dira. Badirudi, orokorrean, B ereduan ikasitakoen emaitzak A eta D ereduen arteko maila ematen dutela.

Gaztelania

Euskararekin ez bezala, ez dirudi gorabehera handiegiak ematen direnik espainiera hizkuntzaren inguruan. (Etxeberria, F. 1986; Sierra-Olaziregi, 1989, 1990 eta 1991). Espainieraren hizkuntz eredua atzapar luzekoa da oso, eta bere presentziak euskal geografia osoa hartzen du; edozeinek espainieraz nola hitz egiten duen ikus dezakegu. Euskaldun elebakarrik ez dago.

Beste emaitza batzuk

Analisiek erakusten dute gelako hizkuntz ereduak ez duela eragin handirik Matematiketan, Geografian, Historian, Natur Zientzietan edo Ingelesean edukitako emaitzetan (Espi, 1988; Lukas, 1990; Cenoz, 1992; Idiazabal & Kaifer, 1994).

Pertsonalitateari, jarrerei, motibazioari, moldaketari, adimenari eta abarri buruz ez dirudi eredu ezberdinetako ikasleek emaitza ezberdinik lortzen dutenik (Artamendi, 1990; Naya, 1991; Idiazabal & Kaifer, 1994).



Elebitasuna eta arrakasta eskolan

EUSTATek lortutako datuen arabera (1988-1998), 1995/96 ikasturtean EAEn Derrigorrezko Hezkuntzaren bukaeran lorturiko arrakasta %80koa izan zen. OHOko 8. mailan hainbat diferentzia antzematen zen talde eta hizkuntz ereduen artean. D ereduan aritutako ikasleetatik ia %90k gainditu zuen, A ereduko ikasleen %75k eta B ereduko %81k. Hona hemen beste zenbait informazio interesgarri:

- Estatistika ofizialek diotenez, D ereduko ikasleek emaitza hobeak lortzen zituzten OHOn, BBBn eta UBIn. B eredukoek, berriz, Lanbide Heziketan eta Irakaskuntza Ertaineko Erreforman (REM) lortzen dituzte emaitzarik onenak. Unibertsitatera sartzeko azterketetan, berriz, ez da ikusten A eta D ereduen arteko diferentziarik.

- 1997an burututako beste ikerlan batean (INCE, 1996) azaldu zen EAEko Lehen Hezkuntzako ikasleek eta Nafarroakoek ere estatu espainiar osoko emaitza onenak lortu zituztela Gaztelanian, Matematiketan eta Gizarte Zientzietan.

- INCEren 1998ko beste ikerketa batek ere estatuko autonomietako ikasleen emaitzak aztertu zituen, eta EAEko eta Nafarroako Bigarren Hezkuntzako ikasleak emaitza onenak zituztenen taldean zeuden Gaztelania eta Matematiketan. Zientzien erreferentziarik ez du egiten.

- Iparraldeko eredu elebidunetako eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloen bukaerako ikasleek Frantses Hizkuntzan eta Matematiketan lortu zituzten emaitzik onenak, ez hala eredu ez elebidunetan ikasten zuten ikasleek (Jaureguiberry, 1993).



Ondorioak

1.- Euskal biztanleriaren %36k daki euskaraz, eta biztanle orok daki espainieraz edo frantsesez.

2.- Eskolak, aldiz, eredu elebidun malguak ari dira garatzen beren ikasleak hezitzeko: D (gehiena euskaraz), B (bi hizkuntzetan) eta A (gehiena erdaraz).

3.- EAEn 1998/99 ikasturtean %87k aukeratu zuen Haur Eskolan euskaraz ikasten hastea edota euskaraz eta erdaraz. Eta %13k aukeratu zuten erdara hutsean ikasten hastea. Nafarroan eta Iparraldean eredu trinkoenak (B eta D) gutxiengoa dira.

4.- Euskal Herriko lurralde ezberdinetako hizkuntz eta kultur politikak euskararen jende aurreko erabileran eragin ezberdina dute. Ez jende aurrean soilik, baita eskoletan eta median ere. Emaitzik onenak EAEn ematen dira.

5.- Ikerlanetan ere beste bi fenomeno hauek azaltzen dira:

a) Geroz eta euskara gehiago erabiltzen den zentroetako ikasleek beste eredu batzuetako ikasleek baino emaitza hobeak lortzen dituzte euskararen inguruko gaietan.

b) Ez dirudi hizkuntz ereduak eragindako ezberdintasunik dagoenik Gaztelanian, Ingelesean, Matematiketan edo Zientzietan lortutako emaitzetan. Ezta psikologia arloan, adimenean, pertsonalitatean eta abarrean ere.





Gai hau sakonago landua topatuko duzue Felix Etxeberria berak idatzi eta Erein argitaletxeak euskaraz eta gaztelaniaz kaleratu dituen "Elebitasuna eta Hezkuntza Euskararen Herrian" eta "Bilingüismo y Educación en el País del Euskara" liburuetan.



BIBLIOGRAFIA



- ARISTI eta beste (1979: El lenguaje en la educación preescolar y ciclo preparatorio. Vasco-castellano. MEC. Madrid.

- ARTAMENDI, J. A. (1989): Un estudio sobre la adecuación de pruebas de rendimiento escolar y de aptitudes a la situación bilingüe. Doktoretza Tesia. EHU. Donostia.

- AZURMENDI, M.J. (1983): Elaboración de un modelo para la descripción sociolingüística del bilingüismo y su aplicación parcial en la comarca de San Sebastián. Universidad Complutense. Madrid.

- AZURMENDI, M.J. (1990): La juventud vasca en relación con el euskara. En Jóvenes vascos. 1990. Eusko Jaurlaritza/ Gobierno Vasco. Vitoria-Gasteiz.

- AZURMENDI, M.J., BOURHIS, R.Y., ROS, M. eta GARCIA, I. (1998): Identidad etnolingüística y construcción de ciudadanía en las Comunidades Autónomas Bilingües (C.A.B.) de España. Revista de Psicología Social, 13, 3, 559-589.

- BACHOC, E. (1998): L´avenir de la langue Basque (Euskara) en Pays Basque de France. Baiona/Bayonne: Institut Culturel Basque/Euskal Kultur Erakundea.

- BOURHIS eta GILES (1977): The language of intergroup distinctiveness. In Giles: Language, ethnicity and intergroup relations. Academic Press. London.

- CENOZ, J. (1992): El papel del bilingüismo en la adquisición de una lengua extranjera: el caso del aprendizaje del ingles en Gipuzkoa. Doktoretza Tesia. EHU.

- CIS.(1999): Estudio sobre el bilingüismo en las Comunidades Autónomas. Centro de Estudios Sociológicos. Madrid.

- CONSEIL DE L`EUROPE (1992): Charte europèenne des langues regionales ou minoritaires. Strasbourg.

- DONOSTIAKO UDALA (1999): Estudio sobre el uso del euskara. Euskara Departamendua.

- EKB (1998): Kaleko euskararen neurketen txostena. Donostia.

- ESPI, M.J. (1988): Adquisición de segundas lenguas en situación de lenguas en contacto. Un análisis sicosocio-lingüistico. Doktoretza tesia. Euskal Herriko Unibertsitatea. Donostia.

- ETXEBERRIA, Felix µ(1986): Eskola elebiduna Euskadin. Erein. Donostia.

- ETXEBERRIA, Felix (1994): Bilingüismo y educación en Euskadi. Ibaeta Pedagogia. Donostia.

- ETXEBERRIA, Felix (1997): Bilingualism and Biculturalism in the Basque Country. Educational Review. Vol. 49, num 2.

- EUSKALTZAINDIA (1977): El libro blanco del euskara. Real Academia Vasca de la Lengua. Donostia.

- EUSKO JAURLARITZA (1996): Euskal Herriko inkesta soziolinguistikoa. Euskararen jarraipena. Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Euskal Kulturaren Institutua.

- EUSKO JAURLARITZA (1998): Euskara Biziberritzeko Plan Orokorra. Vitoria-Gasteiz.

- EUSTAT (1994): Euskara 1981-1991. Servicio Vasco de Estadística. Eusko Jaurlaritza. Gasteiz.

- EUSTAT (1988-1998): Estadística de la enseñanza. Instituto Vasco de Estadística. Vitoria-Gasteiz.

- HABE (1993): 10 años de la Ley del HABE. Gobierno Vasco.

- HAMERS, J. y BLANC, M. (1983): Bilingualitè et bilinguisme. Pierre Mardaga Editeur. Bruxelles.

- IDIAZABAL, I. y KAIFER, A. Ed. (1994): Eficacia educativa y enseñanza bilingüe en el Pais Vasco. Gobierno Vasco. IVAP. Gasteiz.

- INCE (1996): Evaluación del rendimiento escolar. Enseñanza Primaria. Instituto Nacional de calidad y evaluación. M.E.C. Madrid.

- INCE (1998): Evaluación del rendimiento escolar. Enseñanza Secundaria. Instituto Nacional de calidad y evaluación. M.E.C. Madrid.

- IRALE (1998): Folleto informativo. Curso 1998-1999. Servicio de euskara. Gobierno Vasco. Vitoria.

- JAUREGUIBERRY, F. (1993): Le basque à l´ècole maternelle et èlèmentaire. Centre National de la Recherche scientifique. Universitè de Pau et des Pays de l´Adour.

- KILLILEA (1994): Informe de la Comisión de Cultura, Juventud, Educación y Medios de Comunicación sobre las minorías culturales y lingüísticas de la Comunidad Europea. Parlamento europeo.

- KUIJPERS, W. (1987): Dictamen sobre las lenguas y culturas de las minorías regionales y étnicas en la Comunidad Europea. Parlamento Europeo.

- LOGSE (1990): Ley de Ordenación General del Sistema Educativo. M.E.C. Madrid

- LUKAS, J.F. (1990): Destreza y rendimiento en matemáticas en un contexto bilingüe. Tesis Doctoral. Universidad del País Vasco.

- MERCATOR (1998). Basque. The Basque language in education in France. Regional Dossiers Series.

- NAFARROAKO GOBERNUA (1998): Estadística educativa de Navarra. Hezkuntza eta Kultura Departemendua. Iruñea.

- NAYA, L.M. (1991): Adaptación escolar y bilingüismo en 8. de EGB en la comarca de Donostia-San Sebastian. Tesis Doctoral. Universidad del Pais Vasco

- NELDE, STRUBELL y WILLIAMS (1996): Euromosaic. Producción y reproducción de los grupos lingüísticos minoritarios de la Unión Europea. Luxemburgo. COMISION EUROPEA

- POIGNANT (1998): Rapport sur les langues règionales. Euskal Herriko Garapen Kontseilua. Baiona.

- POLIVKA, P. (1998): Dossier sur l´enseignement de la langue basque dans le Pays Basque Français. Inspection Academique des Pyrenèes Atlantiques. Acadèmie de Bordeaux. Pau.

- RIES, y otros (1932): El bilingüismo y la educación. Conferencia Internacional de Luxemburgo. Espasa-Calpe. Madrid.

- SIADECO (1978): El libro blanco del euskara. Euskaltzaindia. Donostia.

- SIADECO (1979): Conflicto lingüístico en Euskadi. Euskaltzaindia. Donostia.

- SIADECO (1991): Informe sobre la situación del euskara en la Comunidad Autónoma y Navarra.

- SIERRA-OLAZIREGI (1989): E.I.F.E. 2 . La enseñanza del euskara: influencia de algunos factores. Gobierno Vasco. Vitoria.

- SIERRA-OLAZIREGI (1990): E.I.F.E. 3 . La enseñanza del euskara: influencia de algunos factores. Gobierno Vasco. Vitoria.

- SIERRA-OLAZIREGI (1991): H.I.N.E.: E.G.B., estudio del 8. curso. Gobierno Vasco. Vitoria.

- SIGUAN, M. (1994): Conocimiento y uso de las lenguas en España. C.I.S. Madrid.

- SIGUAN , M. (1998): La escuela y los emigrantes. Editorial Paidós Educador. Barcelona.

- TABOURET-KELLER, A. (1988): "La nocitivè mentale du bilinguisme, cents ans d'errance". II Euskal Mundu Biltzarra-II Congreso Mundial Vasco.. Tomo III, p. 156. Bilbao.

- UPV-Euskal Herriko Unibetsitatea (1998): Situación actual de la docencia bilingüe en la UPV. Vicerrectorado de Euskara. Universidad del Pais Vasco-Euskal Herriko Unibertsitatea.

- URRUTIA y otros (1998): Bilingüismo y rendimiento académico en la Comunidad Autónoma Vasca. Jóvenes por la paz. Bilbao.

- ZALBIDE, M. (1998) "Situación lingüística del profesorado de las escuelas públicas". Servicio de Euskara. Gobierno Vasco. Vitoria.