PIAGET, Jean
Biografiaren hainbat ohar
Gizakiaren jatorria eta hazteko modua ezagutzea Piageten ia haurtzaroko obsesioa izan zela esan liteke. Neuchâtel-en (Suitzan) jaio zen 1896. urtean. Haren familian balio erlijiosoek eta intelektualek leku garrantzitsua izan zuten. Nerabezaro osoan berearen pasioa moluskuen ikerketa izan zen. Txikitatik zetorkion biologo alderdi honez gain, bere aitabitxiak filosofia munduan abiarazi zuen eta Bergson-enganako mirespen handia zuen. Orduan erabaki zuen bere jarduna filosofiara bideratzea. Beraren helburua zientzia eta balio erlijiosoak adiskidetzea zen. Ikuspuntu honetatik idatziko du bere lehen liburu filosofikoa. Bertan ondorengo bere pentsamenduaren ideia nagusienak aurki ditzakegu. Beranduago Zoologia ikasketak hasiko ditu bere jaioterrian eta 1918an bere tesia defendatuko du. 1921ean Rousseau Institutuan hasiko da lanean eta hemen dabilenean ohartuko da haurren pentsamenduaren eboluzioaren ikerketak duen garrantziaz. Ordutik aurrera, bere bizitza osoa haur psikologiaren inguruko ikerketak egiten emango du.
1956an Epistemologia Genetikoko Zentroa sortuko du. Bere ardurapean dagoen matematikari, fisikari, biologo eta filosofo taldea gizakiaren adimenaren funtzionamendu mekanismoetan sakontzen arituko da. Piagetek zentroan lan egiten jarraituko du eta bizi artean astelehenero bilduko da bere taldearekin. 1980an, adinean aurrera joan arren, bere pentsamenduaren argitasuna eta indarra mires zitezkeen. Lanak eta mintegiak koordinatzen arituko da 84 urterekin heriotza iritsi zitzaion arte.
Piageten ideia nagusiak
Biologiako ezaguera pisutsuek eta bere kezka epistemologiko sakonek garapen kognitiboaren teoria bat egitera bultzatu zuten Piaget. Nire ustez alderdi honetan izan zen bikainena, izan ere, garai hartan gizakiaren garapenean barneko eraikuntza prozesuei garrantzi eskasa ematen zitzaien ikusirik gizakiaren jokaeren emaitza neurgarrien eta behagarrien aurrean.
Psikologo genetiko bezala egindako ekarpena ere aipagarria da. Haur pentsamenduaren garapenaren etapak zehazteagatik ezagunagoa dela esango nuke, garapenaren mekanismoen azalpen epistemologikoengatik baino. Dena dela, Piaget konstruktibismoaren perspektibaren aitzindarietako bat izatea bere azalpen epistemologikoari zor zaio, bere azalpen psikologikoari baino gehiago.
Garapenaren mekanismoak
Zein da ezagutzaren jatorria? Hau izan da Piageten obsesioetako bat. Arrazionalismoari arrazoiketaren innatibismoaren ustea kritikatzen dio eta enpirismoari gizabanakoak kanpoko estimuluei modu pasiboz erantzuten dielako ustea. Planteamendu enpiristak eragin handia izan zuen psikologia konduktistan, eta honen arabera hezituaren egitekoa ingurugirotik eta irakaskuntzatik zetozkion edukiak eta estimuluak zurgatzea eta pilatzea zen.
Gaur egun gainditua dagoen ikuspegi hau nagusi zen garai hartako aprendizaiaren psikologian. Gauzak horrela, Piagetek norbanakoaren parte hartze aktiboa azpimarratzen zuen ezagutzaren egituraketan, eta horregatik bihurtu zen konstruktibismoaren aitzindarietako batean. Berak zioenez, hezitzaile batek ezingo du inoiz ikasle bakoitzak pertsonalki egiten duen buru berrantolaketa lana ordezkatu. Irakasleak informazioa eman, gatazkak sorrarazi, ezagutza berriak egituratu edo sistematizatu eta abar egin dezake, baina ikasleak ez ditu zuzenean "kopiatzen", eta informazio hori guztia berregin egiten du baizik bere buru egituran asimilatzeko.
Garapenaren egiturak
Lehen esan dudan bezala, Piaget batez ere garapenaren mailei buruzko teoriagatik da ezaguna. Maila hauen deskripenak ez digu pentsamenduaren egitura bakoitzaren ezaugarri bereizgarrienak ezagutzeko aukera soilik ematen. Horrez gain, irakaskuntzako edukiei dagokionez, ezagutza modu berriak nola estimula daitezkeen ere esaten digu.
Piageten sisteman maila horiek definituko dituzten hiru egitura sorta daude:
1- Ekimen garapen-motoreen multzoa.
2- Eragiketa konkretuen multzoa.
3- Eragiketa formalen multzoa.
Garapen kognitibo hauek ezartzeko Piaget bere seme-alaben behaketan eta elkarrizketa klinikoetan oinarritzen da.
Berarentzat garapen intelektuala prozesu jarraikorra da, eta arbitrarioki baino ezin dugu deskribatu bata bestearen atzetik doazen mailen sekuentziazioa. Maila hauek gure eboluzioan gertatzen diren aldaketak dira.
Noiztik has gaitezke adimenaz hitz egiten? Piagetek sentsorio-motore bezala definitzen duen lehen mailan adimen praktikoa agertzen da. Hau da, bitarteko bat erabiltzeko gai gara helburu bat lortzearren. Baina adimen praktiko honek, jaio eta zortzigarren hilabetean edo lortzen denak, eraikitze prozesu luzea jasaten du. Prozesu hau eskemen formakuntzarekin esplikatzen da.
Norbanakoaren adimenaren garapena praktikoa denez, batez ere ekintzari dago lotua. Hots, etapa hau bereizten duten ekintza sentsorio-motore guztiei. Etapa sentsorio-motorearen amaieran haurrak benetako zientzialari bezala jokatzen du, egoera berrien aurrean bitartekoak asmatzen baititu helburuak lortzeko. Adibidez, manta batetik tiratzeko gai da manta horren gainean baina bere eskura ez dagoen jostailu bat lortzeko.
Haurrak bi urte betetzen dituenean, gutxi gorabehera, (adinak oso erlatiboak baitira eta aldatu egiten dira haur batetik bestera) lorpen garrantzitsuak erdiesten ditu. Alde batetik, objektuaren iraunkortasunaz jabetzen da, hau da, badaki objektua existitzen dela nahiz eta ez ikusi. Eta beste aldetik, asmoa agertzen zaio, hots, objektuak irudikatzeko gai da hauek aurrean egon ez arren. Horrela, hurrengo etaparen atarian kokatzen da.
Etapa honetan haurrari bere ingurunearekin era aktiboan erlazionatu ahal izateko eskaintzen zaizkion aukerak oinarrizkoak izango dira ez azpietapak agertzeko erritmoan soilik, baita adimenaren eskuratzean eta garapenean ere. Ingurune mugatzaile batean, haurrak bere inguruarekin esperimentatu eta manipulatu ezin duenean, ekintzako eskemen formakuntza moteldu egin daiteke. Gogoratu besterik ez dugu telebistako erreportaietan ikusi izan ditugun umezurtz-etxe txinarrak. Estimulu fisiko nahiz afektiborik ez duten haur hauen portaera esanguratsua da.
Haurrak objektuak sinboloen bitartez adierazten hasten direnean aurrerapen handia gertatzen da, eta horri adierazpen sinbolikoa deritzo. Etapa aurreoperatorioa hasten da. Etapa honen berezitasuna zera da: norbanakoa ez dela gai pentsamendu malgu eta itzulgarri bat edukitzeko, hau da, ez dauka eragiketa intelektualik, ez da "pentsamenduari buelta emateko" gai.
Zer adierazten die honek Haur Hezkuntzako hezitzaileei? Haurrak kanpoko pertzepzioen arabera mugitzen dira ez direlako gai hautematen dutenaz at ezer arrazoitzeko, eta ezin dutelako eragiketarik egin, psikologikoki hitz eginez. Maila kognitiboan gertatzen den hau maila sozio-moralean ere gertatzen da. Pertsona batek ez du materiaren iraupenaren froga ebazten edo konpontzen. Hau da, materia edo gai hori formaz aldatzen bada, eta kantitate berekoa izan arren leku gehiago betetzen badu, pertsona horrek bigarren kasu honetan kantitate gehiago dagoela esango du. Ezingo du beste pertsonaren asmoen berri jakin ezin delako zuzenean ikusi. Horregatik, materialki eta kanpoko ondorioen arabera soilik baloratuko ditu portaerak.
Adierazpen gaitasunak bereganatu ahala hizkuntza erabiltzen hasiko da haurra. Eta baita joko sinbolikoa eta marrazkia ere.
Eskolaratzeak eragiketa zehatzak egiten hastea ere ekarriko du. Hauen ezaugarria zera da: haurra gai dela "pentsamenduari buelta emateko" eta ez da gauzek "diruditenarengatik" soilik mugitzen, gauzak "direnaz" ere ohartzen da. Hau da, psikologikoki hitz eginez, eragiketez mintzatzen has gaitezke.
Honek maila kognitiboa eta sozio-morala onartzen ditu. Orain ekintzen asmoa estimatu ahal izango du, eta ez gertaeren alde materiala soilik. Adibidez, Anek(5 edo 6 urte) zera azaltzen duenean:
"Pastelaren bi zatiak berdinak dira, ez da ezer gehitu eta ezta kendu ere. Zeren zati hau luzeagoa da, baina zurea baino estuagoa da. Zurea nirea baino zabalagoa da, baina motzagoa ere bai".
Eragiketak egiteko gai dela ikus dezakegu, pisuzko argudioak erabil ditzakeelako: "luzeagoa da...zabalagoa da, baina motzagoa ere bai". Modu batez "pentsamenduari buelta ematen dio". Gauza bera egiten du Xabierrek (6 edo 7 urte):
"Mirenek aitak oparitutako koaderno berria bota dit, baina okertu egin da, bota behar zena bere koaderno zaharra zela pentsatzen baitzuen".
Honek zera esan nahi du: alde batetik Xabierrek Mirenen lekuan jartzeko gaitasuna duela, eta bestetik konturatzen dela gauzak ez direla beti diruditen bezalakoak eta pertsonok zuzenean ikus ezin daitezkeen intentzioak izan ohi ditugula.
Piaget arlo logiko-matematikoan zenbakia eraikitzeko erabiltzen dugun antolaketaz baliatzen da harreman pertsonalen eraikuntza azaltzeko. Adibidez, elkarrekikotasun balioak norbanakoa bestearen lekuan jartzeko gai izatea eskatzen du. Arlo logiko-matematikoan ere, klasifikazio eragiketak egiteko kognitiboki itzultzen eta zentratuta ez egoten jakin behar da. Behin eragiketa zehatzak gainditu ondoren, eragiketa formalak agertzen dira. Hauen ezaugarria zera da: norbanakoa, datu zehatzetatik eta behagarrietatik harantz, printzipioz inongo datu konkreturi ez dagozkion hipotesiak egiten hasten dela.
Hartzen doan gaitasunen arabera mundu faltsu eta posible bat imajina dezake. Bertan nabarmena ez da berehalako errealitatea, errealitate ezberdin bat baizik; testuinguru sozialari begira zuzenagoa eta ezberdintasun gutxiagokoa, eta barne mundu pertsonalari begira bere behar afektiboak modu absolutuan asetzen dituena. Gaitasun kognitibo hauek etapa formalaren hastapenetan agertzen dira eta norbanakoaren sufrimendu sorburu ere badira. Izan ere, posibilitateen mundua ikusten du, bizi den mundu errealarekin konparatuta ezberdina dena, eta desberdintasun nabariarekin "gauzak diren eta berak izatea nahi lukeenaren" artean. Haurrak irudikatzen duen fikziozko mundu hau politikoa, maitasunekoa edo heziketakoa izan liteke. Askotan politikako, maitasunezko edo heziketako ideal absolutuak "errealitatea" "mundu zehatzarengatik" alda dezaketen bitarteko bihurtzen dira. Estrategia didaktiko bezala oso egokia izan liteke beste estrategiekin batera eragiketa formalen garaian.
Piageten teoriaren ondorioak heziketan
Piageten teoriaren ondorio hezitzaileak aipatzen hasi aurretik haren teoriak interpretazio bat baino gehiago dituela esan behar da. Askotan azkarregi ondorioztatu izan den ondorioetako bat garapenaren erritmoa azkartzearena izan da. Baina irakurketa geldoagoa egiten badugu, garapenaren erritmoa azkartzeak ez duela gure lehen helburua izan behar konturatuko gara. Norbanakoak elkarrekiteko eta esanahiak eraikitzeko egokiak diren edukiak eta balio kulturalak aurkeztu behar ditugu, hori bai, baina lehen helburua garapen erritmoa azkartzea izan gabe. Ginebrako eskolako lanek, nahiz eta irakaskuntza eredurik ez eraiki, haurraren garapen kognitiboa ezin dela azkartu erakutsi dute. Honek ez du erran nahi hezitzailearen, helduaren edo beste berdin baten parte-hartzea beharrezkoa ez denik, baizik eta baldintza batzuk behar dituela.
Lehenengo eta behin, ezagutzaren egiturak bereganatuta eduki behar dira garapena gerta dadin. Prozesu hau gertatzeko garrantzitsua da hezitzaileak egoera desberdinak aurkeztea ikasleei, maila desberdina eduki arren, ezagutzeko modu desberdinak har ditzaten aurkezten zaien eduki berriarekiko.
Piageten ideia nagusiek datu batzuk eskaintzen dizkigute irakaskuntza nola hobetu daitekeen hausnartzeko. Baina ematen dizkigun datu psikologikoak ezin dira zuzenean didaktiba pedagogikoan aplikatu, ez baitziren helburu horrekin eginak izan. Ezin dugu ahaztu Piaget sekula ez zela arduratu zuzenean hezkuntzaz.
Piageten teoriaren ondorioetako bi ideia garrantzitsuenak hauek dira:
1.- Garapen kognitiboa etapa batzuetatik igarotzen den prozesu sekuentziala da, eta faktore sozialen arabera haren erritmoa alda daiteke.
2.- Norbanakoaren aktibitatea (manipulagarria edo burukoa) funtsezkoa da ezagutzaren eraikuntzan.
Norbanakoaren esperimentazioa, manipulazioa eta aurkikuntza aktiboa beharrezko baldintzak dira, nahiz eta nahikoak ez izan, etapa formalaren aurreko etapetan geroago irakatsiko diren eduki eta diziplina abstraktuagoen oinarrian egongo diren ezagutzak eraikitzeko.
Piageten eskolak gaur egun
Teoria konstruktibistaren barruan eta eskolaren ikuspuntutik, Piageten teoriak honako ideia hauek eskaintzen dizkigu:
a) Beharrezkoa da genesia edo sorrera ezagutzea kontzeptuen eraikuntzan. Curriculumeko edukien sekuentziazioan kontuan hartu behar da sorrera hori. Adibidez, Lurraren ezaugarriak azaldu aurretik garrantzitsua da Lurra nolakoa zen jakiteko egon diren ulermen eta ikuspuntu ezberdinak ezagutzea.
b) Ikasleen garapen genetikotik abiatu behar da. Ez da ahaztu behar ikasi behar diren eduki ezberdinen interakzioaren bidez pasako direla etapa batetik bestera. Dena dela, garapen genetikotik hasteak ez du esan nahi haur baten irakaskuntzan kontzeptu abstratuak sartzeko etapa operatorio formalera iritsi arte "eskuak gurutzatuta" itxaron behar dugunik.
c) Komenigarria da ikasleen aurretiazko ezagutzak jakitea kontzeptu elaboratuak eta bukatuak aurkeztu aurretik. Adibidez, ezer irakatsi aurretik gai edo kontzeptu bati buruz zer dakiten jakin dezakegu zenbait teknika erabiliz: elkarrizketa klinikoa, "ideien erauntsia" talde handiekin, marrazkiak...
d) Ezagutzen transmisioa egiterakoan azken helburua ez ezik, ezagutzaren eraikuntza prozesua bera ere aintzat hartu behar da. Hau da, ebaluaketan ez dugu emaitzaren eta erantzun zuzenaren artean bat etortzea soilik aztertu behar, elaborazio prozesu osoa da garrantzitsua.
e) Aurkikuntzaren bidezko ikasketa egokia da garapenaren lehen etapetan, baina irakaskuntza erakusgarriak ere ezagutza eraikitzea eragindezake behin pentsamendu abstraktuak edukita. Esaterako, derrigorrezko hezkuntzan edo unibertsitatean.
Bibliografia:
Piageten lanak eta berari buruzkoak frantsesez eta gaztelaniaz:
- FLAVELL, J.H. (1963): The development psychology of Jean Piaget. Van Nostrand, Princenton. N.J. (Gaztelaniazko itzulpena: La psicologÃa evolutiva de Jean Piaget. (1968). Buenos Aires, Paidós).
- PIAGET, J. (1926): La représentation du monde chez l´enfant. Alcan, Paris. (Gaztelaniazko itzulpena: La representación del mundo en el niño. (1973). Madrid, Morata).
- PIAGET, J. (1946): La formation du symbole chez l´enfant. Delachaux et Niestlé. Paris (Gaztelaniazko itzulpena: La formación del sÃmbolo en el niño. (1961). México, Fondo de Cultura Económica).
- PIAGET, J. (1964): Six études de psychologie. Gonthier, Genève. (Gaz-telaniazko itzulpena: Seis estudios de psicologÃa (1967). Barcelona, Seix Barral).
- PIAGET, J. (1972): Oú va l´education. Denoél/Gonthier. Paris (Gaztelaniazko itzulpena: Dónde va la Educación. (1974). Barcelona, Teide).
- PIAGET, J. e INHELDER, B. (1966): La psychologie de l´enfant. Paris, PUF. (Gaztelaniazko itzulpena: La psicologÃa del niño (1969). Madrid, Morata).
Bere lanak eta berari buruzkoak euskaraz:
- CASTAÑO, C. eta ITURRIOZ, I.(1985): Jean Piageten teoria. Adimenaren hastapenak. Bilbo. UPV/EHU.
- PIAGET, J. (1997): Adimenaren sorrera haurrarengan. Bilbo, Klasikoak. (La naissance de l´intelligence chez l´enfant (1936).
Piageten erabilera hezkuntzan (gaztelaniaz):
- KAMII, C. eta DeVRIES, R. (1985): La teorÃa de Piaget y la educación preescolar. Madrid, Visor.
- DELVAL, J. (1986): PsicologÃa en la escuela. Madrid, Visor.
- MORENO, M. y el Equipo de I.M.I.P.A.E. (1983): La pedagogÃa operatoria. Barcelona, Laia.
- SASTRE, G. (1980): Descubrimiento y construcción de conocimientos. Barcelona, Gedisa.