043: Onditz, haurrik gabeko munduan bizitzera zigortu duten haurra

1999-12-01
Handia izanen naizenean, ama, poltsikoak

izarrez eta kometaz beterik joango naiz eskolako lagunen artean banan-bana banatzera
 
 
Onditzek zazpi hilabete egingo ditu aurki. Gure etxean edo au-zoan hazten ari den edozein u-metxo izan zite-keen baldintza oso berezietan bizitzera kondenatu izan ez balute.

Maitane, bere ama, espetxeratuta dago. Onditzen ongizatea zela-eta, jaio eta hamar egunetara Palentziako Dueñaseko kartzelara eramanak izan ziren ama-semeak, Euskal Herriko edozein kartzelek eskain ziezaieketen baldintzetan bizitzera.

Aurpegi asko ditu kasu honek, eta bakoitzak hel biezaio tokatzen zaionari. Gu irakasle eta hezitzaile garen aldetik, Onditzen garapenak, hitzaren zentzu zabalenean, arduratu gaitu.

Ukatu egin zaio edozein haurrak Haur-Eskolara joateko duen eskubidea. Ilunabarreko orduak beste haurrekin plazan edo parkean pasatzea debekatu diote.

Onditz haurrik gabeko munduan bizi den haurra da. Oinarrizko pedagogi arauek esaten digute haurren garapenerako funtsezkoak direla hiru esparru: familia, eskola eta lagunartea. Hirurak elkar aberastuz ezinbestekoak dira garapena harmonikoa izan dadin. Eta hotzikara batek zeharkatzen digu gure hezitzaile kontzientzia.

Historian 1959. urtera arte atzera egin behar izan dugu Nazio Batuen Erakundeak aldarrikatu zuen Haurren Eskubideak dekalogoaren hamar oinarrizko eskubideekin topo egin arte. Bertan, besteak beste, aipatzen dira haurrak babes berezia izango duela, elikadura, etxebizitza, jolasaldi eta osasuntzako zerbitzu egokiez baliatzeko eskubidea duela, hezia izateko eskubidea, jolasez osoki gozatu behar duela, eta gainera, gizartea eta aginte publikoa, haurra eskubide hauetaz balia dadin arduratuko direla bere arraza, kolore, sexu, jatorri sozial, maila ekonomiko eta haurraren beraren edo familiaren beste edozein baldintzapenengatik salbuespenik egin gabe. Eta berrogei urte geroago, modernitatearen aroa ere zaharkituta geratu den honetan, heziketa, bere etxeko eta lagunekiko lotura, eta bere herri eta kulturarekiko harremana ukatzen zaizkio Onditzi.

Gizakiok oraindik maitasuna eta elkartasuna galarazteko nahikoa sendoak ez diren kartzelak asmatu ez ditugunez hemendik muxu xamurrena bidali nahi diogu Onditzi. Gure nahia oraindik haizea bezain librea delako, guk ere lau haizetara zabaldu nahi dugu Onditzek Euskal Herrian egon behar duela: euskalduna delako eta hezkuntza euskalduna jasotzeko eskubidea eta beharra duelako!