Curriculum desberdinen gelak

1999-12-01
1996/97 ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza martxan jarri zenetik, funtsezko zenbait aldaketa somatzen joan gara ikastetxeetan urtez urte. Bat aipatzekotan, Bigarren Hezkuntzan ordura arte izandako ikasle motaren aldaketa izan da, DBH etapa berrian ez baitute unibertsitatera joan daitezkeenek bakarrik ikasten, Lehen Hezkuntzatik datozen guztiek baizik, 16-18 urte bete arte ikastetxean egoteko aukera dutelarik.
 
 
Honek zenbait aldaketa ekarri du hainbat arlotan:

a) Aholkulari zerbitzuari dagozkionak:

- Sendotze neurriak antolatu beharra.

- Orokorrean, ikastetxeek aniztasun berri bati aurre egitea.

b) Ikastetxe mailari dagozkionak:

- Orain arte ezagutzen ez zen elkarbizitza arazoen areagotzea.

- Espektatiba akademiko ezberdineko ikasleei eskaintza erakargarria, motibagarria eta, batez ere, hezitzailea eskaini beharra.

Ezinbestekoa zen, beraz, administraziotik ikastetxeei erantzun bat eskaintzea bizi zuten egoera berriari aurre egiteko.

98/99 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailak Curriculum Desberdinak Eratzeko Programak abiarazi zituen, eta Urtuellako PATeko Gizarte eta Euskarako aholkularitzetatik lanean hasi ginen zenbait egitasmorekin.

Lehendabizi eman beharreko urratsa esperientzia garatzen hasteari zegokion. Alde horretatik, 1998ko urtarrilean Urtuellako PATeko aholkulariok gure aldetik biltzen hasi ginen ikastetxeentzako ezinbestekoa zen dokumentazioa prestatzeko eta Hezkuntza Sailetik zetorrena aztertu eta bideratzeko.

Egitasmo honen barnean lehendabizi ikastetxeetan sendotze neurriak antolatzeko ahaleginak egin ziren, batik bat lehenengo ebaluaketaren ondoren antzemandako ikasleen eskasiei arloen mintegietatik zein ikastetxearen beraren antolakuntzatik erantzuna ematen saiatuz. Hau guztia burutu ondoren, hurrengo urratsa emateko prestatzen hasi ginen, hau da, zertan datzan eta norentzat den Curriculum Desberdinen programa.

Horretarako, jadanik Curriculum Desberdinen programak martxan zituzten ikastetxeak bisitatu genituen eta haietako orientatzaileekin eskualdean interesatuta zeuden institutuetako irakasleentzat jardunaldiak prestatu genituen. Ondoren, prozesua abiatzeko, ikastetxeetan aholkularitza zuzena eskaintzeari ekin genion. Institutuz institutu zuzendaritza taldeekin edota klaustroekin biltzen hasi ginen programa berriaren xedeak azaltzeko. Aholkularitza atal hau bukatzean, gure eskualdeko ikastetxe gehienek Curriculum Desberdinen gelak eskatu zituztela ikusi genuen. Curriculum Desberdinen proposamenak aztertzerakoan, argi antzematen zen hasieratik zenbait ahulezia bazituztela, nahiz eta orokorrean planteamenduak oso egokiak izan.



Ikasgeletako tutoreei zegokienez, hainbat alderdi azpimarra zitezkeen:

1. Zituzten lan baldintzak ahal ziren onenak baziren ere, ez ziren izan ikastetxean behin-betiko lanpostua zuten irakasle funtzionarioak gela hauetako tutore izateko beren burua aurkeztu zutenak.

2. Aurkezten ziren irakasle gehienak Hezkuntza Sailak ikasturtean zehar antolaturiko prestakuntza jardunaldietan parte hartu gabekoak ziren.

3. Halaber, aurkeztu ziren irakasle gehienak hizkuntzetako mintegietakoak ziren, beren burua borondatez aurkeztu zutenak eta esperientzia handikoak, eta ilusioz hasten zuten ibilbide berria.



Zabaltzen ziren gelen hizkuntz ereduei buruz, berriz, zera aipa daiteke:

1. Zenbait ikastetxetan hizkuntz ereduen nahasketa aurreikusten zela, batik bat eredu bakar batean aritzeko adina ikasle ez zegoelako. Kasu askotan A eta D ereduak nahasirik agertzen ziren.

2. Hizkuntz eredu nahasiak izateak irakasleen artean kezka sortzen zuen programazioak egiteko orduan, ikasgeletako materiala prestatzerakoan, klasean zein hizkuntzatan aritu erabakitzerakoan, ikasleei zuzentzerakoan zein hizkuntza erabili...



Ikasleei dagokionez, zenbait alderdi gehi genitzake:

1. Institutuetako orientatzaileek eta DBH 2. zikloko irakasleek ikasturtean zehar 16 urte betetzen zituzten ikasleekin egindako lana beraien etorkizunerako aukerarik egokiena aurkitzeko.

2. Eskualdeko institutu guztietako Curriculum Desberdinen geletako ikasle gehienak aukera berri honekin graduatu titulua lor dezaketenak dira, betiere orientatzaileen aholkuak jarraiki.



Materialen kasuan zera azpimarra genezake:

1. Ikasturte hasieran material eskasia nabarmena zela.

2. Ohiko liburuek ez zutela balio, ohiko klaseak emateko moduak balio ez zuen bezalaxe.

3. Irakasleek programazioak osatzeko handik eta hemendik materiala biltzen ibili behar zuten, gehienetan egokirik aurkitzen ez zutelarik. Kasu honetan, D ereduko egoera A eredukoa baino askoz gogorragoa zela azpimarratu behar da, azken hauek estatuko proposamen editorial bakarren bat erabili izan dutelako, nahiz eta gure curriculumarekin guztiz bat ez etorri.

Gelen antolaketa ere kontuan hartzekoa da eta honi buruz zera esan daiteke:

1. Institutu askotan leku egokia aurkitzeko ahalegina egin zen, beste gelak bezalakoxea izan zedin.

2. Azpimarratzekoa da ikastetxe gehienetan gelen hornikuntzan egin izan duten ahalegina ere. Gehienek ordenagailuren bat eta irakurketa txokoren bat badute.

3. Era berean, ikastetxearen beraren antolaketan igarri da Curriculum Desberdinen gelen eragina. Adibidez ordutegiak gauzatzerakoan edota institutuko baliabide komunak erabiltzeko orduan.



Eskualdeko Curriculum Desberdineko gelen beharrak aztertu ondoren, PATean hizkuntza eta gizarte zientzien teknikarien aldetik bi lan lerro zabaltzea pentsatu genuen. Bata, lehen hurbilketa baten ondoren, ikasleek duten esparruko oinarrizko trebeziak eta ezagutza maila ezagutu ahal izateko. Eta bestea, kontzeptuez gain, alderdi ludiko eta prozedurazkoek garrantzia duten proiektu batekin ikasleak laguntzeko talde baten partaide senti daitezen.



Lan proiektu honen bidez zenbait alderdi lan daitezke:

1. Gizarte Zientziekin erlazionaturikoak

1.1. Kokapen geografikoaren esparruan

- Maparen erabilera

- Planoen erabilera

1.2. Migrazio kontzeptua

- Migrazio iturri izan diren eskualdeetako ekonomia, ohiturak, folklorea...

- Garapen guneak

- Ekoizpen sektoreak

1.3. Hurbileko historia

- Zuhaitz genealogikoak

- Hipotesi historikoak



2. Hizkuntzekin erlazionaturikoak

2.1. Testu narratiboaren egiturari dagokiona

- Denbora ardatza

- Aditz formak

- Ortografia

* Esaldia

* Hitza

2.2. Liburu bat egitea

- Aurkezpena

- Maketazioa

- Koadernazioa

2.3. Egiteko erak edo prozedurak

- Galdera sorten prestaketa (elkarrizketak egiterakoan)

- Erantzunak

- Erantzunetatik abiatuz idazlana gauzatu

- Testuen berrikusketa

* Kontrol zerrendak

* Konparaketak, berdinen arteko irakurketa... testua hobetzeko estrategia ezberdinak

Lan proiektua iazko irailaren hasieran Curriculum Desberdinen gelak zituzten ikastetxeen artean zabaldu zen, bakoitzaren ezaugarriak eta posibilitateak komentatuz. Proiektua landu ondoren jasotako inpresioa, bai irakasle eta bai ikasleena, aurreikusitako helburuak betetzen dituelakoa izan da.

Eskualdeko Curriculum Desberdinen geletako irakasleekin bildu ondoren, beste urrats bat eman genuen: esparruko mintegi bat sortzea. Mintegi honen hasierako helburuak honako hauek ziren:

- Ikastetxe ezberdinetako irakasleen esperientzien elkartrukerako gunea izatea.

- Prozesu berria martxan jartzearekin batera antolaketan, funtzionamenduan, materialen aldetik... somatutako hutsuneak betetzeko lagungarri izaten zitekeen elkargunea sortzea.

- Merkatuan edota estatuko beste erkidegotan erabiltzen dituzten materialak ezagutzea eta, bide batez, eskaintzea.

- Ikasgeletako egunerokotasunean sortzen diren zenbait arazori erantzuna aurkitzeko leku bat finkatzea.

Ikasturteak aurrera joan ahala, mintegiaren norabidea aldatzen joan zela ikusi genuen. Hasieran jorratzen ziren gaiak antolaketarekin edo ikasmaterialekin zerikusia zutenak baziren ere, lehen hiruhilabetearen bukaerarekin batera ebaluazio boletina gauzatu beharra ikusi zen. Partaide guztion artean eredu bat adostu ondoren, ebaluazio irizpideen gaia azaleratu zitzaigun.

Ikasturtean zehar hilean behin biltzen ginen, poliki-poliki DBHko Curriculum Desberdinen geletako Graduatu Titulua eskuratzeko ebaluazio irizpide minimoak finkatzeko.