Kronika

1999-12-01
 
 
Arabar euskaltzaleak bat egin dute PPren hizkuntz politika salatzeko
Arabako hainbat alderdi, sindikatu eta elkarteek adostasunez erabakitako agiri bat kaleratu dute PPk Araban daraman hizkuntz politika salatzeko. Euskaltzaleen asmoa hainbat mobilizazio egiteko asmoa dute, helburu nagusia PPren politikaren aurkako jarrera erakustea delarik. Horren haritik, abenduaren lehendabiziko hamabostaldirako manifestazio bat antolatzen ari dira.
Mobilizazioez gain, euskaltzaleek agiri bat adostu dute eta hiru atal nagusi ditu. Lehenengoan popularrek Gasteizko udal gobernu taldetik Haur Eskoletan indarrean ezarri nahi duten eredu bakarrak batere arrazoinamendurik ez duela adierazten da, ez pedagogikoki eta ez beste inongo aldetatik. Bigarren atalean aurreko legealdian Arabako Foru Aldundian zegoen Euskara Zerbitzuaren desagerpena gaitsezten dute. Eta hirugarren atalean arabarrek euskalduntzearen alde egindako apustua agintari orok errespetatu egin behar duela adierazten dute.
Euskararen eskakizunak ez dira Arabara mugatzen, ordea. EAEko ertainetako irakasleen atxikipen prozesua gauzatzeko Hezkuntza Sailak indarrean jarri nahi duen dekretuak irakasleen hizkuntz eskakizuna jaitsi nahi du. ELA, LAB eta EILAS sindikatuek gogor kritikatu dute asmo hau eta dekretua ez dutela sinatuko adierazi dute.
Orain arte, DBH D eta B ereduan irakasle izateko Bigarren Hizkuntz Eskakizuna behar zen. Aldaketarekin, ordea, erdararen bat irakasten dutenek Lehen Hizkuntz Eskakizunarekin jardun ahal izango dute D ereduan eta Zero Hizkuntz Eskakizunarekin B ereduan. Sindikatuen ustez, neurri honekin euskara maila jaitsi egingo da. DBHko zentro askotatik jaso dituzte kexak eta onartezina deritzote guztiz euskalduna den klaustroan Zero eta Lehen Hizkuntz Eskakizuna duen irakasle bat sartzeari.

Sare elebiduneko lehendakariek sare honen aurkako erasoei erantzun diote
Yvette Haritzandiet Front Nationaleko hautagaiak "eskola elebidunak buru txiki horiek garbitzen diren eta Frantziarenganako herra irakasten zaien tokia" direla adierazi zuen Sud Ouest egunkarian. Adierazpen hauen aurrean sare elebidunetakoak ez dira isilik gelditu, eta lehendakariek auzibidera jotzeko aukera ere aipatu dute. Marijo Anestas Seaskako lehendakariak, Beñat Eiherabide Euskal Haziakekoak eta Thierry Delobel Ikas-Bikoak adierazi zuten eskola elebidunak "biziaren eskolak" direla, eta besteak eta besteen desberdintasunen errespetatuan oinarritzen dela beraien heziketa, herra sentimenduetatik urrun.

Irakasleentzako lanpostuak Nafarroan eta EAEn
Hurrengo lau urteetan Nafarroako Hezkuntza Departamenduak 800 lanpostutarako oposaketak atera ditzake. Oraindik ere ez dira guztiz zehaztu kopurua, datak eta espezialitate bakoitzeko banaketa. Hori Hezkuntzako mahai sektorialean erabakiko da. Dena dela, mahai orokorrak ezagutzen du Gobernuaren proposamena.
Bestalde, mahai sektorialak irakasleen leku aldaketaren inguruan Departamenduak dituen asmoak ezagutu ditu. Lehenengo destino zehatzik gabeko plaza duten funtzionarioek izango lukete aukeratzeko parada, eta gainontzekoak lanpostuen eskaintza publikora aterako dira.
EAEn, berriz, Lehen Hezkuntzako eta Heziketa Bereziko zentro pribatuetako eta ikastoletako 500 irakasle inguruk funtzionario izateko aukera izanen dute. Diputatuen Kongresuak ez-ohiko deialdia egitea erabaki zuen irakasle hauen auziari irtenbidea emateko. 1993an, Euskal Eskola Publikoaren legea onartu zenean, irakasle hauek zehaztu gabeko egoeran gelditu ziren. Eskatzen zitzaiena baino titulazio altuagoa zuten, eta Hezkuntza Saileko langile laboran finko bezala gelditu ziren. Diputatuen Kongresuak hartutako erabakiarekin, irakasle hauek oposaketak egin Eusko Jaurlaritzako funtzionario bihurtzeko aukera izango dute.
Irakasleek ez ezik, ikasleek ere lana erraz aurkitu ei dute. Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Zuzendariak eta Confebaskek adierazitakoaren arabera, praktiketan ibilitako Lanbide Heziketako ikasleen %80k lana lortu dute. 8.250 ikasle ilbili ziren bi erakundeok elkarlanean prestatutako praktika programan. 4.900 enpresatan jardun ziren praktikak egiten. Hemendik aurrera ikasle zein enpresa kopurua hazi eginen da.

EAEko ikastola kontzertatuetako langileak protestan
EAEko ikastola kontzertatuetako langileak kalera irten dira beraien eskaerak aintzakotzat har daitezen esijitzeko. Ordezkari sindikalek eta patronalak hasitako negoziazioak apurtu ostean, ELA eta LAB sindikatuek abenduaren 1erako greba deialdia egin dute, nahiz eta bitartean berriro negoziatzeko prest dauden.
Langileek hiru eskaera nagusi egiten dituzte: ordutegia lektiboaren murrizketa eta irakasle ez direnen ordutegia 35 ordura hurbiltzea, 3 urte bitarteko haurren etaparen arautzea eta soldata igoera. Hiru hauen artean lehengoari eman diote garrantzirik handiena. Irakaskuntza publikoko langileek baino dezente ordu gehiago egiten diztuzte lan eta "homologazioa" lortu nahi dute. Ez dute irakasleen ordutegi orokorra jaitsi nahi, baizik eta eskola emateko orduak gutxitu.
Gain hau negoziatzerakoan patronalak azaldu duen jarrera itxia dela-eta hasi dira mobilizatzen..Ildo honetatik, bi eskaera egin dituzte: batetik, patronalari jarerra aldatzeko eskaera; eta bestetik, langileei antolatutako ekimenetan parte hartzeko deia.