044: Euskaraz urratuko dugu hirugarren milurtekoa

2000-01-01
Etorkizuna amestuz eta euskaraz mintzatuz, bidea egin.
 
 
Iritsi da. Euskaldunok beste mende berri bat urratu dugu. Euskarak, beste milurteko batean izango du jarraipena.

Utzi dugun mendeari begira eta historiak eskaintzen digun perspektiba honetatik ikusten dugu euskarak bertan jaso dituela inoiz ezagutu dituen zigor eta debeku handienak. Ez da denbora asko Euskal Herritik ez oso urrun bizi ziren jakintsu askoren ustez, euskarak haurren kontu txikietarako soilik balio zuela eta etxeko sukaldeko hormak gaindituko ez zituela biribil botatzen zutela.

Utzi dugun mende honetan ere, euskarak hizkuntza bezala bizirauteaz gain, euskaraz garatzen den mundu bat eraikitzea lortu du. Gure azken belaunaldiak euskaraz hezi ahal izan ditugu. Euskara, beste edozein hizkuntzaren maila berdinean, jakintza esparru desberdinetan aritzeko baliagarria zaigu. Idatziz eta ahoz komunikatzeko baliabidea da. Mende honetan ere, beste hizkuntzen pare telebista, irrati eta hedabide desberdinak betetzen ditu.

Euskara garai berriei egokitua dago , eta prest eguneroko bizitzan sortzen doazen beharrei erantzuteko.

Irakaskuntza esparruan ere, azken hamarkadetan euskararekiko hartua zen konpromezua sendotu nahian, euskarak irakaskuntzan behar duen lekua eta trataerari buruzko Adostasunen Txostena aurkeztu du GUNEAk.

Utzi dugun mendeak eskaini digun irakaspen aberatsenetako bat bidea egin egin behar dugula izan da. Eta horri eutsi behar diogu aurrerantzean izan izango bagara ere.

Baina oraindik euskarak borrokatzen jarraitu behar du. Datozen garaiak sortuz doazen espazioak betez, teknologia berriena kasu.

Bestalde, euskara inoiz gogoko izan ez duten horiek ez daude prest gurekin batera aurrera begiratzeko. Eta horrela erakutsi dute Araban ekin dioten jarrera lotsagarri horrekin. Eta horrela erakusten jarraitzen dute Nafarroan eta Iparraldean eusten dioten hizkuntz politika temosoarekin.

Hala ere, historia bere bidea eginez doa eta euskaldunok aurrera begira jarraitzen dugu. Gauza garrantzitsuak euskaraz egiten ditugunok, hirugarren milurteko belaunaldiek heziketa euskaraz jaso dezaten nahi dugu. Hau gauzatzeko neurrien oinarriak zein izan daitezkeen proposatu dugu. Dagokionak har ditzala kontuan...

Eta guk ikus dezagula!