2000. Urteko erronka: Udako Topaketa Pedagogikoak. Erreserbatu, bada, uztailaren 4, 5 eta 6

2000-01-01
Urte berriarekin batera erronka berria dugu hik hasin: Udako Topaketa Pedagogikoak antolatzea. hik hasi aldizkariaren 50. zenbakia kaleratuko den aitzakian, uztailaren 4, 5 eta 6ean 12 ikastaro ezberdin izango dituzue aukeran Donostian.
 
 
Irakasleok elkartzeko eta esperientziak trukatzeko elkartokia sortu nahi dugu Udako Topaketa Pedagogiko hauekin. Ikasturtea amaitu eta oporretara joan aurretik, beste irakasleekin elkartzeko aukera izango dugu alde batetik, eta bestetik gure interes eta beharretara egokitzen den ikastaroan parte hartzeko parada. Izan ere, urtean zehar ikastaro anitz egon arren, euskaraz ari garen irakasleok elkarrekin biltzeko gune baten beharra somatzen dugu. Hutsune horri erantzuna emateko asmoz ekin diogu lanari. Topaketak uztailaren 4, 5 eta 6ean izango dira Donostian . Hiru egunetan zehar 12 ikastaro izango dira, bakoitza gai desberdin bati loturik. Aipatu ikastaroak goizez izango dira, eta arratsaldetan hitzaldiak, eztabaidak, aurkezpenak eta abar egongo dira era libreago batean.
Ikastaroak sei gai edo arlo ezberdinen ingurukoak dira: teoria sakontzen, informatika, zeharlerroak/balioak, espresioa/komunikazioa, hizkuntza eta bestelakoak. Guztira 12 ikastaro izanen dira.

Teoria sakontzen
Teoria sakontzen gaiari garrantzi berezia eman nahi diogu topaketa hauetan. Izan ere, duela zenbait urte oinarri pedagogikoek garrantzi handia bazuten ere, azken urte hauetan eta oinarri pedagogikoei kasu gehiegirik egin gabe, ikastaro praktikoak nagusitzen ari direla ohartu gara. Gure ustez, biak, arlo teorikoa eta praktikoa, ezinbestean loturik joan behar dutenez, Udako Topaketa Pedagogikoetan biak uztartzen ahaleginduko gara.
Horretarako, eta oinarri teorikoari begira, pedagogo/psikologo baten pentsamendua aztertu eta sakontzeko aukera emango digun kurtsoa aukeratu dugu: Vigotski. Gaur egun, Europan nagusitu den hezkuntza konstruktibista bere ekarpenetan oinarritu baita hein handi batean.
Printzipioz teorikoa litzateke, baina bere pentsamenduaren inguruan esperientzia praktikoren bat aurkezteko aukera izanez gero, teoriko-praktikoa planteatuko genuke. Orotara 15 orduko ikastaroa izanen da.

Informatika eta Teknologia Berriak
Informatika, nahiz eta poliki-poliki sartzen doan berrikuntza izan, oraindik ere eskoletan gutxi zabaldutako baliabidea dela iruditzen zaigu.
Kasu honetan, eskola gizartearen atzetik dabilela uste dugu, eta irakasle askoren artean kontrako jarrerak nagusitzen dira, baliabide honi buruzko ezjakintasuna dela medio.
Arlo honetan planteatuko diren ikastaroak ahal diren praktikoenak izango dira, proiektu eta esperientzia praktikoak eskainiz.
Dena den, edozein lan praktikok aurretik eskatzen duen bezala, hausnarketa teorikoa ere izango du: zer, zergatik, zertarako eta nola erabili behar den informatika irakaskuntzan.
Bi ikastaro eskainiko ditugu gai honen inguruan, bakoitza 20 ordukoa: Ordenagailuen erabilpena Haur eta Lehen Hezkuntzan eta Internet; aplikazio pedagogikoak.

Zeharlerroak/balioak
Gizartean gai hauen inguruko sentsibilitatea handitzen doan neurrian, eskoletan ere lantzeko beharra handitzen doa. Dudarik ez dago azken urteetan atal honek garrantzi handia hartu duela ikastetxeetako proiektuen artean, eta eskola ezberdinetan martxan dauden proiektuak ezagutzen joatea interesgarria litzatekela: ingurugiroa, balioetan hezitzea, hezkidetza, bake-hezkuntza, osasuna...
Abiatzeko, Afektibitatea eta sexu hezkuntza ikastaroa aukeratu dugu. 15 ordukoa izango da.

Espresioa/komunikazioa
Atal honetan, plastika, musika, antzerkia, psikomotrizitatea, gorputz hezkuntza, dantza... arloak jorra daitezke. Aurten bi hautatu ditugu: plastika eta musika.
Plastikaren bidez haurrak modu sortzailean ezagutzen, aztertzen, irudikatzen, pentsatzen, interpretatzen eta sentitzen duen guztia adieraz dezala lortu nahi dugu, une bakoitzean teknika zuzena eta material egokia erabiliz, baina... irakasleok ba al dugu behar den ezagupena teknika zuzenak eta material egokiak erabiltzeko? Ala "edozeinek" eman dezakeen gaia dela sinistuta gaude? Galdera honi erantzuten saiatuko gara Lehen Hezkuntzako 3. ziklora eta DBHra begira prestatzen ari garen ikastaroan. 15 ordukoa izango da berau.
Bestalde, eta musikari lotuz, aipatu beharra dago eskoletan musika hezkuntza ematen duten irakasleek, askotan, uharte bat osatzen dutela gure artean. Gehienetan bakarrik lan egiten dute eta ez dute beste musika irakasleen berri.
Hau dela eta, atal honetan ikastaro zeharo praktikoak antolatuko ditugu, elkarren artean ideiak trukatu ahal izateko. "Ikastaroen" ideia baino "Topaketen" ideia bultzatuko genuke.
Ideia horri jarraiki bi ikastaro antolatu ditugu, bakoitza 15 ordukoa: Haur eta Lehen Hezkuntzarako programazioa eta Musika irakaskuntza Hezkuntza Berezian.

Hizkuntzak
Oraindik ere irakasleen artean behar handia somatzen dugu alor honetan. Urteak pasa ahala, metodologiari dagozkion dudak handitzen doaz eta irizpide berriak beharrezkoak ikusten ditugunez, garrantzi handia eskainiko diogu atal honi.
Euskaratik aparte, beste hizkuntzen ezagupenari buruzko ikastaroak atal honen barruan kokatuko genituzke. Horrela bada, 15 orduko bi ikastaro prestatu ditugu: Bigarren Hezkuntzan euskararen erabilera nola sustatu eta Ingelesa Haur Hezkuntzan; metodologia...

Bestelakoak
Aipatutako atal edo bloke hauez gain, hezkuntzarekin lotura duten beste zenbait atal jorratu ahal izateko "bloke ireki" hau planteatzen dugu. Haur Eskolak, Eskolaren antolaketa, Kalitatea... egon daitezke bloke horretan.
Aurtengo topaketetarako hiru atal aukeratu ditugu: Lanbide Heziketa, Haur Hezkuntza eta haur-jolasak.
Lehenengoari dagokionez, Lanbide Heziketa euskalduntzeko saioak izeneko 10 orduko ikastaroa izango da. Haur Hezkuntzaren alorrean, haurren eskolaratzea geroz eta azkarragoa egiten ari den honetan, apegoaren gaiari helduko diogu. Apegoaren inguruan: eskolaratze egoki baten bila izeneko ikastaroa egokitu dugu horretarako, 15 ordukoa izango delarik. Eta haur-jolasen atalari dagokionez, 2-10 urte bitarteko haurrekin euskaraz aritzeko balio dezaketen jolasak eta dagozkien abestiak irakatsiko dira 15 ordutan.
Lehen esan bezala, ikastaro hauek goizez burutuko dira, eta arratsaldeak irekiak izango dira, ez hain formalak, nolabait esateko. Talde ezberdinen aurkezpenak, eztabaidak, praktika eta esperientzien azalpenak eta abar izango dira.