ETXEBERRIA, Joana:
Zergatik ikusi duzue III. Kongresua egiteko beharra?
Kongresua burutzeko erabakia hartzerakoan hiru faktore zeuden mahai gainean. Lehenengoa Euskal Herriak bizi duen une politikoa, bigarrena irakaskuntzaren egungo egoera eta hirugarrena Ikasle Abertzaleak erakundearen bilakaera.
Nola ikusten duzue lehenengo faktorea, hau da, Euskal Herriak bizi duen une politikoa?
Euskal Herria herri bezala eraikitzearen aldeko gehiengo soziala eratu egin dela ikusten dugu, aldaketaren beharra sustraitu da euskal gizartean. Aldaketa orokor horren barnean aldaketa sektorialak daude; euskara mailakoa, sozio-ekonomia mailakoa, irakaskuntza mailakoa eta abar. Arlo hauetan urratsak emateko akuilu dela uste dugu Euskal Herriaren eraikuntza prozesu nazionala. Gure kasuan, euskal ikasleok irakaskuntzatik Euskal Herria eraikitzeko erantzukizuna daukagu. Hori da guk egin behar dugun ekarpena,desio dugun Euskal Herri horren eraikuntza prozesuan.
Bigarren faktore bezala irakaskuntzaren egungo egoera aipatu duzu.
Bai, hala da. Azkenaldi luze honetan indarrean dagoen irakaskuntza eredua agortua dagoela erakutsi dugu behin eta berriz. Antidemokratikoki ezarritako eredua da, hau da, Madrildik eta Paristik ezarritakoa. Eta euskal ikasleon eskubideen zapalketa baimendu eta bermatu du urteotan.
Zein dira zapaldutako ikasleen eskubide horiek?
Duintasunez ikasi eta bizitzeko eskubidea, euskaraz ikasi eta bizitzeko eskubidea, eskolaren bidez euskaldunduak izateko eskubidea, Euskal Herriaren inguruko ezagutzaz hezitzeko eskubidea, muga ekonomiko edo akademikorik gabe ikasteko eskubidea, antolatzeko, adierazteko, grebarako... eskubidea eta irakaskuntzan zein ikastetxean eraginkorki parte hartzeko eskubidea.
Euskal ikasleok hainbat borroka burutu ditugu eskubide horien defentsan, eta ekimen horiek argi eta garbi erakutsi digute egungo irakaskuntzak ez digula balio.
Horregatik diogu ordua dela egungo irakaskuntza eredua errotik aldatu eta berri baten bila indarrez abiatzeko.
Baina, urte hauetan hainbat ekimen eta proiektu aurrera atera dira; esaterako, ikastolak, euskal ereduak, irakasleen euskalduntzea... Hori ez al duzue kontuan hartzen?
Bai, horixe kontuan hartzen dugula, eta ez dugu ukatzen. Areago, horiei esker iritsi gara gaur egunera. Asko izan dira Euskal Herritik eraikitako irakaskuntza eredu baten alde egin duten irakasle, ikasle, guraso eta herritarrak. Aipatzekoak dira ikastolen sorrera 60ko hamarkadan, euskal eskola publikoaren aldeko mugimendua, UEUren sorrera 70eko hamarkadan, ikasle mobilizazio ugaria 80ko hamarkadan eta ikasle mugimenduaren protagonismoa edo aitzindaritza... Egindako urrats guztiak baliagarriak izan dira, baina funtsean sistemaren erroak berdinak dira, hau da, Madrildik eta Paristik ezarritakoak. Horregatik diogu hori aldatu egin behar dela egungo irakaskuntza markoa gaindituz, eta behingoz geurea izango den eredu propioa martxan jarriz.
Kongresua burutzeko hirugarren faktorea Ikasle Abertzaleak erakundearen bilakaera izan da. Nolakoa izan da bilakaera hori eta nola dago gaur egun Ikasle Abertzaleak?
11 urte hauetan egindako borroka eta ekimen ugariren ondorioz, esperientzia eta borroka gaitasuna lortu ditu bai IAk eta baita, oro har, euskal ikasleria osoak ere. Esperientzia eta gaitasun hori erabakiorrak izango dira hurrengo urteetan, eta euskal ikasleok aitzindari lana beteko dugu Hezkuntza Sistema propio hori lortzeko bidean. Honako hau III. Kongresua dugu, eta IAk hezkuntza eredu arrotz hau gainditzeko egiten duen apustua eta bere proiektua mahaiganeratu ditu ausardia osoz.
Kongresua ospatzeko hiru arrazoi nagusiak azaldu dizkiguzu. Hauetan oinarriturik, nola bete duzue edukiz kongresua, zein izan da bere mamia?
Lehenengo, egoeraren diagnosia egin dugu; ondoren, helburu estrategikoa definitu dugu; eta azkenik, helburu hori lortzeko apustu taktikoa zehaztu.
Egoeraren diagnosia egin ostean, zer ikusi duzue?
Egungo irakaskuntza ereduak euskal ikasleon eskubideen erabateko zapalketa bermatzen duela ikusi dugu. Irakaskuntza eredu hau euskal ikasleon eta euskaldunon iritzia kontuan hartu gabe ezarri zen, eta horrek ondorio tamalgarriak ekarri ditu; hau da, eredu antidemokratikoa, koloniala eta euskaldunon aurkakoa.
Hasteko, Euskal Herriaren aurka eraikita dagoen eredua da, hau da, bai euskal ikasleon eskubideen aurka eta bai euskal herritarren eskubideen aurka. Bigarrenik, eredu hori antidemokratikoa da, alegia, ez dugu euskaldunok erabaki, kanpotik (Paristik eta Madrildik) inposatua izan zaigun eredua da eta Euskal Herria kontuan hartu gabe ezarri dena. Beste batzuk erabaki dute, eta geure nortasuna aintzat hartu gabe. Gainera, antidemokratikoa izateaz gain, koloniala da desnazionalizazioa bultzatzen duelako eduki arrotzak sartuz, Euskal Herriaren aurkako baloreak sartuz, hizkuntza arrotzak bultzatuz eta euskararen aurka jokatuz.
Hauek dira ondorio nagusienak, baina beste hainbat ondorio kaltegarri ere badaude: bizibaldintzak, eredu pedagogikoa, eredu soziala, autoritarismoa...
Zergatik diozu kaltetuenak ikasleok zaretela?
Hori esateko arrazoi garbia dago: egun indarrean dagoen irakaskuntza pairatzen dugunak gu garelako, ikasleok. Alegia, gu gara euskara jakin gabe ateratzen garenak, gu gara Euskal Herriaren inguruko ezagutzarik jakin gabe ateratzen garenak, gu gara balore indibidualistekin ateratzen garenak, gu gara bizibaldintza kaxkar horiek pairatu behar ditugunak, gu gara eredu pedagogiko horren erruz gure kabuz pentsatzeko aukerarik gabe aurkitzen garenak... Azken finean, gu gara irakaskuntza eredu honen objektuak.
Egoera honi buelta emateko, zein helburu estrategiko finkatu duzue?
Gure helburu estrategikoa euskal eskola nazionala eraikitzea da. Gaur egungo irakaskuntza ereduarekiko guztiz ezberdina eta kontrajarria den hezkuntza proiektua defendatzen dugu, eta euskal ikasleon eskubideak bermatuko dituen eredu bakarra dela uste dugu. Euskal Herriak behar duena eta ikasleok behar dugun eredua dela uste dugu.
Zein izango lirateke euskal eskola nazionalaren ezaugarriak, zuen ustez?
Bederatzi ezaugarri azpimarratzen ditugu: nazionala eta geurea, euskalduna hizkuntzaz, euskalduna edukiz, aurrerakoia, demokratikoa eta esku hartzailea, herritarra, berdintzailea, askatzailea eta hezkidetzailea.
Nazionala eta geurea esaten dugunean Euskal Herri osokoa eta euskal herritarrok erabakiko duguna esan nahi dugu. Euskalduna hizkuntzaz diogunean klaseetan euskaraz funtzionatuko duena, euskaraz bizitzeko eskubidea emango duena, belaunaldi berriak euskaldunduko dituena eta abar esan nahi da.. Euskalduna edukiz esatean Euskal Herriaren inguruko ezagutza bermatuko duena, Euskal Herriari begirako ikerketa lanak bideratuko dituena eta abar. Aurrerakoia esatean baloreetan aurrerakoia izango dena esan nahi dugu. Demokratikoa eta esku hartzailea antolaketari eta ikasleen parte hartzeari dagokionean. Berdintzailea inongo traba ekonomiko, sozial eta akademikorik izango ez duena. Askatzailea eredu pedagogikoari dagokionean. Hezkidetzailea, sexu arteko desberdintasunik gabea. Eta herritarra esatean publiko kontzeptuarekin lotzen dugu.
Zergatik, bada, herritarra eta ez publikoa?
Herritartasuna publikotasunaren kontzeptuarekin guztiz lorturik ulertzen dugu. IA beti egon da euskal eskola publikoaren alde eta hori ez dugu baztertzen, baina IAk publiko esaten duenean, zera ulertzen du publiko bezala: lehenik, herriaren garapenaren eta beharren zerbitzura egongo dena, honen motore garrantzitsu bat izango delarik; bigarrenik, herritarrek kudeatuko dutena bere antolaketa eredua dena delakoa izanik ere; eta hirugarrenik, herritar ororen eskubide bezala zabalduko dena eta denen mesedetan eta zerbitzura egongo dena, oztopo akademiko eta selektiborik gabea eta guztiz doakoa.
Publiko kontzeptuak zentzua galdu du, edo gaur egun publiko esatean estatala edo administraziokoa bezala ulertzen da. Herritartasun zentzu hori galdu egin du eta publiko izatea badirudi doakoa izatea dela eta kitto.
Guk herritarraren kontzeptua erabiltzen dugu eta publikotasuna hor sartzen dugu, batez ere alderdi herritar hori ahaztu gabe gera dadin.
Publikoa eta herritarra, bi kontzeptuak elkarrekin lotzen ditugu.
Nolako borroka mota planteatzen duzue?
Gure apustua egungo irakaskuntza eredua gainditzea da, eta apustu honen ardatza euskalduntzea izango da, irakaskuntza hizkuntzaz, edukiz eta izaeraz euskalduntzea. Egungo irakaskuntza ereduaren ardatza erdal hizkuntza eta erdal edukiak dira, eta hori errotik aldatu beharra dago, desnazionalizazio horrekin amaitu beharra dago.
Horretarako ikasleok mugitu egin behar dugu, ikasle uholde bat sortu behar dugu euskal hizkuntza eta edukiak bermatzeko. Eta, noski, uholde horrek irakaskuntzako maila guztietara zabaldu behar du, guztietan baitago zeregina: erdal ereduak desagerrarazteko mugimenduak sortu behar dira, Lanbide Heziketako ikasle euskaldunak asanbladen bidez antolatu behar ditugu, unibertsitatea euskalduntzeko apustua egin behar dugu eta hezkuntza frantziar eta espainiarren gainetik euskal curriculuma gauzatu behar dugu.
Euskalduntzearen borrokaz gain, egungo irakaskuntzako gainontzeko ondorioei ere aurre egiteko asmoa daukagu: autoritarismoaren aurka, eredu pedagogiko aurrerakoi baten alde, ikas-baldintzak duintzearen alde...
Zuen mezuan euskal hizkuntza eta edukiak eta euskal curriculuma aipatzen dituzue, baina ez duzue euskal kulturaz ezer esaten.
Kultura hitza ez dugu esaten, baina edukiak esaten dugunean kultura hor barruan sartzen da. Ez da ez dugula aipatzen, termino zabalago bat erabiltzen dugula baizik, kultura baino haratago doan zerbait; euskara eta euskal edukiak. Horren barruan euskal kultura, euskal historia, euskal ekonomia eta abar sartzen ditugu.
Guk ez dugu euskara eta euskal kultura soilik esan nahi. Azken finean terminologia ulertzeko modua dago hor. Kultura termino zabal bezala uler daiteke eta mugatuago bezala ere bai. Horregatik, nahasketarik egon ez dadin euskal edukiak erabiltzen dugu, eta horren barruan jasotzen ditugu beste guztiak.
Kongresua egiteko arrazoiez eta kongresuaren mamiaz hitz egin dugu orain arte, eta kongresuak eman duenaz ere aritu behar dugu. Zein izan dira atera dituzuen ondorioak?
Bederatzi ondorio atera ditugu:
1- Egungo irakaskuntza eredua euskal ikasleon eta Euskal Herriaren aurkakoa da.
2- Euskal ikasleon eta Euskal Herriaren beharrak asetzeko beste irakaskuntza eredu bat behar dugu: euskal eskola nazionala.
3- Une hauetan euskal eskola nazionalerantz urrats erabakiorrak emateko aukerak eta beharra dauzkagu.
4- Irakaskuntza hizkuntzaz, edukiz eta izaeraz euskalduntzeko borroka klabea da egungo irakaskuntza eredua gainditzeko bidean.
5- Gainontzeko ikasle problematikatik ere abiatu behar gara egungo irakaskuntza eredua gainditzeko.
6- Lurraldetasunean eta burujabetzan oinarritzen den eredua gauzatzen joan behar dugu.
7- Euskal eskola nazionalerantz ikasleriaren sektore zabalak inplikatu behar ditugu. Borrokaren oinarriak zabaldu behar ditugu borrokaren bidez.
8- Ikasle Abertzaleak ikasle eta abertzaleon tresna da eta aipatu helburuak lortzeko antolatu behar dugu.
9- Irakaskuntzako beste eragileekin elkarlana bideratu behar dugu ahal den heinean.
Emaitza edo ondorio hauetara iristeko prozesu bat jarraitu duzue. Nolakoa izan da prozesu hori? Zeri eman diozue garrantzia?
Prozesua ikastetxez ikastetxe eta fakultatez fakultate garatutako eztabaidan oinarritu da. Guztira 145 bat zentrotako ikasleek hartu dute parte, bai IAko militanteek eta baita gainontzekoek ere. Urrian hasi genuen eztabaida prozesua; hasieran talde txikitan, gero ikastetxeko beste ikasleekin, ondoren eskualdeko asanbladetan, ondotik emendakinak egin dira, eta azkenik asanblada nazionalean eman zaio amaiera agertu eta ondorioztatu diren ildoen berri emanez.
Kualitatiboki positiboki baloratu behar dugu. DBHko, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta unibertsitateko ikasleek hartu dute parte eta adin eta kultura ezberdinekoen arteko eztabaidak burutu dira. Zenbait ikastetxetan oparoak izan dira eztabaidak. Eztabaidagai ugari atera dira. Adibidez, proiektuaren inguruan asko eztabaidatu da, behar dugunaren inguruan jendeak asko hitz egin du; pedagogiaren eta edukien inguruan ere bai; eta antolaketari dagokionean ere bai, nola iritsi ikasleengana eta nola inplikatu.
Dena dela, eztabaida hauek maila teorikoan garatu dira. Bitartean ekimen praktikorik burutu al da?
Bai, noski. Hau guztia hainbat ekimenetan islatu da; desobedientzia jarreretan, autogestioan eta antolakuntzan. Esaterako, desobedientzia jarrerak hartu dira hainbat alditan, eta urriaren 7a Desobedientzia eguna izendatu zen. Hainbat ikastetxetan intsumisioa planteatu zitzaien eduki espainolak ematen dituzten ikasgaiei (Literatura espainola, Historia espainola eta Gaztelania) eta klase horietara joateari uko egin zitzaion. Aldi berean, argitaletxe espainolen testuliburuak eta Euskal Herria aintzat hartzen ez dutenak erabiltzeari ere muzin egin zitzaion.
Donostiako eskualdean klase alternatiboak edo herri eskolak antolatu ziren urriaren 12an, Hispanitatearen egunean. Donostialdeko gauza konkretua izan zen, baina eredugarri bihur daitekeena.
Azaroaren 17an Ikasleen egunean, 12.000 ikasle atera ginen kalera eskualdeka. Dezentralizatuak eta eskualdekakoak izan ziren mobilizazioak, baina guztira 12.000 ikasle atera ginen ikastetxe bakoitzeko problematika azpimarratzeko eta euskal eskola nazionalaren beharra aldarrikatzeko.
Abenduaren 6an Konstituzio espainiarraren egunean ere guk ez daukagula ezer ospatzeko erakutsi nahi izan genuen. Aurreko egunetan itxialdiak eta kontzentrazioak egin ziren, eta egunean bertan ikastetxe euskaldun batzuk ateak ireki zituzten eta herri eskolak antolatu ziren. Autogestio planteamendua martxan jarri zen geure eduki propioak garatzearen ildotik.
Ikastetxez ikastetxe ere beste dinamika batzuk eraman dira aurrera. Eta unibertsitatean ere euskaraz ikastearen aldeko hainbat ekimen burutu dira ikasturtea hasi zenetik hona, bai Ibaetan, bai Leioan eta baita Iruñean ere.
Hala ere, ekimenak abian jartzeko eta lehen aipatu duzuen ikasle uholdea sortzeko ikasleen parte-hartze aktiboa funtsezkoa da. Nola lor daiteke hori?
Ikasle uholdearen planteamendua egiten dugunean euskalduntzearen inguruan ikasle uholde bat sortu nahi dugu, alegia, ikasle andana bat bildu nahi dugu euskalduntzearen inguruan eredu hau benetan gainditzeko. Orokorki apustu honetan euskal ikasleria osoa antolatu behar dugula uste dugu, guztiok garelako kaltetuak, sistema honek egoerak bere horretan jarraitzeko mekanismoak sortzen dituelako, eta egoeraren larritasuna ikusita beharrezkoa delako mugimendu bat sortzea.
Guk tokian tokiko arazotik abiatuta jendea problematika konkretuen inguruan antolatzea lortu nahi dugu, norbera bere arazotik abiatzea. Eta hortik hasita, euskalduntzearen ildo orokorra garatu nahi dugu, denak norabide horretan mugitzea euskaldutasuna bere integritate osoan garatzeko -dela unibertsitatean euskaraz ikasteko eskubidearen alde antolatzea edo Lanbide Heziketan ikasle euskaldunen asanbladak sortzea, dela erdal ereduetan kaltetuak antolatzea edo edukien inguruan ere mugitzea-.
Hori da egiten den planteamendua, nor bere arazotik abiatuta euskalduntzearen inguruko fronte osoa sortzea. Hori posible izateko, sare bat eratu behar da, komunikazioa suspertu eta elkarlana bultzatu.
Horretarako, norberak kontziente izan behar du bere arazoaz edo arazoez.
Bai, arazoa ikusarazi egin behar da, eta gure borroka moldeetan hori aipatzen dugu lehenengo puntu bezala. Hasteko, arazoa argitara atera behar da, mozorroa kendu. Hor kokatzen dugu komunikazioa, propaganda, astintzea eta lan ideologikoa.
IAk konpromezua eta erantzukizuna hartzen du aitzindari paper hori jokatzeko eta arazoa mahaigaineratzeko. Badaude erantzukizun hori hartzen duten beste subjektu batzuk ere: unibertsitatean euskal adarra, A ereduak kaltetuen kolektiboa, Lanbide Heziketako ikasle euskaldunen asanbladak... Baina, IAk bere aldetik, erantzukizun hori hartzen du, ikasle mugimenduaren ardatz izan nahi du, tresna baliagarria, alegia. Motorra izan behar du egoera hau aldatzeko, beste eragileak mugiarazteko eta herriarekin eta auzoarekin lana uztartzeko.
Hori guztia martxan jartzeko, uholde hori antolatzeko, garrantzitsua da ikastetxeetan IAren talde finko eta dinamikoa egotea, eta talde hori eskualdeko beste taldeekin harremanetan egotea. Izan ere, nahiz eta abiapuntua norbere ikastetxea izan, ez dugu kontzientzia kolektiboaz eta nazionalaz ahaztu behar.
Bestalde, zuen mezuak irakasleei iristea garrantzitsua dela uste al duzue?
Noski, gure mezua irakasleei iristea garrantzitsua dela deritzogu. Are gehiago, beraiek ere posizionatu beharko dute maila batean edo bestean. Beraien klasean ikasleek testuliburu espainol bat onartzen ez dutenean, beraiek ere erabaki bat hartu beharko dute. Gu bezalaxe, desobendientzia edo autogestio jarrerak har ditzakete, baina hori beraien kontua da, gu ez gara hor sartzen.
Guk bilatzen duguna beraiekiko parte hartzea eta beraiekin lan egitea da. Badaude euskalduntzearen aldeko jarrera nabarmena azaltzen dutenak eta gainera prest daudenak lan hori egiteko. Eta noski, gu ere prest gaude horiekin lan egiteko. Badaude, ordea, beste irakasle batzuk parean jartzen zaizkigunak, espainolak direnak eta abar, eta hauekiko interpelazioa eta posizio bat hartzea eskatzen diegu.
IAren jarduna Hego Euskal Herrira mugatu da batez ere orain arte. Iparraldeko IEIErekin eta ikasleekin harremanik ba al duzue?
Harremanak baditugu, bai IEIErekin eta bai, oro har, bertako ikasleekin. Gure asmoa erlazio hori estutzea da eta IA nazionala izatea, baina oraindik ez daukagu ezer zehazturik, garatzen ari gara. Muga gainditzeko erabakia hartua dugu, baina Euskal Herriko osoko perspektiba hori gaudanik teorian eta praktikan gauzatzen hastea falta zaigu.
Nolako harremana duzue irakaskuntzako beste erakundeekin?
Badugu harremana hainbat erakunderekin eta gure lanaren berri ematen diegu. Kongresura ere gonbidatu ditugu. Bestetik, Hezkuntzaren Gizarte Gunean zuzenean parte hartzen dute IAko zenbait kidek. Harreman hauek denak garatzen eta estutzen joango gara euskal eskola nazionala eraikitzeko bidean.
Etorkizunari eta XXI. mendeari begira, nola ikusten duzue ikasle mugimendua?
Orain arte mugimendu eraldatzailea izan da ikasleena, eta joera hori areagotu egingo da etorkizunean. Ikasle mugimenduak protagonismoa hartuko du irakaskuntzako arazoen aurrean eta bere paper eraldatzailea, astintzailea eta aktiboa areagotu egingo da.
Horrekin batera, geure apustua ausardia osoz kokatuko dugu. Ikasle Abertzaleak eta ikasle mugimendua euskal eskola nazionala, geure eredu propioa sortzera bideratuko da.