Euskal Euskara nerabezaroan. Nerabeok hasi gara pausoak ematen
Hausnarketa eta eztabaidak egiteko zazpi gune bereiztu zituzten: unibertsitatea, Lanbide Heziketa, erdal ereduak, erdal edukiak, Ertainetako euskara taldeak, ikasle aldizkariak eta ikastetxe euskaldunak. Bakoitzean arlo konkretu horretako egoera eta egin daitekeena aztertu, hausnartu eta eztabaidatu zuten, eta baita ondorioak atera ere. Ondorio nagusiena eta guztietan azpimarratu zena euskalduntzearen premia izan zen.
Ildo horretatik abiatuta eta nerabeen euskararen erabilera aztergai izanik, bereziki Ikastetxe euskaldunak eta Ertainetako euskara taldeak guneetan egindako hausnarketa eta ateratako ondorioak bildu dizkigu Miren Zabaletak, lan hauek koordinatzen aritu den ikasleak.
Zabaleta, Miren
Euskal Ikasleen Biltzar Nazionaleko kidea
Ikastetxe euskaldunen gunea
Bigarren Hezkuntzako ikastetxe euskaldunen egoera berezia zela konturatu ginen ikastetxe euskaldunak aztertzen hasi ginenean, eta egoera horren azterketa berezia egin behar genuela. Horrela, ikastetxe euskaldun horien identifikazio lanari ekin genion. Horretarako, lehenengo minimo batzuk jarri genituen, zeinak ikastetxe hauek beste ikastetxeetatik ezberdintzeko balio zuten, euskalduntzearen erronkan aurrerapausoak emanak baitzituzten.
Baina hala ere, urratsak emanak izan arren, behin-betiko pausoak emateko garaia iritsi zela ikusi genuen; behin-betiko urratsak emateko garaia zela euskal irakaskuntza propioa eraikitzen hasteko.
Ikastetxe euskaldun hauen egoera ez da kasualitatez sortu, pertsona askoren lana eta borrokari esker baizik. Horregatik, lan berezi bat egiteko beharra zegoen ikastetxe hauek euskal irakaskuntzaren alde behin-betiko urratsak eman ahal izateko.
Lehen erran bezala, Bigarren Hezkuntzako ikastetxe hauek definitzeko minimo batzuk jarri genituen: D eredukoak izatea, euskal edukiak neurri batean ematea eta taula errebindikatiboa errespetatua egotea, hau da, demokrazia egotea.
Hiru minimo hauek oinarritzat harturik, herrialdez herrialde ikastetxe hauek identifikatu genituen euskaldun bezala: Gipuzkoan Laskorain ikastola (Tolosa) eta Ikasberri ikastola (Azpeitia), Bizkaian Sopelako ikastola eta Durangoko ikastola, Nafarroan Ehunate eta Barañaingo institutuak, Araban Koldo Mitxelena institutua eta Iparraldean Seaskako Lizeoa.
Identifikazio hau egin ondoren, ikastetxe hauetan euskalduntzearen aldeko lana bideratu zuten protagonistak biltzea erabaki genuen, eta hauen laguntzaz egoera aztertu eta eztabaidatu genuen.
Ondoren, bide horretan jarraitzeko eta behin-betiko urratsak emateko bereziki hiru arlo landu behar zirela ikusi zen: euskara ("Euskaraz Bizi"), euskal edukiak eta demokrazia.
Euskara
Abiapuntu bezala ikastetxe hauetan euskaraz ikasteko eskubidea bermatua dagoela esan daiteke, eta euskara dela heziketa emateko erabiltzen den hizkuntza bakarra, erdal ereduak ez baitaude. Baina, nahiz eta heziketarako euskara erabili, ez da gauza bera gertatzen komunikazioan, hau da, euskara ez da egunerokotasunean erabiltzen. Joera hori larriagotu egiten da ikasle edo gazteon arteko harremanetan.
Horregatik, ikastetxe hauetan antolaturiko ikasleek beti egin dituzte ahaleginak egoera honi aurre egiteko eta irtenbidea emateko. Horien artean "Euskaraz Bizi" plangintza aipatu behar da. Proiektu honekin, oro har, komunikazio lana egin da, erdal hizkuntzak mezu gogorren bidez desprestigiatuz. Nahiz eta mezu hauek momentuan eragina izan, denborarekin egindako kontzientziazio lana galdu egiten da, eta egoera aurrekoaren berdina bihurtzen da.
Ikastetxe ezberdinetako esperientziak baloratu eta eztabaidatu ondoren, denon artean ondorio batzuetara iristea lortu genuen. Baloratzerako garaian, egindako lana ez zela alferrikakoa ohartu ginen, baina hutsune asko zituztela plangintzek. Hutsune horietako bat eta handienetarikoa jarraipena zen, zenbait kasutan plangintzak aste batzuetara baino ez zirelako mugatzen.
Beraz, adostu genuen lehen erronka jarraipenaren beharra izan zen, hau da, plangintzak epe luzerako helburuekin egitea eta irmoak izatea.
Bestetik, denok bat etorri ginen Euskara taldeen lanaren garrantzia azpimarratzerakoan eta ikastetxeetan horrelako taldeak egotearen beharraz.
Beste zenbait erronka ere adostu genituen:
- Euskara prestigiatu behar da, gazteon arteko harremanetan eta interesatzen zaizkigun gaietan hitz egiteko ere baliagarria dela frogatuz. Horretarako, ghettoetan erori gabe, euskal guneak sor daitezke. Abididez, sexualitateari buruzko hitzaldiak, masajeak emateko ikastaroak, bertso eskola eta abar antolatu.
- Ezinbestekoa da euskara prestigiatzeko gazteon artean erabiltzen den hizkera berezia euskaratzea. Horretarako ere hainbat ekimen bultza daitezke. Esaterako, gazteak errepresentatuko dituen pertsonaia berezi batekin komiki bat egin eta ikastetxean erreferente bihurtu.
- Euskara erabilgarria izateko behar-beharrezkoa da euskal edukiak zabaltzea eta geure egitea, hau da, euskara erabiltzeko garaian euskal nortasuna eraikitzea.
- Euskarako klaseak erabilgarriagoak bihurtu behar dira egunerokotasuna islatuko duten dinamikak suspertuz, aek-ko dinamikak landuz, egunkarietako testuak klasean irakurriz...
- Euskararen mezua eraberritu behar da, folklorismotik aldenduz.
- Jendea banaka ere inplikatu behar da konpromiso indibiduala bultzatuz. Horretarako koadrilak erabil daitezke, ikastetxeetan sare komunikatiboak sortuz.
Euskal edukiak
Euskal edukiekin ere landutako esperientzien balorazioa egin genuen, oso esperientzia positiboak agertu zirelarik. Baina arlo honetan ere hutsune nabaria somatu genuen: esperientzia hauen guztien aldarrikapenik ez zela egin. Euskal edukiekin egindako esperientziak ez dira borroka bezala sentitu, eta horren ildotik ondorengo erronkak adostu genituen:
- Euskal edukiak beharrezko borroka bat da, eta edukien borrokak kolektiboki egiten duten borroka izan behar du.
- Euskal curriculumaren beharra eta nahia ofizialki exijitu behar dira.
- Elkarren artean esperientziak trukatzeko sare komunikatiboaren beharra dago.
- Euskal literatura ikasgai bezala exijitu behar da, ezinbesteko ikasgai bezala.
- Euskal edukien gaurkotasuna bermatzearen beharra dago, euskal edukietan ere gaur egungo egoera azaldu behar delako. Eduki hauek irakatsi ahal izateko gune bereziak behar badira, sortu egin beharko dira, bertan eztabaidatzeko aukera ere eskainiko delarik.
- Testu liburu erdaldunak kanporatzearen konpromezua hartu genuen.
- Azkenik, helburu hauek lortzeko beharrezkoa baldin bada, desobedientzia erabiliko dugula erabaki genuen.
Demokrazia
Demokraziaren arloan, ikastetxe hauetan taula errebindikatiboa errespetatzen dela kontuan harturik, ikasleen hitza aintzat hartzen dela ziurtatzeko Ikasle Batzarraren sorreraren beharra ipini genuen mahai gainetan, irizpide hauek kontuan izanda:
- Irakaskuntza borrokarako marko bezala onartu izatea.
- Ikasle Batzarraren ofizialtasuna eta bertan hartzen diren erabakiak onartuak izatea.
- Irakaskuntza osatzen duten hainbat subjekturen (ikasle, guraso eta irakasleak) elkarlana bultzatzea.
- Ikasle gelaren beharra gure dinamika propioak burutu ahal izateko.
- Infantilismoa ez onartzea gure ikastetxeetan.
Laburbilduz, hiru ildoen (euskara, euskal edukiak eta demokrazia) ondorioetatik ondorio orokor bat atera genuen, ikastetxe guztien konpromisoa eskatzen zuena eta martxan jartzeko erabakia hartu genuena: ikastetxe euskaldunen sare komunikatiboa eta intsumitua sortzea.
Ertainetako Euskara Taldeen gunea
Euskal Ikasleeen III. Biltzar Nazionalean antolatutako beste gune bat izan zen Ertainetako euskara taldeena. Gune honetan garatutako eztabaida, eduki eta ondorioei leku egitera goaz jarraian.
Euskara taldeen gunearen zergatia
Herrialdeka D ereduko ikastetxeen egoeraren azterketa egin ondotik, euskara talde anitzen izatea topatzen dugu. Argi dago elkarte hauen artean izaera ezberdintasunak daudela bai konposaketan (ikasleez soilik osatutakoak, irakasleekin batera eratutakoak...) eta baita borrokak garatzeko orduan ere. Jakina da talde askoren lana jarduera folklorikoetara eta sinbolikoetara murriztu izan dela: euskal jaiak, euskara hizkuntza apolitiko gisa aurkezteko nahietara...
Gauzak horrela, ezinbestekoa da talde hauek euskalduntzearen apustuan barneratzea, euskararen inguruan diharduten subjektuak diren heinean. Baina jardun horretan talde "autonomo" hauek zer-nolako papera jokatu behar duten finkatu gabe zegoen. Hori dela eta, euskalduntzearen apustuan zein irizpide eta sentsibilitaterekin jokatu finkatu beharra zegoen eta hori zehaztu genuen.
Bestetik, nabaria da talde hauek beren eginkizunei, funtzioei eta helburuei dagokienez bizi duten noraeza, eta hori nabarmen agertu zen biltzarrean. Horrek ondorio bat sorrarazten du: ikastetxean jadanik ezagunak diren eta inolako eraginik lortzen ez duten dinamiketan murgiltzea, hots, ikasturtero kanpaina edo ekintza berdinak edo antzekoak gauzatzea. Honegatik guztiagatik, argi gelditu zen irizpide berrien beharra zegoela talde hauek beren lana aurrera eraman ahal izateko eta beren borrokari era eraginkorrez heldu ahal izateko.
Euskarari dagokionez, D ereduko ikastetxeen azterketa xumea
Hau guztia abian jartzeko euskara taldeak, ikastetxeak eta hauetako euskararen egoera aztertu genituen. D ereduko ikastetxeetan arazo larriena ikasle euskaldunen euskara erabilera eza zela ikusten genuen. Hori ez zegoen ohitura faltarekin soilik justifikatzerik, baizik eta hizkuntzaren nolabaiteko prestigio faltarekin, eta gazte eta ikasleon eguneroko hizkeran euskaraz aritzeko zailtasunekin.
Kalitateari dagokionez, arazo gehien sortzen dituena ikasmateriala da, liburu, fotokopia, bideo eta beste hainbat material baitira erdaraz ematen zaizkigunak, euskaraz material egokiak ez daudelakoan. Honekin loturik, zenbait irakasleren euskara maila baxua aipagarria da, batez ere irakasle berrien eta A eta D eredua biak dauden ikastetxeetan. Honi loturik, DBHOn B eredutik D eredura pasatako ikasleek euskararen maila kaxkartu egiten dutela esaten da, baina ikasle hauek ez dira egoera horren erantzule nagusienak, kaltetuak baizik.
Azkenik, ikastetxean euskaraz bizitzeko eskubidea nolabait bermatua dagoela badirudi ere, kezkagarritzat jotzen dugu eskubide horren desagerpena, batez ere eredu desberdinak elkar topatzen diren ikastetxeetan (zuzendaritza erdalduna denean, ordezkarien bilerak erdaraz egiten direnean eta beste hainbat kasutan).
Euskara Taldeen helburuak
Egoera honen aurrean euskara taldeek zerbait egin beharra zeukatela iritzi genion, eta aldi berean euren noraezarekin amaitu beharra zegoela. Horrela, biltzarrean bildutako taldeen artean helburu komunak finkatu genituen: bata, ikastetxea alor guztietan euskalduntzea; eta bestea, ikastetxean edozein momentutan euskara komunikazio tresna gisa erabiltzea ikasleon artean.
Helburu hauekin ikastetxea hizkuntzaz euskalduntzeko ardura eta euren egitekoaren garrantzia bereganatu zituzten taldeek. Hortik aurrerako eztabaida eta erabakiak hiru arlo nagusitan zehaztu genituen: euskaraz bizitzea, euskaraz kalitatez ikasteko eskubidea eta euskaraz bizitzeko eskubidea.
Euskara Taldeek landu beharreko ildoak
Aipatu berri ditugun hiru arlo horiei jarraiki, bakoitzean jorratu beharrekoa zehaztu zen:
1- Euskaraz bizitzea
Euskara Taldeak D ereduko ikastetxeetan aurki daitezkeen subjektuak dira, non euskaraz ikasteko eskubidea gauzatua dagoen, eta beraz, hezkuntzarako hizkuntza bakarra euskara den. Hala ere, lurraldeen arabera larriagotu egiten den gabezia batekin egin genuen topo: ikasleon arteko euskararen erabilera eza, alegia, ikasleok ez dugula klasetatik kanpo euskararik erabiltzen elkarren arteko komunikazio tresna bezala.
Honen aurrean, Euskara Taldeen helburua euskaraz bizitzeko ahalmena gauza dadin lortzea da, euskara edozein arlotan eta egunerokotasunean erabiltzea.
Euskara Talde oro saiatu da bere ikastetxean helburu hori lortzeko borrokak gauzatzen, oinarri nagusiena kontzientziazio lana izaki. Lan horrek honako ezaugarriak izan beharko lituzkeela adostu zen biltzarrean:
- Euskararen prestigio falta gainditzeari ekitea, euskara edozein arlotan eta momentutan komunikatzeko tresna baliagarria dela frogatuz. Horrela, euskal gune ezberdinak sortzeari ekin behar zaio; hizkuntza onartu bakarra euskara duen gelak, hitzaldiak... Honek, nolabait euskaldunen eta euskararen ghettoa sor dezake, baina ghettizazio hori helburua lortzeko bidean onuragarri izan daiteke, euskaldunak euskaraz mintzatzera eta erdaldunak euskara ikastearen beharraz jabetzera eraman baititzake.
- Ezinbestekoa da gazteen eta ikasleen artean euskara erabili ahal izateko bitartekoak jartzea, hau da, gazteek erabili ohi duten hizkera euskarari egokitzea. Nola? Ideia ezberdinen bidez, esamolde euskaldunak bultzatuz eta abar.
- Euskararen apolitizazioarekin eta folklorismo hutsarekin amaitzea lortu beharra dago. Horretarako, euskara edukiz jantzi behar da (ez baita izaerarik gabeko komunikazio tresna) eta euskal nortasunaren adierazle izanen dela ziurtatu (eta ez hizkuntza gutxitu bat izatera mugatu). Honek euskal ikasleriari bere nortasuna eta aberriarekiko sentimendua zirikatzeko aukera ezin hobea eskaintzen dio, mezu gogorren erabilpena benetan eraginkorra izan daitekeelarik. Adibidez, euskal ikasle bati erdaraz hitz egiteagatik espainol deitzen baldin bazaio, bere euskaldun sentimendua minduko da, eta egoera hori berriro gerta ez dadin saiatuko da.
Hiru ezaugarri hauek bereganatu behar dituzte, beraz, euskararen erabilpena bultzatzxeko borrokek D ereduko ikastetxeetan. Hala ere, lan horri ekin aurretik, beste zenbait faktore ere kontuan hartu behar direla ondorioztatu genuen. Lehenengo, borrokak jarraiak izatearen beharra. Hau da, gehienbat kontzientziazioan oinarritutako borroka izanik, mezuen eragina denbora laburrean mantentzen da, eta ezinbestekoa da denbora luzeko eragina lortzea epe luzerako plangintzak gauzatuz. Bestela, ez baita benetako fruiturik lortuko. Bigarrenik, Euskara Taldeak borroka hauek garatzen duten garrantziaz jabetu behar dute, eta erantzukizun berezia bereganatu behar dute. Horretarako, taldeko partaideengandik hasita komunikazio sare euskaldun bat osatu behar da ikastetxean, hots, Euskara Taldetik hasi eta ikastetxeko azken muturreko ikaslearenganaino iritsi behar du euskaraz solas egiteko konpromisoak. Hala ere, ezin dugu ahaztu konpromiso indibidualek eta koadrilek duten erabilgarritasuna sarea sortzeko garaian. Konpromiso hau ikastetxean zabaldu ahala, hitzarmen bat egin eta atxikimenduak ziurta daitezke.
2- Euskara kalitatez ikasteko eskubidea
D ereduko ikastetxeen egoera aztertu genuenean, euskara kalitatez ikasteko eskubidearen baitan bi gabezia nagusi aurkitu genituen: euskarazko materialen falta eta irakasleen euskara maila kaxkarra.
Ikasmaterialen gabeziari aurre egiteko Euskara Taldeek bitartekoak jarri behar dituztela adostu zen, ikasgai horietako irakasleei euskarazko materialen erabilera exijituz. Euskarazko materiala irakasle konkretu horrek edota ikasgai berdineko irakasle talde batek burutu dezake. Lan hori bultzatzeko eta irakasleak presionatzeko, Euskara Taldeek erdal materialekiko intsumisioa planteatu behar dutela adostu genuen.
Irakasleen euskara maila kaxkarrari dagokionez, arazoa maila pertsonalera eraman gabe, bere euskara mailaren balio eza argitaratu behar da. Ikasleon larritasuna irakasleari zuzenean helarazi behar zaiola, eta beharrezkoa baldin bada, ikasleen eskuetan dauden baliabide guztiak erabili egoera horri buelta emateko (tutoreari arazoa aurkeztu, zuzendaritzari jakinarazi...).
3- Euskaraz bizitzeko eskubidea
Eskubide hau D eredukoak soilik diren ikastetxeetan bermatua dagoela dirudi, baina arazo larriak sortzen dira eredu ezberdinak dauden ikastetxeetan: D eta B, D eta A edota D eta G ereduak daudenetan, alegia. Honek arazo anitz sortzen ditu, erdal hiztunak egotearekin euskal hiztunen eskubideak kaltetuak suertatzen baitira. Ikasleek ezinezkoa dute ikastetxearen barnean eta edozein egoeratan euskaraz aritzea. Egoera honen adibide izan daiteke ikasle guztientzako zuzendaritza bakarra egotea. Kasu honetan, zuzendaritza hori erdalduna bihurtzen da, horrek dakartzan murrizpen guztiekin. Beste zenbait kasutan ordezkarien bilerak bateratuak izan ohi dira, eta erdaraz burutzen dira. Atezainak erdal elebakarrak direnean ere arazoak sortzen dira. Azken finean, honek guztiak euskal ikasleen euskarazko funtzionamendurako ahalmena ezabatzea dakar. Beraz, Euskara Taldeek euskaldunen eskubideen defentsan paper garrantzitsua garatu behar dute, euskal ikasleak euskaraz funtzionatu ahal izateko bitarteko guztiak lortu arte.
Aurrera begira
Ikastetxeetan autonomo bezala aritutako Euskara Taldeak Euskal Ikasleon III. Biltzar Nazionalean elkartu ginen lehenengo aldiz. Honek esperientzien trukatzea, elkar ezagutza eta antzeko errealitateen kontrastea bideratu zituen. Balorazio positiboa egin genuen eta pauso berriak emateko bideak ireki ere bai. Horrela, hiru ideia edo oinarri finkatu genituen ondorioak kaleratu, borrokarako irizpideak zehaztu eta Euskara Taldeen hartuemana ziurtatzeko: Euskara Taldeek egindako manifestua, "Euskaraz Bizi" borrokarako irizpide txostena eta Euskara Taldeen kontaktua edo sarea.
1- Euskara Taldeen manifestua
Euskara Taldeek Biltzarrean ateratako ondorioak eta elkarrekin adostutako puntuak kaleratzeko tresna da manifestua. Bere oinarriak finkatu ziren, eta honako hauek dira:
- Euskara Taldeetako ikasleak biltzea euskararen aldeko beren konpromisoa era sinboliko batez aurkezteko.
- Irakaskuntza euskaldun baten beharra aldarrikatzea arlo eta maila guztietan.
- Aurrekoaren bidez, Euskal Herri osoa euskalduntzearen helburua helaraztea ikastetxetik hasiz eta lurraldetasunean oinarrituz.
- Borrokak aurrera eramateko ausardiaz jokatzeko konpromisoa berretsi.
- Nahiz eta oraingoz edukiekin inolako lanik ez garatu, hauekiko sentsibilitatea dagoela helarazi, eta era zuzen batez ikastetxeko edukiak euskalduntzeko ardura bereganatu.
2- "Euskaraz Bizi" borrokarako irizpide txostena
Biltzarreko gunea aberasgarria suertatu zen esperientzien trukatzea ahalbidetu zuelako. Garbi dago, beraz, "Euskaraz bizi" borroka gauzatzeko orduan talde hauek bide eta plangintza ezberdinak jarraitu zituztela ordura arte. Esperientzia horiek trukatzeak taldeek plangintza eraginkorragoak, aberatsagoak, orijinalagoak... egitea ekar dezake, beraz. Ideia guztien biltzea euskarri oso lagungarria gerta daiteke talde hauentzat.
Beraz, ideia eta esperientzia horiek bilduko dituen txostena Euskara Taldeei pasatzeko erabakia hartu genuen, beren plangintza gauzatzeko orduan beste bitarteko bat izan dezaten.
3- Euskara Taldeen kontaktua edo sarea
Euskara Taldeen hartuemanak aurrera jarraitzeko nahia eta beharra dago. Hori dela eta, kontaktu hori bermatzeko bide indibidualak martxan jarri ziren biltzarrean: taldeen telefono eta helbideak trukatu ziren, talde desberdinek egindakoaren berri izateko aukera ziurtatuz.
Eskualde mailan IAren baliagarritasuna onartu zen bitartekari gisa. Eta azkenik, nazional mailako topaketa batzuk egitearen aukera ere aurkeztu zen, biltzarrean irekitako bideari jarraiki.