LOPEZ DE SOSOAGA, Alfredo: Bertoko jolasak ala kirolak

2000-01-01
Anjel Lertxundik urriaren 17ko Euskaldunon Egunkariako alean, 44. orrialdean hain zuzen, zera aipatu zuen: "Unibertsaltasuna versus partikulartasunaren aurkako borroka bat jokatzen ari dela uste du hainbatek, baina uniformitatea versus unibertsaltasuna da jokatzen ari dena, partikularren sintesi gisa ulertu behar baita unibertsaltasunaren kontzeptu eder hori, eta identitateen suntsiketa moduan, uniformitatea". "Hortxe dago gakoa!" pentsatu nuen nik. Izan ere, idazle horren argudioa hizkuntzakoa bada ere, mugimenduari ere aplika diezaiokegula uste dut. Alde batetik, unibertsaltasunaren barruan, hizkuntza txikiak eta jolas tradizionalak, eta bestetik, uniformitatearen barruan, hizkuntza handiak eta kirol nagusiak. Beharbada, ausarta bezain sinplea da konparaketa hori. Beraz, barkatuko ahal dit Lertxundik ausardia hori!
 
 
Kirol nagusiak kiroldegietan praktikatzen dira, ordutegi zehatzetan, eta adin bereko jokalariek parte hartzen dute talde antolatuetan, elkarren lehian, entrenatzaileen begiradapean, arautegi aldaezina dutela eta behar den materialaz. Antolaketa hau aurrera ateratzeko mota askotako instituzioak daude: federazioak, klubak, guraso elkarteak... Hori guztia gutxi balitz, kirol horietan diru asko inbertitzen da eta komunikabideetan orduoro ikusten dira. Uniformitatea ote?

Jolas tradizionalak egiteko, ordea, aukera gutxi dago, galipotaz jositako hiriek, etxetzarrek eta kotxeek jolasteko lekua murrizten baitute. Gainera, ikastoletako patioak gehienetan kiroletarako erabiltzen dira. Bestalde, haurrek ez dute astirik izaten eskolaz kanpoko jarduerak direla-eta. Hala ere, jolas tradizionaletan aritzen direnean, haurrek giro ederrean jolasten dute eta plazerra da nagusi. Ez da ordutegi zehatzik izaten eta adin ezberdineko haurrek jolasten dute elkarrekin. Jolasean bakoitzak duen eginkizuna etengabe aldatzen da, orain harrapatzaile dena, gero aske ibiliko da eta geroxeago harrapatu egingo dute. Hortaz, ez da izaten etsaitasunaren eta laguntasunaren arteko mugarik. Irabaztea premiazkoa baldin bada, ez dira agertzen kiroletan ohikoak diren tentsio eta presioa, sarritan ez baita puntuazio zehatzik izaten. Oro har, jokalariek hala erabakiz gero, arauak alda daitezke. Aurrez esandako guztiaz gain, haurrek askatasuna izaten dute aiton-amonen jolasak edo beste herrialde batzuetakoak jolasteko. Unibertsaltasuna ote?

Taldeko kirolek kooperazioa bultzatzen dutela esan ohi da, baina kontuan hartu behar dugu aipaturiko kooperazio hori beste taldearen aurka erabiltzen dela. Pierre Parlebas irakasle frantziarrak (1996) adierazten du aurrez aurreko lehiaren azpian kulturarekin lotutako arrazoiak daudela, hau da, gizarteak berak bultzatzen duela norgehiagoka hori. Kirola arraza zuriko hiritar helduak, teknologiaz baliatzen denak sortu omen zuen, eta azken finean, kolonialismo ezkutua omen da.

Kolonialismo horren kontra kultur anitzeko jolasak agertzen dira. Terry Orlick iparramerikarrak bide hori jorratu zuen lankidetza bultzatzen zuten jolas tradizionalak mundu osoan zehar bilduz. Herri- eta tradizio- jolasek balore kulturalak izaten dituzte, gizarte bakoitzak jolasteko modu propioa du-eta. Beraz, gizartearen isla izaten da jolasa. Nolako gizartea, halako jolasa.

Mendebaldeko kulturan bitxia da zenbait jolasetan jokalariak elkarren etsai edo lagun izan daitezkeela aldi berean. Horrela bada, haurrak besteen lagun ala etsai izateko askatasun osoa du. Gogoratu bestela zer gertatzen zen lau izkinetara jolasten genuenean! Elkartasuna eta traizioa jokalarien nahiaren baitan zeuden, eta ondorioz, haurren arteko harremanak erabat aldatzen ziren. Horrek adierazten du zer-nolako aberastasuna dagoen jolasetan. Kiroletan, aldiz, ez da aukera hori izaten, beti egitura berbera agertzen delako eta jokalariek une oro dakitelako zein dituzten lagun eta zein etsai. Unibertsaltasuna ala uniformitatea?

Ander Manterolak koordinatutako Etniker taldearen liburuan ederto ikusten dira Euskal Herriko haurren jolas tradizionalak (Juegos infantiles de Vasconia, 1993), belaunaldiz belaunaldi gordeak. Eskolak du, gaur egun, jolas horiek mantentzeko ardura. Azken urteotan, uste dut, frogatzeke dagoen hipotesia den arren, Heziketa Fisikoko irakasleek ahaleginak egiten dituztela bertoko jolasak ikasleen artean ahalik eta gehien zabaltzen; agian, Oinarrizko Curriculum Diseinuaren agindua bete nahi dutelako, alegia, herri eta tradizio jolasen praktika. Ziur gaude hori ez dela jolas tradizionalak bultzatzeko arrazoi bakarra, irakasleek ondare kulturala eta identitatea gordetzea baitute helburu. Bestalde, arestian ikusi dugun bezala, jolas horiek metodo ezinhobeak dira zeharlerroak lantzeko: garapenerako hezkuntza, giza eskubide eta bake hezkuntza, ingurugiro hezkuntza, sexu berdintasunerako hezkuntza, kontsumo hezkuntza, komunikabide hezkuntza eta aisialdirako hezkuntza, besteak beste.

Eta hori ez al da uniformitatearen aurka aritzea?