HIK HASI aldizkaria aldatzera doa

2000-06-01
 
 
Orain dela hilabete batzuk Hik Hasi aldizkariari buruzko galdeketa banatu genuen aldizkariarekin batera. Aldizkariari buruz daukazuen iritzia jakin nahi genuen, ahal dugun aldizkari hoberena eskaini ahal izateko. Jasotako erantzunek hainbat ondorio ateratzeko balio izan digute.



Erantzuleen gehiengoa irakaslea izan da eta 24-49 urte bitartekoa. Horietatik %64,29k ikastetxe publikoan egiten du lan eta %21,43k ikastolan. Erantzuleen artean gehienak Haur eta Lehen Hezkuntzakoak izan dira %35,71, gero DBHkoak %14,29. Lanbide Heziketako eta Batxilergokoak %7,14 izan dira.

Erdiak ikastetxean ezagutu dute aldizkaria eta gainontzekoek Udako Euskal Unibertsitatean, egunkarian edota norbaitek aholkatuta.

Erantzuleen erdiak dio aldizkaria nahiko baliagarria dela bere jarduerarako, %35,71k dio asko balio diola eta %14,29k zerbaitetarako balio diola.

Gehien irakurtzen diren ataetatik Gaia da irakurriena (%64,29), eta ondotik datoz Elkarrizketa, Esperientziak, Berriak, Teoriak, Gehigarria eta Kronika. Gutxien irakurtzen direnean artean daude Editoriala, Ekarpenak eta Praktikatzen.

Atal bakoitza baloratzerakoan Editoriala ona dela dio %78,57k. Kronikak ere onak direla dio %71,43k. Gaia oso ona iruditzen zaio %64,29ari eta ona %35,71ri. Elkarrizketari dagokionez, erdiak ona dela dio, eta %42,86k oso ona. Gehigarria oso ona dela dio %57,14k eta oso ona dela irizten du %35,71k. Esperientziak, Ekarpenak, Teoriak eta Praktikatzen onak edo oso onak bezala baloratzen dituzte gehienek. Berrien kasuan ere gauza bera gertatzen da, baina %35,71k erdipurdikoa dela uste du.

Indartu behar den atala Esperientziak dela dio %46,86k. %21,43k Berriak indartu behar direla dio, eta %14,29k Gaia.

Proposamen berriei dagokienez, zenbait atal gehitzea proposatzen da: zehar lerroak, ikasleentzako pedagogiako, psikologiako... informazio tartea, osasuna eta prebentzioa, eztabaidak, euskararen gaurkotze gramatikala, euskal biografia, liburu berrien kritikak...

Hainbat gai lantzeko proposamena ere jaso da: hezkidetza, irakasleen miseriak, irakasleriaren etengabeko prestakuntza, lan osasuna eskolan, euskal hezkuntza sistema propioa, Teknologia Berriak, irakasle eta gurasoen arteko harremanak, erlijiorik gabeko irakaskuntza, zinema eta hezkuntza, premia bereziko haurren jarraipena, ahozko hizkuntza...

Oro har, gaien tratemendua ona dela dio %71,43k, oso ona %28,57k eta bada hainbat gairen tratamendua aldatzeko proposatzen duenik ere.

Aldizkariaren itxura eta diseinuari dagokionez, erdiak baino gehiagok maketazioa nahikoa gustatzen zaiola dio eta %21,43k asko gustatzen zaiola. Argazkien kasuan, %64,29k nahikoa gustatzen zaiola dio. Testuen eta irudien arteko proportzionari dagokionez, egokia dela dio %85,71k.



Aldaketak badatoz

Hauek dira, beraz, jaso ditugun erantzun eta proposamenak. Orain guri dagokigu horiek jaso eta aintzat hartzea. 50. zenbakia berezia izango da, Hik Hasi Udako Topaketei buruzko ale berezia egingo baitugu. Beraz, edukien aldetik ez ditu ohiko atalak izango.

Bestalde, datorren ikasturtetik aurrera maketazioan hainbat aldaketa egingo ditugu. Hortaz, zuen ekarpenak jasoz eta ideia berriak garatuz, itxura berria izango du Hik Hasi aldizkariak.