Kronika

2000-06-01
 
 
Barakaldoko Salestarren eskolan egoera baretu da
Barakaldoko Salestarren eskolan 600 ikasle inguru bederatzi egun eskolara joan gabe egon dira hiru haur ijito bertan hasi direlako. 600 ikasleren gurasoek seme-alabak eskolara ez bidaltzea erabaki zuten hiru haurrak "gatazkatsuak" izan zitezkeelako.
Lau, zazpi eta zortzi urteko haur hauek Erretuertoko eskola publikoan zebiltzan, baina hura itxi ostean Zuazoko ikastetxe publikora aldatu nahi izan zituen Hezkuntza Sailak. Hango hezkuntza komunitateak ez zituen onartu, eta orduan, San Juan Bosco Salestarren ikastetxera eramatea erabaki zuen. Hemengo gurasoek mesfidantzaz hartu zuten erabakia, haur horien familiak gatazkatsuak izanik, horrek ikastetxean liskarrak sor zitzakeela eta. Horrela, protesta moduan euren seme-alabak eskolara ez eramatea erabaki zuten.
Haur ijitoak egun batzuk etxean egon ziren, baina arazoa ez zela konpontzen ikusita, eskolara joatea erabaki zuten. Zenbait egunetan hirurak bakarrik egon ziren ikastetxean, beste 630 joan gabe gelditu ziren bitartean. Ondoren, DBHko azken ikasturteko zenbait ikaslek eskolara joatea erabaki zuen. Horien gurasoen iritziz, "ezinezkoa da horren haur txikiak gatazkak sortzea eta integratzeko aukera eman behar zaie".
Gatazka bideratzeko batzorde bat sortu zen, Barakaldoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Ijitoen Ekimena elkarteak eta San Juan Bosco Salestarren ikastetxeko gurasoek osatuta. Haatik, gurasoek manifestazioak eta protestak egiten jarraitzen zuten kalean, eta ikasleek klaseetara joan gabe.
Bere aldetik, Adin Txikikoen Fiskaltzak zenbait gurasori zitazio bat egin zien euren seme-alabak eskola zergatik ez ziren joan deklaratzera joateko. Hori ikusita, gurasoek haurrak klaseetara bidaltzea erabaki zuten. Halere, "horrek ez du esan nahi egoera onartzen dugunik. Gure eskura dauden bide legal guztiak, elkarrizketa eta adostasuna erabiliko ditugu gatazka honi irtenbidea emateko" adierazi dute gurasoek.
Besteak beste, SOS Arrazakeria kezkatuta agertu da "haur ijitoei egin zaien kalteagatik eta gainontzeko ikasleek jaso duten arrazakeria ikastaro trinkoak euren balioen barneratze prozesuan izan dezakeen eraginagatik".

Ikazokaren balorazio positiboa egin dute antolatzaileek
Maiatzaren 18tik 21era egin zen Ikazoka hezkuntza eta berrikuntza azoka Durangon, eta antolatzaileak oso gustura agertu dira izandako erantzunarekin. Hezkuntzako hainbat arlotako 30 enpresek aurkeztu eta ezagutarazi zituzten beren produktuak.
Lau egunetan zehar izandako bisitari kopurua zehazterik ez badago ere, irakaskuntzako sare guztietako profesionalak hurbildu direla adierazi dute antolatzaileek. Era berean, hitzaldiek harrera eta erantzun ona izan dutela aditzera eman dute.
Dagoeneko hurrengo azokarako egin ditzaketen berrikuntzak pentsatzen ari dira Ibaizabal kooperatibako arduradunak. Halere, oraindik ez dute erabaki Ikazoka urtero edo bi urtetik behin izango den.

Irakasle euskaldunen beharra nabaria da Iparralde osoan
Seaskak irakasle postu gehiago eskatu dizkio Hezkuntza Nazionalari datorren ikasturteko eskaerari erantzun ahal izateko. Lehen Mailako ikasle kopurua laurogeiz emendatuko da, Donaixtiko kolegioan 6. mailako bi gela ireki nahi dira, eta lizeoan ES sail bat (Ekonomia eta Zientzia) ireki nahi dute. Zehazki, Lehen Mailarako lau postu galdegin ditu, bat eta erdi Donaixtiko kolegiorako eta erdi bat lizeorako.
Eskaera Akademia Inspekziora zuzendu dute, baina oraindaino ez dute erantzunik jaso. Badirudi Akademia Ikuskaritza eta errektoretza lanpostu horiek ematearen alde daudela, haatik Parisen baimena behar dute.
Erantzun falta horrek kolokan jarri ditu Seaska eta Parisen arteko negoziaketak. Duela hilabete batzuk hasi ziren hitz egiten biak publikotasun estatutuaren inguruan. Bretainiako Diwanekin, Okzitaniako Calndrettekin, Alsaziako ABCMekin eta Kataluniako Brezolarekin batera. Aipatu estatutuak elkarte kontratutik aldatu eta hainbat abantaila ekarriko lizkieke murgiltzen ereduko eskolei. Seaskak ongi ikusten du ekimena, baina ez edozein baldintzetan. Horregatik dabiltza negoziatzen. 2001. urte hasierarako estatutu berria martxan jartea litzateke Seaskaren erronka. Baina, lanpostuen eskaeren erantzun ezak eta azken asteetan Ministerioan egin diren kargu aldaketek negoziaketa luzatzea ekar dezake.
Ikas-Bik ere zenbait eskoletan gela elebidunak irekitzeko eskaera egin du: Mauleko Argia kolegioan, Baionako Cassin lizeoan, Donibane-Garaziko lizeoan eta Miarritzeko FAL kolegioan. Baina oraindik ez du baiezkorik jaso Akademia Inspekziotik.

Nafarroako Hizkuntz Politika eztabaidan dago
Nafarroako Parlamentuan maiatzaren 24an Hizkuntz Politikaz egin zen saioak eztabaida sortu du. UPN eta PSNk bat egin dute administrazioan sartzeko erdaldunekiko diskriminazioa dagoela adieraztean eta unibertsitatean euskararen egoera arautu beharra dagoela esatean.
Nafarroako Ikastolen Elkarteak adierazi du Parlamentuan sortutako eztabaidak klase politikoaren eta gizartearen arteko hesia agerian utzi duela. Alderdi politiko horiek euskararen hazkundea galarazi nahi dutela salatu du. Haiek egindako hainbat adierazpen ere gezurtatu dituzte, hala nola, ikastetxe publiko elebidunak ikastolen mesededetan desagertzen ari direla. Gogorarazi dute hori ez dela egia, alderantzizkoa baizik; hau da, Nafarroan 1989an 13 ikastola desagertu zirela eremu mistoan euskal eredua bultzatzeko. Argitu dute datuek ez dutela inolako diskriminaziorik azaltzen, aitzitik, euskararen balorazioa apala eta kaskarra dela Nafarroan.
EHek ere esan du PSNk agertutako iritzietan ez daudela Espainiak sinatu dituen Eurokartaren oinarriak, ez eta Hizkuntza Eskubideen Adierazpena ere. EHk lau mezu bidali dizkio PSNri. Bata, unibertsitatean autonomia errespetatzea eta erdiko epean titulazio guztiak euskaraz ere eskaintzea. Bigarrena, administrazioetan harrera zerbitzuetan langileak elebidunak izatea. Hirugarrenik, irakaskuntza ez unibertsitarioan euskaraz ikasteko eskubidea errespetatzea. Eta azkenik, ikastola guztiak legeztatzea.