ABASCAL, Julio:
Badaki Teknologia Berrien inguruan beharrak eta ezintasunak daudela irakaskuntzan, eta irakasleei lan hori samurtzen eta laguntzen saiatzen da. Hik Hasi Udako Topaketetan Interneten erabilera kritikoak hezkuntzan duen garrantziaz hitz egin zuen. Gai horren inguruan dauden kezkak, jokaerak eta ikuspegiak izan ditugu hizpide.
Prozesu osoa kontrolatuz erabiltzea da. Askotan Interneten sartu eta prozesuak berak eramaten gaitu, eta ondorioz ez dugu geuk nahi duguna egiten, Internetek nahi duena baizik. Bada, justu alderantzizkoa egiten ikasi behar dugu. Internet erabili aurretik helburuak finkatu behar ditugu, zer aurkitu nahi dugun jakin behar dugu. Ondoren, nahi dugun hori lortzeko zer egin behar dugun zehaztu behar dugu, zer pauso eman. Urrats horiek eman eta bukatu ondoren, nahi genuena lortu dugun ala ez ebaluatu behar dugu.
Prozesu horretan gauza erakargarriak topatuko ditugu. Erakartzeko diseinatuta daude eta normalean hor erortzen gara gure helburuetatik urrunduz.
Zenbait kasutan helbururik gabe erabiltzen dugu Internet, besterik gabe nabigatzeko. Dendetako erakusleihoak ikustera joatea bezala da. Kasu horretan, lortzen dugun informazioa onuragarria izan daiteke. Baina irakaskuntzan hori ez da helburua. Horregatik, Interneten sartu aurretik helburuak, erabilpena eta ebaluazioa zehaztu behar dira.
Nola lor dezakegu hori? Nola izan gaitezke kritiko?
Kritiko izateko bide erraz bat dago: Interneten lortzen den informazio guztia ez sinestea hor dagoelako soilik.
Gaur egun hori lortzea ez da erraza. Bizimodu normalean ez kritiko gara, adibidez, telebistek eta egunkariek ematen dituzten berriekin. Baina Interneten dagoen informazioak baditu bere helburuak, ezagunak edo ezezagunak. Horregatik, informazio guztia ez dugu sinestu behar Interneten dagoelako soilik, eta aurkitzen duguna beste iturri batzuekin kontrastatu behar dugu. Garrantzitsua da lortutako informazioa lantzea kritikoki barnera dezagun.
Zerk lagun diezaioke irakasle bati ikuspegi kritiko hori erabiltzen edo lortzen?
Metodologia bat erabiltzeak lagun diezaioke horretan. Telebista edota beste media eta materialak hezkuntzan erabiltzeko metodologiak dauden bezalaxe, Internetekin ere gauza bera egin daiteke.
Zein da Interneterako egokia den metodologia? Zer proposatzen duzu zuk?
Nik uste dut irakasleak beraiek direla horretaz gehien dakitenak. Gainerako ikasgaietan erabiltzen dituzte eta ondo ezagutzen dituzte estrategia horiek. Dakiten hori aprobetxatu eta Interneten aplika dezakete. Hik Hasi Udako Topaketetan saio praktiko bat egin genuen eta ekarpen asko egin zituzten horretaz beraien esperientzietan oinarriturik.
Halere, egia da Interneten erabileraren inguruko erreferentziarik ez dugula izaten askotan. Ezintasun horren aurrean elkarren artean bildu, materiala prestatu eta elkarri laguntzea da egokiena.
Metodologia irakasleek beraiek lantzeak bi abantaila ditu. Batetik, gaia menperatzen ikasiko dute eta horrek lasaitasuna emango die. Bestetik, euren materiala osatuko dute pixkanaka eta besteen eskura jartzeak bultzada handia ekarriko du. Horregatik, nire helburua irakasleak beraiek animatzea da.
Dena dela, ikastaroan metodologia baten oinarriak proposatu nituen. Formulario batzuk erabiltzea, hain zuzen ere. Bertan zenbait galdera daude eta horiek erantzunez helburuak finkatzen dira, metodologia eztabaidatzen da, eta ebaluatzeko modua zehazten da. Horrela diziplina bat hartzen da. Proposamen hau ez da berria, horrelako formularioak beste arlo batzuetan erabiltzen baitira, eta Interneterako ere baliagarriak dira; adibidez, Internet erabili aurretik zertarako nahi dugun zehazteko.
Metodologia edukitzeaz gain, ordenagailuak eta tresneria erabiltzen ere jakin behar da. Zenbaterainoko ezagutza behar da? Zenbat jakin behar da?
Tresneria ondo erabiltzen jakitea garrantzitsua da, bestela ez baitugu lortuko nahi duguna. Alde horretatik, bitartekoak egoera onean edukitzea eta prestakuntza jasotzea garrantzitsua da. Hori da errebindikatu behar duguna.
Laguntza teknikoa edukitzea beharrezkoa da, zeregin hori ez baita irakasleena. Ordenagailuak jarri eta guk mantendu behar ditugula esaten badigute, horri ezetza eman behar diogu. Mantenua oso astuna da eta irakasleek denbora asko galtzen dute horretarako prestatu gabe daudelako. Lan hori teknikariek egin behar dute.
Bestalde, tresneria erabiltzeko prestakuntza edo ikastaroak ere eskatu behar dira. Orain arte irakasleek beren kabuz ikasi dute, beraien denbora erabiliz. Beste lanbideetan ez da hori gertatzen, lanorduetan ikastaroak egiten baitira. Hezkuntzan, aldiz, irakasleek gauza asko irensten dituzte, eta azkenean jendea erre egiten da. Irakasleen artean esperientzia, ilusioa eta lantzeko gogoa dutenak ezagutzen ditut, metodologia aldetik asko dakite eta profesionalki oso aurreratuak daude. Aberastasun handia dago eta hori galdu egingo da laguntzarik ematen ez bazaie.
Askotan ikasleek irakasleek baino gehiago dakiten sentsazioa dago, ordenagailuak erraztasun gehiagorekin erabiltzen dituztelako.
Bai, egia da tresneria hobeto erabiltzen dutela, askeago ibiltzen direla eta ez dutela inolako beldurrik edozein tekla sakatzeko. Horren aurrean beldurra kendu behar dugu, lasai esan behar dugu ez dakigula, ez dela gure lana hori jakitea eta ez dela ezer gertatzen ez jakiteagatik.
Gainera, ikasleek tresneria erabiltzen badakite, baina gehienetan nabigatzeko edo jolasteko erabiltzen dute ordenagailua. Irakasleen zeregina helburu zehatzetarako erabiltzen irakastea da, metodologia garatzea erabilpen kritikoa egin dezaten. Horretan datza irakasleen ekarpena.
Zertarako erabil daiteke Internet gelan eta zertarako ez da erabili behar?
Hori zehaztea oso zaila da. Ni ez naiz hezkuntzan aditua, baina gehiegikeriak ikusten ditut eta horiek aipatzen saiatzen naiz. Nik ideiak eta metodologiak proposa ditzaket, baina gero pedagogoek eta irakasleek esan beharko dute konkretuki nola, zertarako, non eta noiz erabili.
Askotan irakasleek jarrera erosoa hartzen dute eta metodologia nahiz gida liburua eskuetan jasotzea nahi izaten dute, besterik gabe. Laguntza jaso behar dute eta horretan ados nago, baina nik uste dut hobe dela beraiek zehaztea nola eta zertarako erabili. Nagiak kentzeko nahikoa litzateke gai bat edo bi prestatzea Internetekin lantzeko, eta ez ikasgai osoa.
Nolanahi ere, irakasleen arteko koordinazioa ez da ahaztu behar. Lehen eta Bigarren Hezkuntzan irakasleen arteko koordinazioa beharrezkoa da.
Zer arrisku ikusten dizkiozu Internet erabiltzeari?
Arrisku bat denbora galtzea da. Askotan informazio jakin bat aurkitzeko sartzen gara Interneten, eta lau ordu pasa ondoren informazio hori ez beste mila lortzen ditugu. Agian interesgarriak izango dira, baina ez hasierako helbururako behar genituenak.
Beste arrisku bat dispertsioa da. Internet ez da egokia oroimena eta arreta lantzeko, dispertsioa ekartzen baitu. Eskuzko trebeziak ere gal omen daitezke eta buru egiturak arindu. Adibidez, ikasle batzuei kosta egiten zaie abstrakziotik konkreziora pasatzea; eskemak interpretatzeko zailtasun handiak dituzte, esaterako. Ez dituzte prozesuak esperimentatzen, simulazioak ikusi baizik.
Arrisku horiek ezagutu arren, gero eta gehiago erabiltzen da Internet. Ziberlagunak, ziberguneak eta abar sortzen ari dira. Zer eragin izango du horrek giza harremanetan?
Egia da hori gero eta gehiago zabaltzen ari dela. Asko dira "txateatzen" ibiltzen direnak. Sarritan sarean sortzen diren erlazioak faltsuak izaten dira, errealitatetik urrutzen den beste pertsonalitate bat sortzen baitute. Errealitateko bizitza astuna egiten zaie eta ondo sentitzen diren lekua sarea da.
Horrek, noski, baditu ondorioak giza harremanetan eta horien inguruan hausnartu eta eztabaidatu egin behar dela uste dut. Orain arte gauza onak baino ez dira esan, baina arrisku horiek ere ezagutu behar ditugu. Internetek banandu egiten gaitu eta erlazio sozialak murriztu egiten dira. Interneten arriskuen aurrean babesteko indarrik ez daukagu, bizilagunekin, lagunekin eta koadrilarekin ez daukagu traturik, eta lagunak Australian, EEBBetan edota Asian badaude ezin digute lagundu. Arlo honetan soziologoek zeresan handia izango dute.
Horren aurrean zer gertatuko dela uste duzu?
Erreakzio bat egongo dela uste dut. Esaterako, etxean lana egiten hasten bagara, langileen eskubideak erraz urratuko dira. Jendeak horri aurre egiteko modua aurkituko diola iruditzen zait. Ez dakit teleziber-sindikatua edo zer sortuko den, baina zerbait bai.
Hezkuntzan ordenagailuak irakasleak ordezkatzera iritsiko al dira?
Ez dut uste. Hori pentsatzen duenak ez du ulertzen irakaslearen benetako papera edo zeregina. Irakasleak etorkizunean ez direla adituak izango diote batzuek, teknikoak izango direla. Horien arabera, irakasleen lana nola ikasi behar den eta zein baliabide erabili behar diren erakustea izango da, eta jakintza sarean egongo da, ez dute beraiek izango. Horrela, irakasleak rol instrumentala hartuko du. Nik uste dut hori ez dela egia eta ez dela horrelakorik gertatuko.
Zeren, orduan, zer izango da ikastea? Beste pentsamolde batera garamatza horrek: guk ez dugu jakintzarik behar, ordenagailuan dago eta behar dugunean horra jotzea nahikoa dugu. Jakin behar al dugu Luis XVI. noiz bizi izan zen edo Errumaniaren hiruburua zein den? Zertarako? Gero eta errazagoa izango da datu horiek eskuratzea.
Orduan, noraino iritsi behar du guk dakigunak, barruan daukagunak? Gure ikasleak informazio bilatzaile oso onak izango dira, baina zer egingo dute informazio horrekin? Horrelako jendea oso baliagarria da lana egiteko, arazorik ez sortzeko eta kontrolatuta edukitzeko. Historia ezagutzen ez dutenez, edo ideiak barneratu gabe dituztenez, erraz kontrola eta engaina daitezke.
Zenbaterainoko kaltea ekar lezake horrek? Horretaz kontziente al gara?
Zaila da kalteak zenbaiterainokoak izango diren aurreikustea Interneti buruzko erreferentziarik ez daukagulako. Baina beste zerbaitekin konparatuz gero, errazago uler daiteke.
Horregatik, orain hasi behar dugu zerbait egiten, gero beranduegi izango baita. Kaltea egina dagoenean askoz ere zailagoa da konpontzea. Gauza onez gain, ezkutuan uzten diren arriskuak ere aipatu behar dira. Guztiz kontran jarrita ez genuke ezer lortuko eta politikoki ez dela egokia uste dut. Baina posible denean ikuspegi kritikoa azaltzea ona dela uste dut.
Hezkuntzan nola aurre hartu diezaiokegu kalte horri?
Kritikoa izanez, eta hori eskoletan irakats daiteke. Dagoen informazio guztia aprobetxa daiteke, baina aldi berean distantzia mantenduz eta ideiak landuz. Ikasle eta irakasleok erabilpen kritikoa egitera iristen bagara, aurrerapauso handia izango da.
Agian hezkuntzan baino ez da egongo jende kritiko hori edo betikoak izango dira. Dena den, beharrezkoa da horrelako jendea egotea, ekologistak egotea beharrezkoa den bezalaxe ingurumen-inpaktuaren ondorioak zein diren jakin dezagun. Gutxiengoa dira, baina beraien mezua ongi sartuta dago gizartean. Interneten arrisku eta kalteekin gauza bera egin dezakegu hezkuntzatik. Erabilpen kritikoa bultzatuz giro bat sortzea lor dezakegu, eta denborarekin jendeak nabarituko du gure lana.
Zergatik da hain garrantzitsua jende kritiko hori hezkuntzatik sortzea?
Nire ustez, hezkuntzaren helburu garrantzitsu bat arlo guztietan kritiko izatea da pertsona helduak lortzeko. Gazteek eskolan ikasten badute Internet kritikoki erabiltzen, inmunizatuagoak egongo dira erabilepn komertzialaren eta politikoaren aurrean.
Baina bere kabuz hasten badira, leku erakargarrienetara eta errazenetara baino ez dute joko, oraindik iritzirik ez daukatelarik beren burua babesteko.
Gainera, kantitate aldetik izugarrizko informazioa dago eta horrek desinformazioa sortzen du. "Data smog" deitzen zaio horri, datu kutsadura. Hainbeste informazioren aurrean zaila da egiazkoa eta gezurrezkoa bereiztea.
Kalitateari dagokionez ere beste hainbeste esan daiteke. Gaur egun edozeinek jar dezake webgune bat eta horrek fidagarritasun arazoak dakartza. Ikasleei gai bati buruzko lan bat egiteko esaten zaienean, webgune batzuetarako jotzen dute informazio bila. Orri horiek onak edo txarrak diren jakiteko kolorea eta erakargarritasuna hartzen dituzte kontuan, ez daukate egiazkotasuna neurtzeko gaitasunik.
Horixe da irakasleek irakatsi behar dietena lehen aipatu dugun metodologia erabiliz; nahi duten informazioa aurkitzen, eta horren iturria kritikoki aztertzen bere fidagarritasuna neurtzeko. Hori da irakasleek eta hezkuntzak lortu behar duten ekarpen nagusia.