Kili eta Kolo<br />2 urteko haurrekin lantzeko materiala

2000-11-01
Ibaizabal argitaletxeak bi urteko haurrentzako Kili eta Kolo proiektua aurkeztu du. Adin horretan gero eta haur gehiago eskolatzen dela oharturik eta hezitzaileen aldetik eskakizuna dagoela ikusirik, bi urteko haurrentzat, beraien hezitzaileentzat eta familiarentzat egokitutako materiala da.
 
 
2 urtetik 3rako etapa berezia dela kontuan harturik, Kili eta Kolo materiala ere berezia dela esan daiteke. Adin horretako haurrekin hainbat urtez lanean aritu diren Arantza Ibarra, Montse Meana eta Txabi Arnal izan dira proiektu honen egileak.

Ibaizabal argitaletxeak Gasteizko Sansomendi Haur Eskolan dabiltzan hiru hezitzaile hauengan jotzeko arrazoia beraien lan egiteko modua izan da. Nekane Umerez Ibaizabalgo edizio honen koordinatzaileak azaldu digunez"izugarri gustatu zitzaigun beraien lan egiteko modua hiru alderdi hartzen zituztelako kontuan: hezitzailea, haurra eta familia. Hezitzaileen aldetik, baliabide pila bat zituztela ikusi genuen, eta hori zen 2 urteko haurrekin dabiltzan hezitzaileek eskatzen zutena. Haurren kasuan, urte asko daramatzate 2 urteko haurrekin lan egiten eta gertutik ezagutzen dituzte. Eta azkenik, teorian ez ezik, praktikan ere familia inplikatzeko proposamen eta iradokizun ugari zituztela ohartu ginen".

Gauzak horrela, iazko ikasturtean lanean jardun ondoren, aurten zabaldu da Kili eta Kolo proiektua. Gure eskuetan jarri duten materiala karpeta batean biltzen da, eta hiru multzotan bana daiteke barruko edukia: hezitzaileentzako gida, gelarako materiala eta haurrentzako materiala. Lehenengoak proiektuaren nondik norakoak biltzen ditu, bigarrenak gelako ekintzak motibatzeko, girotzeko eta estimulatzeko balio du, eta hirugarrenak haurrek lantzeko proposamenak biltzen ditu. Egileek garbi utzi nahi izan dute materiala irekia dela. Ez genuke inolaz ere nahi materiala ezinbestez egunero egin beharreko lan bihur dadin. Horrexegatik, koadernoetan eskaitzen ditugun jarduerei jolas deitu nahi izan diegu, eta ohiko fitxen esanahitik aldendu egin nahi izan dugu". Fitxen bidez antolatutako lana "itxitako" lan bezala ulertzen dela diote eta sarritan fitxen bidez hezitzaileak zer lan egin agintzeaz gainera, haurrek non, noiz eta nola lan egin behar duten ere ezartzen dela. "Guk proposatzen ditugun jolasek, ordea, beste helburu batzuk dituzte, besteak beste, dibertimendua, aisialdia, lilura, estimulazioa eta orijinaltasuna. Behin eta berriz diogu guk proposamenak egin ditugula material honekin, baina gero norberak erabakiko duela non, noiz eta nola erabili bere egoeraren, haurren eta momentuaren arabera".

Horrenbestez, Kili eta Koloren funtzioa hezitzaileen lanerako lagungarri eta osagarri izatea da. Egileen iritziz denbora asko erabili ohi da material berria bilatzen, gauzak prestatzen eta abar, eta ondorioz haurrak nola dauden behatzeko astirik ez da izaten."Material hau eskuetan izanda, horretarako eta beste hainbat gauzetarako denbora gehiago geldituko zaie hezitzaileei".



Berritasun ugariko lana da

Zerbait berria eskaini nahi izan dute, eta berritasun hori hainbat alderditan nabari daiteke. Hasteko, materialaren tamaina ohikoa baino handiagoa da, bai kuadernoena eta bai paperena. 2-3 urteko haurrei egokitutako neurria da, adin horretan leku asko behar izaten baitute eta askotan hori ez da aintzat hartzen. Horrez gain, jolasetarako paperak hainbat kolore eta irudi dituzte eta probokatu, iradoki eta estimulatu egin nahi dute haur bakoitza zer egiteko gai den ikusteko. Ipuinak jatorrizkoak eta adin horretako haurrei egokitutakoak dira, anitzak eta gai eta arazo ugariri buruzkoak"Askotan haurrari arrotzak egiten zaizkion gaiak eta irudiak erabiltzen ditugu" egileek diotenez. "Adibidez, trena, kapela, urtaroak... Guk objektu horiei esanahia eman diegu. Horrela, edozein kapela marraztu beharrean, pertsonaia baten kapela agertzen da eta zentzu afektiboa ematen diogu horrekin". Kohesioa eta zentzua ematen dio horrek."Izan ere, ez genuen nahi pertsonaiak maskota hutsak izatea, eta aktibitate motibagarrien bidez pertsonaia afektibo bihurtu ditugu, beren sentimendu, arazo, behar eta izaera duten pertsonaiak. Gelako lagun bihurtzen dira eta horrek motibazioa sortzen du".



Materiala egiteko orduan, euren esperientzian oinarritu direla azaldu digute egileek, euren eguneroko lanetik sortutakoa da, 2-3 urteko haurrentzat pentsatua eta egokitua, eta ez beste adin batekoekin egiten denaren egokitzapena. Lanaren abiapuntua haurrak izan dira, eta beren mundu afektiboari garrantzia handia eman zaio."2-3 urteko haurrak sentimenduen munduan murgilduta daude, eta oso garrantzitsuak dira afektibitatea eta sentimenduak. Horregatik, sortu ditugu lehen aipatu ditugun pertsonaiak afektiboak" diote. Horrekin batera, erreforman hainbeste aldiz aipatzen diren balioak eta zehar lerroak ere aintzat hartu dituzte aktibitateetan; besteak beste, errespetua eta ingurumenaren zainketa, material hondakinekin egindako lanak, hezkidetza, elkartasuna eta aniztasunaren errespetua.

Familiaren parte hartzeari ere garrantzi handia ematen diote. Horren isla da karpetan barruan aurki dezakegun familairentzako gidatxoa. Haurren hezkuntzari buruzko hainbat azalpenen biltzen dira bertan eta etxean egiteko zenbait jarduera ere proposatzen dira. Modu horretan, eskolaren eta etxearen arteko lotura estutzeko bidea ematen da.



Orain arte jasotako erantzunen eta iritzien arabera, proiektuak harrera ona izan duela diote egileek eta argitaletxeko koordinatzaileak."Ideia eta proposamen asko zituzten" dio Nekane Umerezek"baina urtebetean egin ahal izan dena jaso dugu Kili eta Kolon. Denborarekin materiala osatzen joango gara eta beste hezitzaileen iradokizunak eta proposamenak ere gehituko ditugu".



Kili eta Kolo proiektuko materialak

Kili eta Kolo: hezitzaileentzako gida

Gida honetan 2 urteko haurren ezaugarriak deskribatzen dira, eskolaren eginkizuna, proiektuaren oinarri metodologikoak, zehar lerroen tratamendua eta, gainera, proposamen didaktiko bakoitza osatzen duten atalen azalpen orokorra eskaintzen da, hezitzaileek hobeto uler ditzaten proiektu honen oinarriak eta ibilbidea.



Kili eta Kolo: haurrentzako jolasen maleta

Matelan material hau topatuko dugu:

- Kili eta Kolo: jolasen koadernoak

- Kili eta Kolo: gehigarriak

- Koloretako koadernoa

- Kili eta Kolo: abestien kaseta

- Kili eta Kolo: familiarentzako gida



Kili eta Kolo: ipuinak, olerkiak, kantak... karpeta

Karpeta honetan hezitzaileari eskolako jardunean erabilgarri izango zaizkion hainbat baliabide aurkezten dira, hala nola:

- Ipuinak

- Kili eta Kolo txartelak

- Poemen laminak

- Abestien laminak

- Artelanen laminak

- Argazki iradokitzaileak



Kili eta Kolo: hormirudiak

Sei hormirudi eskaintzen dira lau laminatan banatuta.